Ipar Irlandan gaelikoa bultzatzeko baino poloniera sustatzeko plana?
Lehen ministroak kanpainan esan du Alderdi Demokratiko Unionistak ez duela inoiz gaelikoaren aldeko planik onartuko.
Arlene Foster unionistak halako adierazpenak egin ditu hauteskunde kanpaina betean. Bere alderdikoen aurrean egindako hitzaldian esan du gaelikoaren aldeko legea onartu eta hizkuntza hori sustatzeko plana egiteak baino zentzu gehiago duela poloniera sustatzeko plana egiteak, Ipar Irlandan poloniera hiztunak gehiago direlako gaeliko hiztunak baino.
Sinn Féin alderdiak hizkuntza bultzatzeko egindako eskaeren aurrean zer egingo duen galdetuta, polemika sortu duen adierazpena egin du lehen ministroak: “Krokodiloari jaten ematen badiozu, berriz etorriko zaizu”. Sinn Féineko buru berriak, Michelle O’Neillek, erantzun dio haren alderdiak ez duela interesik ezkortasunean, eta Gerry Adamsek, irribartsu, kazetariak aurrean zituela ondoko mezua luzatu zion Fosterri: “Gero arte, kaimana!”. Krokodiloaren adierazpenak gaelikoaren aldeko herritarrak haserretu ditu eta krokodiloz jantzita elkarretaratzeak egin dituzte.
Kanpainako hitzak hitz, gaelikoaren egoera oso larria da Ipar Irlandan, eta hizkuntza biziberritzeko zutabe garrantzitsuenetako baten faltan, alegia, aldeko legeen faltan, oso zaila du aurrera egitea.
Hona Ipar Irlandan gaelikoak duen egoeraren datu batzuk, 2011ko galdeketa baten ondorioz ateratakoak:
%1,2k dio poloniera duela hizkuntza nagusia, eta %0,24k gaelikoa.
Lehen lau hizkuntzen zerrenda honela da: ingelesa (%96,86); poloniera (%1,2); lituaniera (%0,36) eta gaelikoa (%0,24).
%3,74k irakurtzeko, idazteko, hitz egiteko edo ulertzeko gaitasuna du.
%10,65ek gaelikoz zerbait daki.
Hala da, poloniarren emigrazioa neurri batean oso handia izan da Polonia Europar Batasunari atxikitu zitzaionetik. Berez esaten ohi da (egia ez den arren), bezainbeste poloniar bizi dela Poloniatik kanpo eta herrialdearen mugen barruan.
Azken hamarkadetan Poloniako herritar kopuru garrantzitsu batek, bi milioi baino gehiago inguru, nagusiki Erresuma Batura, Alemaniara eta Irlandara emigratu du lan aukera hobearen bila. Eta horren eraginez, gaur egun, poloniera gehien mintzatutako bigarren hizkuntza da Erresuma Batuan ingelesaren ondoren.
Amerikako Estatu Batuetan ere aspaldidanikoa da poloniarren presentzia. Poloniarrak errotu diren zonalde nagusia Chicagoko metropoliaren ingurua da eta Norwood Park, Jefferson Park eta Avondale bezalako auzoetan, poloniera da nagusi ingelesarekin batera. Oro har, poloniera da hirugarren gehien mintzatutako hizkuntza Chicagon inguruan ingelesa eta espainieraren ondoren.