Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Julen Belamuno
Atalak: bAst, Juan Luis Aizpuru Beristain
Julen Belamuno
Ekonomiako eta Filosofiako ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Irakasle eta itzultzaile lanetan ibilia da, eta egun herri administrazioko langilea da.
GAUEKO zaintzailea iluntzeko bederatziak aldera geratzen da bera bakarrik, azken langileek makina guztiak itzali eta etxerako bidea hartu dutenean, lantegian isiltasuna nagusitzen denean. Orduan, gauak ilunarekin batera bakea dakarren ordu horretan, bere erreinuaren jabe sentitzen da. Zorioneko ordu horretan hasita, gau guztia izaten du aurretik lantegiaren loa zelatatzeko, lantegiaren atsedena kanpoko ezerk ez duela asaldatuko ziurtatzeko. Urte asko egin ditu aitagandik oinordetzan jasotako lanbide horretan, urte asko aluminiozko perfilak egiten espezializatu zen enpresan, baina oraindik ere barrena pozten zaio gaua iristen denean eta bera bakarrik geratzen denean isiltasunaren erdian.
Gehienetan askoz lehenago iristen da gaueko zaintzailea lantegira, oraindik ere bi edo hiru lagun geratzen direnean, ia beti berak, inolako premia berezirik gabe ere ordu estrak sartzen geratzen diren langile leialak, nagusiaren edo arduradunaren begietara esaneko eta konfiantzazko agertu nahi izaten dutenak. Batzuetan, lantegira ekartzen duen trenetik jaitsitakoan, bulegoetako argia pizturik ikusten du zaintzaileak, eta orduan badaki, betiko langile saiatuez gain, kontularitza edo finantzetako arduradunen bat ere kontuak orekatu nahian dabilela, edo, bestela, zuzendaritzakoak bileraren batean daudela. Haiek ere etxerako bidea hartzen dutenean, adeitsu agurtzen ditu zaintzaileak; gustatu egiten zaio batekin ez bada bestearekin hitz batzuk egitea, baina benetako alaitasuna bakarrik geratzen denean sentitzen du, lantegi lokartuan jaun eta jabe geratzen denean.
Gaur ere, lantegira iritsi denean, ateratzen ari ziren azken langileekin gurutzatu da, baina apenas izan duen haiekin hitz batzuk egiteko aukerarik. Egun guztia lantegian pasatzen duten langileek nekea eta ernegazioa aurpegian dutela alde egiten dute, zaintzailearen presentziari ia erreparatu ere egin gabe, beren burutazioetan murgilduta. Batzuek enpresak eskatzen diena baino gehiago eman izanaren harrotasunaren talaiatik begiratzen diote, eta begirada horietan erraz sumatzen du izaki ezdeustzat hartzen dutela, ezer ekoizten ez duen bizkarroi bat dela haientzat, gaua egonean edo lo-kuluxkak eginez pasatzen duen alfer bat. Gauzak asko aldatu dira. Lehen, batez ere bere aitaren garaian, gaueko zaintzailea instituzio bat zen, denek miresmenez eta errespetuz tratatzen zuten kargu bat, nagusiaren konfiantza osoko pertsona bat. Beste garai batzuk ziren haiek.
Gauean lantegira iristen den ordu horretan eta goizean alde egiten duenean bakarrik izaten du lantegia martxan ikusteko aukera. Gainontzean, gelditasuna eta isiltasuna izaten dira nagusi gauak babestutako bakardadezko erreinuan. Goizetan, gaua zelatan pasa ondoren, ibai aldera ematen duten leihoetatik begira jarri eta mendien gainetik egunaren lehen argiaren zantzuak sumatzen hasten denean, satisfazio handia sentitzen du, bere begi eta belarri erneek lantegiaren atsedena behar bezala zaindu dutelako, eta gauza guztiak bere tokian daudelako, berriz ere eguneroko jardunari ekiteko pronto. Goizeko lehen langileak lantegira sartutakoan ateratzen da lanetik. Horrela gustatzen zaio berari, langileak berriz ere beharrean hasi direnean alde egitea, makina guztiak beren egitekoa betetzeko martxan jarrita daudenean, eguneroko jarduna ohiko abiada segurua hartzen ari denean. Orduan poztu egiten da, gau guztian begi eta belarri ernez zaindutako erraldoi esnatu berria, gaua atseden gozo batean bezala igaro duen lantegia indarberrituta iratzartzen dela ikustean.
