EGA titulua aterako ez zuketen ikaskideak
Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak jakinarazi du unibertsitate ikasketak euskaraz egiten dituztenei EGA agiria emateko asmoz dabiltzala. Beste hainbeste egin nahi dute ikasketa maila baxuagoetan ere, mailaren araberako agiria sortuz.
Urgellek esan du, administrazioak ikasleek euskaraz ikas dezaten egiten duen ahalegina, eta ikasleek beraiek egiten dutena, hutsean gera ez daitezen pentsatu duela Kultura Sailak Hezkuntza Sailarekin batera agiriak ematea.
Kotxean nindoala entzun dizkiot Euskadi Irratian kontu horiek Urgelli. Kazetaritza Fakultatean ikaskide izan nituen bi lagun etorri zaizkit gogora. Bata euskara ikasten ari zen eta gaztelaniazko kazetaritzako adarretik euskarakora igaro zen, euskara ondo ikasteko gogoa zuelako. Meritu handikoa iruditu zitzaidan hark hartu zuen erabakia, besteak beste, oraindik euskara maila kaxkarra zuelako. Hala ere, ikasgaiak gainditu egiten zituen, nahiz eta gero, nekeak eraginda ez zuen karrera bukatu. Buruan dudan bigarren ikaskideak bost urteak amaitu zituen eta titulua eskuratu zuen. Hark ere ez zuen meritu makala, baina egiari zor, harritzeko moduko maila baxua zuen euskaraz. Eta berriro diot, kazetaritza ari ginen ikasten.
Gaizki ulertu ez badut, horrelako ikasleak EGA agiria besapean dutela aterako dira fakultatetatik. Dozenatik gora ikaskideren izenak datozkit burura EGA aterako ez luketenak.
Unibertsitate garaia baino lehenagoko ikasketetarako beste agiriren bat prestatuko omen dute. A, B eta D ereduetan ikasten ari ziren gaztetxoen euskara mailaren emaitzak eman zireneko hura etorri zait burura. Emaitzek alarma piztu zuten, D eredukoek ere, behar besteko euskara maila ematen ez zutelako. Orain inolako azterketarik egin gabe, D ereduan aritzea berme dela, titulua emango zaie? Zaila da ulertzen Kultura Sailaren ekimena.
4 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Klusterraren 31. berripapera - Garaigoikoa - [...] Irureta: "EGA titulua aterako ez zuketen ikaskideak" Txerra Rodriguez: “Soziolinguistikaren TOP 10” Ekai Txapartegi: “Biloben maitasuna ” [...]
Bai, egia da, baina zenbat ikaslek egiten dituzte beraien ikasketak gaztelaniaz eta ez lukete DELE (EGAren parekidea gaztelaniarentzat) azterketa gaindituko? Askok. Euskarak bere gutxitutako hizkuntza egoeragatik gogorkiago pairatzen du egoera hau, baina arazoa orokorra da.
Unibertsitate ikasketak euskaraz egiten dituztenek EGA maila izan behar dute eta ondorioz EGA agiria emateari ondo deritzot.
Unibertsitate ikasketak euskaraz egiten dituztenek EGA maila ez badute (nik hori susmatzen dut), orduan, nire ustez, horren errua ez da Kultur sailburuarena, Hezkuntza sailarena baizik.
Nola ulertu egiatan EGA maila ez duen batek unibertsitate ikasketak euskaraz egiteko gauza izatea? Nik, behintzat, ez dut ulertzen. Nago unibertsitateko irakasleek ere erru-punturen bat izango dutela, ezta?
Hainbat lanetarako EGA eskatzea uler daiteke, baina gaur egun bada halako “titulitis” bat,eta edozertarako eskatzen da EGA. Adibide bat jarriko dut: duela bi urte, Astigarragako haurtzaindegia Patzuergora pasako zela erabaki zuen Udalak. Beraz, langileak Jaurlaritzaren ardurapean daude. Beno, ba, duela urteak haurtzaindegi horretako sorreran parte hartu zuten bi langile, biak euskaldunak, kalean geratu ziren, kale gorrian, zer eta EGArik ez zutelako une hartan! 0-2 urteko umeei euskaraz egiteko inolako arazorik ez zuten, gurasoei bidalitako idatziak ere euskaraz idazteko gai ziren. Pentsa bat, euskaldun zaharra da, eta bestea duela urteak euskara ikasitakoa. Horrelakoetan, ezin da joan hezkuntzako pertsona bat haurtzaindegira, eta ziurtatu irakasleak inolako arazorik gabe euskaraz egiteko gai direla? Batzuetan, “titulitis” horrek ez du zentzurik.
Neuk ere gogoan dut orain lauzpabost urte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak argitaratutako ikerketa hura: DBH D ereduan ikasitako %33ak ez zuen behar besteko euskarazko mailarik (B eta, batez ere, A ereduei buruz zer esanik ez). Inork ez du ulertuko, D ereduan ikasi arren, behar besteko mailarik ez zeukaten ikasleek unibertsitatean karrera euskaraz ikaste hutsagatik EGA maila automatikoki lortzea. Besteak beste, unibertsitateko irakasleen euskara mailan alde handiak daudelako batetik bestera. Halaber, karrera batzuetan ez da hizkuntza gaitasunik lantzen, edo ez zaio garrantzia handiegirik ematen behintzat (karrera tekniko zientifikoetaz ari naiz nagusiki). “Txapa” askoko ikasketetan, aldiz, hizkuntza erraztasun handirik ez dutenak barra-barra buruz ikasitakoa kopiatzen dute azterketan eta kitto.
Zer izango da hurrengoa? Eman diezaiotela EGA agiria lotan dagoela Euskadi Irratia piztuta izaten duelako, edo ETB1eko kamera ezkutuko programa guztiak buruz ikasi dituelako.