Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Iragana ere gaur da: euskal mitoaz Aurkenerena
Atalak: bAst
Iragana ere gaur da: euskal mitoaz Aurkenerena
Amalur-Baita argitalpenak
Iragana ere gaur da: Euskal mitoari buruzko hainbat tradizio eta gogoeta izeneko lana argitaratua du Joseba Aurkenerena idazleak. Nabari da irakasle aritua dena. Modu ulergarrian eta hitz egokiz ematen ditu burubideak. Aditu eta adierazi, biak.
Aitzin-solasa
Ttiki-ttikitandik topo egin nuen euskal mitoarekin. Amaren aldeko familia ataundarra nuen eta Amona Anttonik, gauero, euskal mitoarekin loturiko ipuinak kontatzen zizkigun. Horrela ezagutu nituen Ttortto, Mari, Basajaun, laminak, Inguma, Sugaar… eta gainerako pertsonaia magikoak. Ipuin horiek markatu eta bideratu nindutela uste dut. Orduz geroztik, euskal mitologiaz eskura nuen guztia irakurri nuen: Joxemiel Barandiaran, Julio Caro Baroja, Jose Maria Satrustegi, Jose Dueso… Eta ustekabean, Euskal Herriaren sinesmen zaharrekin, filosofia bereziarekin topatu nintzen.
Urteen poderioz, konturatu naiz sinesmen horiek guztiek osotasun bat eratzen dutela, eta osotasun horretan irakurriz uler daitezkeela mende luzeetan euskaldunok solstizio eta ekinozioen inguruan burutu eta burutzen ditugun ekitaldi edota jai erritual ugariak: inauteria, Donibane Gaua, Olentzero, Eguberri, Urtats eta abar luzea. Erritual horiek urtero errepikatzen dira gure egutegian, euskaldunon bizimodua nolabait egituratzen. Iragana ere gaur da. nolabait.
Jai erritual horiek dira, beste zenbait konturekin batera, liburu honen orrialdeetara ekarri nahi izan ditudanak. Izan dadila liburu hau gure amona Anttoni Etxeberria Urbiztondori egiten diodan omenaldi xume eta bihotzekoa. Halaber, izan dadila ere, Euskal Herriko aitona-amona guztiei egiten diedan eskaintza, beraiek izan baitira urtez urte eta mendez mende, euskal mitoaren gurpila haien ondorengoei transmititu dietenak. Ez dadila orain, XXI. mende hasiera honetan moztu. Transmititu diezaiegun, euskararekin batera, gure seme-alaba eta bilobei. Hau ere, gure esku dago.
Aitzin-solasa
Euskaldunen animismoa eta euskara
Sinesmen zaharrak eta euskal mitoaren sorrera
Euskaldunen ilargi-egutegia
Lauburuaren nondik norakoak
Altzateko Jaun, hor zaude nonbait
Ehiztari Beltzaren itzulera
Ortzadarra, euskaldunen bide miresgarria
Agate Deunaren bezpera
Euskal inauteria eta hartzaren itzarraldia
Udako solstizioa eta denboraren antolaketa euskal mundu-ikuskera zaharrean
Jondoni Joane, ekibegia zeru gorenean
Udazkeneko ekinozioa, Mikel Deuna eta Teodosio Goñikoaren elezaharra
Arimen Gau Beltza
Santomasak neguaren atarian
Olentzero, negua eta solstizioa
Ur goiena, ur barrena, Urtezahar gaueko erritoa
Sinesmen zaharrak eta euskal mitoaren sorrera
1.- Sinesmen zaharrei buruzko hainbat gogoeta.
Denok dakigun bezala, mundu bakarra dago izaki guztiontzat, baina nahiz eta mundu bakarra izan, herri eta kultura bakoitzak adierazpen ezberdina egiten du. Bizitzaren liburuan irakurtzean egiten diren irakurketa edota interpretazio ezberdinetatik sortuko dira herri guztien sinesmenak, mitologia ere deitzen duguna. Sinesmen horiek herri baten filosofia edo izate bereziaren berri ematen digute.
