Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Rwanda bihotz-minez
Atalak: bAst
Rwanda bihotz-minez
Liburuan datorren Rwandako mapa
Gisenyi-Butare
Bagoaz airean doan autobus handian mundutik Kigalirantz. Han behean, gure azpian, mila muino, bananadi, etxebizitza biribilak misteriopean babesten, auzo eta baserri, erreka uher, zein ez dakizun bat-batekoan erreka diren ala bide diren.
Noranzko erreka, urruti baita itsasoa, esker eskuin ipar ala hego. Urruti. Bizi behar bitartean. Gu bezala, noraezean.
Irudiko luke, lurrak, amilka Kilimanjarotik behera bertan eusteko hezurrik ez eta, lokatzadi ikaragarrietan bildu zirela. Hori dela mila muinoko Rwanda.
Lur hartua dugu. Bagoaz aterantz; gorputza mailadirantz ateratzean, a zer bafada, lurrun, usain, asfalto eta galipot, banana ustel, haize hego, giza izerdi… Bizitza da eromen. Bafada. Harrapatu zaitu Afrikak betirako. Herio eta bizi, lurrun eta usaimen, ez zaitu askatuko. Kigaliko uholdeen arroilak, auzo intimoen ezkutu ezin ukituak… Dena publiko dirudien eta ia dena ezkutu, misterio eta magia den. […]
Ruhengeri- Kagitumba
[…] Bidea hobeto hartzeko, jaits gaitezen berriro mendi honen oinetaraino, eta gero, asfaltatutako bidean gora eta gora; gero azkar batean behera. Han, jaisterakoan txori ikuspegitik begiratu duguna, zoko batean ezkutatzen zaigu: Nemba, parrokia, ertain mailako ikastetxea eta batez ere erietxea, zabala eta handia, egoki hornitua, sendagileentzat etxe erosoekin. Han ezagutu ditut Medicus Mundi erakundeko zenbait sendagile euskaldun, bizkaitar eta nafar. Zenbat lan, zenbat ardura erietxea eta zerbitzuak, sendagileentzat etxetxoak, horniketa guztiak taxuz eratzeko; mendi ikaragarri haietako ezkutalekuak beldurgarriak ere bai… Gerrateetan iskiludunen pasaleku, zenbat bekaizkeria sortu ere… Eta zenbat negar, dena hustua eta txikitua izan delako, hutsetik berriro hasi behar denean. Medicus Mundi, Iruñako Miguel Angel Argal apaizak asmatutako egintzak han jarraitzen du. Noiz ikusi duzu hainbeste ikusia duen sendagile bat negarrez? Ba, hortxe, hor ikusi dut sendagile euskaldun bat negarrez. Diru asko jarria du Medicus Mundik eredugarria eta oso beharrezko den erietxe honetan. Behin eta berriz desegin du gerrak. Tinko eusten diote; gaur egun administratzailea ez ez beste guztiak bertakoak dira. Baina suntsipenak baino gehiago bestelako gertaera lazgarriak eragin zuen nire adiskidearen negarra. Gerra zen. Iheslari pila zegoen kanpaleku batean, minez eta gorrotoz. Alde guztietakoak zaintzen ziren Nembako erietxean. Itolarria zen lana. Hartua zuten borrokan elbarritutako gizaseme bat. Hor dator, militarren jeep bat haren bila. Beraiek artatuko dutela eta uzteko,. Bai eta utzi ere elbarriaren taldekoak zirelakoan. Haiek, hartu eta iheslarien kanpalekura eraman zuten:
-Ez zenuten bada “etsai” bat- beste izen bat erabili zuten haiek- nahi? Hara hemen bada, bat.
Emakumeen erakusleihoa
[…] Erakusleiho honetan deskribatzen dizkizudan emakumeak, ez dira epika heroiko ikaragarri baten jabe. Hori bai, nik Rwandan bizi izan dudan une tragikoari dagokionez, emakume horietako gehienen azkena tragikoa izan da. Denak ezagutu ditut oso gertutik. Denak maite. Errespetuak pasioari eusten dion moduan, baina, zirrara puntu batez zeinek ematen dion maitasun garbi horri gozotasuna. Hori bera da nik orrialde hauekin eman nahi nizuekeena.
Rwanda bihotz-minez liburuaren azala
Nor haugu hi, kalekume?
Bai, mutil, nor haugu? Gaur goizean Nkuriyingoma, hire hezitzaile berria, hi baino hamahiru urte zaharragoa, hiragana hurbildu denean, ukabila erakutsiz zera esan diok:
-Ni ez naik ezagutzen; ba kontuz nirekin, bestela ukabil honekintxe zartako bat eman eta txiki-txiki egingo haut.
Gero Nkuriyingomak, erdi burlati erdi izuti, guri kontatu ziguk zer jarrera hartu behar duen galdetuko balu bezala.
[…]
Basotik gatoz
[…]
Gau barrandari, sator eta belarri-tente, zure paperen behatzaile, faxak, internetak, labezomorro lanetan zuk uste ez duzun zirrikituetatik sartuko zaizu eta kontrolatuko. Gero, susmo gaiztoa, zurrumurrua, “harcèlement”, zirikatzea eta jazarpena erabiliko du zure atzetik eta zure aurrean ere bai sarri. Eta txikitu egingo zaitu; “resilience” ikaragarri batez hornitua ez bazaude behintzat. Zuk, zakur menderatu eta apaldua bezala, isilera, lubakira, basamortura ihesi joateko larrian, mahaitik jaikiko zarenean, eskuak dardara platerak erori eta bere aurrean baldar puskatu egingo zaizkizu. “Ave, Caesar imperator” izango da plater horiek haur nerabe bazina bezala erortzen utzi eta puskatzean zure barrenean sortuko duten musika.
Ipuin
Kaiman bilakatu zen gizona
Bazen behin, Kanakuze izeneko neska eder bat. Hiri nagusiaren inguruko herrixka batean bizi zen. Gizaseme askok egiten zuen Kanakuze emaztetzat hartzeko amets. Kanakuze berriz, bere buruan zerabilenak garbi, eder, gizen eta lanean saiatua behar zuen. Eta familiarekiko zuhurra, zaindua eta begiratua.
Bazen gizaseme bat gau eta egun Kanakuze bere emazte izan zedin erreguka zebilkiona. Bahati zuen hark izena.
Egun batez, joan zen Bahati azti petrikilo eta sendatzaile Sengoga izeneko batengana. Kanakuze bere amodioan jauzteko sendagai edabe bat behar zuen, hau da, sendagai lilurakor bat. […]
Gehigarriak
Ahoskera
Hasteko, kinyarwandari buruz bi hitz. Kinyarwanda deitzen da Rwandako hizkera. Bantu familiako hizkera da. Rwandan, Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean eta Ugandako hegoaldean zabaldua. Burundi eta Tanzania mendebaldeko kirundiarekin ulergarria gertatzen da.
Oro har, ahoskera euskaratik nahiko gertu dago: bost bokalak, adibidez, oso argiak dira: a, e, i, o eta u. Euskal hizkeran bezala ahoska daitezke inolako beldurrik gabe.
[…]
***
Iokin Otaegi Aritz Loiola/argazki press
Iokin Otaegi (1930) irakaslea, udako esperientzia baten ondoren, 1988aren hasieran Rwandara abiatu zen Gisenyi ondoko arte eskola bateko zuzendari izateko. Gerratea zela eta, 1994an ebakuatua izan zen, 1995. urteko hondarretan Rwandara itzuliz. Eta 2002. urteko irailean amaitutzat eman zuen bere profesional ibilbidea.
