Madalen Ibañez (Gipuzkoako Senideak): “Birusak jo ez dituen egoiliarrak ‘hil’ egin dira bi hilabetez gelan bakartuta egonda”
Madalen Ibañez Gónzalez Donostiako Gros auzoan bizi da eta 72 urte ditu. Bere amak 94 urte dauzka eta Altza auzoan DomusVi multinazionalak daukan Berra egoitzan bizi da, COVID-19ak Gipuzkoan gogorren jo duen egoitzetako batean. Egunero egoitzako berrien zain, asterik okerrenetan, egunero ama “hiltzea” pairatu zuen Ibañezek. Martxoaren 12tik ama bi aldiz ikusi du. Behin egoitzako burdin hesiaren bestaldetik, 300 metrora, eta beste behin, Gurutze Gorrian, erorikoa izan eta gero. Diputazioaren entzuteko gaitasunak nekatuta dauka: “Jatorrak dira, baina ez dugu ezertan aurreratzen”.
Ibañez Gipuzkoako Senideak elkarteko kidea da. Hamabost bat lagun dira elkarteko lanean aritzen direnak eta berak dio euro bat bera ere ez dutela, haien helduleku bakarra hedabideak direla. Egoitzak kudeatzen dituzten enpresak desagertuta daudela dio, eta errentagarritasuna baino ez dutela helburu.
Ez dauzka oparitzeko egoitzetako langileak. Gogorarazi du ia 150 eguneko greban zeudela pandemia hasi zenean. Iritsi ezinik ibiltzen direla eta lan baldintza kaskarrak dituztela salatu du. Hala dio: “Greba eten eta inolako babesik gabe, larru bizirik, ekin zioten lanari. Gurean 38 behintzat kutsatu ziren. Ordezkoek ez dakit nondik atera zuten adorea sute hartan sartzeko”.
Lehen pertsonan kontatu digu amaren egoitzako ateak itxi zituztenetik bizi izan duena, baita desberdintasun batzuk gora-behera, orokorrean, senideek jasan behar izan dutena ere.
Zergatik bakartuta?
Adierazteko gai diren egoiliarrak telefonoz baino ez dira komunikatzen senideekin eta bizi duten abandonu ikaragarria da kontatzeko daukatena. Gutxi batzuk gai dira ulertzeko gripe gogor moduko bat dagoela kanpoan, baina ez dute ulertzen zergatik maite dituztenek ahaztu dituzten, zergatik ez dituzten etxekideak ikusten, zergatik ezin duten elkarrekin marraztu, irakurri, telebista ikusi, gimnasia egin eta abestu. Mezarik ere ez dute eta haietako askok preziatzen dute. Baina batik bat, ez dute ulertu zergatik ez diren gelatik atera bi hilabetez egunean 24 orduz. Suhiltzaileak desinfektatzen aritzeko baino ez dituzte atera gelatik.
Futbolariek eta atletek badiote izugarria dela bi hilabete geldirik egotea, pentsa zer den 94 urteko batentzat. Itxialdia pixka bat arindu eta nire amak egin duen lehenengo gauza erortzea izan da.
Gela txikian
Amaren gela ezagutu nuenean pentsatu nuen: a ze horrorea! Nahiko txikia da, 9 metro karratu izango ditu. Bi ohe, gau-mahai eta sofa bana, eta mahai baxu txiki bat. Egoiliarrek egoitza bizitza egin dezaten diseinatuta omen daude gelak, lo baino egin ez dezaten gelan. Irizpide ona iruditzen zait, baina orain espazio horretan daude, bakarrik edo gehienez ere ondokoarekin, bertan jaten dute.
Hildakoak eta bizirik “hilda” geratu direnak
Birusak erasan ez dien zorionekoak “hil” egin dira bi hilabetez gelan bakartuta egonda. 15 urteko batentzat bi hilabete ez da ezer, baina 90 urteko batentzat bizirik gelditzen zaion denboraren erdia da. Faktura fisikoa eta kognitiboa ikaragarria da: depresioak, erorketak, dementziak, anemiak, txizako infekzioak, idorreria… eta hiltzeko gogoa. Madalenatxo bat eraman bisitan eta asteburuko poza izan daiteke haientzat. Hori ere ez dute izan. Telefonoz hitz egiten dudanean, amak gauza bakarra esaten dit: hil nahi duela. Erorikoa izan du, deprimituta dago eta galdetzen du hemen zer gertatu den. Berak badaki gaitz oso infekziosoa dagoela kanpoan, baina egoera erreala ez du ezagutzen.
