Euskara, zentimetro kontua
Aldagela publikoetan nago, ama-alabei begira, hobeto esanda, aditzen. Diskrezioz ari naiz, baina nire belarriak haien aldera makurtuta daude. Amak alaba txikiari euskaraz egiten dio eta alabak amari ere bai. Ze ondo, ze polita. Halako batean, eszena bukolikoan, bigarren alaba agertu da. Ama, alaba zaharragoari (zazpi bat urte izango ditu) gaztelaniaz hasi zaio. Triskantza! Belarriak alde batera utzi eta lotsarik gabe begiratu diot hirukoteari. Ez dago zalantzarik, ama bera da hizketan eta seguru biak bere alabak direla, antz handia daukate-eta. Nola liteke? Alaba bati euskaraz eta besteari gaztelaniaz? Esplikazioa behar du… Eta derrepente aittitta etorri zait gogora, eskuan metroa duela, bilobak sukaldeko paretan neurtzen. Harro asko egiten zuen marka lapitzarekin, bilobak hazten ari zirela ikusita. Aldagelako zurrunbilo (niretzat zurrunbiloa, hirukotea lasai ederrean ari da bi hizkuntzetan) linguistikoari aurkitu diot esplikazioa: amarentzat hizkuntzak zentimetro kontua dira, hainbeste zentimetrora arte euskaraz, eta hortik aurrera gaztelaniaz.
egia ederki jarri duzu Onintza.
Hainbestekorik ez nuen ekulan entzunik. Gisa berekoak, zoritxarrez bai.
“Haurrei guhaurk jaso ez dugun altxorra eman” hori gure kontra ere bihur daiteke.
Euskaraz aritzea tipiekin amultsua da, polita, kandidoa, euskaraz aritzea haur tipi bati amodio dosi bat gehiago ematea dela dirudi.
Baina, noizbait, adin batetik goiti euskaraz aritzeak ametsezko kutsu guziak galtzen ditu.
Hamar urtetik goiti haurrari euskaraz segitzen duenak, haren hizkuntzan komunikatzeko gogoaz gain beste zenbait ideia salatzen ditu nahigabe.
Bide horietatik, umeak ama eskoletan sartu dira saldoan eta bide beretatik bigarren maila erdaldunetara joanen dira laster.
Hazkuntza mugimendu zentrifugoa da. Maitatu hurbilean eta itsu. Ezagutzeko mikroskopioa utzi eta urruntzen goaz erantzuna kontestuak duelakoan. Gurean ere beti euskera merezi izan duena, txakurra (katua eta behiak ere, baina hauekin gutxiago mintzatu izan gara).
Deskonposizio linguistiko-kulturalean beste urrats bat. Eta hori, euskaraz inoiz baino alfabetatu eta jende “kontzientziatu” gehien dugun garaian.
Euskara ekitaldi politiko jainetarako, haur txikiekin berba egiteko eta animaliei aginduak emateko daukagu, eta horiek ere noiz arte?
Ah! Baina halakrik ezin da esan, bestela botila erdi hutsik ikusten duzula beti leporatuko dizu optimista suizida edo lotsagaberen batek.
Udal bilkura betean nago. Zinegotzietatik oso gertu. Gertuen dauzkat zinegotzi abertzaleak, elebidunak guztiak. Urrunxeago zinegotzi españolistak, guztiak elebakarrak, erdaldun hutsak, esan beharrik ez zegoen.
Zinegotzi abertzale elebidunetako batek hartu du hitza. Euskaraz hasi da eta euskaraz bukatu du espitxa. Itzulpenik ez du egin.
Bukatu eta jarraian bere aldameneko zinegotzi abertzale elebidun batekin hizketan hasi da, txutxumutxuka… espainieraz.
Eta aita/bikotekidea? Nola imajinatzen duzu ama hori bere bikotekidearekin, euskaraz ala erdaraz? Nik erdaraz, jo ta su.
Harritzen nau zure harridurak, Onintza. Adibideak bikain islatzen du inguruan maiz ikusten dudan honako eskema orokorrago hau: bikotekide euskaldunari erdaraz egiten dion guraso euskaldunak seme-alabari euskaraz egingo dio umea den bitartean; ume izateari utzi orduko, ordea, kode-aldaketa dator, natural-natural. Eta adin biotako umerik izanez gero, bikoizketa gertatzen da, noski.
Kaixo Martin
Berriz irakurri dut idatzitakoa eta bai, harridura agertzen dut. Nik uste harridura baino belarrietako mina neukala orduan. Gertatzen ari dena sinestu nahi eza.
eskerrik asko zure idatziagatik
Izan ere, nire ez zait hain “ez-ohikoa” egiten (mingarria bai, jakina). Ikastolan, familian bertan… barra-barra.
(Segi bizkor, hondartzan, aldageletan… “antena” jarrita.)
Pena da horrelakorik entzutea,baina errealitate gordina besterik ez da!!
Bestalde honelako guraso askok hezkuntzari errua leporatzen diote haurrak ez direlako behar bezala “euskaldundu”. Edo haurrek ez direlako gogoz euskaraz mintzatzen, gazteleraz baizik.
Atzo bertan taberna batean afaltzen ari nintzela ikusia. Aita bere bi alabekin ere afaltzen ari zen sagardo botila aurrean zuelarik. Txikienak, 5-6 urte izango zituen,(txarra naiz urteak asmatzen, barka) eta zaharragoak 9-10. Txikia euskaraz ari zen, zaharra gazteleraz. Aitak zaharrenarekin ari zen elkarrizketa jarraitu batean, txikiak uzten ziotenean hitz gutxi batzuk esaten zituen euskaraz, afaria kosta zitzaiena adibidez…
Atzo, Bilbotik Santurtzirako metroan nentorrela, aurreko eserlekuetan ama-semeak jesarri ziren. Amak euskaraz egin zien semeei bidaia osoan; seme txikerrenak, bost bat urtekoak, tarteka euskaraz, tarteka erdaraz; 8 bat urteko seme zaharrenak, ostera, erdara hutsean, ez zuen hitz bat bera ere esan euskaraz, eta amak ez zuen hitz bat bera ere esan erdaraz. Eta horrela eman zuten bidaia osoa, lasai-lasai, denak hizkuntza berean aritu balira bezala. Txalogarria, benetan, Portugaleten jaitsi zen ama horren jarrera. Baina nik zer pentsatu, hobeto esanda, zer sentitu ez nekiela eman nuen Santurtzirainoko tartea: goibeldu ala poztu. Eta zure artikulua etorri zitzaidan burura. Zer deritzozu?
Nire 9 urteko alabaren eskolakideen amek euskaraz hitz egiten zieten alabei lehen, orain ordea, erderaz. Alegia, Onintzak dioena gertatzen da. Zergatik? Amak ez dute erraztasun handirik euskaraz, baina nahi izan diete alabei euskara erakutsi. Horrela hasieran hitz gutxi nahikoa zituzten itxuraz, baina jada motz geratzu zaie euskara. Alabek berriz, lehen ez zekiten erderarik, eta orain berriz badakite. Hori bezain sinplea (eta gogorra euskararen kezkationtzat).