Baina inor ere ez da ohartzen zaintzailearen lanaz, are gutxiago goizean sartzen diren langile horiek. Esnatu berritan trena edo autoa hartu eta lanera joaten diren langileentzat oharkabean pasatzen da zaintzailearen lana. Gazteenek zaintzailearen berririk ere ez dute; zaharrenetako batzuek besterik ez dute ezagutzen, eta sarreran edo irteeran topo eginez gero, begien mugimendu ia automatiko batez agurtzen dute, eguneroko errutinaren parte bat balitz bezala. Bere lanarekin osasunarekin bezala gertatzen dela pentsatzea gustatzen zaio, huts egiten digunean besterik ez garela hasten behar bezala estimatzen, galdu dugunean baizik ez garela ohartzen zer altxor genuen. Bera eta bere lana ikusezin bihurtu badira, harro egoteko modukoa dela iruditzen zaio, horrek bere eginkizunak ezin hobeto betetzen dituela erakusten duelako. Gehienek ahaztuta baldin badaukate, lanean eraginkorra delako dela pentsatzea gustatzen zaio, edo eraginkorra zelako esan beharko luke orain, gauzek hartu duten traza ikusita. Zenbat eta eraginkorrago, orduan eta ikusezinago eta ahaztuago. Horrela erakutsi zion aitak, eta irakaspen horri lotu izan zaio bizi guztian. Beste edozeinentzat esker txarrekoa zena, umiliagarri izatera ere irits zitekeen indiferentzia hura, ohoragarria zen zaintzailearentzat, lana perfekzio osoz egin zezakeela pentsarazten baitzion, eta harro egoteko moduko motiboa ematen.
Hotz industriala
Egurrezko banku batean eserita dago Lezeta, auzoko plaza bakarretako batean, inguruan dituen platano erdi biluzietatik eroritako hosto ihartuen zirimolei begira. Goiz-goizetik atera du gaur haizea, eta plazaren alde batetik dator indarrez, lurrean bildutako orbelak eta paper puskak astinduz eta orain alde batera eta gero bestera eramanez. Begirada altxatu du, eta argia piztu berria den leihora joan zaio; zerua argitzen hasi badu ere, oraindik ez du eguna zeharo zabaldu, eta gero eta gehiago dira bistako adreilu gorriko fatxadetan ikusten diren argi zuri eta horixkak.
Ondoko kaleko tabernan gosaldu du, eta, oraindik lanerako goiz denez, plazako eserleku batean jarri da denbora pasa. Orain dela hilabete batzuk hasi zen tabernan gosaltzen, inolako erabaki garbirik hartu gabe, egun batean gogoak emanda hasi, hurrengoan errepikatu, eta horrela konturatu ere egin gabe etxeko jogurtak eta muesliak baztertu eta tabernako kafesne-croissantetara pasatu zen. Horrela hasi zen, baina orain croissantak ere utzi, eta tortilla pintxo bat edo urdaiazpiko mokadu bat jaten du garagardo batekin. Gozotik gazira aldatzea ez da izan azkenaldian izan duen aldaketa bakarra; sakonagoko aldaketa baten sintoma dela pentsatu du orain, plazako orbel zirimolei begira dagoela.
[…]
Desagertuaren oroi-grina
Inork ez daki hemen zein den nire benetako izena. Hemen ezagutu ditudanek ez dute hona iritsi aurreko nire bizitzaren arrastorik ere, neuk asmatu eta itxuratutako zertzelada xume batzuk besterik ez, eta horiekin nork bere erara osatutako irudi nolabaiteko bat, seguru asko nik esandakotik baino bakoitzak bere irudimenetik jarritakotik gehiago duena. Zorionez, alde honetan ez dira oso zorrotzak besteren bizitzako gorabeherak eta xehetasunak jakin nahi horretan; ez dira inoren kontuetan muturra sartu zaleak, eta gertuenetik ezagutu nautenek ere ez dute apur horixe baino gehiago arakatu nahi izan, ez behintzat nire erantzunetan inoiz irristatu izan zaizkidan inkoherentzia txikiengatik ni estualdi batean jartzeko adina.