COVID-19ak kutsatutakoek ez dute sekula pairatutakoa adierazten asmatuko. Gehienek gaitza egoitzan jasan dute, isolatuta. Ez dute ospitaleko zaintzarik izan, inondik ere ospitalera eramatea saihestu baita. Nik uste dut ospitaleak eta Gurutze Gorria leporaino zeudela eta horregatik ahal duten guztia egin dutela egoitzetakoak ez eramateko, “moldatu zaitezte ahal duzuen bezala” moduko bat. Ospitaletik eta Gurutze Gorritik itzuli direnak fisikoki ez ezagutzeko moduan daudela esan digute.
Birusa gainditu ez dutenek bakardadea beraiekin eraman dute eta guri ere hutsune galanta utzi digute. Inola ere uste ez genuela utzi gaituzte. Ezagutzen genituen eta hara joaten garenean jada ez dira egongo.
Gaitzak senidea noiz harrapatuko zain
Egoiliar batzuek ez daukate seniderik, ez daukate bisitarik, eta ni ama bisitatzera joaten naizenean beste zazpi pertsona agurtzen ditut eta haiekin ere banago. Ekipo bat osatzen dugu.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, pandemia hasi zenean, senidea etxera eramateko aukera eman zigun. Diputazioaz kanpoko zerbitzu medikuek ohartarazi gintuzten kontuz ibiltzeko, zeren etxean zaintza sanitariorik ez genuen izango. Gurpildun aulkirik ere ez etxerako. Gainera, egoiliarrak zaintzen ditugun asko arrisku taldekoak gara, 65 urtetik gorakoak. Nik 72 urte ditut eta senarrak 76. Etxera eramandako bi adibide jarriko dizkizut. Emakume bat izututa joan zen etxera, uste zuelako hiltzera zeramatela. Beste batek dementzia zuen eta non zegoen ez zekiela geratu zen, lorik egin ezinik, estres ikaragarria zuela.
Birusak tunel ilunean irentsi gintuen senideok. Ez genekien zer egin, sufritu, besterik ez, eta egoitzatik telefonoz esaten zigutena sinetsi. Nire amaren egoitzan 140 ziren eta 26 hil dira. 38 langile kutsatu dira. Ez dakit nola deskribatu egoera, egunero nire amaren heriotza bizi nuen. Kutsatuak zeuden egoitzetako senideak inpotentziaz beteta sufritzen ari ginen eta “garbi” zeuden egoitzetako senideak gaitza noiz azalduko beldurrez bizi ziren.
Bere burua zoriontzen duen Diputazioa
Nik sutea irudikatzen nuen, edo itotzen ari zen norbait, kanpotik ikusten duzu, lagundu nahi duzu, baina ez dakizu zer egin. Gainera, inguruak eusten dizu tragedia areagotu ez dadin.
Egia da, denok harrapatu gaitu zezenak, baina Diputazioarekin bilera bat bestearen atzetik izaten ditugu, batzar nagusietan egonak gara. Entzuten gaituzte, jatorrak dira, baina ez dugu ezertan aurreratzen. Daukagun ahots bakarra zuena da, hedabideona. Erantzunak aurkitzeko gaitasun falta onartu eta barkamena eskatu beharrean, Diputazioak gauza bakarra egiten du: egiten duen lan onagatik bere burua zoriondu. Esaten digute beti protestan ari garela, alegia, negatiboak garela eta ez dugula kontuan hartzen Diputazioa egiten ari den ahalegina.
Diputazioaz gain, guzti honetako beste elementuetako bat patronala da. Desagertuta dago. Enpresak, gehienetan, funts putreak dira. Lanpostu bat gutxiago, pixoihal bat edo jogurt bat gutxiago, hobe. Horrela jokatuta errentagarritasun handiagoa ateratzen dute. Dinamika horretan gabiltza. Diputazioak aukeratzen ditu enpresak lehiaketa bidez.
Emakumeak dira langileak, egoiliarrak eta senideak
Guzti honen atzean kontu ekonomikoa dago, jakina, baina ez daukat zalantzarik emakumeei errespetu falta ere badagoela. Egoiliarren gehiengoa emakumeak dira, langileak berdin, asko migratzaileak, lan baldintza txarrak dauzkate eta soldata oso baxuak. Bisitan doazen senideak ere emakumeak dira. Nik gaztelaniaz ‘familiaras’ eta ‘parientas’ deitzen diet. Nire ustez, izan dugun heziketaren ondorioa da: otzantasuna, eroapena… Hau da, kontuak aurrera jarraitzen du, emakumeok kexatu gabe.
