Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Donato Ndongo-Bidyogo
Atalak: bAst
Donato Ndongo-Bidyogo
Donato Ndongo-Bidyogo Argazkia: El País
Donato Ndongo-Bidyogo idazlea eta kazetaria da (Niefang, Ekuatore Ginea, 1950). Ekuatore Gineako literatura idatziaren bultzatzaile nagusia eta idazle afrikarrik nabarmenenetakoa dugu, askoren iritzian. Haren obra ikasten da Espainia, Afrika eta Amerikako hainbat unibertsitatetan.
Olvidos (Ahanzturak) olerki-liburua
[Olvidos] (Ahanzturak) bi partetan zatitua da: Aurora (Goiztiri) eta Despertar (Itzartze). Bietan aurkitzen dugu ahots zalantzati bat, iragan berritu baten eta ikusten ez den etorkizun baten artean dabilena.
Atzera begirako honek maitasunari emana dirudi; honela esaten da alabari egiten dion dedikatorian: Lia-rentzat, soilik berarentzat, maitasun kantu hauek. Halere ene maitea txandakatzen da ene adiskidea-rekin, eta badirudi adierazi nahi duela emakume batenganako maitasuna, eta baita ere, ideia batekiko, esperantza urratu batekiko, aberriarekiko?… Inmaculada Díaz Narbona (hitzaurrea)
Olvidos [Ahanzturak]
Donato Ndongo
Deitu nizun, hildako hizkuntza
guztietan eta bizietan: arameoz eta latinez,
wolof, fang eta mandarinez, bisio-z eta anbo danborrez,
Tresna joz bubiz eta ketxuaz,
Machado eta Keats-en lumarekin
Baudelaire eta Juan Ramonen bertsoekin,
Tchikaya eta Lamartine-ren soinuekin
eta Soyinkaren intonazio irmoarekin.
Isiltasuna. Begiztatzen nuen inguru zabalean. Beti isiltasuna.
Ezer ez. Ametsen oihartzun urrunak.
Beti isiltasuna.
Gaua gerturatu ahala
amets posibleak amesten ditudanean
sinetsi nahi dut iritsiko dela goizaldea
(urruntasuna, garai bikainak
galduak ur gardenen itzalunean,
handik ikuskatzen dut hondalea).
Goizaldea gerturatu ahala
amets ezinezkoak amesten ditudanean
sinetsi nahi dut iritsiko dela gaua
(urruntasuna, ispilu konbexu
eguzki-errefraktarioak,
zeren eguzkiak bideak argitzen dituen
eta haietatik ikusten nik amildegia).
Eta orain zure etzanguan
(itzarria, ametsetan)
zure ondoan etzana, begiratzen dut sorgor,
astiro-astiro jaisten dela sabaia
gure aurka
(ezgai zara mugitzeko, ezgai naiz mugitzeko)
zanpatuak ezin barkatuzkoan, kondenatuak
merezi izan genuen heriotz pekamenezkora
(ginen bezalakoak ginelako).
Ez nekien zurekin berriz elkartu ala ez,
ariman esperantza oihu batek xuxurlatzen zuenez.
Zuregana hurreratzen nintzen, pixkanaka, fidakaitz
zure historia goibeltsuagatik, belarriz belarri
xuxurlatua zure haurtzarotik.
Eta murmurioek esaten zuten: ez da duin
zurea bezalako hain maitasun handiaren,
garbiaren, kezka buruzale oroz librearen.
Baina zuk eragiten zenuen erakarmen bekatuzkoa,
sortzetiko mantua zure zauri zornetsuak estaltzen,
arimaren nahastazioak
ispilutxo erakargarriak
beira-ale dirdaitsuak
adiora arte argitu gabeko ezezaguna.
Eta zorzor ibili nintzen Ozeano, eta Zeru zehar,
Itsaso, Haize eta Ekaitz zehar,
zugana hurreratu arte,
bihozkada halakoa izan arren.
