Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Moby Dick eta urezko aldea
Atalak: bAst
Esadazue Ismael. Duela urte batzuk –ez du axola zehazi zenbat-, diru gutxi edo batere ez neukalarik sakelan, eta gogo-pizgarri apartekorik ez lehorrean, burutan hartu nuen itsasketan abiatzea ea zertan zen munduaren urezko aldea. Horretara jotzen dut nik trenpu txarra uxatu eta zirkulazioa oneratze aldera. […]
Zurrusta Ostatura itzulirik kaperatik, han aurkitu nuen Queequeg bakar-bakarrik, benedikazioa baino zerbait denbora lehenago alde egina handik. Suaren aurreko banku batean eserita zegoen, oinak su-aurreko lauzaren gainean, eta esku batean heldua zeukan aurpegitik hurbil-hurbil bere negro-idolo koxkor hura, tinko egiten ziolarik so aurpegira, eta labana batez gozo-gozo zorrozten sudur aldea, bitartean murmur eginez bere kolkorako ohiko pagano-moldean.
-Ontziko al zarete hor?- errepikatu zuen.
–Pequod ontzian esan nahi duzu, noski- esan nuen nik, denbora apur bat gehiago irabazi nahirik itxurazko arakaldi bat egitearren gizonari.
-Horixe, Pequod: horrako ontzi hori- esan zuen, atzera ekarri beso osoa, eta gero bizkor zuzendurik bat-batean hura aurrerantz, seinalatzen zuen hatzaren baioneta kalatuak bete-betean jorik xedea.
-Bai- esan nuen nik-, sinatu berri ditugu artikuluak.
–Ezer haietan zuen arimei buruz?
-Zeri buruz?
-Oi, ez duzue beharbada halakorik- esan zuen hark agudo-. Ez dio haatik axola, ezagutzen ditut morroe asko ez dutenak halakorik: bejondeiela; eta askoz ere hobe berentzat horratik. Gurdi batentzat bostgarren gurpil bat halakoa da noski arima.
-Zertaz zabiltza kalakan, ontzilagun-esan nuen nik.
-Berak du nahikoa, horratik, aise berdintzeko beste batzuek horretan dituzten eskasia guztiak- esan zuen tupustean arrotzak, hanpatze urduri batez nabarmendurik berak hitza.
-Queequeg- esan nuen nik-, goazen hemendik; morroe hau ihes egina da noski nonbaitetik; ezagutzen ez dugun zerbaiti eta norbaiti buruz ari da.
-Zaude!- egin zuen hots arrotzak-. Arrazoia: ez duzu ikusi Trumoi Zaharra oraindik, ezta?
-Nor da Trumoi Zaharra?- esan nuen nik, berriro liluraturik gizonaren portaeraren seriotasun eroaz.
-Ahab kapitaina.
r.weir balea bat hartzen
Arpoilarien lanbideari datxekion garrantziaren handia agerian uzten du jakiteak nola garai bateko holandar balea-arrantzan, duela bi mende eta gehiago, baleontzi baten agintea ez zegoen osorik orain kapitaina esaten diogun pertsonaren baitan kokatua, haren eta espeksinder zeritzon ofizialaren artean banatua baizik. Literalki, gantz-pikatzaile esan nahi du hitz horrek; erabilerak, haatik, denborarekin, arpoilari nagusi esapidearen pareko bilakatu zuen. Garai hartan, nabigaziora eta kudeaketa orokorrera mugaturik zegoen kapitainaren autoritatea; eta balea-ehizaren atalaren gainean eta harekiko ardura guztiez, espeksinder edo arpoilari nagusia zen agintari goren.
–Zer nahi duzu nigandik?- egin zuen hots kapitainak.
-Nora bidean zoaz?, eta zertara?- galdetu zuen Steelkiltek-; gezurrik ez.
-Tahitira naiz abian gizon gehiagoren bila”.
–Ederki. Uztazu igotzen horra; bake-asmoz nator”. Horrekin, kanoatik jauzi egin, txaluparaino igeri joan, eta, karelera igorik, kararik kara gertatu zen kapitainarekin.
-Gurutzatu besoak, jauna; bota atzera burua. Orain, errepikatu ene ondotik: Steelkilt nigandik partitzen denetik, zin egiten dut horrako uharte horretan hondartuko dudala txalupa hau, eta hor geratuko sei egun. Hala egiten ez badut, tximistek jo nazatela!”
