“Ez dut eskolan galtzak janzteko baimena eskatuko, eskubidea daukat”
Sinak 8 urte ditu eta amari esan dio eskolari ez diola baimenik eskatuko gona beharrean galtzak janzteko: “Ama, gogoratzen zara zure amamak aititari etxetik ateratzeko baimena eskatu behar zion garaiaz?”.
Kanariar Uharteetan bizi da Sina neskatoa eta bere ikaskide batekin batera ikastetxean uniformearen galtzak janzten dituzten neska bakarrak dira. Ez dute inolako arazorik izan galtzak jantzita ibiltzeko, ez dira kexatu ez ikaskideak, ez gurasoak ezta gainerako ikas komunitatea ere.
Alabaina, ikastetxeko araudian jartzen du mutilek uniformearen galtzak jantziko dituztela eta neskek gona. Sinaren ama Inés Herreros da, Betaurreko Lilak Bortizkeria Matxisten aurkako elkarteko presidentea eta legelaria. Ontzat hartu du ikastetxearen jarrera, baina ez du uste aukera berdintasuna lantzeko modu egokia denik: “Aukera askea tranpa da, zeren mezua da: nahiz eta normala gona eramatea den galtzak ipini ditzakezue nahi baduzue. Baina zuk uste duzu 8 urteko neskak dagoenarekin hausteko erabakia bizkar gainean eraman dezakeela?”. Uniformean aukera izan arren, ia neska denek gona janzten dute, eta mutilek galtzak.
Betaurreko Lilak Bortizkeria Matxisten aurkako elkarteak eta beste hogei bat elkartek manifestua sinatu dute eta neskek jolas lasai egin ahal izateko moduko arropa aldarrikatu dute.
El Diario agerkariak elkarrizketa egin dio Inés Herreros Sinaren amari. Ondoko lerroetan ia elkarrizketa guztia euskarara ekarrita duzue.
Nola esan zizun Sinak gona kendu nahi zuela?
Ostiral batez, saskibaloi partidura kotxez gindoazen eta esan zidan erabakia hartu zuela, eta gainera, beste lagun batekin hitz egin zuela eta biek egingo zutela. Lehenengo galdetu zidan ea nik baimena emango nion. Baietz esan nion, nahiz eta ohartarazi nuen ez zela batere erraza izango, pentsatu egin behar zuela. Berak oso garbi zeukan: mutilen aukera berdintasuna izateko eskubidea baliatu nahi zuen, eta gainera, ez zezala eragin beregan soilik, baizik eta gainerako neskek, nahi bazuten, pausoa emateko aukera izan zezatela.
Zuk zer esan zenion?
Nik babesa erakutsi nion hasieratik, baina aditzera eman nion, ondo iruditzen bazitzaion, ikastetxean baimena eska genezakeela. Biribil esan zidan ezetz: “Ama, gogoratzen zara zure amamak aititari etxetik ateratzeko baimena eskatu behar zion garaiaz? Nik ez dut baimenik eskatuko zeren uste dut eskubidea daukadala”. Erantzun hori entzunda, bidean lagundu baino ezin nion egin, errespetuz hartu bere erabakia, eta batik bat, gezurrik ez esan, esan nion ez zela batere erraza izango.
Menchuren, beste umearen, ama eta biok elkartu ginen, oso urduri baikeunden. Ez zen arriskurik gabeko haustura. Kontuan hartu behar da zortzi urte dituztela. Egoera horretan, onena tresnak ematea izango zela pentsatu genuen: gerta zitezkeen gauza guztiak errepasatu genituen, beraiek aurreikus zitzaten. Berdintasunerako bide orok gatazka eragiten du.
Ikastetxean nola hartu zuten?
Ez zen arazorik egon, erantzuna ona izan zen eta familietan eztabaida sortu zuen. Ikaskide neska eta mutilek oso ondo hartu zuten erabakia, baina askotan azaldu behar izan zuen. Asko galdetzen zioten eta Sinak helarazi zidan bere ikasgelako neskek uste zutela eskola gona jantzi behar zuten toki bat zela.