Mugikorretik amarekin hizketan
Diputazioak esan zigun Ipadak bidaliko zituztela egoiliarrekin komunikatzeko. Oraindik ez dugu halakorik ikusi. Ez dugu elkar ondo ikusten, ez da gauza bera ordenagailuaren edo Ipadaren pantailan ikusi ala smartphone baten pantailan. Langileak asko saiatzen dira guk deiak egin ditzagun. Nire amari ez zaio asko gustatzen telefonoz aritzea, zeren atzerapenez iristen zaio ahotsa.
Esandakoa sinetsi behar
Zuzendariarekin hitz egin izan dut. Kexak egin ditut eta erantzun zehatzak ematen zizkidan. Babes traje faltagatik kexatu banaiz esan dit: “Ez dauzkagu, baina laster iritsiko zaizkigu”. Bitartean egoiliarrak kutsatzen ari ziren, eta hiltzen. Nik badakit ahal dutena egin dutela.
Egunero txostena bidali digute: hildakoak, ospitalera eta Gurutze Gorrira eramandakoak. Ikusi dugu, denbora pasa ahala, ospitalera eraman dituztela egoitzakoak, eta horrek erakutsi digu ospitalera azkena eraman dituztenak izan direla. Hildakoekin kexak izan dira, zeren adibidez gertatu da gaur esatea zure senidea oso ondo dagoela, sukar pixka bat baino ez daukala, eta hurrengo egunean deitu dizute esateko hil dela. Zuzendariak esan zidan hunkituta zeudela, zeren egun batean ondo zeudenak 24 orduan hil zitezkeen. Kanpotik sinetsiko dugu? Iloba batzuek esan zieten langileei bideo-deian osaba zurbil ikusi zutela eta erantzun zieten, ezetz, ondo zegoela, siestatik jaiki berria zela. Hurrengo egunean ospitaleratu zuten. Iloben kexagatik eraman zuten azkar ospitalera? Ez dakit. Ez zeukan birusik, geldirik zegoelako zauriak zeuzkan. Geldirik dauden pertsonei ohean buelta ematen dietela, ohez aldatzen dituztela esaten dute. Egia da? Egiten dute? Ez dakit.
Hasi dira ateratzen
Joan den astean hasi dira lorategira ateratzen oinez dabiltzanak eta gurpildun aulkikoei mini-buelta bat ematen diete. Lan gehiago daukate orain langileek eta ez daukate denborarik egoiliarrak paseatzera ateratzeko.
Onintza, historia oso tristea da, oso tristea. Niri esan izan balidate duela bost urte saltsa honetan egongo nintzela, ez nuen sinetsiko. Ez dakit bada liskar eta aldarrikapenetarako adina dudan, baina hemen nago, eta ahal dudana egingo dut. Gaurkoengatik, guregatik eta etorriko direnengatik, zeren inor ez da autonomo bizitza osoan. Denok behar dugu tokia, denok dugu errespetatuak izateko eskubidea.
Zaharrak zamatzat hartzen dira gizarte honetan, baina batzuentzat diru sarrera oso errentagarria da zahartzaroa. Leroy Merlin eta parke tematikoak dituzten multinazionalak dira, edozer gauza erosten dute, beraz zahar etxeak errentagarriak dira.
Orain nola ikusiko dute elkar?
Kezkatuta eta beldurtuta gaude bisitak hasteko. Sinetsi nahi dugu ulertuko dutela mundu berria, maskaren, pantailen eta harreman fisikoa ukatu diguten egoera berria. Ezagutuko gaituztela espero dugu, ahaztu izana barkatuko digutela, ulertuko dutela zergatik ez dizkiegun txokolate goxoak eraman. Berrosatu eta duela bi hilabete zirenera itzultzea nahi dugu. Ez dakit hala izango den, haientzat ia atzeraezinezko eternitatea igaro da.
Ama erori zenean Groseko Gurutze Gorrira joan nintzen ikustera. Berarekin elkartu nintzenean medikuek esan ziguten: “Samurtasunik ez!”. Amak begiratu zidan eta ez nuen nahi niri malkoak ateratzerik… Bisita estilo horretara izango da, manpararen atzean.
