Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Babilonia
Atalak: bAst
Azaleko irudiaren egilea: Imanol Irigoien Aranbarri (anaia)
Babilonia zen antzinateko herri bat, Isaias profetak bortizki madarikatu zuena. Babilonia zen baserri baten izena, eta Babilonia du nobela honek ere izenburua. Baserri horren historia eta Garayalde familiarena kontatzen dizkigu eleberriak: maitasun eta gorrotoak, norgehiagoka eta traizioak azaltzen dira bertan, eta horien guztien bitartez Euskal Herriko XIX. mende gatazkatsuaren kronika ere egiten zaigu: sinismen zahar eta progreso zientifikoaren arteko lehia, karlistadetako gudak, bizimodu desberdinek sortutako talka eta borrokak… Hala ere, gertaera historikoetatik harago jotzen du nobelak, natura eta naturaz gaindikoa elkartuz; gure arbasoen kosmologia berezia berreraikiz edo asmatuz, lurrarekiko bategitea, hilekiko hurbiltasuna eta mitoaren bidezko mundu ikuspegi oso bat adierazten ditu Irigoienek gogoan betiko itsatsirik geratuko zaizun eleberri liluragarri honetan.
Hitzaurrea
Orain dela bost bat urte L.M.Z. bedaniar gaztea egin nuen lagun.
L.M.Z.-ri neure ipuin eta elazaharretarako zaletasunaren berri eman nionean, Bedanian bazegoela nik jakiteko moduko istorioa erantzun zidan: lagunaren esanetan, gaur Kamelia Zuriko Miserikordi Etxea dagoen leku berberean baserri bat izan omen zen, Babilonia izenekoa, non karlistaden arteko garaian bi anaia biki bizi izan ziren, batak bere burua kristautzat zuena, besteak mairutzat, behialako kristau eta mairuak bezala haiek ere beti borrokan ibili izan zirelarik, zaldi gainean, ezkutu, lantza eta guzti, ilargi betearen begiradapean.
Xehetasun eta zertzelada gehiagorik ere kontatu zidan, han barano haietatik iragaten bait da gaur egun trena… baina geroago ere izango duzu gorabehera horien berri jakiteko aukera, irakurle —orri hauek irakurtzeko beta eta pazientziarik hartzekotan, alegia—, zeren L.M.Z.-rekin egon eta handik berehala pasadizo harrigarri haien inguruan zerbait idatzi behar nuela bururatu bait zitzaidan, nobela bat edo.
L.M.Z.-k emandako informazioaren gehigarri eta osagarri gisa, garaiko egunkariak aztertu eta arakatzeko erabakia hartu nuen, han bestelako argibiderik aurkitzeko asmotan.
Ekin nion, bada, lanari, gogoz, joan nintzen Itzurungo hemerotekara makina bat aldiz… eta hartan ari nintzela, udaberri egun batez, L.M.Z. ustegabeko berriarekin etorri zitzaidan, orain dela bi urte, Kaxiano Garayalderen eskuizkribua eskuetan.
Begiak zabalik eta ahoa zabalago utzi ninduen lagunak.
Hura nondik atera zuen galdetu nionean, Miserikordi Etxean obretan ari zirela erantzun zidan, eta langile batzuk, gela bat zabaltzeko, pareta zahar bat bota behar izan zutela eta hantxe azaldu zela: eskuizkribua paretan nahita egindako eta itzalgaizka itxitako zulo biribil batean bildurik idono omen zuten langileek, eta ekarri ere halaxe ekarri zizkidan L.M.Z.-k orri zahar haiek, biribilki bilduta.
Ez dago esan beharrik lagunari eskerrak eman eta agurtu ondoren, orri horiek aztertzen ibili nintzela, eta horrelaxe ihardun nuela bi egun eta bi gauez hura miatzen eta birmiatzen, irakurtzen eta berrirakurtzen, korapiloak askatzen, mokaurik ere probatu gabe ia, lorik egiteke, horditurik banengo bezala.
Haatik, lana ez zen erraza izan, zeren orri askotan lerro anitz ezabaturik azaltzen bait ziren edota erdi ezabaturik bederen, hezetasunak-edo eraginda, gela heze-hezea bait zen hor nonbait eta langileek eraitsitako pareta guztiz artesiatua.
Baina jakin, jakin izan nuen behintzat zergatik gorde zuen Kaxianok bere eskuizkribua zulo hartan, haietako orri batean honelaxe bait zioen:
«Urduri nengoen, lehengoan don Pascal etorri zitzaidanean.
Don Pascali utzi bait nizkion nik eskribatutako orriak, hark bere eritzia eman ziezadan.
—Letu diat eta asko gustatu zaidak —esan zidan—, baina kontuz ibili, hori Elizaren eskuetan erortzen bada, sutan erreko haute eta.