Betaurreko Lilak elkarteak ontzat hartu zuen ikastetxeak nesken eskubidea kontuan hartu izana eta dena modu hezitzailean bideratu izana. Era berean ordea, harrituta geratu ginen ikasturte bukaeran ematen diguten txostenean, hurrengo ikasturterako araudian irakurri genuenean urtero bezala nesken uniformeak gona zuela eta mutilenak galtzak. Sina eta Menchu dira araua betetzen ez duten neska bakarrak.
Eskolako uniformearen gaia ez dute erabili sexuaren araberako diskriminazioari buruz eztabaidatzeko. Zergatik?
Meloia ez da ireki, izan ere, femeninoaren eta maskulinoaren zama gainean izaten segitzen dugu. Sinaren eskolan ama askok zoriondu gaitu, baina horrelakoak ere entzun ditugu: “Izan ere, neskak gonarekin panpoxak daude, galtzek bestelako pintzaren batzuk balituzte gauzak aldatuko lirateke”. Zer zama den edertasuna, xalotasuna. Feminitatea berdintasunaren gainetik dago. Gure alabei zoriontsu izan baino lehen ederrak izaten irakasten ari gara, eta hain sakon dago gure gorputzetan eta buruetan sustraituta, zaila izango da konkistatzea.
Elkarteak egindako manifestuan uniformea arropa mota bakarra izatea eskatzen duzue, eta ez haurrek aukeratzea gona ala galtzak. Zergatik?
Eroso jolas egingo duten neskak eta mutilak nahi ditugu eta arropak ahalik eta gutxien desberdindu ditzatela. Umeek elkarren artean harreman berdinzaleagoak izaten ikasten dute baldin eta gero eta tresna gutxiago baldin badituzte gogorarazten dietenak gizartea haiek desberdintzen saiatzen ari dela.
Parkera doazenean neskek zein arropa janzten duten pentsatu besterik ez dago. Zenbat neskek aukeratzen dute lagun mutikoaren urtebetetze festara gonarekin joatea? Aukera askea tranpa da, zeren mezua da: nahiz eta normala gona eramatea den galtzak ipini ditzakezue nahi baduzue. Baina zuk uste duzu 9 urteko neskak, edo 6 edo 5 urtekoak, dagoenarekin hausteko erabakia bizkar gainean eraman dezakeela? Erokeria da. Tesi hori uniformea aukeran duten ikastetxeei begiratua botata froga daiteke. Gehienek gona daramate.
Kanariar Uharteetan, neskek kuleroen gainetik prakatxo beltz bat eramaten dute. Gehienek janzten dute, jolas egin dezaketelako. Askorentzat deserosoa da, baina jantzi egiten dute, zeren neskei, baita mutilei ere, arauak jarraitzea asko gustatzen zaie. Helduek esaten diegu arauak betetzen badituzte hobeak direla. Nire alabari eta bere lagunari araua betetzea gustatuko litzaieke, baina araua berdinzalea eta konstituzionala izatea nahi dute.
Uniformea sexuaren arabera desberdina izateak nola eragiten du genero roletan?
Gonaren atzean sinbolo bat baino askoz gehiago dago. Gonak gure neskak nolakoak izatea nahi dugun ikusarazten eta erreproduzitzen du: xaloak, ongi heziak, ederrak, lasaiak, hankak itxita… Mutilak berriz, indartsuak, liderrak, ausartak… izateko hezten ditugu. Eraiketa eta etiketa horiek eskola guztietan ikusten dira. Jolas-orduetako espazioaren banaketa ikusi besterik ez dago. Gizartearen erreprodukzioa eskalan egina da. Gizartean erdigune publikora sarrera itxia du emakumeak.
Elkartean jende guztiak ulertzen duen adibide bat jartzea asko gustatzen zaigu: Norbaitek ulertuko luke eskolan arraza zuriko umeak koadrozko galtzak janztera derrigortuko bagenitu eta arraza beltzekoak borobildun galtzak? Basakeria litzateke ezta? Orduan, zergatik onartzen dugu sexu diferentziagatik halako bereizketa?
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks