Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Dolores Redondoren noir* batekin zeinek daki zer gerta dakizukeen, bihotza… [Koldo Goitiaren artikulua]
Atalak: bAst, Koldo Goitia
Dolores Redondoren noir* batekin zeinek daki zer gerta dakizukeen, bihotza… [Koldo Goitiaren artikulua]
noir: literatura-espektro osoa xurgatzen duen genero ilun, modako, charmant-ena.
mikelbAst 2020
Bai, ene adiskidetxo maitagarriok, horrela izaten dira gauzak: aukera onak behin bakarrik jartzen dira pare-parean (eta potro-ukitzaileak uneoro). Zeinek esan behar zuen Lazzaretto Vecchioko kolaboratzaile xume, apal eta xelebre honek berebiziko okasioa izango zuela Brexitak eta Koronabirusak hutsik utzi duten paradisu zoragarrian, katagorri eta txoriño alaiz inguraturik, bere kronikatxoa idatzi ahal izateko. Duplex (edo triplex) erosoa, interneteko konexio megazoragarria, Netflix esku-eskura, igerileku pribatua, konpainia alegera eta positiboa, Mediterraneoko pinu eder eta palmondo lirain anitz, hamaka tentagarria atikoan… Honatx etxetxo bakanez osatutako urbanizazio subtropikala, tamaina maneiagarriko polite society benetako bat Europa hegoaldean, non Ixabel erreginaren meneko edukatuak arratsaldeko zazpietarako lotara joanak diren, non kalean zabor izpirik ez dagoen eta Mercedes, Jaguar, BMW eta Porscheek, perfekzioz aparkatuak izan ondoren, zerbitzari fidelen armada motorizatua osatzen duten.
Britishtarren erretiro-orduak markatzen du gure gautxori errutina, afternoonoste zoragarriaren anuntziazioa dira etxetxoetako argiñoen itzaltzea eta lorategitxoetako LED-bola estropezu-eragileen pizte kolore-aniztun psikodelikatuak. Ordu egokia, zalantzarik gabe, gure
“relax time“-ari hasiera emateko Merlot apur batekin eta Camacho puruak errez.
Honddarbiko Guadalupe gotorlekuan, 1942an, Provincia Traidorako hiru urteko soldaduska egin zuen gure osaba lejionarioak zioen bezala: “zuek merezi dittuzuen bizkarrondokok etzeok esan ere egitteik!”
Jaguar autoa
Eta gero maitasun giro ia ahaztu hori hondartzetan, itsas ondoko pasealekuetan, terrazetan… Oraindik probetaz kanpoko erreprodukzio sexual haragizkorik bada, txo! Udako maitemin edo maitepipermin xoro-xoro horiek, udazkena iritsi arteko amodioaldi eterno eta infinituak, irribarreak, laztantxo inozenteak, begiradatxoak… O! O! O! Ipar Polo Erotikotik urrun egote hutsak pizten duen pasio-sukar tonto-moxolo hori, bai, horixe, San Dios!!! Hori guztiori, soilik Roberto Palazuelos latin lover postmodernoaren reality-biopic glamourgarrian gertatzen zela pentsatzen hasiak ginen dagoeneko…
Eguzkitan bAst 2020
Zein uda gogoangarria, bihotz-kraskatzaile mexikarraren urrezko aholku sentimentalak kahiertxo batean apuntatuz, txokorrari zupa-zupa eginez eta ron urtetsu iluna chupatuz, plasma erraldoiaren aurrean, gaueko ordubiak arte. ¡¡No mames!!
Ez diot Netflixi prograganda dohainekoa egin nahi, azti! Baina Palazuelos, Giorgio sukaldaria, El Toro, El Mamao eta El Teniente bizkartzainak, bere izeba maitea, Miami, Acapulco eta Tulum-eko etxola xumeak, carro bikainak eta, nola ez, sexu fuerteko egundoko neska txundigarriek sekulako arrakasta izan dute, plataformak geroz eta gehiago hartzen ari diren panorama megaplasmatiko serializatuan. Ez da soilik pobreon voyeurismo ariketa hutsa, Mexikoko gizarte fresa edo guapoaren azterketa kuasiantropologiko (eta antropomorfikoa) ere badela esatera ausartuko nintzateke. D.F.tik kanpo ere mundu zabala dago, unibertso handia.
Aitortu beharra daukat, Don Winslow-ren `Muga´ (`Border´) liburu zirraragarria leitu eta gero, nire aurreiritziak majo errotu zirela eta aspaldi batean aldareetan jarria nuen Méjico lindo hura gerra eszenatoki beldurgarri gisa baino ez nuela ikusten; inongo kritika egin gabe, komunikabideetatik datorkigun berri-jario fatalista bere horretan irentsiz. Azken finean, bai gu eta baita hiritar estatubatuar “ertainak” ere, Rio Grandetik hegoaldera dagoenaz, geroz eta informazio partzial eta manipulatu gehiago jasoz, mexikar pobreenganako jarrera zital-zitala garatzen ari gara. Orain, ezustean, azteken herriaren alderik koloretsuena eta haren izaera benetakoaren pintzeladak Netflixentzat prestatutako kontsumo produktu masibo tipiko bati esker ezagutu izanak jokoz-KO utzi nau. Bada egunero iratzarri eta irribarre egiten duen mexikar jende gogorrez osatutako nazio suntsiezin bat ere, “erresilientzia” zer karajo den esplikatzerik behar ez duen herri handi bat. Eta Hondurasko zigarro-purugileen maisutasuna ere ez nuke aitatu gabe utzi nahi.
Baina kronikatxo petraloide honek ez zuen hasiera ez Miamin ez Acapulcon izan behar, Orleans Berrian baizik, Niorlins ederrean, Mississipi ibai erraldoiaren bokalean eta Luisiana hegoaldeko padura eta oihan misteriotsuetan. Han kokatu du Dolores Redondok bere `Bihotzaren ipar aldea´ (`La cara norte del corazón´) azken nobelaren eszenatoki nagusia, nahiz eta Amaia Salazarrek deskubritu beharko duen serial killer-aren hilketak Estatu Batuetan zehar gertatu.
Bihotzaren ipar aldea eleberriaren azala Eleberria noir garaikide perfektua dela aldarrikatzea ez litzateke exajerazioa izango; fast book itzela da, izugarrizko abiadan leitzen da, bihurgune eta ezustekoz beteriko irakurbide endemoniatuan abiatzera behartzen zaituen arren. Elementurik potente eta desorekatzaileena natura da, Katrina hurakan bortitza, ia hiri osoa suntsitu eta Estatu Batuen barne kontraesanak eta gizarte desberdintasunak, beltzen marjinazioa eta indarkeria endemikoa agerian utzi zituena. Klase guztietako tentsio giroak maisutasunez garatzen ditu Redondok: bahitutako haurren klaustrofobia, vuduaren presentzia ia fisikoa, polizien arteko tirabirak eta desleialkeriak, Amaiak bere barnean daramatzan mamuak eta haurtzaroko traumak, ibai erraldoiak duen indar “mantsoa”, katastrofea gertatu aurretik, eta hurakanaren oldarraldi apokaliptikoa ondotik, FBIko ikertzaile taldearen buruzagiak ezkutatzen dituen beste kasu korapilatsu baten itzal mehatxugarriak, gizartearen bazter inguruetan agertzen diren pertsonaia berezi eta sinesgarriak -kuranderoak, musikariak, inauteriko kideak, pantanoko canjun arrantzaleak… Ez da falta zombiren bat ere, frankotiratzaileak, kontrabandistak eta “ohiko jende susmagarria”.