Eta heldu nahi izan zintudanean, entrega burutuz,
zure bisaia ikusi nuen, heriotz aurpegia, usaindu nuen zure hatsa, ustela,
eta ihes egin nuen engainuzko irrika orotatik,
damuturik ez nituelako aditu, zorigaitza
iragarri zuten orakuluen aholku zentzuzkoak.
Eta orain, zahartzaroko oroitzapen zalantzakorrekin,
bakarrik, berriro begiratzen ditut ene oroimenean, iragandako atsekabeak,
hau aldarrikatzeko: ene adiskide, berriro bizitzen banaiz ere,
sekula ez naizela zugana itzuliko, zure harrizde pozoitsuetara,
denborak ezinezko egin zuen maitasun betirakoa egon arren.
Baina, denborak egin al zuen hori?
KANTIKA
Nik ez dut poeta izan nahi
Afrikari kantatzeko.
Nik ez dut poeta izan nahi
beltz denari glosa egiteko.
Nik ez dut horrela poeta izan nahi.
Poetak ez ditu edertasunak kantatzen.
Poetak ez du luzitzen azal beltz dirdaitsua.
Poetak, poeta honek ez du ahotsik
dama galaien ibilkera uhinduentzat
ile kizkurreko eta aldaka biribileko.
Poetak negar egiten dio bere lurrari
amaigabeko eta txiki
gogor eta hauskor
argitsu eta ilun
aberats eta pobre.
Poeta honek eskua lotua du
bere jendea lotzen duten kateetara.
Poeta honek ez du nostalgiarik
iraganeko lorienik.
Nik ez diot kantatzen sexu bozkariozko
arrosa-lorategi usaindunari.
Nik ez dut adoratzen ezpain lodirik
mango freskoaren zaporedunik.
Nik ez dut pentsatzen emakume makur-makurraz
saskikada egur bizkarrean dakarrenaz
ume batek bular hustua zurrupatzen diola.
Nik deskribatzen dudana historia tristea da
txuriz
beltzez
gorriz eta horiz
beteriko mundu batena
putzuz putzu jauzika
elkarri hitz egin edo begiratu gabe
dabilen jendearena.
Poetak, hildakoak negartzen ditu
esku beltzek hiltzen dituztenak
Belztasunaren izenean.
Nik neure herriarekin kantatzen dut
cacao-ondoaren pean pasatako bizitza,
haiek txo-ko-la-te-a merienda dezaten.
Bere herria triste badago,
poeta triste dago.
Ni ez naiz poeta jainkoaren nahia delako.
Poeta poeta da gizakiak nahi duelako.
Nik ez dut nahi poesiarik
poeten belarriak bakarrik gozarazten dituenik.
Nik ez dut nahi poesiarik
ardo beltzeko gauetan emakume liluratuen aurrean
irakurtzen denik.
Poesia, bai.
Poetak, bai.
baina jakin dezatela zer den gizakia
eta zergatik sufritzen duen gizakiak
eta zergatik aiots egiten duen gizakiak.
HISTORIA Y TRAGEDIA DE GUINEA ECUATORIAL
EKUATORE GINEAKO HISTORIA ETA TRAGEDIA (edizio gaurkotua)
Egilea: Donato Ndongo
Lan hau 1977an argitaratu zen, Historia y tragedia de Guinea Ecuatorial (Ekuatore Gineako Historia eta Tragedia) eta «klasiko» bihurtu zen, ikuspegi guztiz berritzailea zuelako Ekuatore Gineako historiaz.
Ordura arte idatzitako guztiak ikuspegi eurozentriko eta kolonialista zuen, eta hori haustera etorri zen liburua. Balio handiko lana da ekuatore ginearrentzat, bereziki.
Edizio berri hau, zuzendua eta aberastua dago, eta 1982 arteko historia jasotzen du. Lan mardul honek jakitera ematen ditu espainiar kolonia ohian gertaturiko zenbait gertaera ezezagun.