Gure sinesmenei dagokienez, erraiten ahal dugu euskal sinesmen zaharrak ez direla kontu hutsa, gure sinesmen zaharrak izan baitira eta dira, gaur egun ere, Euskal Herriaren, euskaraz mintzo den herri honen azken arrazoi gordeak. Herri honen izate historikoaren bihotza. Bere nortasunaren funtsa eta euskaldunok egindako ekintzen lehen iturria, mundu-ikuskera berezi baten oinarria.
Iturri honetatik edan dugu mende luzeetan, edan dugu eta edanen dugu, euskaldunok euskaldun, euskaradun alegia, garen bitartean. Honelakoak gara, honelakoak izan gara eta honelakoak izanen gara gure erroek bizirik irauten duten bitartean, betiko iturritik edanez. Ainitzek gauzak arras aldaturik daudela diote, gure sinesmen zaharren erranahia lekuz kanpo dagoela adierazi nahian; baina zuhaitzetan hostoak aldatzen diren bezla, baita gure kanpoko janzkera ere, nahiz eta barneko suak, gure gogoak, betikoa izaten jarraitu.
Euskaldunok mende luzeetan zehar, aldaketa paketa bat jasan dugun arren, euskaldun izaten jarraitzen dugu, eta hor euskarak, gure mintzairak ematen digun barne mezu horretan, hitz sakratuaren heredentzia genetiko horretan, gureganatzen dugu gure arbaso zaharrek ereindako sinesmen zahar eta berria, atzokoa eta gaurkoa, euskal sinesmen zaharra deitzen duguna.
2.- Euskal mitoaren sorrera eta garapena hitz laburrez.
Euskal sinesmen zaharrak Paleolito Aroan du lehen iturria, Kristoren aitzineko 43.000. urtean, euskal gizaki zaharra Europa osoan hedatzen zelarik. Garai hartan, gure arbasoek behera begiratu zuten AMALUR aurkituz. Gero begiak altxatu eta zerurantz begiratuz, Amalurraren alabak ezagutu zituzten: Eguzki edo Eki, bizitzaren jainkosa eta Ilargi, heriotzaren jainkosa ederra. Hor hasi zen euskal mitoa.
Gure arbaso zaharrak ehiztariak eta ibiltariak ziren. Lurraren seme-alabak zirela uste zuten eta Amalurra gurtzen zuten. Kristoren aitzineko 30.000. urtean, amalurrarekin loturiko jainkosa zabaldu genuen Europa osoan zehar. Mari, Maia, Lur, Amalur, eta bestelako izenez deitzen genuen. Euskaldunen jainkosa handi honek hiru ezugarri handi biltzen zituen bere baitan: amatasuna, emetasuna eta emankortasuna.
Izadia edo natura ezagutu genuen momentuan hasi ziren gure mito naturalistak sortzen eta haiekin loturiko pertsonaiak: Lur, Ur, Iturri, Hodei, Eguzki, Eki, Itsaso, Ibai, Euri, Laino…. Izadian, gure inguruan, ulertzen ez genituen fenomenoak eta gertaerak ziren, eta horiei adierazpen logikoa bilatu nahian, gure arbasoek sinesmen animistak sortu zituzten. Horrela amets gaiztoak Ingumak sortuak dira, tximistak edo orziak Sugaarrek urtukiak dira, Behigorrik erretzen ditu etxeak eta oihanak, Majuk botatzen digu kazkabarra, Marik hodeiak igitaiaz zabaltzen ditu euria sortuz eta abar. Eta emeki-emeki euskaldunen gertaera historikoetan ere azaltzen zaizkigu. Horrela Basajaunek engainatu zuen Teodosio Goñikoa bere burasoak hil zitzan eta ez zedin Iruñeko lehen erregea izan. Bizkaiko lehen jauna izan zen Jaunzuri Sugaarren semea zen eta Nafarroako erresumako erregeak ilargi beteko gauetan altxatzen ziren errege, Ilargi jainkosaren benedikazioa atzemaitean.
