Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Ez ezazu distopiarik leitu baratxuri zopa jaten duzun bitartean
Atalak: bAst, Koldo Goitia
Ez ezazu distopiarik leitu baratxuri zopa jaten duzun bitartean
by Kalekume bixeraduna
Konposizioa eta argazkia: Koldo Goitia 2020
Uda desberdin eta desfermin hau ez dugu ez berehala ahaztuko; nahiko harroxko morroxko genbiltzan azken aste hauetan terrazetan kañak eta lejiak displizenteki edanez, kobizapia okozpean edo eskumuturrean genuela, askatasun konkistatu berria garaipen itzela bailitzan ospatuz.
Ba harrokeriak finitu dira, mon amour. Berriro etxeko lau hormen artean konfinaturik amaitu nahi ez badugu, euskal uda bene-benetakoa, usadio zahar hura badakizue, gorde beharrean gaude: euskal uda kastoa, euskal uda distantziaduna eta euskal uda mikologikoa -perretxikoen moduan hor egongo gara, kieto parao!-. Aspergarri genetikook, dena dela, gure zorigaitz birritan kiribildua gainditzeko, betiko estrategiari helduko diogu: paperezko paradisuetan galduko gara beste behin.
Oraingoan, honako modeste note ponpoxoa idazteko, hiru liburu entretenigarri leitu ditut: `Afrikanerrak´ Eneko Barberenaren eleberri laburra, `Garai lakarrak´ (`Tiempos recios´) Mario Vargas Llosa nobeldunaren nobela eta `Francoren kontzentrazio eremuak´ (`Los campos de concentración de Franco´) Carlos Hernández de Miguel kazetariak landutako ikerketa historiko bikaina eta ausarta.
Baratxuria baino errepikagarriagoa naizela badakit. Betiko tentazioetan erori naiz: distopia, fikzio politikoa eta dokumentazio historikoa nahastu ditut, eleberri laburrak eta idazlan mardulak, asmatutako pertsonaiak eta amnesia kolektiboaren lainoetan desagertzear dauden gizakien biografiak… Kontrajarriak diruditen generoetako liburuak eduki nahi nituen mesanotxean, esku-eskura, gauez datozen mamuei jaurti ahal izateko. Berakatz zopak eragindako bihotzerre eta lo petralaren REM fasean distopiak sarri askotan inguma eta mamarro-festa bihurtzen dira.
Parapente & eski nautikoa bAst 2020
Birus bat protagonista duen B klaseko pelikula honetatik, bizi dugun distopia erreal-irrealetik, distopia literario batera jauzi egitea baino bihurrikeria kitzikagarriagorik ez dut aurkitu. Parapenteak edota eski nautikoak ez naute ponitzen. Izaki bizidun osoa izatera ere heltzen ez den nano-artefakto biomolekular batek gure harropuzkeria kakaren pare jarri duenean, eskapismo sasi-ilustratuaren alternatiba koldar samarrari heldu diot.
Eneko Barberena-ren Afrikanerrak lana
Aipatu dizuedan lehen liburua, Barberenaren `Afrikanerrak´ eleberri distopikoa dugu. Distopia beti da “anti-utopia” -utopiarekin nekez egin daiteke literaturarik, hain da perfektua…- eta gure Euskal Herria geroz eta zilbor-amilduagoa sarri askotan paradisu utopiko gisa saltzen saiatu izan badira ere, oraingoan egurra ematea tokatzen da, distopia azken finean, egurtze ariketa baita.
Dotoreziaz eskribitutako fikzio guztiz sinesgarri honetan aipatzen den egoera soziopolitikora oraindik ez gara heldu; uztaileko hauteskunde hauetan alderdi jeltzalea eta ezker abertzalea nagusitu dira, fakzio ultra berri batek ez du oraindik Gasteizen agintzen -VOXek eskainu bakar bat lortu du-, Europar Batasuna ez da ez potentzia militarra, zorionez, eta gudariak ez ditugu Afrikako iparraldera bidali “mendebaldeko zibilizazioa” sutsuki defenditzera. Baina gure gaur egungo mentalitate autokonplazientea, gure arrazakeria eta klasismoa, gure hipokresia eta norberekoikeria, homologagarriak dira etorkizun hurbil horretarako iragartzen zaigun gizarte berriarekin.