Orain dela hogeita hamar urte pasa sorterritik alde egin nuenean, eten bat gertatu zen nire bizitzan. Aizkora kolpe batez erdi bi egindako soka batean bezala, ebaki zorrotz batek garbi bereizita utzi zituen alde batera eta bestera geratu ziren puskak, inolako lotunerik gabe: erabaki hura hartu nuenetik ezagutu nautenek ezer gutxi dakite lehen zatiaz eta ordura arte ezagun nindutenek ez dute harrezkerokoen berririk, zulo beltz batek irentsi banindu bezala. Egun batetik bestera desagertu nintzen haien mundutik, arrastorik txikiena ere utzi gabe; ordura arte izan nintzena izateari utzi nion, eta Martin Steinbrück izaten hasi nintzen.
[…]
Argazkilaria : Juan Luis Aizpuru Beristain
Belarriko gaitza
Botika noiz zabalduko duten zain nago, erakusleihoaren alde batean kristaletik fatxadara dagoen tartean sorbalda bermatuta, belarriko minez lehertu beharrean, tarteka-tarteka mugikorreko erlojuari begiratu eta botika zabaltzeko falta diren minutuak banaka kontatzen. Egunak daramatzat horrela; anbulatorioko medikuak minak alde egingo zidala esan zidan, baina hainbeste antibiotiko eta analgesiko hartu ondoren areagotu egin zaidala esango nuke. Gainera, hogei bat egun horrenbeste botika gogor hartzen pasatu ondoren, burua ere ez daukat bere onenean.
Aspaldi utzi nion prospektuetako balizko albo-ondorioak irakurtzeari, kalterako beste ezertarako ez baita izaten nire kasuan; zerrenda luze horiek irakurtzen hasten naizen bakoitzean, beti hiru edo lau kasutan islatuta ikusten dut neure burua, eta segituan hasten naiz txarrenak pentsatzen halako espiral hipokondriako batean. Baina azken egunetan hartzen ibili naizen pilula eta kapsula mordoaren ondorio posibleak irakurri gabe ere, badakit horien berri, neure larruan ondo sentitzen baititut: logura etortzen zait edozein ordutan, halako durduza deseroso batean pasatzen ditut ordurik gehienak, eta gauzek eta egoerek beren benetako kontsistentzia galtzen dute, errealitateak berez duen trinkotasuna arindu eta mehetzen joango balitz bezala. Munduak orain arte erakusten zuen sendotasuna orain zalantzazkoa iruditzen zait, eta ematen du gauza guztien ertzak eta muina bera ere gandu kutsakor batek lausotuta geratu direla.
[…]
Argazkilaria : Juan Luis Aizpuru Beristain
Amaren errautsak
Udako lehen bero-bolada pasea zen arren, hobeto egoten zen gerizpean, etxearen eta jardinaren arteko terrazan, aihenek eta adar luze bihurrikatuek hartutako pergolaren azpian. Gainean genuen hostotza sarri hartako tarteetatik, argi-gezi batzuk besterik ez ziren iristen itzala urratzera, zorua eta mahaigaina tanto urrekaraz zipriztinduz. Haize leunak indarra hartzen zuen batzuetan, eta hostoen mugimenduak dardara eragiten zion infusioaren ondoan neukan argi-tantoari. Aurrean tarteka kafe kikarari zurrutadatxoak eginez neukan mutilak ez zien erreparatzen horrelako detaileei; ezezagun baten aurrean zegoenez, beste zantzu batzuk sumatu nahi izango zituen.
— Kiwi horiek gure amak landatu zituen —esan zuen, mahaitik gertu zegoen landare-potoko zuhaixkari begira—. Ez zait “gure ama zenak” ateratzen, berak bere amagatik esaten zuen bezala.
Beste landare askoren artean, bi kiwi zeuden terrazan, bata adarrak pergolako oholen artean luzatzen zituena, eta bestea, txikiagoa, landare-poto handi batean hazitakoa.
— Fruitua noiz emango zain egoten zen —esan zuen, begirada buruen gainean genuen sabai hostotsura jasota—, baina, egia esanda, ez genuen inoiz jakin zergatik ez zuten ematen. Agian biak arrak izango dira, edo biak emeak.
