Donostian izozkia gaztelaniaz, Antoñanan tortilla euskaraz
Donostiako Bulebarrean “oihan beltza” izozkia eskatu dut, bi eurokoa. Ez daukat zaporeak euskaraz esateko ohiturarik, nire herrian “marrubizkoa”ri “defresa” esaten diogu. Ahalegin txiki bat egin eta “oihan beltza” eskatu dut (izozkien izenak euskaraz eta gaztelaniaz idatzita daude). Saltzaile atzerritarrak ez dit ulertu ez “oihan beltza” ezta “bi euro” ere. Australiar eta frantses adina euskaldun joango da bada kukurutxo bila?
Donostiarren zifrak hauexek dira: herritarren %40,4 euskaldunak, %26,6 ia-euskaldunak eta %33,0 erdaldun elebakarrak.
Antoñana Arabako Kanpezu udalerrian dago. Burgos gertuago dauka Bizkaia eta Gipuzkoa baino. 134 bat biztanleko herriko taberna bakarrera sartu gara. “Agian norbait izango da euskalduna herri honetan, baina seguru tabernariak ez dakiela”. Ez bada! Tortilla egin berria, piper bero eta guzti, euskaraz irentsi dugu.
Nola da… aurreiritziak ahaztu, lehenengo hitza euskaraz…
4 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Donostian izozkia gaztelaniaz, Antoñanan tortilla euskaraz : Aldaba - [...] Donostian izozkia gaztelaniaz, Antoñanan tortilla euskaraz [...]
Lezio ederra. Antoñanako herritarrek badakite, bestalde, herri ondoko zuhaitz urtetsu famatua “El Aguin” dela, eta ez “El Tejo”. Ez da kasualitatea.
Aurreritziak eta geografia. Antoñanak Burgos gertuago? Antoñana Nafarroako mugaren ondo-ondoan dago.
Kaixo Txema
Arrazoi, Lizarrara di-da batean iritsiko ginateke. Uste dut kolpeko hausnarketatxoa egin nuela: “Gune euskaldunenak urruti daude ba? Tokitan daude Gipuzkoa eta Bizkaia!”. Nafarroa erdalduna nuen buruan, inondik ere.
Mila esker komentarioagatik.
Zoritxarreko aipamena, Onintza, aurreritziz betetakoa. Argi dago asmo onez egindakoa dela, baina idazkiak erakusten du batzuk ze urruti zaudeten Euskal Herriko hainbat bazterretatik.
Geografia: behar bada, La Riojatik hurbilago esan nahi zenuen, zeren eta Burgos Gipuzkoa bezain gertu/urruti dago, edo hortxe-hortxe.
Hizkuntza: Nafarroa erdalduna? UPNren gobernuak zona mixtoan onartzen du.
Oker ez banago, Antoñanako haur guztiek D ereduan ikasten dute. Esan al daiteke hori bera gertatzen dela Gipuzkoako herri guztietan? Aipamen bera egingo zenuen Bilboko edozein auzotan gertatu izan balitzaizu?
Euskaldunok egiten dugu inguru euskalduna, ez geografiak.