Carlos Hernández de Miguel kazetariak, bere aldetik, `Los campos de concentración de Franco´ liburuan ehunka istorio bildu ditu, zein baino zein krudel eta aluzinanteagoa.
Errepresio sistema osatzen zuten departamentu eta entitateen nondik-norakoak, arduradunen eta buruzagien profilak, sistemaren barruan izan ziren gatazkak, preso ugariren lekukotza, ikerketak izan zituen gorabeherak… Mosaiko tetrikoa osatzeaz gain, dokumentazio ariketa bikain honek agerian uzten du izugarrizko utzikeriaz jokatu izan dela gurean, jende gehiegitxo egon dela interesatua estatu frankistaren alderik sadiko eta ilunena larogei urtez ezkutuan mantentzeko ahalegin lotsagarri batean.
Irakurri dudan hirugarren liburua, berriz,`Tiempos recios´ izan da. Bertan Vargas Llosak Guatemalan ez ezik, Ertamerikan XX. mendean izan diren konspirazioak eta interes-talkak abiapuntu gisa harturik, maisutza paregabez taxututako fikzio eta errealitatearen arteko hibrido bikaina idatzi digu. Egile peruarrak, generoen arteko muga zehatzak ia erabat desagertu diren garai hauetan, gogoeta egitera gonbidatzen gaitu; abiapuntua errealitatearen okerdura eta nahasketan legoke, eta jarraian, gezurra, propaganda eta manipulazioak zein garrantzi estrategikoa duten adieraziko digu, ezinbesteko elementuak baitira herria menderatu eta irudi publiko orbangabea saltzerakoan.
Mario Vargas Llosaren Garai lakarrak lana
Airean irakurtzen den nobela honetan, elitea osatzen duen klase politikoa eta geroz eta tentakulu luzeagoak dituzten enpresa multinazionalen arteko aliantzaren nondik norakoak azaltzen zaizkigu; propaganda komertziala hedatu, lelo politiko sinplistak bukle ernegarrietan errepikatu, egungo mundu konplexuaz ikuspuntu infantiloideak ezarri eta, azken finean, sekulako porruak sartzeko abilezia nola garatu den aztertzen da, thriller politikoaren erritmo eta tentsioari uko egin gabe.
United Fruit mugaz gaindiko korporazio erraldoiak, Guatemalan txirotasuna kentzeko kanpaina bikaina burutzen ari zela aldeztu zuen lotsagabeki Estatu Batuetako iritzi publikoaren aurrean. Modu berean, Dwight Eisenhower presidenteak, “komunismoa, subertsioa eta Amerikaren etsaien kontrako gurutzada” antolatu zuen, sorgin ehiza, zerrenda beltzak eta diktadura militar anitz sustatuz munduko hainbat naziotan. Diktadura horiek, sobrare, ezinbesteko elementuak ziren komunismoari aurre egin eta mundu librea defendatzeko.
Gaur egun, gure artean, geroz eta hiritar zintzolapiko gehiago dago “mendebaldeko zibilizazioaren zutabeak” arriskuan daudela pentsatzen dutenak eta “zeozer egin beharra” dagoela esango dizutenak. Soilik falta zaigu Joseph Goebbelsen mamu engominatua azaltzea Berlinen berreraikitzen ari diren Jauregi Inperialeko korridoreetatik.
Berlingo Errege Jauregia
Eta nik zergatik ez ote nuen txapa galbanizatuen biltegi bat ireki? Astunkeria historikoekin gelditzen zaizkidan lau parrokiano gizarajoak matxakatzeko mania hau ez da normala. Izan ere, beti geratu zait I can´t get satisfaction moduko bat geopolitika eta historia garaikidearekin. Batxilergoaren bukaeratik datorkit aseezinkeria ditxosozko hori eta farmazian esan didatenez ez dute ukendu berezirik aitorrezinak diren hazgura jakin batzuentzat…
Bo! Heldu diezaiogun berriro hariari eta ez adarretatik ahariari. Bai Vargas Llosa eta bai Barberenaren liburuak berehala murgilaraziko zaitu kontakizunaren zurrunbiloan. Arrasatearraren eleberria leitzean asko eskertzen da fikzioa oso gertuko kronika bailitzan garatu izana; oso “etxekoia” egiten digu narrazioa Barberenak, oso gureak diren eguneroko bizipenak txertatzen dizkigu urrunetik iristen diren berri lazgarriekin. Gure bizitza argitsu eta normalizatua, itzalez betetzen hasten da, pitzadurak agertzen zaizkigu. Hasiera hasieran “Non da Omar?” galdetzen dio Manexek bere aitari, eta hor hasten gara sentitzen beste garai ilun eta lainotsu batzuetara garamatzan hotzikara punttua.
