Ez ote dut ulertu Euskaraldia?
Pello Jauregi belarriprest izango dela irakurri dut Berria-n eta seko harritu naiz. Egun batzuetara, egunkari berari esker, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria ere belarriprest izango dela jakin dut. Dirudienez, ez dut Euskaraldia zer den ulertu.
Euskaraldiaren azken txanpan sartu baino dezente lehenago ezagun bati esan nion ahobizi izango nintzela. Ez nuen zalantzarik hark ere gauza bera esango zuela. Ez, ordea: “Nik oraindik ez dut erabaki. Ahobizi banaiz euskarari eutsi beharko diot… belarriprest erosoagoa da”. Berak harro esaten zidan beti euskaraz egiten zuela eta temati gainera. Bada, halako hiztun ahaldundua bi txapen artean paparrean zein jarri pentsatzen ari zen. Badakit norberak aukeratu behar duela rola, baina nik lasai asko esan nion berak ahobizi behar zuela izan, ez zegoela beste aukerarik. Handik aste batzuetara etorri zitzaidan esanez baietz, hura ahobizi izango zela, inolako zalantzarik gabe.
A ze sorpresa joan den astekoa. Pello Jauregi Eusle metodologiarekin urtetan aritu denak eta Lasarte-Orian asmatu zituzten belarriprest eta ahobizi egitasmoaren emaitzak neurtu zituen EHUko irakasleak belarriprest izango zela zioen. Hasieran, kazetariaren hanka-sartzea izango zela pentsatu nuen, baina ikusita eskarmentu handiko kazetariaren elkarrizketa zela akatsaren aukera erori zitzaidan. Hala dio kazetariak sarreran: “Dioenez bere burua ez du prest ikusten toki guztietan lehen hitza euskaraz egiteko eta euskarari eusteko. Hala egingo du maiz, baina ez duenez beti egingo, belarriprest txaparekin ibiliko da. Hori aldarrikatu du: hobe dela belarriprest txaparekin ahobizien jokabideak hartzea, eta ez alderantziz”. Denok ari gara horrelako kasuak ikusten. Ahobizi txapa hartuko duela jakin eta “horrek ahobizi txapa? Ba ote daki zertara doan?”. Eta ziurrenik askok ez lukete ahobizi izan behar (batzuk txapa errazegi ez ote diren ari hartzen) , ezta belarriprest ere. Batzuek agian ez lukete parte hartu behar Euskaraldian. Hori da gauza bat eta beste bat Pello Jauregi batek esatea ez dela ahobizi izango, ez duelako uste beti euskarari eusteko prest egongo denik. Ni ahobizi izango naiz eta ez dakit beti-beti eutsiko diodan euskarari. Hala ez badut egiten ez naiz apaizarengana konfesatzera joango, eta ez ditut espero kale kantoian nire bekatua entzun eta harrika hasiko direnak.
Bingen Zupiriak ildo beretik hitz egin du egunkari berean: “Bizi naizen inguruan ez da batere erraza euskaraz hitz egitea; etxean bai, baina hortik kanpo, Bilbon bizi naizen auzoan oso zaila da. Haur eta gazteekin beti naiz ahobizi. Belarripresten ariketa egin nahi dut; euskara gehiago entzun, eta gonbidapen modura erabili nahi dut, gaitasuna duen edozeinek euskaraz egin diezadan. Belarriprest aktiboa izango naiz: hitz egitean, lehen pausoa ematean, euskaraz egingo dut”.
Bateren batek esan dit zuri eta beltzaren artean aukeratzen ari naizela, baina nik hala pentsatzen dut: edo bagara edo ez gara. Euskaraz bizi nahi dugunon eta euskaraz egiteko arazorik ez dugunon rola ahobizia da. Rol horrek ahalduntzen lagunduko digula uste dut, sinesten dut. Belarriprest, (profil horretako hiztunentzat) atzerapausoa da.
Eta ahaztu zait esatea, Pello Jauregiren azalpenek (ETB1eko “Ahoz aho” saioan ere aritu baita) eragina izan dute. Asteburuan lagun batek esan dit oraindik izenik ez duela eman, baina esan diotela aurreko batean gizon batek telebistan esan zuela ez ote den hobe belarriprest izatea. Nire lagunak euskaraz bizi nahi du, kontzientzia dauka, UEMAko herri batean bizi da. Nire laguna belarriprest?
10 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Ni belarriprest? Ez ote dut ulertu euskaraldia? • ZUZEU - […] Euskaraldia ate joka dugun honetan, gero eta beroago dugu giroa. «Ni, belarriprest» aldarrikatu du Alberto Barandiaranek Euskalerria Irratian; eta…
Guztiz bat. Kanpainaren bultzatzaile zenbaitengan badago kutsu erlijioso nabaria, ez dakit kalbinismoarekin edo jesuitismoarekin lotu beharrekoa, baina badago…eta ez dut gustuko!
Erabat ados zurekin. Nik ez dut nire burua zigiortzeko batere asmorik ez badut helburua betetzea lortzen. Ez naiz joango konfesatzera. Eta, mesedez, ez nazala inork epaitu. Nork bere buruari begiratu behar dio, eta ez besteek egiten dutenari. Nik horrela ulertu dut Euskaraldia. Beldurrez eta lotsatuta ibili behar badugu ez garelako benetako “ahobiziak” edo “belarriprestak” izan, edota “hipokritak” deitu behar badigute, aizu, ez dut parte hartuko. Nahiko gogorra da berez bizitza, eta ez dut jipoi extrarik hartu nahi.