Eta kontatu zidan nola garai batean Inkisizioak gutxiagogatik erretzen zituen gizonak sutan eta berari ere askoz gutxiagogatik debekatu ziotela meza ematea.
Eta ea hainbeste izerdi atera ondoren paper haiek bota behar ote nituen galdetu nionean, berak ezetz esan zidan, oso gauza ederrak kontatzen nituela baina hura ezin zela argitara jarri, ez orduan behintzat, eta onena nonbait gordetzea zela, paretan zulo bat eginda edo sabaian, eta handik urte batzutara edo mende batzutara argia egin zitekeela han, zulo hartan, hura Jainkoaren borondatea baldin bazen».
Puska horri dagokion orria osorik idoro nuen eta testuak, jakina, aurrera dagi, baina Kaxiano Garayalderen ebatzia aztertzeko aski dela deritzot, hor garbi azaltzen bait da Don Buenaventura apaiz ohiak emandako aholkua, zeina Kaxianok berak hain ongi eta hain hitzez-hitz bete bait zuen.
Horrezaz gain, nire harridurarako, bikien borrokak —eta benetan jazo zirela egiaziatu ahal izan nuen, ez zirela leienda hutsa izan edota herriaren ahotik sortutako ipuinak, kristau eta mairuen arteko istilu zahar haietatik etor zitezkeenak.
Lehen esan dudan lez ordea, orriok hezetasunak jota zeuden eta leku asko eta askotan idatzitakoa ezabaturik zegoen, hutsunez beteta: egoera horretan bi aukera nituen:
1) Eskuizkribua bere horretan argitaratzea: baina hutsuneok kontutan harturik, hasieratik ohartu nintzen aski hankamotz gertatuko zela, etenegia.
2) Eskuizkribu hori oinarritzat hartuz, kreazio lan bat egin, eskuizkribuari zegozkion zatiak osatzeko Kaxiano Garayalderen azalean barrena sartuz eta bere Babilonia berreraikitzeko asmoa guztiz aintzakotzat hartuz, horretarako Kaxianoren eskuizkribuaren oinarrizko iturriaz gain, L.M.Z.-ren laguntzarekin Bedaniako aiton-amonengandik jaso nitzakeen Babiloniari buruzko oihartzun erdi galduak nahiz garaiko egunkarietan azaldutako albisteak, batzu zein besteak erabiliko nituelarik.
Eta lehen bidea baztertuz, bigarrenari ekin nion.
Nobela hau lan horren fruitua duzu, irakurle.
Eta amaitzeko beste bi ohar.
a) Jakina da euskaldunok beste mundukoekin hitz egin izan dugunean, hika egin izan dugula. Hala ere Mariri dagokion testua zuka ipini dut nik, liburuaren estetika orokorrari beha hobeki zetorkidalakoan.
b) Nobela osoan zehar, bai ortografia eta bai hitzen eta aditzen aukerari dagokionez, euskara batua hartu dut oinarritzat, salbuespenak salbuespen, jakina. Bestela ere joka nezakeen, lehen pertsonan eta bigarrenean idatzitako zatietan batik-bat, gaur finkatutako arauetatik erabat aldenduz, baina era horretan nobelak kolorean irabaz zezakeena batasunean galduko lukeela iruditu zait, eta nik, azken finean, nobelaren batasunaren alde jokatu dut.
Liburuaren hasiera
Lagun minak ziren Babiloniako Gabriela –Zipriano garayalderen ama, Trinido eta Felizianoren amona- eta Moabeko Roxali.
Babilonia eta Moabe Bedaniako baserririk zaharrenak ziren.
Banderizoen garaian dorretxea izan zen Babilonia, baina orduko triskantzak eta gero ere jazotako aldaketak medio, beste itxura bat hartuz joan zen, mende bakoitzak bere ezaugarri bereziak itsatsi nahi bailizkion: aldaketa eta berrikuntza horien artean gari-errota bat zegoen, XVIII. mendearen erdi aldean edo ipinitakoa.
Moabek, aldiz, aldaketa gutxi izan zuen mendeetan zehar, denbora bertako horma zaharren artean izozturik bailegoan.
Bedaniarren esanetan oilar batek behiala kukurrukua Lurruspeko haitzuloan jo eta haren kantua Babilonia eta Moabelko sukaldeetan, bietan batera entzun zen.
Horregatik ziren lagun minak Gabriela eta Roxali.
Izan ere ilunean zehar hedatutako munduak –harpe eta lurpe- gauari zegozkion, eta nola bi baserriok etxeko sukaldeaz bestaldean zuten gau hura, horrek beste baserriek ez zuten berezko berezitasun bat zemaien.
Katalanez ateratako edizioa
44. or.
Don Hipolitorekin bi urte egin ondoren etxera itzuli zenean, “Ama, soldadu izan nahi dut” esan zion, baina amak burura eraman zituen eskuak, ezetz erantzunez:
-Zer nahi duk? Hire aitari bezala fusila begian lehertzea?