Asko-asko gustatu zait 900 orriko eleberrikote hau; Rocio Durcalek abesten zuen bezala: “me gustas mucho tú”. Ez da ahaztu behar gainera, Salazar ikertzaile nafarra FBIko kolaboratzaile bihurtu dela Europolek estatubatuarrekin adosturiko trebakuntza programa bati esker. Behin Virginiara sartu ondoren, gure protagonista foralak Cuanticoko federalen megakuartelean Dupree izeneko polizia-burua ezagutuko du. Beraz, guk dagikula, aurrenekoz gertatu izan da nolabaiteko sinbiosi edo sinergia federal-forala nobela beltzaren historian. Eta horrek ez luke aparteko garrantzirik izango, Salazarrek alde batetik eta Dupree-k bestetik, bizi izan dituzten esperientzia traumatikoen ondorioz, ez balute bakoitzak bere aldetik euskal mitologiarekin eta Luisianako vuduarekin konexio berezirik izango. Horra hor Redondok proposatzen digun tramaren azpian somatzen den lurpeko sustrai ilunez ondo trenkatutako labirinto misteriotsua. Bi mundu mitologiko txertatzen dira bi pertsonaia nagusiek serial killer berezi-berezi bat harrapatzekotan dabiltzala sufritzen duten metamorfosi moduko baten ondorioz, Katrina hurakanak eszenatoki danteskoa jartzen duelarik. Nobela beltza, misteriozkoa eta pantonosoa, hirurak batean, lubrifikatzaile onekin gertatzen den bezala.
Eta bo! Redondoren nobela bukatzear nengoela, hara non azaltzen zaidan Txomin Peillenekin egoteko aukera, batipat bere `El imaginario en las creencias populares y cultas´ gaztelaniaz idatzitako eta Dakit argitaletxeak plazaratutako liburu ederra aitzakia hartuta. Han zegoen gure gizona, Sarako Biltzarrean, 88 urterekin; Baionan bizi den ikertzaile eta idazle paristarra, ez naiz nekatuko hau behin eta berriro esaten, gure intelektual handienetako bat da, eta Koldo Mitxelenarekin gertatu zen bezala, akaso jeinu handiegia izan da, justu-justu bizirik irautearekin nahikoa lan zuen gure ekosistema kultural segurola eta konformistarentzat. Ostrazismoak ez du zentzurik inon, Arcachonen izan ezik! Ez bota limoi gehiegi.
Imajinarioa herri-sineste eta sineste kultuetan
Txomin Peillenen saiakera
Txomini beti eskertuko diot Goierrira etorri izana 1997an Jon Mirande idazlearen heriotzaren 25. urteurrenean; bere adiskide minari buruz luze eta sakon hitz egin zigun eta Ostiela! aldizkarian kaleratu zen hitzaldiaren transkripzioa. Mirande, noski, su eternora kondenatua dagoen arren, bere garaiko euskal idazlerik kosmopolitena, probokatzaileena, antikristauena, antiklerikalena eta eleaniztunena izan zen eta Peillenek bere figura polemikoa, itzalak eta argiak agerian utziz, aldarrikatu izan du azken 50 urte hauetan; euskal paristar filonazi hark bere burua hil zuenetik, 1972an, ia inor ez da ausartu haren obra errebindikatzeaz, idazlearen eta haren lanaren arteko bereizketa egiteaz. Gutxitan aitatu den arren, Piarres Laffite apaiz ultrakatolikoak Miranderen inguruan eratu zuen boikot eta isilarazte kanpaina oraindik indarrean dago, erreleboa hainbat sektore progresistek hartu dutelarik… Waskonia Ultramontana e a mai que pariome!!