Marrazkilaria: Kofi Kankolongo
Kofi Kankolongo 1954. urteko uztailean Kinshasan (Kongo Errepublika Demokratikoa) jaioa da. Kinshasako Arte Ederretako goi tituluaren jabe egin zen 1979an. Rwandan Nyundoko Arteskolako irakasle da. Bere artista lanek eremu zabala harrapatzen dute: zeramika, eskultura, akuarela, pintura, dekorazioa… Etenik gabe dihardu margogintza, eskultura eta zeramika lanetan; eta sarri agertzen dira bere erakusketak Laku Handietako areto kulturaletan, batez ere Rwandan, han bizi baita. [liburu hegaletik ateratako informazioa]
****
Iokin Otaegiren hilberria Felix Ibargutxi kazetari fin prestu estimatuak honela eman zuen El Diario Vasco egunkarian, 2018ko uztailean:
Kofi Kankolongo eta Iokin Otaegi. / GORKA SALMERON
Iokin Otaegi, salletar emankorra
Gipuzkoako hainbat ikastetxetan jardun ostean Rwandara egin zuen, eta hango bizipenekin ‘Rwanda bihotz-minez’ liburua idatzi
FELIX IBARGUTXI Martes, 10 julio 2018, 09:53
Lehengo larunbatean, uztailak 7, Iokin Otaegi hil zen, Euskal Herriak eman duen salletar emankorrenetako bat. Ez dakienarentzat: salletarrak kristau pentsamoldeko anaidi batzuk dira, irakaskuntzara emanak. Tradizio handikoak dira, adibidez, Donostia, Irun, Eibar eta Andoaingo ikastetxeak. Orain dela 30 urte gogotik hasi ziren urritzen anai salletarrak eta ikastetxe horiek kolaboratzaile guztiz laiko batzuk bereganatu beharrean gertatu ziren.
Iokin (hala idazten zuen berak) 1930en jaio zen, Matxinbentako Largarate baserrian. Umetan familia Lasarteko Oztaran bailarako Arrillaga baserrira aldatu zen. Salletar egin zen, Pedagogian lizentziatu eta irakasle jardun zuen, lehenbizi Zarautz eta Bilbon. 1961etik aurrera, La Salleko anaia izateko askoa zuten gazteen laguntzaile lanetan aritu zen; ondoren, Zaragozako auzo baztertu batean egin zuen lan soziala. Gero, 1970eko hamarkadan, Legazpiko salletarrengana aldatu zen, eta arrasto sakona utzi, besteak beste herriari buruzko historia liburuaren prestaketan parte hartu zuelako.
1988an, Rwandara joan zen, zenbait urtez bertako arte-eskola bateko zuzendari izateko. Gero, 2008an, liburua atera zuen han bizitutakoaz: ‘Rwanda bihotz-minez’ Hiria arg.) Erdi-kontaketa erdi-saiakerako liburua zen, eta hitzaurrean honela mintzo zen: «Zergatik aukeratu nuen Rwanda? Erraza da erantzuna: nire izaera urduriari zegokionez, baketsua eta bakean zegoen herria zelako».
Baina, jakina denez, 1990tik zetorren gerra zibila –hutu eta tutsien artekoa– neurriz kanpoko bihurtu zen 1994an. Iokin ebakuatu egin behar izan zuten. 1995ean, berriro itzuli zen Rwandara, eta handik aurrera maisu-maistrak hezitzera dedikatu zen, «ondo begiratua eta ondo kontrolatua». 2002an utzi zuen Afrikako herrialde hori, «bihotzeko urradura sakon eta samin batekin».
Iruñeko Errotxapean egin zuen gero lana, eta Bilboko San Frantzisko kaleko baztertuekin gero. Baina Afrika beti gogoan zuenez, azkenean aipatutako ‘Rwanda bihotz-minez’ liburu horren idazketari ekin zion. Bertako marrazkiak Rwandako ikasle ohi batek egin zizkion: Konfi Kankolongo-k. Bi lagunok azaltzen diren argazki hori Gorka Salmeronek egina da, beronen aita eta Iokin oso lagunak zirenez gure argazkilaria Rwuandaraino joan baitzen 1992an, hilabeteko argazkigintza-ikastaroa eskaini zuelarik. Argazki hori, dena dela, askoz geroagokoa da.
Argitalpen horren hitzaurrean, Iokinek eskerrak ematen zizkion Patxi Ezkiagari, «bultzaka» jardun zitzaiolako, animoak emanez, alegia. Patxi ekainaren 28an hil zen, Iokin uztailaren 7an. Hara hor bi salletar gogoangarri.
****
Marrazkilaria: Kofi Kankolongo