Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Mina hartzeko ere
Atalak: bAst
Mina hartzeko ere
Bai zuk ere
Ondo lo egin, esaten zidan.
Bai zuk ere, erantzuten nion.
Bakarrik geratzen nintzen ilunpean,
baina argi zein lagun premiarik gabe.
Banekien hori ez zela betiko,
betikotuta sentitzen nuen ordea.
Ondo lo egin, esaten zidan.
Bai zuk ere, erantzuten nion.
Hitzezko habia txikia
egiten genuen gauero
eta ederki asko kabitzen ginen.
Lotarakoan
Lotarakoan,
argixe emendau
egiten nuen umetan,
eta jaikitakoan almortzau.
Bebarrun hasten zen atzerria.
Aldi luzea zen arratsaldea,
bizitza oso bat uda,
eta oso urruti zeuden
itzali, gosaldu eta ezkaratza.
Urruti zegoen —ia hiru kilometro!—
Urrategiko ermita beti txuria ere,
urrutiago Azpeitia, Elgoibar, Zumarraga.
Orain dena dago gertu,
beldurgarri gertu
—bai txikia mundu
gero eta txikiago hau!—,
umetako hitz haiexek izan ezik.
Laburregia da arratsalde hau,
laburregia uda osoa
—eta neu naiz batez ere labur,
beldurgarri labur,
gero eta laburrago!—
hitz haien magalera itzultzeko.
Gogoan
Gogoan zaitugu esaten diogu
ahaztuko dugula dakigunari.
Gogoa ez delako ez geure baitako
ez betiko, guk dakigula bederen.
Geure gogoa baino ez gara
baina geure gogoa ere ez gara.
Berdin geure gogoa eginda
zein geure gogoa egin gabe.
Lokazmin
Biltzen dudan goroldioa ere banaiz,
aurreiritzi batzuk ere behar ditut,
zaletasun aizunak, alienazio dosiak.
Ez nazazue eguzki nahi izan,
euri, itsaso, baso, zeru, su, haize.
Lokatza naiz eta lokatza nahi.
Autorretratua
Nagia naizenez,
lana beltz egiten dut
indarrak ahitu arte,
gero alferkerian lasai egoteko.
Errebeldea naizenez,
aginduak oro zuzen
betetzen ditut,
gero lasai desobeditzeko.
Maltzurra naizenez,
ahal bezain zintzo
jokatzen saiatzen naiz,
gero gaiztakerian lasai aritzeko.
Eroa naizenez,
arrazoiaren indarrari
arretaz begiratzen diot,
gero nire zoroa lasai bizitzeko.
Bakartia naizenez,
jendetasunaren arauak
zorrotz errespetatzen ditut,
gero nire baitara lasai egoteko.
Berekoia naizenez,
hurkoa zaintzeko ahalmena
azken tantaraino zukutzen dut,
gero neure burua lasai maitatzeko.
Lasai bizi nahiaren
lasai bizi nahiz,
etenik gabeko dardara
urdurian bizi naiz.
2002ko martxoak 30
Jendeari begira eman dut tarte bat, hiriko aulki batean eserita. Zer urrun denak! Ikuste hutsetik sentitzen ditut arrotz, horretan gogotik saiatuagatik ere inoiz gertuko ezin bihurtuko nituzkeenak. Iruditzen zait inor ez dagoela ni nagoen tokian, inork ez diola munduari nireen antzeko begiez begiratzen. Iruditzen zait ezinezkoa zaidala zinezko haurridetasun berririk sentitzea. Eta posible balitz, beldurgarria litzatekeela.
2003ko abenduak 18
MAITASUNA MENDIAN GORA
Bi urte generaman Lola eta biok elkarrekin, eta oso gustukoa genuen oporretan bidaiatu eta bazterrak ezagutzea. Oporraldi haietako azken eguna genuen, eta bertakoek Maitasuna deitzen zioten mendia igotzeko baliatu nahi izan nuen nik egun hura. Lolak ez zuen oso gogoko izan nire asmoa, ez baitzen oso mendizalea, baina aise etsi zuen esan nionean mendiak bost kilometroko igoera leuna baino ez zuela eskatzen.