Baina itzul gaitezen Redondoren nobelara eta Peillenek idatziriko Imaginariora. Esan bezala, Amaia Salazar dugu `Bihotzaren ipar aldea´ eleberriko protagonista. Ez dut esan liburu hau “prekuela” bat dela, atzera-buelta, eusklaro paladinoz. Salazarrek, ia mundu guztiak dakien moduan, beste hiru nobela protagonizatu ditu eta laugarren honetan polizia baztandarraren karrerako lehen urteetara bueltatzen gara, Redondok sarri-sarri flashback ugari eskainiko digularik bere neskato urteetara. Lankideen artean pertsonaia ospetsua da bere curriculum ezin hobeari esker eta elkartrukatze programa bati esker, prestakuntza hobetzea bilatuz, Estatu Batuetara helduko zaigu. Han, supituki, familia osoak hiltzen dituen burutik egindako batek sekulako atentzioa emango du mass media delakoetan eta agente forala Federal Bureau-ko kolaboratzaile bihurtuko da, Cuanticoko buruzagi eta mandamas jendea “goiko presio gorena” sufritzen hasten denean.
Jakina da federalak ez direla hankamotzak. Mundu guztiaren txostenak eta dossierrak eta profilak eta ADN laginak eta seguraski interneteko nabigazio historialak eta zeinek daki, akaso algoritmo bereziak garatuak izango dituzte, hiltzaile nor bihurtuko den aurreikusteko ere. Predictor Killer moduko bat dagoeneko abian izango dute, sarraskiller madarikatu horiek garaiz baino lehenago harrapatzeko. Kontua da Amaia Salazarrek ere bere informetxoa baduela, nola ez, agente guztiek gainditu behar duten galbahe-prozesuaren ondorioz. Polizia nafarrak dituen traumak eta ahuldade psikologikoak, dena dela, ez dira bere curriculumeko atalik dirdiratsuenekin gertatzen den bezala, detaile guztiekin ageri. Barreneko tripajateak ondo disimulatuak ditu Salazarrek nahiz eta cuanticotar horiek, batez ere Dupree poliziburu karismatikoak, ondo oinarritutako susmoak eduki. Berak ere baditu ondo-ondo itxi ez diren zauriak arimaren erraietan, eta berehala konturatzen da, agente nafarrak duen ikerketarako ahalmen berezia estuki lotua dagoela, erroturik daukan egonezin horrekin; intuizioa eta seigarren zentzumen berezi hori, nekez ezkutatzen saiatzen den asaldura eta sufrimenduetatik datorkiola baztandarrari.
Katrina ekaitza Argazkia: cnn
Dupree eta Salazar, beraz, denbora luzez hilketarik egin gabe egon ondoren familia osoak izugarrizko grinaz akabatzen hasi den gaizkilearen arrastoa ikertzen hasiko dira. Killerrak beti modus operandi oso zehatza du eta bere objetiboak eskrupulu maniatikoz bilatzen ditu. Ekaitzak ditu gogoko, hurakanek uzten duten txikizioaz baliatzen da bere biktimak engainatu eta hilketak erritu jakin bat jarraituz burutzeko. Eta inoiz ez du bere gidoi makabroa hausten. Gauzak horrela, komunikabideetan Katrina super-ekaitzaren etorrera iragartzen dutenean, FBIko buruek hiltzaileari aurre hartzea pentsatuko dute; baina ekaitzaren ordez apokalipsia helduko da Orleans Berrira…
Eta ez dizkiogu nobelari erraiak gehiago urratuko! Katrinarekin gertatu zena hiri batean, COVID 19arekin gertatu da mundu osoan orain. Jakin bagenekien gerta zitekeela, bagenuen denbora neurriak hartzeko -SARS 2 delako koronabirusak lehen abisua eman zigun-, goi mailako planifikazio guneetan txosten oso zehatzak prestatuak zeuden horrelako larrialdi kritikoen mehatxua aintzat hartu behar zela adieraziz… Baina beti epe motzera planifikatzeko mania, politikakeriaren interes-joko makurra, bai-gwana! uneoro esatera behartzen zaituen alderdi-diziplina eta hiritarrok geure eskubide oinarrizkoenei egin diegun errenuntzia lotsagarriak ekarri gaitu paramu demokratiko honetara. Maskareta ala maskarada, hori da kontua, mon ami!