Nik ahobizi txapa hartu dut…
Ez nator bat artikuluarekin.
Euskalduna naiz. Nere ama hizkuntza euskara da eta nire inguruan, zorionez, euskara da nagusi. Egun askotan, oheratzean, egun guztian zehar gaztelerara jo beharrik ez dudala izan ohartzen naiz. Zorionekoa ni!
Baina nire kasua ez da beste askorenaren berdina. Badut lagun bat nire moduan, euskalduna dena. Sehaskatik hasita euskaraz bizi izan dena. Baina zer eta bikotekide erdalduna du. Asko ulertzen du euskara eta hitz egin ere, bere seme alabei euskaraz hitz egiten die. Ez ordea bere bikotekideari.
Hori dela eta, hausnartu ondoren, nire lagunak Belarriprest izateko hautua egin du. Beragan baino gehiago, bere bikotekidearengan eragin dezan. Euskaraldia beraien arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko bitarteko bihurtzeko saiakera egin nahi dute. Hori baino ederragorik?
Ez dakigu zein den Pello Jauregi eta Bingen Zupiriaren eguneroko errealitatea. Beraiek jakingo dute. Zein gara gu egin duten hautua epaitzeko?
Hasteko, argi dut Euskaraldian zein rol hautatu norberaren erabakia dela eta errespetatu beharra dagoela. Bina ez dut ulertzen zure lagunaren jarrera, ez dut ikusten zein arazo duen Ahobizi izateko. Zure lagunaren egoera berean nago: euskara ama hizkuntza, ikasketetakoa, lanekoa, seme-alabekin erabiltzen dudana, lagun askorekin… Baina bikotekide erdalduna dut. Ni Ahobizi izango naiz eta bera Belarriprest, eta hasi gara, Euskaraldia baino lehen ere, poliki-poliko, gure hizkuntza ohiturak aldatzen: umeekin gaudenean eta eguneroko gauza “errazez” hitz egitean denok (neuk, seme-alabek) euskaraz egiten diogu orain, edo ahalegintzem gara, behintzat. Ez dugula lortuko beti hala izatea? Ados. Euskaradian ahalegin berezia egingo dugula? Jakina. Baina, nire ustez, txapa ez da inor lotsarazteko edo inori kontu eske hasteko tresna, norberak zein hizkuntza gaitasun eta ohitura duen eta nola alda ditzakeen hausnartzeko baliabidea baizik.
Eskerrik asko Onintza. Erabat ados. Esperimentu linguistikoa bultzatu eta azken unean pauso bat atzera ematen duten ordezkari politikoak ez dira fidatzekoak. Eutsiko diogu hizkuntzari, beraiek ez badute gogorik!
Nik ahobizi aukeratu dot. Baina orain penatan nago. Nere ahoa ohituta dago lehen hitza euskaraz esateko. Eta Euskeraz ulertzen dutenei Euskeraz egiteko. Arazoa belarriek daukate. Nere belarriak prest egon arren, sarritan erderia entzun bihar izaten dabelako. Eta nik, neri Euskeraz egitea nahi dut. Horregaitik belarriprest rola aukeratu beharko nukela iruditzen jata. Ingurukoei adierazteko ni prest nagola euskaraz entzuteko (parkatu idazteko era trakets hau.)
Ni ados Mirariren iritziarekin. Ez da ezagutza ariketa bat, erabilera ariketa baizik; eta, norberak badaki ahobizik eskatzen duen rolla betetzeko modua ikusten duen bere burua ala ez. Hala ez bada, nik egokiago ikusten du belarriprest izatea. Guztiok belarriprest bagina, arazo gutxiagorekin biziko ginateko ahobiziok.
Zenabt urte zenbat indar eta azkenean berdinera? Konfrontazioa beharrezkoa, kalean lagun artean eta edonun hizkuntza bizirik nahi badugu gatazkak pairatu beharra ditugu. Horixe da ahalduntzea gatazkarako prest egotea. Batzuk ordea nahiago errezera jo. BETIKO LELOA
Nire ustez kanpainaren bultzatzaile batzuek lasai eta eroso bizi gura dabe eta horregaitik belarriprest izango dira. Bilbon bizi garanok badakigu zer dan lehen hitza euskeraz esatea: aurpegi desatseginak, ez entzutearena egin eta abar. Beharrean beti dago nonor, nahiz eta euskeraz nahiko aitzuten dau, prest galdetzeko noiz arte euskeraz egingo dozun. Eta leku batzuetan apur bat ausarta izan behar da egun on esateko. Gainera entzun behar dozu bere gizonak edo semeak euskeraz titulua behar daula lanpostu bat lortzeko, eta hori negozio besterik ez dala, hemen bi hizkuntzak dagozala eta Bilbon jende gitxik euskeraz egiten daula, ia ia danak erderaz egiten dabela, horregaitik zertarako euskeraz? Agian Euskaraldian lagun barriak egingo dogu baina arerio batzuk be bai. Baina esan behar dot Euskararen kate hautsiak-Hizkuntza zapalkuntzaren Memoria liburuan agertzen direnek hori bai euskeragaitik asko egin ebela Eta horrek indarra emoten deutsu hurrengo egunean barriro lehen hitza euskeraz esateko.