Eta ez apaiz eta ez soldadu, etxean geratu behar izan zuen, ez luzerako ordea, han etxe barruko baserri-lanetan ito egiten baitzen mutila… eta armarriari beha, bere arbasoen irrintzi urrunak entzun zitzakeela iruditzen zitzaion, eta haiek mundu zabalera jaiotzeko esaten zioten, armak harturik Babiloniatik alde egiteko.
Baina armarik ezean, arbasoen armekin egin behar izaten zuen amets –zaldia, lantza eta ezkutuarekin bereziki-, eta bere buruari zin egin zion egunen batean zaldun baten antzera sartuko zela etxean eta ezkutua eta lantza salan ipiniko zituela apaingarri, don Hipolitok bere etxean ipiniak zituen bezalaxe.
48. or.
–Haizeak zazpi ditun– esam zizun amona Roxalik-, eta batzutan Lurruspeko kobazuloan biltzen ditun, beren erabakiak hartzeko.
-Haizeak ba al daki ba hizketan?
-Jakingo ez din ba! Eta barre eta negar egiten ere bai. Ez al ditun bart gauean ipar-beltza eta harraizea sesiotan nabaritu? Ez al ditun trumoiak entzun? Ez al dun harraizea aizkoran somatu?
-Ez.
-Lo gozoa egin dun hortaz.
-Amona: zein dira zazpi haize horiek?
-Bata eguzki haizea dun, gozoa eta epela; bestea, hegoa, emaztearen gogoa; hirugarrena nafar hegoa dun, Izpiritu Santuaren arnasatik datorrena eta usoak ekartzen dizkin dantzan; laugarrena mendebala dun, euria dakarrena, lurraren egarria asetzeko… Eta beste hirurak…
-Horiek beldurgarriak ditun: ipar-beltza beltza baino beltzagoa dun, tarteka elur-lore zuriak han-hemenka zabaltzen dituen arren; harraizea ere ikaragarria dun, aizkora bat bait dauka bere eskuan ipar-beltzaren aurka erabiltzeko harekin haserretzen denean, trumoi eta tximist, harri eta kazkabar: tximistak harraizeak aizkoran egiten duenean sortzen ditun; eta azkenik, frantzi iparra: haize horrek ezpata gorri bat din eta hura Lurraren sabelean sartzen denean, akabo urte hartako uztak!
Eta zuk adi-adi so egiten zeniola, kexuka hasi zitzaizun:
-Ba al dakin niri ere frantzi iparrak bere ezpata gorria sartu zidala behin batean? Napoleonen soldaduak inguru haueta zebiltzala izan hunan…
-Eta zer gertatu zitzaizun, amona?
–Haurra galdu nuela, Margari, haurra galdu…
57. or.
-Jentilen pasadizoak ez: kontatu gerrakoak.
Eta pipatik arnastutako kea egotziz, bikiek atseginen zituzten pasadizoak birkontatzeari ekingo zion:
-Gerra gogorra izan huan, mutilok, baina guk buruzagi aparta genian: don Tomas Zumalakarregi, eta hor zegoan alde nagusia. Don Tomas hil ez balute… Ai hura hil ez balute, hankaz gora leudekek honez gero liberal guztiak!
Eta haren agindupean egin zuela gerra, hori esango zien adi-adi zeuden bere ilobei, “treintaitresetik treintaicincoraino, infanterian lehenik, artillerian gero eta kaballerian azkenik”.
-Harekin aurrera egin beharra zegoan, bestela, akabo! Bazegoan gure errejimenduan Honesto Zunzunegi izeneko gazte bat, Ollarangoa; ba, egun batean Honestok gehiago ezin zuela esan zian eta ihes egingo zuela; don Tomasek hura jakin zuenean, berarengana eraman zezatela agindu zian… Eraman ziaten, bada, mutila, eta don Tomasek tiro egin zioan buruan; geroztik han zegok Honesto Zunzunegi, ez buru eta ez begi… beste munduan- eta Demetriok zabal-zabal jartzen zituen begiak, txiste bat kontatzen ariko bailitzan, Trinido eta Felizianoren algararen erdian.
78. or.
-Eguzki Gorri, hik ere nik sentitzen ditudan gauza hauek sentituko ditun noizbait…
-Noiz, amona?
–Hori lurrak berak esango din. Hara, antzina, belarrak ba omen zekinan hizketan… eta oraindik ere bazekin, ni ziur negon, jendeak ahaztu egin zitzaiola badio ere; eta haizeak ere bai, bazekin; eta suak; eta errekak ere bai; eta eguzkiak eta ilargiak: haiek guztiek zekinate hizketan; guk ez ordea erantzuten…
Joan Mari Irigoien Altzan, 2015ean (argazkia: Juan Carlos Ruiz).
Kamelia zuria gardream