Paleolitoan sorturiko euskal sinesmena aldatua iritsi zen Neolitora. Ordurako pertsonaia berriak sortuak ziren, eta gizakiak teknika eta lanabes berriak ezagutzen zituen. Horrek eragin zuen aldaketa. Eta historian sartu ginenean, hau da, erromatarrekin lehen harremanak ukan genituelarik, hau da, Kristoren aitzineko 178. urtean, mundu berri bat aurkitu genuen, inperioarekin etorritako bizimodu berria, kontsumoa, latina, egitura, teknika, lanabes eta ekoizkin berriak…. Honek ere aldaketa handia eragin zuen euskal mitoan. Pertsonaia berriak sortu ziren eta zahar batzuk ahantzi.
Ordutik, mendez mende, gure mitoa garatu eta aldatu da, mito eta erlijione guztietan gertatu den bezala.
Hauxe da euskaldunok bizitzari eman diogun adierazpen logikoa, naturatik edan dugun filosofia berezia, bizitzaren liburuan irakurriz sortu eta garatu dugun mundu ikuskera.
Iparmina
Ipar Euskal Herrian «euskaldunen eta euskararen inguruan ikusitakoak, ikasitakoak eta bizitakoak» bildu ditu egileak lan honetan, aurretik eginiko beste hainbatetan bezala. Autoreak azaldu duenez, «mirespenez eta maitasunez» landu ditu gaiak.
Axularren itzala
Izate honetan badira unibertso paralelo aunitz, herri bakoitzak bere unibertsoa garatzen baitu. Haatik, unibertso horiek ez daude isolaturik, beraien artean lotura ugari baitira. Elkarri eragiten diote eta ezberdinak diren arren, den-denek erro berberak dituzte : amodioa eta gorrotoa, bakea eta guda, adiskidetasuna, elkartasuna, jelosia, bekaitza, herra… eta gainerako giza pasio guztiak. Eta hamaika unibertso horien artean, bada euskal unibertso bat, euskaldunok milurtekoz milurteko, mendez mende, urtez urte, egunez egun, unez une… eraiki eta eraikitzen duguna. Euskal unibertso horretan oinarritzen da esku artean daukazun liburu hau.
Itzala berreskuratu zuen Axular itzala ezin berreskuratuz dabilen Euskal Herri gaixo honen antitesia litzateke. Gure ama-lurraren itzala berreskuratzea biharko euskal belaunaldien eginkizunik handiena izanen da. Eta bitartean, iraun beharra daukagu, ezin baitugu besterik egin. Eta ez da gutti. Axularren itzalak babes gaitzan euskal unibertsoan bizi garen guztiok.
Josebak berak dioen bezala, liburu honetan ibilaldi literarioa egiten du gertakizun, kontakizun, ipuinen munduan barrena, bai denboran bai kokapenean. Horren aitzakiaz bere figura zertxobait gehiago ezagutzeko probestuko dut. Herri literaturari oso lotuta dagoen idazle aberatsa eta ugaria dugu Joseba donostiarra, Euskal Herri osoaren mitoen jarraitzaile eta aditua, besteak beste. “Herritik jaso herriari itzultzeko” filosofian barneratua, literatura du bere komunikazio tresna indartsuena.
EGILEAREN HITZAURREA
Adio irakurle, berriro hemen naukazu ipuin kontalari. Bizitza honetan beti izan dira ipuin bihur daitezkeen pasadizoak, eta beti esaten dudanean esan nahi dut: herenegun, atzo gaur, bihar, etzi eta etzidamu; betiro baita zer kontatu. Eta horrela izan da, da eta izanen da herri eta kultura guztietan, mundu zabalean, alegia.
Haatik, liburu honetan topatuko dituzun ipuinak Euskal Herrian kokatuak dira, horixe baita nik hobekien ezagutzen dudan esparru naturala, eta horixe baita nire bihotzaren barruan dautzan herri eta kultura. Denboraren aldetik, berriz, tarte zabala aukeratu dut ipuinen garapenerako. Badira Erdi Aroan kokaturiko ipuinak, 1936ko gerra madarikatuan jorratutakoak, II. Mundu Gerlaren garaikoak, gerra ostekoak, gaur egungoak… eta baita biharko egunean koka ahal izanen genukeena.
Gaien eta pertsonaien aldetik, badut zer esan, gehien-gehienak gure historiaren pasarteetan, gure mito zahar eta modernoetan, gure mitologiaren mundu magikoan edota gure herri xehearen bizimodu eta ametsetan garatu baititut. Gehienak nire sormenetik jaioak badira ere, badituzu irakurle, hemen, hor eta han entzundako kontakizunetatik eta pasadizoetatik egin ditudan moldapenak ere.
Eta orain, ahantz itzazu denbora batez eguneroko arazoak eta kalapitak, eta barnera zaitez horren gurea den baserritarren, fraide-zaldunen, apaizen, ireltsoen, soldadu karlisten, pilotarien, arrantzaleen, kontrabandisten eta sorginen munduan. Euskal Herriko edozein bazterretan, gaur atzo bezala, ATSO HERRENAK DABILTZ(a) kantari!
Hemen duzue liburu horretako kontakizun bat:
IRULEA ETA KATU BELTZA
Urruñako Iguzkiagerre baserrian senar-emazte zaharrak bizi ziren. Zortzi seme-alaben gurasoak ziren, baina gauza batzuengatik eta besteengatik, den-denak etxetik kanpo eta urrun bizi ziren. Baserritarrak izaki, lan handia egiten zuten euren bizia aurrera ateratzeko.Egunez baratzeko eta aziendako lanak, gauez etxeko lanak. Emaztea oso berandu arte gelditzen zen iruten, garai hartan baserri gehienetan egiten zen bezalaxe. Horretan aritzen zela katu beltz bat sartzen zitzaien etxera eta sukaldean zeukaten guztia jan egiten zien. Alferrik aritzen zen Margari etxekoandrea izutu eta bidali nahian, katua ez baitzen izutzen eta gainera petral jarriz gero aurre egiten zion. Horietako gau baten hurrengo egunean Margarik horrela esan zion senarrari:
– Bai Joanes, gaur ere katu beltza etorri zaigu ni iruten ari nintzela, eta harrapatu duen guztia jan digu.
– Baina Margari, ez al diozu zapi egiten?
– Bai horixe, baina ez da bat ere izutzen, eta gehiegi hurbiltzen natzaionean, basapiztia baino okerrago jartzen zait. Horrelakoetan beldurgarria da oso.
Azkenean Joanesek gertatzen zitzaienaz aspertuta burutazio bat eduki zuen arazo harekin bukatzeko. Emaztearen arropaz jantzi zen eta ilunabarrean iruten gelditu zen etxeko sukaldean, bere andreak gauero egiteko ohitura zuen bezala. Handik zenbait ordutara katu beltza agertu zitzaion mauka.
– Mauuuu! Mauuu!
Joanesek ez zuen tutik ere esan eta iruten jarraitu zuen. Katua hurbildu egin zitzaion eta arropatik ateratzen zitzaizkion esku zarpailak ikustean horrela esan zion:
– Gizon bat iruten?
Eta Joanesek erantzun:
– Katu bat hitz egiten?
Eta hori esanda, arropen artean zeukan aizkora atera eta zartako batez burua moztu zion katuari. Katu beltza zerraldo erori zen lurrera odol putzu batean. Momentu horretan zelatan zegoen emaztea bere ezkutalekutik irten zen kontent eta zoriontsu.
– Akabo katu lapurra! – esan zion senarrari pozaren pozez.
– Hala bedi! – ihardetsi zion senarrak, katuaren gorpua behatuz.
Baina momentu hartan, eta senar-emazteen begi harrituen aurrean, katu beltzaren hilotza aldatzen hasi zen, eta zenbait minuturen ondoren gizon baten itxura hartu zuen. Margari gorpua zegoen tokira hurbildu eta atsekabe handiz horrela esan zion senarrari:
– Eneee Joanes! Patziku da, ondoko baserriko mutilzahar gaiztoa!
