Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut”
Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut”
San Inaziotako zubia. Herritik hanka egiteko korneta-deia jo du Augustus sarjentuak eta Laorbe City a-ghost-town bihurtu zaigu, Urimortua; paseatzera noa erreka ondotik buruak eztanda egin baino lehen (hau aberria hau, dedio, denok ospa egiteko prest lehen aukera dugunean, abertzale karabaniñ batzuk gara). Eta gauzak korapilatzeko Google mega-enterpraixak beste kablewire edo kableguaia potolo horietako bat luzatu behar duela aditu dut, AEBtik Sopelaraino, itsas hondoan arrain abisalek duten bakea aztoratuz; lehen potroetatik lotuta bageunden, orain kable bidezko bondage digitalak menderatuko gaitu.
Wyoming Handia da gure gaurko figura diztiratsua, gure librepentsalari kolorista, Madrilgo petardismo hertzianoaren pizti beltza, gorrien bozeramaile ofiziosoa, ahaldugutar ohion azken esperantza quince-emeko izpiritua hiri-inguruko txalet bateko lorategian betirako ehortzirik geratu aurretik. Loser guztion gaueroko kontsolamendua. Monzón Hippya, Telesforo eta Jesus erreferente historikoekin ez nahasteko. Joxemiel laikoa, On-gabetua, hitz batean.
Ba Monzón jaunak idatzi digun bere biografiaren bigarren liburuan, `Amorrua eta koloreak´ (`La furia y los colores´), astindu intelektual bikaina eman die bere gaztaroan hain harro zebiltzan politikari “franquista aperturista” haiei, Guerrilleros de Cristo Rey eta antzeko terrorista ultraeskuindarrei, diktadura usteletik sistema parlamentario “tutelatura” igarotzeko aurpegi garbiketa antolatu zutenei, monarkiko eta juancarlistei, mediku “bokazionalei”, musikariak errukirik gabe ustiatzen dituzten enpresariei, alderdi ezkertiarretan etengabe eszisioak eta zismak eragiten zituzten (eta dituzten) lider intransigenteei… Eta bide batez, sekulako errepasoa 70 eta 80ko hamarkadetako hainbat protagonista mediatikori. Fraga Iribarne, Felipe Gonzalez, Tierno Galván, errege emeritoa eta beste hainbaten itzalak eta alde goibelak zehaztu dizkigu showman madrildarrak `Drogak, politika eta rock & rolla´ azpititulua daraman idazlan honetan.
Wyomingek bere burua hippy akrata gisa deskribatzen du, politika kontuetan erabateko rupturista dela aitortuz. “Ni rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut, erakunde faxistak inongo galbahetik pasa gabe demokrazian egin zuten desenbarkoa justifikatzeko asmatu diren kontuen gainetik”, dio liburuan.
Franco hil ondorengo sistema “alderdi politikoen kupulatan adosturiko ituna izan zen” esaten digu medikuntza utzi eta abesten hasi zen artistak. Eta beste mito bat ere bertan behera utzi nahi digu: “Eskuindarrek beti hitz egingo dizute trantsizio garaiko consenso-aren izpirituaz (…) inposizioak besterik ez ziren egon, Konstituzioa idazteko Manuel Fraga Iribarne izendatu zutenean bezala”.
Diktadura garaian askatasunaren alde borroka egin zutenei ere ez omen zaie behar bezalako errekonozimendua eskaini eta Wyomingen hitzetan, azken finean,
“konstituzioak askatasun esparruei ateak ireki baino, elkarbizitzari muga zorrotzak jartzen dizkio, arerioa astintzeko arma gisa erabiltzen da”.
Konstituzio Auzitegia bera ere ez da libratzen gure izarraren kritiketatik: “Kongresuaren gainetik dabilen egitura da, sufragio unibertsalaren bidez hautatutako legegileen erabakiak mugatuz edota bertan behera utziz”.
Frankismoarekin hautsi ez izana orain ordaitzen ari garen bidesariaren benetako arrazoia litzateke, El Informaleko arduradunaren esanetan. “Berrogei urte geroago, errealitate politikoaren balantzea egiten dugunean, gure zuzenbide estatuaren esentzia kutsatzen duten bi gaitz hondar aurkitzen ditugu: orokorra egin zaigun eta inguruko nazioetan ez dagoen ustelkeria eta faxismoaren biktimei dagokien erreparazio neurrien ukapena”.
Azkenik, eta liburuaren atalik politikoenekin amaitzeko, ondorio triste batera heltzen zaigu abeslaria: “Hautestontzien baliogabetzea legea betez egiten da (…) hortik dator botere judizialaren instantzia gorenetan pertsonaia jakin batzuk kokatzeko dagoen obsesioa”.
Dena den, liburuak askoz alaiagoak diren pasarte anitz ditu, hala nola Interrail nazioarteko tren txartelarekin egin zituen gazte garaiko bidaiak Holanda, Suedia, Finlandia eta beste hainbat herrialdetatik zehar. Kantariak azaltzen digunez, lagunartean egindako ibilaldi haietan harri eta zur geratzen ziren atzerrian zuten gizatasunarekin eta hiritar gisa jendeak erakusten zuen hezkuntza mailarekin. Behin gitarra ahaztu omen zuten hirian, tranbiaren geltokian eta hara non azaltzen zaizkien bi neska kanpinean, soinutresna itzultzeko asmotan. “Gure arlotekeria zantarragatik, matxismorik tematsuenean hezita geundela, ezin genuen inolaz ere pentsa, keinu hura bihotz oneko akzioa izan zitekeenik”, aitortzen du.
Europa aitatu beharrean, “atzerriaz” hitzegiten omen zen 70eko hamarkadako lehen urte haietan, eta hiztegia etengabe handitzen zihoan ingelesezko berba ugarirekin. Horietako bat freak zen, gure artean jada euskaraturik geratu den friki ditxosozkoa, eta beste bat squotter, gaur egungo okupa edo. Gogoan du Wyomingek oso-osorik okupatutako eraikin bateko pisuan nola bizi izan ziren boladatxo batez: “Apaindura psikodelikoa zuen, Indiatik ekarritako zapiak lanparatik zintzilika eta intsentsu usain kargatua”. Etxekide batzuk apur bat bereziak ziren; haietako batek tatuaje xelebrea zuen lepo-bueltan: marra ttipiz eginiko lerroa eta “moztu hemendik” mezua gorgoilaren ondoan.
Frankismoaren azken urteetan drogak azaldu omen ziren, orain sarritan, “sustantziak” eufemismoa erabiliz, erdi-ezkutuan hartzen diren produktu kimiko legez kanpokoak. Kontsumitutako produktuaren arabera, talde batean edo bestean sailkatzen zintuzten: yonkiek heroina hartzen zuten, porrozaleek marihuana eta hatxisa, espidikoek anfetamina eta aluzinatuek azido lisergikoa edo LSDa. Kokaina soilik aberaskumeek hartu ei zuten eta morfina medikuntza edota farmazia alorreko gutxiengo baten inguruko jendeak. “Drogen kontsumoa, adikzio-ahalmena edota kalteei buruzko informazioa ahoz-ahokoa baino ez zen, ez zegoen informazio ofizialik, guztiz kontrako jarrera baizik, prebentzioa sustatzeko edozein neurri kontsumoaren legitimazio gisa har zitekeela esaten zen”, dio Wyomingek.
Giro errepresibo hartan, askatasun esparruak aurkitze aldera, artista madrildarrak onartzen du musika izan zela salbazio taula bakarrenetakoa. La Aurora izeneko lokal batean aukera biribila izan zuten zortzi urtez euren errepertorio eklektiko eta bitxia eskaintzeko. Sobiet iraultzan parte hartu zuen gerraontziaren izena zeraman lokal hartan kupleak, boleroak, txotisak eta abesti originalak abesteaz gain, Wyomingek ikuskizun berezi-berezia eskaintzeko asmoa zeukan. “Zentsura zela eta, ezin zenuen eszenatokian hitz egin, soilik libretoan zegoena eskain zenezakeen (…) norbaitek bapateko saioa ematen bazuen, ona edo txarra izan, publikoa harrituta geratzen zen eta Grouchok zioen bezala, denbora batez isildu gabe jarduteko kapaza bazinen, azkenean dibertitua zen zeozer aterako zitzaizun”, dio aholku gisa gure showmanak.
Reverendo Maisua zena, ia berrogei urtez izan duen lankiderik hurbilena eta adiskide zintzoa -“ia siamesak ginen”- ez du ahaztu Wyomingek bere liburuan. “Reverendok inoiz ez zuen bere seminarista itxura aldatu, beti zeramatzan idun biribileko jertsea, praka grisak eta lokarridun zapatak, rock & rolla asmatu zuten musikarien janzki zoragarri haietatik ez zegoen urrunago egoterik”, dio madrildarrak tabasko ttantta batzuk gehituz. Itxura eta look kontuetan, anekdota oso adierazgarria kontatzen digu Estatu Batuetan ezagutu zuen larogei urteko Elvis-en jarraitzaile mozorrotu edo, hobe esanda, dress-up-atu (drexapatu, diñot!) bati buruzkoa; Wyomingen esanetan, gure mentalitatea apurka-apurka aldatuz badoa ere, hemen ezin ditugu horrelako gauzak onartu; gizon hari berehala “ikusaraziko” genioke agure batek ezin duela horrelako plantta xelebrea erakutsi.
Showman madrildarraren iritzian garrantzitsuena zu zeu zaren horri uko ez egitea da, heldutasunaren eta produktibitatearen izenean geure-geureak diren gauza gehiegiri muzin egiten baitiegu; “erretirora heltzerako gizaki ezdeusak baino ez gara”, dio 64 urte beteak dituen arren zuzeneko ikuskizunak eskaintzen jarraituko duela aginduz.
Liburuan azaltzen diren pertsonaien galeria ia amaiezina da: intelektualak, artistak, ikuskizun antolatzaileak, teknikariak, langile jendea. “Katalunian mugimendu musikal serioa aurkitu genuen eta bazuen industria hasi berri baten sostengua”, dio showmanak; baina Madrildik Bartzelonara abestera joateko furgoneta batean egin behar izan zituzten bidaiak “odisea” ziren. Garraiolari berezi batekin ere topo egin zuten: Moras izena zuen adineko gizon mozkotea, burusoila baina tximak sorbalda aldera zituena, “garai hartan oso irudi deigarria eskaintzen zuen, Barceloneta auzotik ateratako Dany de Vito bat zirudien”.
Moras furgonetazalearekin N-2 errepidetik 600 kilometro egitea, esan bezala, sekulako abentura zen, bi norabide baino ez zituen errepide hartan kamioiei aurre hartzen saiatzen baizen gizona, azken modeloa ez zen traste zahar batekin. “Oilo batek (hauetako kamioi batetik) ihes egiten bazuen, Morasek furgoneta bide bazterrean aparkatu, eta 70 urte beteak zituen arren, hegaztia harrapatu arte labore saileetatik korrika egiten zuen, guk harriturik begiratzen genion bitartean”, dio Wyomingek.
Baina bestelako movida bat ere bazen garai hartan El Rastro izenez oso ospetsua egin zen kale arteko feriagune tradizionalean. Ribera de Curtidores kalea zen merkatal gune honen ardatz nagusia eta XVIII. mendean bertan zegoen abere hiltegi batek uzten zituen odol arrastoek eman zioten hain izen bitxia. Bertan klase sozial guztietako jendea elkartu ei zen, langileak, ospetsuak, aberatsak eta bertako nahiz atzerriko turistak… Tabernak ere baziren, nola ez, eta haietako bat oso elkargune ezaguna bihurtuko zen. “Han zegoen La Bobia, Movidaren topagune nagusienetakoa, eta hasieran lau katu ziren, tribuak osatzeko adina jenderik ez zegoenez, mod, rocker, punk, glam eta teknozaleak bat eginik familia kolorista berean ibiltzen ziren, Ingalaterran elkarren artean borrokan zebiltzan bitartean”, esaten digu.
Amaitze aldera, kantari madrildarrak hirugarren biografia-liburua ere idatziko duela iragarri du, “osasunak laguntzen badit”. Lehen liburuan -`Belauniko, Monzón!´ (`¡De rodillas, Monzón!´) izenburua du- hainbat gogoeta eta erreskate-lan egin zituen frankismopean igarotako haurtzaroaz; haietako oroitzapen batzuekin lotu ditu bigarren liburu honetan soldaduskari buruz idatzitako pasarteak. “Derrigorrezko soldaduskak inflexio puntua adierazten zuen espainiar ororen bizitzan; aurretik bazen beste mugarri bat: lehen jaunartzeak esan nahi zuen Jesukristo haurraren baitan sartzen zela, alien bat bailitzan, umea santifikatzeko. Handik aurrera arrazoimena suposatzen zitzaionez, edozeinek eta ez soilik apaizak, bi ostia eman ziezazkiokeen esandakoa ez egiteagatik edo petralkeriatan hasten bazen. Herrietako haurrak laborantzan hasten ziren eskola betiko utzi ondoren”, gogorarazi digu.
Lehenengo autobiografia irakurri ondoren, egia esan, ez neukan beste hau irakurtzeko gogo handirik. Lehenengo liburu horretan bitxikeriak ziren nagusi eta ez zegoen gogoetentzako tokirik apenas. Ez nuike esango liburu txarra zenik baina bai erraz ahazteko horietakoa. Hemen irakuritakoaren arabera Wyomingek beste aukera bat eman dio bere buruari funtzezko zerbait egiteko. Neuk ere emango diot aukera ba.