“Buka dezagun maskulinoan eta femeninoan, bietara, egitearen komedia hau”
Carme Junyent hizkuntzalari katalanaren hitzak dira. Ez dago batere ados emakumeak ikusarazteko, katalanez, gramatika-genero maskulinoa eta femeninoa erabiltzeko joerarekin. Zentzugabea eta barregarria iruditzen zaio. Filologo ospetsuaren ustez, gizartea aldatu behar da, ez hizkuntza.
Vilaweb hedabideak 2013ko elkarrizketen entresaka zintzilikatu du webgunean eta horien artean dago hizkuntzalariari egindako elkarrizketa. Junyentek Visibilitzar o marcar. Repensar el génere en la llengua catalana liburuaren editore lanak eginak zituen elkarrizketa egiterako.
Mugimendu feministaren zati batek hartutako erabakiaz honela dio: “Urte hauetan, mataza korapilatzen joan da, eta horrek mugimendu feminista barregarri uztea ere lortu du, zeren gramatikarekin jolas eginda zentzugabekeriak gertatu dira. Kontua emakumea ikusaraztea zen, ez gramatika ukitzea”.
Kazetariak esan dio mugimendu feministaren asmoa hizkuntzaren bidez emakumea ikusaraztea zela. Hala erantzun du: “Teoria horiek sinestu zituzten eta hemen ezarri nahi izan dituzte, ondorio guztiekin eta gero eta astakeria gehiagorekin. Liburuan agertzen denez, ia-ia onartu zuten lege bat, zeinak ‘personas adolescentes’ eta ‘personas niños’ onartzen zuen. Asmoarekin ados egon naiteke, baina honek ez du inolako zentzurik! Agian nire arazoa hizkuntzalaria izatea izango da”.
Kazetariak Albert Pla Nualart hizkuntzalariaren iritzia gogorarazi dio, alegia, gramatika-genero maskulinoak ez markatua esan nahi izatea eta gramatika-genero femeninoa markatua izatea, hizkuntzan kultura patriarkalak izan duen isla dela. Junyenten erantzuna irmoa da: “Inondik ere ez”, bere iritziz gramatika-genero maskulinoan denok sartzen gara. Nola ikusarazi orduan emakumea? “Emakumeak izan behar du. Eta hor baldin badago, denok ikusiko dugu. Gizarteak aldatu behar du, eta hizkuntzak segituko dio aldaketari, baldin eta aldatu behar badu. (…) Baina norbaitek eman diezadala adibide bat non hizkuntza aldatuta gizartea aldatu den”.
Elkarrizketatuak dioenez, katalanak, gaztelaniak eta orain galizierak hartu dute jarrera hau, gainerako hizkuntza erromanikoek ez dute bide hori jarraitu, hala nola, portugesak, italierak eta errumanierak. Bere ustez, gauzak zeuden bezala utzi behar dira, sen onari jarraitu behar zaio. Eta ondoren, kritika zorrotza mugimendu feministari: “Ez dezatela emakumeen aldekoa dela argudiatu, mesedez, utz gaitzatela lasai. Beste gauza batzuk egin ditzaten behar dugu. Ez da beharrezkoa esatea, egiteak balio digu”.
Gai eztabaidatua da honakoa, denetariko iritziak daude. Euskara ezin da katalanarekin alderatu, baina gure hizkuntzan ere gramatika-generoaz badago hitz egiterik. Gogoeta egiteko Emakundek 2008an argitaratutako (Amelia Barquínen zuzendaritzapean) Euskararen erabilera ez sexista gidaliburua gomendatu ohi dut. Hortaz gain, Amelia Barquínek Euskara queeragoa da gaztelania baino? posta idatzi berri du bere blogean.
Nola genero femeninoa markatua izatea ez dela “patriarkalismo”aren isla, eta nola hizkuntza aldakektek ez dutela gizartea aldatzen? Zer da hizkuntza ba, ez al da gizartearen osagarri bat? Sexurik gabeko aigeruen dohaia al da? Eta zergatik izan behar da gramatika ikutuezina? Ez nago ados maskulino eta femeninoan idaztearekin, ez eta epizeno bortxatuak erabiltzearekin, baina bestelako aukerarik bilatu gabe maskulino orokortzat erabiltzen jarraitzea ere ez zait bidezkoa iruditzen. Literaturak irakatsi digu gramatikarekin jolas daitekeela komunikagarritasuna galdu gabe. Ziur naiz forma ez-markatu bezala aleatorioki maskulino zein femeninoa erabiliko bagenitu, berdin berdin ulertuko genukela (dagoeneko gazteleraz egiten dugu, taldean gehienok emakumeak garenean “nosotras” erabiltzen dugunean – ala ezin dut esan “gehienok emakumeak garenean” emakume ez naizelako?). Edozelan, Carmen Junyenten hitzetan gehien sumindu nauena “feminista” hitza erabiltzeko modua izan da. Hori eta hizkuntzaz arduratu beharrean “beste gauza batzuk egin dezaten” eskatzea, besterik egiten ez dutelakoan edo.
Alde batetik uste dut argudio batzuk kontuan hartzekoak direla: hizkuntzaren gramatika (hizkuntzaren hezurdura) aldatzea askok ez dute jotzen posibletzat edo errealistatzat; hizkuntzalariek esaten dute hizkuntzaren morfosintaxia ez dela horrela aldatzen. Lexikoa edo edukiak, berriz, beste kontu bat dira, hor aldaketa oso posible eta gomendagarria da. Bestalde, italieraz edo frantsesez edo… maskulino generikoaren kontrako diskurtsoa zabaldu ez izanak zer pentsatu ematen du. Ingelesean sortu zen hausnaketa hori (his/her), baina beste egitura bat daukan hizkuntza bati duplikazioaren estrategia transferitzea problematikoa suertatzen ari da, hitz askori eragiten diolako gaztelaniaz. Beste argudio batzuk ere interesagarriak iruditu zaizkit.
Beste kontu bat tonua da, eta Francisco Javier Ruiz de Arcauteri bezala, niri ere ez zait gustatu. Feministei buruz hitz egiten du distantziatik, bera feminista ez balitz bezala. Aipatutako liburuan “editor” jartzen du bere izenaren ondoan, eta ez “editora”. Niretzat hori alferrikako probokazioa da, roilo txarra. Batzuek ez dute, horregatik, bere hausnarketa kontuan hartuko. Ez da eztabaidara gonbidatzeko modurik.
Elkarrizketa horretan ikusten da berriro ere ze zaila den maskulino generikoaren gaia modu onean tratatzea, alegia, argudioen bidez nagusiki. Junyent ere ez da gauza hori egiteko, zoritxarrez.
Izan ere, C. Junyent Euskal Herrian ezaguna da, Katalunian bizi diren etorkinen inguruan oso gauza interesgarriak esan dituelako. Behin baino gehiagotan ibili da hemen hitzaldiak ematen. Jarrera irekia eta konprometitua dauka eta nik uste dut bere azalpenek lagundu digutela diskurtso positibo bat garatzen kezka batzuen inguruan (etorkinak eta katalana/euskara, adibidez).