Aspalditik zeuzkaten susmo txarrak Patzikutaz, lan handirik egin gabe beti sabela aski ase ikusten baitzuten, baina horrenbesteko kontua ez zuten inolaz ere espero. Ez dezagun ahantzi askotan errealitatea susmo txar guztiak baino askoz gordinagoa dela.
Joseba Aurkenerena Barandiaran (Donostia, 1956)
Aita donostiarra zuen eta ama, berriz, ataundarra. Gurasoengandik etorri zaizkio bizitzan izan dituen bi zaletasun handiak, aitaren aldetik, historiarekikoa eta, amaren aldetik, euskal mitologiarekikoa. Donostian historia ikasketak egin zituen, eta lanbidez irakasle aritu izan da, duela bi urte erretretan sartu zen arte.
Lezon bizi izan zen urte luzetan eta bertako kultura zinegotzia izan zen Mikel Arrizabalaga alkatearen lehen legealdian (1987-1991). 1996tik Lapurdiko Urruñan bizi da bere familiarekin. Donibane Lohizuneko Begiraleak Euskal Kultura elkarteko kidea da. Besteak beste, Karmel, Maiatz, Hatsaren Poesia, Eskuz eta Begiz, Elinberri.eus, Zu-zeu.eus eta Kazeta.eus agerkarietan idazten du. Baditu hainbat liburu plazaraturik. Gai nagusiak euskal historia, etnografia eta mitologiakoak izaten dira. Hona hemen horietako batzuk: Euskal sinesmen zaharrak, Harribeltzetako ipuinak, Iparraldeko kronikak, Sorgin mainguak dabiltz, Euskaldunon mundua hizpide, Axularren itzala, Gureak eta mundu zabalekoak, Iparmina, Iragana ere gaur da eta Euskal Herria beti!
[Booktegi-ko orrialdetik hartutako argibidea]
Berrogeita hamaseiko otsailean sortu ninduten, elurte handiak Euskal Herria estaltzen zuenean. Hotz handia egiten zuen eta Jaizkibel mendiko basoak izoztu eta desagertu omen ziren. Horma-ziriak nonahi ikus zitezkeen. Horrela kontatu didate beti, bederen. Negu gorria igaro zelarik, udaberri ederra etorri omen zen eta kolore guztietako liliek euskal bazterrak alaitu zituzten…
Bizitzaren aldi guztietan badira hitzordu eta bilgune diren momentu eta lekuak, eta momentu hauek izaten dira osotasun baten islarik trinkoena, errealena, hoberena… beraiek baitira bihotz eta ardatz, helmuga eta abiagune, odol eta arnas, osotasun-printza eta laburbiltze-ezpal.
Joseba Aurkenerena-ren lanak
POESIA
Bideetan barna
2017, Amalur-Baita
NARRAZIOA
Lezoko ipuin inoizkoak
1997, Lezoko Unibertsitateko Udala
Harribeltzeta nire gogoan
2004, Gero-Mensajero
Sorgin mainguak dabiltz
2007, Maiatz
Hendaiako tren geltokian
2008, Hiria
Jaizkibelazpi
2008, Hiria
Axularren itzala
2009, Hiria
Iparraldea bizi-egarri
2012, Hiria
Kaskarin baten kontakizunak
2015, Maiatz
Atso herrenak dabiltz
2018, Booktegi
KRONIKA
Iparraldeko kronikak
2003, Gero-Mensajero
Iparraldean gaindi
2006, Gero-Mensajero
Iparmina
2019, Booktegi
SAIAKERA
Euskaldunon mundua hizpide
2007, Gero-Mensajero
Ipar haizeak
2010, Hiria
Iragana era gaur da
2018, Amalur-Baita
HIZTEGIA
Irainka. Euskal irainen bilduma
1999, Gero-Mensajero
HAUR ANTZERKIA
Iduzkilore
2010, Hiria