-Txintxoa ikaslea- egin zuen barre aintziratarrak-. Adios, señor!”, eta, itsasora jauzi eginik, han joan zen igeri atzera bere kideengana.
Arrantzako usadio beti berdinaren arabera, balea-txalupa ontzitik aldentzen delarik, buruzagi edo balea-hiltzailea doa tarte horretan haren gobernuan, eta arpoilari edo balea-atxikitzailea aurreneko tostan arraunean, hots, arpoilari-arraun deritzon horretan. Beso zaintzail, indar handikoa behar da, alabaina, lehen burdina sastatzeko arrainean; ezen, sarritan, urruneko tirada esaten zaion horretan, hogei edo hogeita hamar oinbeteko distantziara jaurti behar da trepeta astuna. Baina, zeinahi ere luze eta akigarri izan jazarpena, espero da bete-beteko indarrean egitea bien bitartean arpoilariak arraun; edota, hobeki, espero da eredugarri izatea haren jardun supergizakizkoa gainerakoentzat, ez bakarrik arraunketaren bikainarengatik, baizik eta tai gabe aritzeagatik ozen eta ozar deiadarka; eta zer den betiere oihuka jardutea norberaren eginahalaren betean, beste muskulu guztiak tenkaturik eta erdi dardaraz daudelarik… hori zer den inork ez daki probatu duenak baino. Nik neuk, ezin dut egin gogotsu buila eta lasaitsu lan aldi bat eta berean. Egoera horretan, bada, tenk-tenk eginik builaka, bizkarra emanik arrainari, bat-batean du arpoilari akituak entzuten oihu zirraragarria: “Zutik!, jo eta dale hortxe!”. Orduan, arrauna behar du hark bertan behera utzi eta finkatu, bira erdi egin bere ardatzean, sardezuretik eskuratu arpoia, eta, inondik ere gera dakion indar apurrarekin, saiatu harekin ahal den moduan sastatzen balea. […]
Herman Melvilleren lan ezaguna itzuli du Juan Garziak, urte luzeetako lanaren ondoren. Literaturaren klasiko handienetako bat, nobelarik enblematikoenetakoa. Hala ere, hitzaurrean itzultzaileak esaten duen bezala, lehenik eta sakonenik, poeta zen Melville. “Poeta, ez alferrik eredu zuen harako beste erraldoi hura bezala ––Shakespeare––; poeta, alegia, hitzaren jatorrizko zentzutik hasita: sortzaile. Sortzaile hitzezko bikain (eledun irudimentsu) eta, biak ala biak, hitz-sortzaile itzel (irudimendun eletsu)”.
Hona “Moby Dick”eko esalditxo bat, irakurle batek baino gehiagok, beharbada, gainetik itsu pasatuko lukeena, baleagintzako xehetasun teknikoei buruzko digresio aspergarritzat jotako pasarte batean txertaturik baitoa:
Barealdi kobre-halako bizi bat ari zen, loto beilegi unibertsal bat irudi, gero eta zabalago hedatzen isil-isileko bere hosto baztergabeak itsasoaren gainean.
“Hain ere poesiatsua prosa, horratx, ezen itzulpenaren errotarri zakarretik pasaturik ere eusten baitio poesia bikaina izateari. Borgesek literaturari eskatzen ziona, berriro ere: funtsezko bikaintasun beregaina, onik irteten dena ia edonolako moldakaizkeriatik ere”.
Nahi duenak jakin Melvilleren berri, aise aurkituko du horretarako biografia-bazka ugari, baina ez du horretatik guztitik literatura-irabazi handiagorik aterako “Moby Dick”en orrialde bat irakurriz baino. Hainbat gaizki-ulertu eta aurreiritzi zabaldu dira liburuaren inguruan: gazteentzako abentura-liburu fantasiatsu bat baino ez dela, liburukote aukeran luze-bihurriegi, kontu eta orrialde mordoa sobera dituena.
“Bistan da zein den, betiere, gaizki-ulertu guztion konponbidea eta, bidenabar, literaturazalearen atseginbide gozamentsua. Ekin hortxe, bada, “Moby Dick”i: lehen esalditik izango duzu nork eraman bidaian. Eta ez ahal zara bertan galduko”.