Gainera, beste akats patetiko bat ere aitatu behar da, beti zuzendu gabe uzten duguna: edozeinek informazioa modu egokian zabal dezakeela pentsatzea, hain justu, komunikatzea bigarren edo hirugarren mailako zeregina izango balitz bezala Gobernu batentzat. Agintariek badakite zabor-informazioa baino ez zaiola kaleko hiritarrari eman behar. Gezurrak, zurrumurruak, egia pittin batekin nahastutako porrusalda informatiboak, reality kakaberanteak,… Sentsazionalismo kitzikagarria. Eta meneko zintzoa marea-marea eginda dagoenean, arren, arduratsu jokatzeko eskatzen diogu, esandakoa bete dezala, kontuan izan ditzala, orain bai, gure mezuak, gure egia berdaderoak, gure dogmak. Ba ez! Gilí batzuen pareko tratatuko gaituzue, eta la polla-raino gaude!!
Utz nazazue bakean nire egia pribatuekin, neure neurrira ondo datozkidan sweet lies goxoekin, sinesmen irrazional eta paranormal kuttunekin… Hauek dira nire printzipioak, eta gustuko ez badituzue, beste batzuk ditut!!
Heldu naiz, beraz, ailegatu nahi nuen lekura: Txomin Peillenen `El Imaginario en las creencias populares y cultas´ liburura. Hor aurkituko duzue gizakiak mendeetan zehar sinistu izan dituen ideia, irudikapen, mistifikazio, fede, dogma, egia eta gainerako burutapen eta bihozkapen oro. Liburu hau Dolores Redondoren nobelarekin batera leitzea tokatu zait halabeharrez (edo akaso jainkotxo bihurri bati esker… Irakurtor edo Liburtsain, zeinek daki?). Urteetako ikerketa-lanaren fruitua oso bolumen erabilgarrian bildu du Sabin Oregik zuzendutako Dakit argitaletxeak. Oso egokia, batez ere mitologiaren atzerrian bizi izan den sinesgogor jendearentzat: aldi berean eszeptiko eta nihilista konpultsiboen exijentzietara primeran egokitua dago, argibide laburrekin, Txominek bere ikerketaren inguruan bizi izandako anekdota ugariz aberastuta gainera. Euskal Herriko nahiz mundu osoko panorama eskaintzen digu paristar irakasle emerituak, hainbat ataletan sailkatuz sinesmenaren inguruko gai zehatzak: sinboloak, numerologia, usadioak, errituak, magia, kuranderoak, kaleko eta baserriko sinesmenak, erlijioak eta sektak, espiritismoa,… Horretaz gain, bibliografia zabal baten berri ere izango du gehiago sakondu nahi duen irakurleak, 400 libururen izenburua eta erreferentziak xehetasun osoz ematen baititu egileak. Harribitxi benetakoa Txomin Peillenen maisulan hau.
Udako gainerako leturak kristoren popurria izan dira, eta ez dut hemen liburu guztien aipamena egingo; aitatu dut Don Winslow-ren `Muga´ nobela superrealista eta guztiz gomendagarria, nahiz eta gordin-gordina izan eta akaso Mexikori buruzko irudi ilunena eskaini, kontzesio gehiegirik egin gabe zuzenkeria politiko ohikoenei. Beste liburu kurioso bat tren geltokian aurkitu nuen, “hartzeko libre” jartzen dituzten bapateko liburu eskaintza horietako batean. Orain liburuak nonnahi dohain eskura daitezke. Liburutxoak `El sindrome de la moncloa´ zuen izenburua, Pilar Cernuda kazetariak idatzia. Bertan politikariek boterera iristean sufritzen duten metamorfosiaz dihardu egileak, eta batez ere, Monkloa jauregi ospetsuak presidenteengan duen eragin bereziaz; hau da, eraikinak berak dituen “botere ezkutuak” eta Madrilgo kanpoaldean kokatua egoteak zer nolako zama ekarri dion Espainiako politikagintza bereziari. Hor `Los Monclovitas´ izeneko film neoberlangatar baterako lehengaia soberan aurki daiteke.
Don Winslow-ren “Muga” lana