Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Arnasa, hatsa, bizia…
Atalak: bAst
Arnasa, hatsa, bizia…
Ospitale hitza maiz entzuten dugu egunotan. Ia egunero. Han gerta ohi dira burrukaizunik latzenak. Baina Ospital esatearekin, Peio Ospital abeslaria ere ekar dezakegu gogora. Duela lau urte atera zuen “Arnasa, hatsa, bizia…” izenburu duen diskoa. Inguruan izan ditu Paul Smet, Mixel Ducau, Andoni Salamero eta Antton Valverde. Halaber aipatu behar ditugu Gonzalo Tejada kontrabaxularia eta Iñaki Ospital soinu teknikaria. Agorila etxeak argitaratu zuen 2016. urtean. Abestien hitzak Andoni Salamerorenak dira gehienak, baina letra bana badute Itxaro Bordak, Joxe Arregik, Juan Basurkok (1890-1957) eta Martine Larroque-k ere.
Honela dio Peio Ospitalek diskoaren sarrerako idatzian:
Disko hau bihurgune bat da. Aldaketa sakon bat. Abentura pertsonalagoa da, barne-aztertze baten gisakoa. Norabide berri bat, bare-aldiaren beharrak eta hausnarketa irrikak sustaturik, azkenean funtsezkoenera itzultzeko: Bizia.
Arnasa, hatsa, bizia: hau da bizidun oro tai gabe akuilatzen duen indarra, hau da hain zuzen bakarkako lehen lan honen haria eta ardatza. Lau urteetako lanaren emaitza da hau, 14 kantuz osatua. Poesiaz jantziriko sorkuntzak dira, prozesu abstraktu baina oinarri-oinarrizko hau edigune izanik: Bizi indarra.
Gauzak “soil eta sotil” egin nahi izan ditugu: gitarra eta pianoa dira oinarriko instrumentoak. Gitarrista Mixel DUCAU bera da, bere esku fin eta trebearekin. Pianista, Paul SMET, umil bezain dohaintsua. Azpimarratu beharra dago bi eskolen arteko topaketa: Mixel folk, jazz, munduko musikak… eskolakoa, eta paul klasiko-klasiko eskolakoa. Azkenean, benetako elkarlan honek emaiten dio disko osoari ezusteko kolorea, sorpresa goxo bat.
Lan honek izan nahi du gure egunerokotasunaren isla eta ospakizuna, gure eguneroko bizitza iruten duten poz, pena, nahigabe, gozamen, zauri eta itxaropenen isla, gaixotasuna edo eritasuna barne. Eta gehituko nuke egunerokotasun konpartitua edo partekatua. Hori baita gure erronka eta zoria: maitasun “taupaden hotsez zertutako gizatasuna” denon artean gauzatzea eta bizitzea!
Ez bila hemen galderei erantzunik. Soilik entzun Manex Erdozaintzi-k aipatzen zuen “Biziaren mugimendu daldara”, edota Iratzeder-ek “lurren pil pil gozoa”, zuen baitan kurritzen eta kantatzen!
Abesti bakoitzetik pusketatxo bat hautatu dugu, lagina izan dadin:
Arnasak gurutzatuz. (Salamero-Ducau)
Arnas…arnas…zaude luzaz,
Arnas…arnas..zaude gugan,
Gugan luzaz!
Zu eta ni. (Salamero-Ducau)
Zuretzat inor ez banaiz ere,
utzi loratzen
euri tanten dantzak
ez nazan bil herabe.
Kantuen kulunkan. (A. Salamero)
Hatsak sortzen duen hotsez,
hotsak batzen duen hitzez,
hitz kate horien kolpez,
ahots batez, bihotz betez,
kantatzen du gure herriak.
Gaixotasunean antzaldatzen. (Salamero-Ducau)
Minbizia biziminez
bizigrinez, eraldatzen.
Gogo gogaitua, beti,
ezti sendotuz sendatzen.
Izan hadi. (Salamero-Valverde)
Izan hadi! Izan hadi!
Izar argi bat bezala,
izatean iratzarriz
hire izanaren itzala!
Nahi bat: …Bakez (Salamero-Ducau)
Bare-bare,
asebetez,
bide eginez,
bare-bare,
aske, aise,
baina…bakez.
Teologia-Ekologia (Borda-Lete)
Zeru altuan ahantzi Jaunak
puskatu zuen moldea:
Airea sutan, infernu latza,
hertsatu eta oldea:
Nehork ez jakin nola sakatu
alor hezean goldea,
Hasi zenean gaztigu gisa
mendekuzko uholdea…
Argazkia: Iban Ospital
Bizi! Halleluja! (Arregi-Ducau)
Biziaren taupadatik lehertu zen guztia,
Sormenaren dohain eta zorizko mirari.
Miresmen, begiramendu, esker eta galde,
mugagabearen mugan mugalari gara.
Bizi zara! Bizi zaitez! Bizi! Halleluja!
Keinuen ostadarra (A.Salamero)
Askaturik gure gogoaren garra
Maitasunak beza hala zabaldu deiadarra,
gure baitan isuri horren aparra
dastatuz, ernarazteko keinuen ostadarra.
Emetasuna (Salamero-Ducau)
Zer da, zer da emetasuna?
Non da bere kantu leuna?
Zer da, Zer da emetasuna?
Betor Pakea (Baxurko-Valverde)
Guda gogorran mendean daude
Gure lur maitagarriyak
Ta zenbat gera Bidasoz onuntz
Gudan iges etorriyak,
Bizi geranak naigabeturik
Malkoz beteta begiyak,
Ikusirikan zer zori txarrak
Dituan gure Erriyak.
Emanaren hegaldian (A. Salamero)
Eman zuon begiak,
gorenaren egia,
atseginez loratzeko.
Aitamen urrezko ezteiak (P.Ospital-doinu herrikoia)
Mila bederatzirehun ta hamabian
Apirilaren hogoita bigarrenian,
Aita, sortu zinen Larresoro herrian,
Laket-Etxeberria deitu baserrian.
Beilan gira (Larroque-Ducau)
Haize beltz batek
buhatzen dü Elizaren gainean:
beilan…beilan…beilan gira!
Aipagarriak ditugu, hortaz, diskoan duten pisuagatik, Salameroren hitzak, Ducauren musika eta Ospitalen ahotsa. Bertze guztien lana ahantzi gabe. Hitzak sortzea zaila bada, ez gutxiago musika sortzea, eta ahotsez egoki ematea. Disko honetan partaide izan diren guztien artean dream team gogoangarria osatu dute, zinez. Disko hau ere, ona baita, betiko izanen da. Bai horixe!