Maitasuna mendiaren magalera iritsitakoan jakin genuen gailurrera eramaten zuen kamio estu baina egokia zegoela goraino; aukera genuen, beraz, Maitasuna mendira autoan igotzeko. Zerua goibel zegoela eta hobe genuela autoz igo esan zidan Lolak, baina oinez abiatu ginen hala ere. Autoan igotzea mendiari eta bere izenari irain egitea izango zelako ideia ergela erne zitzaidan barruan, eta tematu egin nintzen.
Kilometro eta erdi inguru ibilia genuelarik, euria hasi zuen, aurretik espero zitekeena baino indar handiagoz hasi ere. Ez oso aspaldi pneumonia baten ondorioz gorriak ikusi zituela ekarri zuen gogora Lolak, abiapuntura jaitsi eta mendira igotzeko autoa hartzeko proposamenari indarra emateko. Nik, ordea, aurrera egin nahi nuen, eta esan nion ez genuela arriskurik, asko jota ere bi orduren buruan hotelean egongo ginela.
Gero eta zakarragoa egin zen eztabaida. Bidearen erdi aldean edo geundela, abiapuntutik nahiz gailurretik bi kilometro eta erdira, Lolak, haserre, behera egitea erabaki zuen. Nik gora jarraitu nuen, lasterka tarte batzuetan, eta ez nuen gero gailurrean ere egonaldi luzerik egin. Ez nengoen lasai, ez nengoen gustura.
Beherakoan, Lolak buelta hartzea erabaki zuen lekura iristear nintzela, neurearen oso antzeko auto bat ikusi nuen behetik gora igotzen. Harri eta zur, neurea zela jabetu nintzen, eta eskuineko aulkian Lola zetorrela. Kolperik handiena txoferra nor zen ikustean hartu nuen hala ere: neu, edo neure guztiz antzeko norbait bestela. Mugitzeko gauza ez nintzela geratu nintzen autoari zein autokoei begira. Lasai eta pozik ziruditen, zoriontsu, eta niregan erreparatu gabe egin zuten aurrera, une labur batez Lolak niri begiratu zidala iruditu zitzaidan arren.
Autoa begien bistatik galdu eta gero ere kostatu zitzaidan erreakzionatzea. Behera egin nuen, baina mantso, ordura arteko presak alde batera utzita. Atzetik, goitik beherako bidean, auto bat zetorrela entzuten nuen bakoitzean, atzera begiratzen nuen, ea nirea zen.
Ibilaldiaren abiapuntura iritsi nintzenean, lehen utzitako leku berean aurkitu nuen autoa, eta barruan Lola zegoen, arropak aldatuta. Irri egin, besarkatu eta musu eman zidan, eta baita barkamena eskatu ere, horren egoskorra izateagatik. Nik esan nion neu nintzela barkamena eskatu beharrean zegoena, nire egoskorkeria askoz ere baldarragoa, gaiztoagoa eta egoistagoa zelako berea baino.
Beste bi urtez ibili ginen elkarrekin Lola eta biok. Haserre nahiz min handirik gabe banandu ginen gero. Berak bezala, nik ere ezagutuak ditut, bai lehendik eta bai harrezkero, maitaide hobeak. Berak bezala, nik ere biziak ditut gu bion artekoa baino amodio sutsuagoak, sendoagoak eta iraunkorragoak. Hala ere, samurtasun handi batek estutzen dit barrua autoan Maitasuna mendian gora zihoan bikote haren irudia gogoratzen dudan aldiro.
2004ko ekainak 8
AUKERAK
Heriotza gurtzea
ez da beldurgarria,
heriotza gurtzea
zilegi da.
Bizitzari lotzeko
modua ere izan daiteke,
bizizalearen aukera
errespetatzen bada.
Bestela ez.
Ezkorrak eta uzkurrak,
itunak eta ilunak,
hitsak eta hutsak
izan arren, itxiak
ezin gara izan.
Gutxiegi dakigu horretarako.
Gutxiegi dakigu beste ezertarako.
2005eko ekainak 30
La vie. Y no la conocí.
2005eko abenduak 29
Liburu dendan, neska-mutil bikotea.
Neskak dendariari:
— Baduzue Todos nacemos vascos liburua?
— Ez dakit —dendariak—. Galdetuko dut. Itxoin pixka bat.
Mutilak neskari:
— ¿Qué te ha dicho?