Lazzaretto vecchio
Hasiera » bAst » Arte-arbolak bere esku propioz eskribituriko karta
Uzt25 0

Arte-arbolak bere esku propioz eskribituriko karta

Atalak: bAst, Juan Luis Aizpuru Beristain

Arte-arbolak bere esku propioz eskribituriko karta

Joaquin Araujo naturalistak Arbolek basoa ikusten erakutsiko dizute izeneko liburua idatzi zaharra ez du (Los árboles te enseñarán a ver el bosque). Liburu horretan basoen garrantziaz mintzo da nagusiki. Liburuaren bukaera aldera “Edertasun kontatuak” atalean dator Arte-arbolak gizaki guztiei egindako karta.

Arte-arbola                                                                                                                     argazkia: mikelbAst

Arte-arbolak gizaki guztiei egindako karta

Zuei, ahotsdun edo aizkoradun, beldurrez idazten dizuet. Aski da une bat, ezustekoa izateko. Emadazue aukera orain oraingoagatik hitza eskatzen, lehen aldia izanen baita, eta beharbada azkena. Milioika urte eginak ditugu isilik, eta mendeak idazkera deitzen duzuen trazu oker horientzako euskarria izaten. Mesedez, pentsa ezazue astiro: gauza askotarako erabiltzen gaituzue, itzala ematen dizuegu eta beroa, hazkurria zuen animalia-taldeentzat, baina baita ere, ohar, gure hasperenek fabrikatzen dute zuen birikek maite duten gardentasuna. Trukean arreta pixka bat eskatzen dut. Karta hau sententziatu baten azken nahia da.

Arte-arbola bat naiz eta hain da handia ene kexa edo arrengura, justifikatutzat daukat idatzizko protesta hau. Ez dut askorik uste eraginkorra izango denik, baina badaezpada. Hainbesteko ezkortasun horrek badu bere zergatia, orain denbora askotik hona zuetako gehienongandik, gizakiengandik, soilik nabari dugu zuen altzairuzko esku luzea gure soinetan, eta horrek bereizita uzten gaitu, han-hemenka eta azkenik, ikur eroriak. Premiazkoa da zuek kontzientzia hartzea: oso bizkor ari gara galtzen, zeren orain ezbaitira aizkorak, baizik eta makina handi aho ezin-aseak, gu lurreratzen gaituztenak. Une bat aski da, arte-arbolak garen bizi-proiektu luze hori gal dadin. Are larriagoak dira albo-ondorioak, zeharkako eraginak. Azkenaldian klima-aldaketak lehor-hazia ereiten du gure lur preziatuetan eta gure dehesa (bazkaleku, alagi, ala-leku, belagai edo bazkagi) irekietan eta gu sarraskitzen ari da. Nolanahi ere, katedralak bezala, mendeetan, inoiz milurtekoetan, altxaturiko zerbait gara. Eraikin horiek, aldi gehiegitan, oso denbora gutxian eraisten dira, segundo batzuetan ere bai. Izadiak egiten duen lan astiroko hori ez da apeta, baizik eta jakinduria. Gure geldotasunak babestu egiten ditu beste asko. Bizidunen artetik zuek bakarrik daukazue presa azkena ezagutzeko. Arte-arbolak mantsoak gara, oso mantsoak, eta helburu argi bat dugu, emaitza onak ematen dituena, ia menderatu egiten dugu denbora, eta horregatik denbora ematen digu janari eta etxaguntza izateko, beste milaka bizidun batzuen belaunaldi askorentzat. Ez gutxiago oparitzen dizuete gure besoek eta gure hosto-trajeek, itzala edo gerizpea, gure oinek lurra galdakatzen duten lekuan. Lurzoru hori guk geuk egin dugu, zuek berantago uzta bil dezazuen. Ez ahantz ez dagoela labore-lurrik, zuhaitzik ez dagoen edo egon ez zen aldean.

Baina basoa, lur bero eta lehorretan hazten ausartzen den hori batik bat, askoz gehiago da; atsedena da eta ibilaldi atsegina, litezkeen etorkizunik onenen egile, eta esperantza-lore begietan; lurrean dagoen bizidun batek zeruari egiten dion galderarik altuena da, txio-txioen lehen antzokia, hau da, lehen kontzertu-lekua, eta uxatzen ditu egarria, gorri-horia, hautsa eta bakardadea. Opariz beteriko opari bat gara.

Eta, halere, akabatu egiten gaituzue.