Behin 30 metrora ikusi nuen, burdin hesiaren bestaldetik. Oihuka aritu nintzen, ez baitu ondo entzuten. Keinuak egiten nizkion. Langileari galdetzen zion ea nor nintzen ni, biok maskararekin geunden. Burua ondo dauka. Batzuetan langileak ere ez dituzte ezagutzen. Behin esan nion eskerrak emateko telefonoa eskura jarri zion Ana langileari, eta berak: “Zein da Ana?” eta nik: “Telefonoa eman dizuna!”. “Ana da? Uste duzu ezagutu dudala? Maskara dauka, astronauta dirudi!”.
Zaharrez ardurarik ez duen gizartea
Egoitzez hitz egin da ez delako onargarria izan gertatu dena. Inguru hurbilean jende hunkibera badut, baina egoitzetara inoiz ez dira joan. Ez diet ezer leporatzen, ni orain dela bost urte arte ez nintzen egoitzetara joaten. Sozialki onartzen da, azken finean bizitzaren bukaeran dagoen jendea dela, eta ez dut esango horrela ez denik. Otsailean bost bat hiletetara joan naiz, egoitzakoak denak, “hil behar zuen” jendea. Baina senideari eskua emanda eta goxo hil dira. Orain ilarako azkenak izan dira. Agian ez dira errentagarriak, baina sozialki aurre egin behar diogu edo bestela honek erregimen nazia dirudi. Batzar nagusietan esan nuen arazoa ekonomikoa baldin bada (eta ez dut sinesten, zeren enpresa batzuk aberasten ari dira), giltzurrunarena egin beharko genukeela: 60 urtekoari baino 30ekoari jarri giltzurruna, luzeago biziko delakoan. Giltzurrun bakarra izango bagenu, onartzen dut, baina dirua badago, segun zertarako.
Egoitzetakoak anfiteatroko bigarren ilarakoak dira.
Alaiagoa izan nahiko nuke. Kontatu dizudana eta gero gutxienez kubata bat hartu beharko dut! Ai, ez! Coca cola ez zait gustatzen!
[Madalen eta kazetaria gin-tonica hartzekotan geratu dira].
Kaixo Madalen. Parkatu nire euskara, nagusitan ikasi dut eta. Pasa den 26an maiatzean ama hil da. Bizkaiko Aldundiako etxe batean zegoen. Urte askotan borroka. Ospitalean zegoen hiltzerakoan hamalau egun lehenago pairatu zuen iktus batengatik. Itxialdiaren baino hamasei egun lehenago erori zitzaien aulki eraisgarri batetik, aulkia zuzena edukitzeagatik. Handik aurrera ama utzi zion jateari eta ohean erdi lotan igaro zituen egunak. Beste familia batzuekin politikoengana jo genuen baina oso gutxi lortu genuen, batez ere mendekotasun zeukatenentzat. Bizkaiko Babestu jendea ezagutzen dut. Testigantza eman nahiko nuke eta gutxienez Arartekora bidaliko diot. Bat nator zuk esandakoarekin, guztiz, baina egia esateko, ez naiz baikorra. Eskerrak zure lekukotasuna emateagatik. Agur bero bat.
Hunkigarri oso da artikulua, benetan heldu zaidala bihotzera , egoera berbera bizi naizelako. Ta guztiz adiz nago , hedabideak baino ez ditugula adierazteko sentitzen ta gertatzen dena egoitza baten barruan .
Eskerrrik asko zuen laguntzagatik.
Agur bero bat.
Aupa MADDALEN! Zeharo bat nator zuk esandako guztiekin! Zahar etxe gehienak ez al ziren ba diputaziokoak?
Pandemia latzgarri hau gertatu zaigulako hasi gara somatzen zenbat gezur eman zaigun herritarroi . Baina gure politikariek argi eta garbi azaldu beharko digute zer gertatu den zaharretxeekin , zein balditzetan saldu dituzten eta zer egin duten jaso duten diru guztiarekin. Zu bezala ni ere ez naiz inoiz ixilduko egia jakin arte.
Disfrutatu amataz bizi den bitartean. goxo, goxo eta maitasun handiz , zuri egindako erreportaian dariozun bezala.
Asko maite zaitut Maddalen eta lasitasuna opa dizut. Baina orain arte bezala borrokatzen!
Muxu pila bat