Hitzaurrean Hedoi Etxartek nobela beste distopia bat ote den galdetzen dio bere buruari eta gainbegiratu zorrotza ematen die genero honetako bi klasikori -George Orwell-en `1984´ eta Aldoux Huxleyren `Bai mundu berria-ri´- beste lan berriago batzuk ere ahaztu gabe, hala nola, Michel Houllebecquen `Partikula elementalak´ eleberria. Etxartek ohartarazi nahi digu `Afrikanerrak-en´ literatur ariketa bikain baten ezaugarri teknikoez aparte, leherkariz gainezka dagoen artefakto gogoeta-eragilea aurkituko dugula. Hitzaurrean Orwellek jaurti zuen abisua –inor ez dago faxismotik libre inon– azpimarratzen da; `1984-n´ Sobiet Batasunari eginiko ustezko kritika deusezten du Etxartek, nobela etorkizuneko Ingalaterran girotua dagoela gogoratuz. Idazle britainiarrak piztia atzerrian bezala etxean iratzar daitekeela ohartarazten digu, geure buruaz dugun irudi sofistikatu, goren eta kopetagoiak ez gaituela inolaz ere salbuespen bihurtzen totalitarismoaren aurrean.
Luma bAst 2019
Aitortu beharra daukat Barberenak idatzitako nobela bere horretan hartuta -tamainaz, estiloz eta baita azalaren diseinuz ere- inoiz idazteko kapaza izan ez naizen eleberri amestua dela. Geopolitika, distopia, kritika soziala eta eguneroko bizipenen kronika maisuki adiskidetu ditu arrasatearrak, elkarrizketa sinesgarri eta biziak garatuz, atal laburrekin, tentsio-dosi egoki eta malaletxe glamour handikoarekin -euskara zoragarria darabil egileak- esgrima erakustaldi peto-petoa eskainiz.
Era berean, fikzioari helduz, baina denboraren literatura-makina iraganerako norabidean jarriz, Mario Vargas Llosak Guatemalara garamatza bere `Garai lakarrak´ nobela zoragarrian. Mapa batean kostata aurkituko genituzke -bilatzaile automatikoari eragin gabe, noski- El Petén lurralde oihantsua, Atlitan aintzira, Garifuna herriaren eskualdea edota hain ederrak diren sumendiz inguraturiko ordoki garaiak. Amaigabeko udaberriaren paradisu honetan Jacobo Arbenz presidenteak bere amets erreformista burutzeko ahalegina martxan jarri zuen 50eko hamarkadan.
Arbenz-ek justizia soziala ezarri eta diktadura nahiz bortizkeria kronikoa behingoz atzean uzteko asmoa nahiko modu xaloan planteatu zuen. Gaur egungo ikuspuntutik, zintzoegi jokatu zuen, naipe-karta ezkutuak erabili gabe. Ez zuen ezer lortu, ez horixe, xede hura Estatu Batuek zapuztu baitzioten. Kronika zirraragarria taxutuz, Vargas Llosak detaile osoz kontatzen digu CIA espioitza agentziak nola gauzatu zuen elkarregite makurra United Fruit enpresa bananazalearekin, zein modu artetsuan Sam Zemurray enpresariak eta Edward Bernays propagandistak azpijokoa eta propaganda-kanpaina abian jarri zuten nazio oso bat menperatzeko, zelako oligokrazia arrazista eta feudala eratua zuten finquero edo lurjabeek Guatemalako indiar gehiengoa kupidagabeki zapaldurik mantentzeko, eta, azken finean, nola sortu ziren lehen gerrilak.
`Tiempos recios´ nobelako pertsonaien galeria zabalaren eskutik, pasarte guztietan Ertamerikako bizitza filosofiaren diztirak eta itzalak antzematen dira. Terratenienteak, graduazio desberdineko militarrak, espioiak, emazte eta maitale oldarkorrak, langile xumeak, polizia sadikoak, bizizaleak, abenturazale yankiak, gerrilari gazteak, ameslariak eta ezustean azalduko den oso urrunetik etorritako entziklopedia saltzailea. Inor ez da libratuko kontakizunaren azpitik borborka dauden indar telurikoen eraginetik.
Izadiaren indarrak eta eguraldiaren aldaketak ezustekoz betetzen dizute narrazioa, sacudón batek ikara bortitza eragiten du supituki, euri zaparradak etenaldi laburra inposatzen dizu zereginetan, 4.000 metroko sumendi erraldoiez inguraturik zaude, basapiztiak nonahi daude eta naturaren fenomeno horiek gizartean islatzen dira: handikien harrapazkeria depredatzailea, menpekoen gain ezarritako tirania, militarren konspirazioak, etengabeko tentsio-giroa, mehatxuak, egunerokoa besterik gabe bizitzeko premia… Gaur bizirik gaude, ba bizi gaitezen, gaua, iluna, absurdua iritsi aurretik…
Sumendia bAst 2020
Fikzioa eta kronika politikoa uztartuz, Ertamerika osoko XX.mendeko historiari gainbegiratua ematen dion bitartean, Vargas Llosak pasioz beteriko istorioak garatzeko aukera probesten du: aitak kaleratzen duen alaba haurdun gazte-gaztea, karismarik ez duen militar desesperatu baten azken momentuko garaipen behin-behinekoa, politiko ameslari batzuen erbesteratze tristea, enbaxadore yanki baten jarrera despotikoa, gerrilaren lehen kolpeak… Piztiak, mitologia zaharren tradizioan, giza-animalia bilakatu dira, odol egarria ezin aseturik dabiltza eta gutxien espero duzunean basoko adarpe sakona aiene, zalaparta eta garrasiz beteko zaizu.
Baina diktadurak beti Ertamerika eta Hegoamerikarekin lotzen baditugu ere, ez da ahaztu behar XX. mendean zehar, hemen, Euskal Herriko hegoaldean, Miguel Primo de Rivera lehenik eta Francisco Franco ondoren, ia bost hamarkadaz boterean egon zirela; beraz, Atlantikoaren bi aldeetan errejimen totalitario berdintsuak sufritu genituen.
Franco –El Generalísimo eta El Caudillo ezizenez sasijainko bihurtua- gerra kriminal sadikoa izateaz gain, pertsonaia arranguratsua eta mendekuzale amorratua zen; bere agintaldian (1936-1975) Adolf Hitler-en laguntzarekin hasieran eta Dwight Eisenhower presidente estatubatuarraren bedeinkazio eta finantzazio eskuzabalarekin geroago, errepresio kanpaina errukigabea bultzatu zuen Bigarren Errepublika aldeztu zutenen kontra, eta abertzale, ezkertiar, kultur munduko jende, homosexual, gizarteko marginatu nahiz “alfer eta arlote” delako kategorian (“vagos y maleantes”) sartzen zituzten guztien aurka.
Carlos Hernandez de Miguel-en
Francoren kontzentrazio eremuak lana
Hernández de Miguelek onartzen du hainbat presondegi eta kontzentrazio esparruen arrastoa betiko galdu dela eta oso zaila egingo zaigula milaka lagunen paradero tristeaz ezer jakitea. Hala eta guztiz ere, kazetariak beste historia asko erreskatatu ditu eta, esan bezala, hauetako asko krudelak ez ezik surrealistak ere badira. Guztiz esperpentikoak. Nahiko ezagunak dira Langraitzeko kontzentrazio esparrua, Orduñako Jesuiten ikastetxean ezarri zen presondegi erraldoia, Irungo sailkapen zentroa edota Lizarran Iratxeko monastegian ezarri zen kartzela. Beste hainbat presondegi halamoduzkok erietxe gisa funtzionatu zuten: Arrasateko Santa Agendan, Sukarrietan, Zumaian… Zenbait zezenplaza ere, gaur egun oso ospetsuak direnak, presondegiak izan ziren: Iruñekoa, Donostiako El Chofre zaharra, Tolosakoa…
Gorriak eta beltzak 2020 bAst
Beste toki ilun askoren arrastoa, aldiz, erabat desagertzeko zorian egon da hainbat ikertzaile xumeen esfortzuaz azken lekukoen bizipenak in extremis jaso diren arte. Aparteko kasu deigarri bezain izugarria aitatuko dugu, Sevillako udalaren ardurapean eskaleentzat bereziki eratu zen La Algaba herriko kontzentrazio eremua da. Berez, Las Torres izeneko landetxe edo cortijo bat baino ez zen hura eta 300 lagun giltzapean eduki zituzten bertan. Gizagaixo haiek “eskean behin eta berriro zebiltzalako” hartu omen zituzten preso, baina tokiko historiagileek diotenez, seguraski klase askotako errepresaliatu-jendea ere atxilotuko zuten. Las Torres-ko eremuan ez zegoen bizirik ateratzeko itxaropenik, presoak gosez hiltzen utzi baitzituzten. Lan behartuetara kondenaturik, erdiak hil egin ziren eta La Algabako Narcisa Agüera andereak María Serrano kazetariari aitortu zionez, behin interno bat ate joka azaldu zitzaion etxean, hilda zegoelakoan bizirik lurperatua izan zela esanez. Emakumeak senarraren arropa batzuk eta jana eman zizkion “berpiztuari” eta ez omen zuten gehiago gizon haren berririk izan. Azkenik, 1942. urtean, tifus izurriteak jota hil ziren, artean bizirik zeuden gizarajoak. Halabehar tragikoak itxiarazi zuen kontzentrazio edo, hobe esanda, exterminio eremu beldurgarri hura.
Leongo paradore nazionala
Bestalde, Leon hiriko paradore nazionalean, hau da, estatuaren luxuzko hotelean egoteko aukera baduzue, ez ahaztu fatxada platereskoa duen eraikin bikain hura, San Marcos Ostatu itzela, Francok antolatu zuen errepresio sistemako espetxerik gogorrenetakoa izan zela. Bertan 15.000tik 20.000ra lagun egon ziren preso, baldintzarik krudelenetan, tortura eta umiliazioak sufrituz eta haietako 1.500 fusilatuta edo gaitzen ondorioz hil ziren. Bada 3.000 preso hil zirela dioen historiagilerik ere. Francok, zinismo lotsagabeaz, paradore nazional ezin dotoreagoa eratu zuen bertan, krimenak zuritzeko oso berea zuen estiloa erakutsiz.
Gerra zibilaren aztarnak eta gerraosteko miseria eta errepresioaren arrastoak nonahi aurki daitezke gaur egun, batzuek kartelak eta antzeko argibideak dituzte inguruan, zorionez kontestualizazio historiko apur bat ere egin da han eta hemen. Beste kasu askotan garai hartako mamuak libre dabiltza eta gutxien espero duzunean lubakiak edo bunkerrak, fosak edota fusilamenduetako bala zuloak dituzten kanposantuetako hormak aurki ditzakezu. Lekukoak pixkanaka badoaz mundu honetatik, baina gerra zibilaren aurriak gure oinetakoen azpian zentimetro gutxira daude. Edo ageri agerian larogei urte pasa eta gero, Aragoiko herri batean ikusi nuen bezala: goiko auzoko elizak gerra garaiko erredura beltza zuen atarian. Egun batean miliziano anarkistak azaldu omen ziren ezustean eta santu guztiak han erre. Historia kontatu zidan amonaren negarrak opor-eguna samindu zidan eta beti gogoan dut herriaren izena: Hoz.
Hoz-eko eliz ataria
elhuyar
1 hoz
1 s.f. igitai
2 hoz
1 s.f. (Geol.) arroila, zintzur, mendi-zintzur, erreka-zintzur
Ui, hankaz gora dago mundua!