Nekazarien berrehun belaunaldiren eskarmentu guztia ez da aski izan, haiek errespetatu eta are jainkotu baikintuzten, ulertzen baitzuten gu garela erreinu baten azken katebegia, zuek animalienaren azken katebegia zareten bezala. Hala, elkarri hika eginez, eta hamaika eginkizunengatik, ondo zihoakigun.

Zer harrokeriak eragiten dizue orain guztia lekuz aldatzea, desagerrarazteraino? Zergatik irekitzen duzue basamortuaren atea? Ez al da zuen garezurren azken zokoetan entzuten gure erorikoaren trumoia, edo etxea kentzen zaion bizi-kosmos baten alarau lazgarria? Eramangarriagoa al da zuentzat, bakarrik, hutsik, gor, itsu geratzen joatea, lerro zuzenaren ustel-eskasari lotuak betiko geratzea?

Ez dugu ulertzen, egiaz, eta horregatik sutu dut azken kartutxo hau, eta argi bego, berriro ere, ez garela ari geure buruarengan pentsatzen, sekula ez baitugu hala egin. Sinistuta gaude gu betiko joaten bagara, zuek, orduan berandu, gure falta sumatuko duzuela. Lastima, domaia, ez baikinen hain adiskide txarrak.

Oso gutxi geratzen da, baina zirrikitua oraindik irekia dago eta uzten du argi-txirrinta bat sartzen. Mesedez, ez ezazue atea itxi, hori ere gure oparia da!

Agurtzen zaituzte, hemendik aurrera isil eta bakarti izanen den ARTE-ARBOLA honek.

Arte-ezkurra                                                                                                                     Iturria: Wikipedia

Arteak ez du emango sagarrik, baina bai ezkurrik!

Arbolek basoa ikusten erakutsiko dizute

 

Basoa                                                                                              Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain

 

Basoa II                                                                                          Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain

 

Baso eta zelai I                                                                               Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain

 

Baso eta zelai II                                                                      Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain

 

Hegaztia                                                                                          Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain

 

 

 

 

Iruzkina idatzi Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Iñaki Bastarrikaren bloga

Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.

Azken bidalketak

  • Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
  • Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
  • Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
  • Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
  • Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
  • Arteterapia (I) 2024-03-13
  • Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
  • Bichta éder 2024-02-27
  • Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
  • Babilonia 2024-02-09

Iruzkin berriak

  • Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
  • Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
  • ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
  • Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
  • Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan

Artxiboak

  • 2024(e)ko apirila (3)
  • 2024(e)ko martxoa (4)
  • 2024(e)ko otsaila (4)
  • 2024(e)ko urtarrila (4)
  • 2023(e)ko abendua (2)
  • 2023(e)ko azaroa (2)
  • 2023(e)ko urria (5)
  • 2023(e)ko iraila (2)
  • 2023(e)ko abuztua (1)
  • 2023(e)ko uztaila (2)
  • 2023(e)ko ekaina (1)
  • 2023(e)ko maiatza (1)
  • 2023(e)ko otsaila (2)
  • 2023(e)ko urtarrila (4)
  • 2022(e)ko abendua (4)
  • 2022(e)ko azaroa (4)
  • 2022(e)ko urria (5)
  • 2022(e)ko iraila (5)
  • 2022(e)ko abuztua (4)
  • 2022(e)ko uztaila (3)
  • 2022(e)ko ekaina (4)
  • 2022(e)ko maiatza (5)
  • 2022(e)ko apirila (4)
  • 2022(e)ko martxoa (4)
  • 2022(e)ko otsaila (4)
  • 2022(e)ko urtarrila (5)
  • 2021(e)ko abendua (4)
  • 2021(e)ko azaroa (4)
  • 2021(e)ko urria (5)
  • 2021(e)ko iraila (4)
  • 2021(e)ko abuztua (4)
  • 2021(e)ko uztaila (4)
  • 2021(e)ko ekaina (4)
  • 2021(e)ko maiatza (5)
  • 2021(e)ko apirila (5)
  • 2021(e)ko martxoa (4)
  • 2021(e)ko otsaila (5)
  • 2021(e)ko urtarrila (5)
  • 2020(e)ko abendua (6)
  • 2020(e)ko azaroa (7)
  • 2020(e)ko urria (7)
  • 2020(e)ko iraila (8)
  • 2020(e)ko abuztua (6)
  • 2020(e)ko uztaila (15)
  • 2020(e)ko ekaina (9)
  • 2020(e)ko maiatza (9)
  • 2020(e)ko apirila (11)
  • 2020(e)ko martxoa (14)

Kategoriak

  • bAst
  • Juan Luis Aizpuru Beristain
  • Koldo Goitia
  • Sailkatu gabea

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA