Itzuli? Asmatu?
Urriaren 22a. Elgoibarren Erraminta Makina Institutuak antolatutako mintegia. Hizkuntza kudeaketa enpresan aztergai. Hamabost hitzaldiren artean Bilboko Doble sentido komunikazio agentziaren esperientzia.
Komunikazio agentzia horrek euskaraz eta gaztelaniaz egiten du lan. Izaskun Aranbarri enpresako kideak azaldu zigunez, beraien apustua elebidun izatea da. Testuingurua azaltzeko adibide bat jarri zigun: Bizkaiko komunikazio agentzien elkarteak argitaratzen duen “La Revista”n enpresei eskatu zitzaien iragarki bat egiteko euren burua promozionatuz. 49 gaztelaniaz egin zituzten eta bi elebitan. Aranbarrik hainbat elementu nabarmendu zituen hizkuntzen kudeaketa azaltzeko:
– Gauza bat da lana ondo egitea eta bestea da balio erantsia ematea. Esate baterako urari buruz egindako iragarki batean Axularren pasarte bat jarri zuten.
– Hizkuntza batean baino gehiagotan lan egiteak esan nahi du hizkuntza horiek oso ondo menperatu behar direla. Aipatu zuen, adibidez, ingelesa, edo alemana jatorrizko hizkuntza duen norbait lan taldean izatearen abantaila.
– Itzulpenaren gaiak hautsak harrotu zituen ikastaroan. Aranbarrik aitortu zuen ia beti gaztelaniazkoari euskarazkoa egiten ibiltzen direla eta ez dela batere erraza, itzulpen soilak ez duelako askorako balio. Esate baterako, nola eman euskaraz “Vale no es lo mismo que ya te vale”?. Gaztelaniazko mezua sortu duenak patata beroa jarri du komunikazio agentziaren eskuetan. Beste adibide batek ageriagoan jarri zuen itzulpenaren arduraren gaia. Sarean parra-parra zabaldu den “ehiztaria” atera du mahai gainera partehartzaile batek. Hau da, arropa denda batean “cazadora” hitzaren itzulpen gisa agertu da “ehiztaria”. Irribarrea somatu zitzaigun gehienoi, baina partehartzaileak segituan esan zuen: “Denok barre egiten dugu ‘ehiztaria’ hitza ikusita, baina guk nola itzuliko genuke?”. Partehartzailearen bigarren galdera: “Nor da ‘cazadora’ euskaraz ematearen arduraduna? Itzultzailea? Nola itzuli ‘Just do it’ esamoldea? Mezu kulturala osatu du, hizkuntzari lotua, hobeto esan batzuetan hizkuntzari iltzatua”.
Hitzaldi osoaz nabarmenduko nukeena: bezero pribatuek gaztelaniaz baino ez dute eskatzen eta kasu honetan Doble sentido bera ibiltzen da elebitan egitearen onurak azaltzen. Erakunde publikoek berriz, bi hizkuntzetan eskatzen dute, baina gaztelaniazkoa ematen diete komunikazio agentziei. Patata beroa agentziek dute, ea nola itzultzen/ematen duten euskaraz gaztelaniaz sortua.
Datorren astean, Argiako 2205. zenbakian, mintegiaz artikulua izango duzue.
Kaixo, Onintza:
Artikuluaren amaierak harritu nau:
“Patata beroa agentziek dute, ea nola itzultzen/ematen duten euskaraz gaztelaniaz sortua.”
Itzultzaileek izango dute arazo hori, ezta?
Izan ere, publizitate agentziek sortzen dituzte kanpainak, eta gazteleraz (gehienek) edo euskaraz (oso-oso gutxiek)sortuko dituzte iragarkiak, baina argitaratu behar diren hizkuntza guztietan ondo funtzionatzen dutenak egin behar lituzkete, kanpaina eraginkorra izango bada, lana ondo egingo badute. Hau da, ez lituzkete itzulpenik ez duten kanpainak proposatu behar.
Egia da, baita ere, komunikazio arduradunek (ez enpresetakoek eta ez erakundetakoek)orohar ez dietela halakorik eskatzen, eta itzulpen on edo nolahalakoekin konformatzen direla. Agentzia txarrek egiten duten bezala. Ezin baita agentzia ontzat hartu bere publizitatearen zati handi bat (euskaraz argitaratzen duena) kontrolatzeko gai ez dena. Ezta?
Konponbideak bilatzen hasteko proposamenak egon badaude:
http://euskaraetapublizitateabloga.wordpress.com/2004/10/04/euskararen-kalitatea-publizitatean/
Haiek ezagutarazi eta aplikatzen hastea baizik ez da falta…
Nire hankasartzea da hori, bai. Agentziak ez dauka patata beroa, agentziaren ardura da kanpainak eskatutako hizkuntzan ondo egitea. Bai, Izaskun Aranbarrik hala esan zuen, itzultzaileek dute patata beroa esku artean.
Mila esker oharrarengatik.