— Ideiarik ere ez daukat —esan nion—. Senarra arduratzen da horrelako kontuez. Lanak ondo banatuta dauzkagu. Orain ere brikolaje denda batera joan da. Han ibiliko da bazter guztiak miatzen, eta hor etorriko zait gero inausteko guraize berriekin edo palaren batekin, edo auskalo zerekin.
[…]
Ahaztutako pintoreak
Vicenzo Vicenzi margolariak kutsu fantastiko nabarmeneko kontakizun batekin taxutu zuen bere bizian idatzi zuen ipuin bakarra. Hildakoaren irudia hiltzailearen loa galaraztera itzultzen den istorioaren aldaera bat dirudi ipuinak, baina Vicenzik ez zuen ohiko espiritu edo fantasmaren baliabide errazetik jo, eta pintore bati hobeto egokitzen zaion modu bat aukeratu zuen.
Arrakastarik gabeko pintore ilun bat izan da oraintsura arte Vicenzi, bere garaian ere zeharo ezezaguna, arestian izandako aurkikuntza batek izengabeen tropeletik atera duen arte. Ez du orain ere ahobatezkotasunik lortu, baina Italiako egunkari handienetan izan zuen oihartzunak haren obraren aldeko iritziak hauspotu zituen, bolada batean behintzat. Asko idatzi izan da artista baten lanaren estimazioak izan ohi dituen gorabeherez, bizitan arrakastarik izan ez eta posteritateak izen handien aldarera jaso izan dituenez batez ere. Denborak bakoitza bere tokian jartzen duelako superstizioak elikatutako iritziak izaten dira gehienak, baina, hil ondoan arrakasta izan dutenen kasuan ere, oso badaezpadakoa izaten da aitortza hori, askotan nahikoa izaten baita belaunaldi batek artista bat ezerezetik salbatzea hurrengo belaunaldiak berriz ere ahanzturaren errautsetara bihurtzeko. Kasu askotan, belaunaldien eta joera kritikoen txandakatze horretan, uhinen goraldi eta jaitsaldietan bezala ibiltzen dira artista batzuen izenak; gutxi izaten dira behin artearen kanonetan tokia irabazi eta ohore horri betiko eusten diotenak. Giza kontu guztietan bezala, dena da ausazkoa, dena iragankorra honetan ere.
[…]
Lezetak hozkailu industrialak konpontzen egiten du lan, nahiko nekatuta dago eguneroko martxarekin, eta lankide antojagarri baten adarjotzeak aguantatu behar ditu gainera, emakume gazteago batekin duen harremanagatik. Euskal Herritik Berlinera egin zuen ihes Martinek 80ko hamarkadan, desagertzeko bulkada bati jarraituz, eta, denek ahaztu dutela uste duenean, euskaraz idatzitako gutun bat jasoko du. Belarriko minez farmazia irekitzeko zain dago artista bat, eta bere antz handia duen gizon dotoreago batekin egingo du topo, Isabelekin izan zuen harremana zelan hondatu zen gogoratzen duen bitartean. Bikote batek Errioxan erositako etxera hurbilduko da jabe ohien semea, zuhaitz bat ez botatzeko eskatzera. Italian koadro berezi batzuk agertu ostean, aspaldi ahaztutako pintore baten gaineko ikerketan murgilduko da Ander.
Bost ipuinez osatuta dago Julen Belamunoren Hotz industriala. Izoztutako txori baten begirada, paseo bat ontzi turistikoan laku hutsean, igelak koadro desitxuratuetan. Egunerokotasunaren zama astunegia bihurtzen denean, lanegunaren amaieran hartutako tragoa ere izan daiteke itxaropena.
Senarraz aspertuta, abentura zirraragarri batean katramilatu den emakumea; arrakastaren gazi-gozoetan, aspaldi galdutako aitaren oroitzapenari aurre egin behar dion zinemagilea; errebantxa-konbatearen aurrean, bizitzaren borrokan ere zirt-zart egin behar duen boxeolaria…
Izaki bakartiak gehienetan, bizitzak edo inguruak gaizki tratatuak sarri, bere burua gobernatzen ere asmatzen ez dutenak… Gizajoen katalogo bat, sakon-sakonean gutako edozein ere izan daitekeen bezalakoak.
Argazkilaria : Juan Luis Aizpuru Beristain