Las tinieblas de tu memoria negra (Zure memoria beltzaren ilunbeak) liburua, Los hijos de la tribu (Tribuaren seme-alabak) trilogiaren lehen liburua da (bertzeak Los poderes de la tempestad-Ekaitzaren ahalak eta El Metro-Metroa), eta kolonialismo espainiarraren garaian jaiotako ginearren belaunaldiaren historia osoa kontatzen du. Liburu honetan, Ndongok berrogeita hamarreko hamarkadako giro ginearra erakusten digu, haur baten begi errugabe eta minduetatik.
110-111. or.
Eta neuri iruditzen zitzaidan, hartatik ez zuela ezerk ere balio, uko egiten nion neure bizitza honela irudikatzeari, egunez egun, beti, zementuzko adreiluz eta zink txapaz egindako etxetik kakao-sailetara eta kafe-sailetara, matxetea bizkarrean salakot marroi argi zaharra zamalka nire buru arradatuan, sahariar-jantzi inutil listua, esplorataile beltz eskastuaren itxurarekin, eltxoak ziztaka ene beso biluzietan, izerditsu eta usain txarreko, gose jan ezinik, don Santos Casamitjana-ri hitz emandako uztaren esklabu betiko, zuri hark erosten baitzuen gure finketako kafea eta kakaoa, eta hark ekartzen zizkigun irrisa eta arrain lehorra eta oihalak eta azukrea eta kontserba-potoak dirurik gabe, kafe zaku asko eta kakao zaku asko eramaten genizkionean ordaintzeko. Baina baita ere galdetzen nion neure buruari ea ihes egiteko neukan gogo bizi hura guztia ez ote zen gure aitak arrazoi izatearen froga, hau da, lana ez nuela gustuko. Eta neure burua adoretzen nuen erranez bai nuela gustuko lan egitea, baina ez lan hori, baina betiko geratuko zen zalantza. Eta neure burua suspertzen nuen behin eta berriro erranez ezetz, ez nintzela ume inutil bat ez beltz nagi bat, eta gogor heltzen nion matxeteari, piñaren txortena eztiki ebakitzeko, enborra edo adarra zauritzeke, eta bizkarra oker-oker egiten nuen, fruitu hori bakoitza banan-banan hartzeko makurtzean, ikaragaitz sorgor eusten nion, zer erremedio harik eta joan ahal izanen naizen arte, edozein aitzakia medio, baina zer aitzakia, intsektuen ziztadak eta nektar bila dabiltzan erleen burrunba, heroi eran zamatzen nuen ene gihar mehar bizkarraldekoen gain, melongo saski astuna, likido itsaskor bat isurtzen zuten alez betea, likido hau izerdiarekin nahasten zen, unatua nengoen hasi aitzin, husten nuen edukia kakao ale pilaren gainean; ale haiek sakabanatu egiten ziren inguru zabal samarrean, eta ez zuten pila goratzen zeruraino, aitak ikusi ahal zezan zenbat lan egin nuen. Eta sulfato urdinkara, mikatza eta pozointsua, zutoinak, hostoak, fruituak, eta giroa eta neure eskuak inpregnatzen, kontu izan, ez itzak eskuak begietara eraman, ezinezkoa hori eragoztea, aita, pentsatzen zuen, ez duzu ikusten izerdi tantek itsutzen nautela.
Eta ortzegun guziez igotzen ginen Aita Remigio Maria Echenagusia, Esteban eta hirurok, misio katolikoko Peugeot furgonetan eta inguruko herrixketan zehar ibiltzen ginen, internoek jaten genuen jana biltzeko. Atsegina zen niretzat asteroko txangoa, ene bidaia-gogoak asetzen zituen eta berez neukan jakin-mina, eta egiaztatzen nuen zein begiko ninduen eta nola distingitzen ninduen Ojo Picante aita ezin adierazizkoak.
Kakaoa Ederkidüra: Juan Andara Nieto