Guillermo Perea: “Murgak eta Artolazabalek esan behar dute zergatik abandonatu dituzten adinekoak egoitzetan”
Guillermo Perea López de Letona Babestu Araba elkarteko kidea da. Elkartekoak ez daude batere gustura udalak, diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak osasun krisia egoitzetan nola kudeatu duten ikusita. Osakidetzak egoitza pribatuetan esku hartu behar zuela dio Pereak. Adinekoak abandonu sentsazio ikaragarriarekin hil direla salatu du.
2015ean hasi ziren Araban, eta batez ere Gasteizen, zahar egoitzetako arazoari eusten. Babestu Araba elkartea sortu zuten eta Gipuzkoako eta Bizkaiko beste bi elkarteak ez bezala (Gipuzkoako Senideak eta Babestu Bizkaia) Gasteizko auzo elkarteekin harreman oso estua dute. Guillermo Pereak elkarteko kide izaten jarraitzen du, nahiz eta duela urte batzuk hil zitzaion egoitzan zuen ama.
Arabako batzar nagusietan bost agerraldi eginak dira, azkena urtarrilaren 23an, osasun krisia hasi baino lehen. Hedabideek gaia atera ere ez zutela egin dio Pereak. Hurrengo agerraldia ekainaren 8an egingo dute. Agerraldietan salatu dute beharginak lan baldintza duinetan ez direla ari lanean eta langile gutxiegi dagoela egoiliarrak ondo zaindu ahal izateko. Horrela laburbildu du Pereak pandemiak argitara atera duena: “Guk salaketak egin eta Arabako Foru Aldundiak bestaldera begiratzen zuen. Orain frogatu da, guk esaten genuena, ez egia zela, baizik eta egoera are larriagoa zela. Egoerak derrigortzen ditu erakundeak egoitzetan esku hartzera”.
Esku hartzerik ez egoitza pribatuetan
Pereak gogoratu du Espainiako Estatuko hainbat erkidegotan erakunde publikoek esku-hartze administratiboak egin dituztela zahar etxeetan, ondo kudeatu ahal izateko. Hego Euskal Herrian halakorik gertatu ez delako kexu da: “Zergatik ez dute esku hartu Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan? Ez zaie interesatzen, beraien lagunek kudeatzen dituzte egoitza pribatuak. Egoera hain da gogorra eta hain erreala!”.
Epaitegiek gertatu dena aztertu behar dutela uste du Babestu Arabako kideak, egoiliarrak isolatuta eduki dituztelako, bisitarik gabe, egoera krudelean: “Bakardade emozional ikaragarria bizi izan dute eta heriotzan abandonu sentsazioa pairatu dute”.
Osakidetzaren utzikeria
Herrietako osasun zentroak nola itxita egon diren gogorarazi du Pereak, eta duela gutxi testak egiteko abiatu dituzten. Bada, Perearen ustez, herrietako Osakidetzaren osasun zentroek bertako egoitzetako egoiliarrak artatu behar zituzten: “Osakidetzaren utzikeria erabatekoa da, ardura handia du honetan. Legebiltzarrean agertzeko eskatu dugu hiru herrialdeetako hiru elkarteok”. Osakidetzak esku hartu duen adibideren bat eman du, egin behar ez denaren adibide: “Ez du balio lagunek onura atera dezaten Gasteizko Lakua hotela hartzea gaixoak artatzeko”.
Hedabideen jarrera
Pereari ez zaio gustatu hedabideek nola jokatu duten. Hil direnen zifra hotzak emanez jolastu dutela uste du. Erakutsitako egoeraren ondorioz, jendeak egoitzetan konfiantza galdu duela dio: “Batzuek egoitzara joatea bere kabuz erabaki dute eta beste batzuen kasuan senideek ezin dituzte zaindu. Kontua da merezi duten tratua ematea, eta ez, esan den bezala, hil direla zaharrak zirelako. Krudela da jarrera hori”.
Hiriko azpiegiturak gelditu, udazkena prestatzeko
Udazkenean beste behin pandemiari aurre egin behar bazaio soldata duinak izango dituzten langile gehiago behar direla uste du Pereak. Baliabideak edukitzeko aukera dutela dio: “Hauei adreilua interesatzen zaie. Abian dituzten obra publikoak geldituko balituzte, dirua izango lukete bestetarako. Utz diezaiotela Mendizorrotza handitzeari, auditorioa egiteari, auzoek eskatu ez dituzten tranbiaren ibilbide berriei, eta AHT eraikitzeari. Udazkena iritsi baino lehen, baliabideez gogoeta egin behar da. Gure indarren arabera, baina ez diegu arnasarik hartzen utziko. Egoitzen gaia orain edo inoiz ez da konponduko. Ezin gara lehengo anormaltasunera itzuli”.
Indarrik ez salaketak jartzeko
Egoitzan hildako bakoitzaren adibidea aztertu eta salaketak jartzearen bideaz hitz egin dute, baina bide horretatik ez jarraitzea erabaki dute, bakoitzaren errealitateak irentsiko dituelakoan. Pereak ezagutzen ditu senidea galdu dutenak eta salaketetarako indarrik ez dutela dio: “Jendeak ez du dolua egiteko aukerarik izan. Txikituta daude. Ez daukate indarrik epaitegian salaketa egiteko eta elkarteak ezin die eskatu halakorik egiteko”. Beraz, bestelako bideari helduko diote: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ahaldun nagusiei, Nekane Murgari (Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua) eta Beatriz Artolazabali (Gizarte Politiketako sailburua) dimititzeko eskatuko diete. “Ez dakite zer gertatu den egoitza pribatuetan. Esan behar dute zer egin duten eta zergatik abandonatu duten jendea”.
Erretiro etxeetan gertatu dena, krisi honetan, biziki latza izan da. Hurbildu ezinak , erresidentzien egoera salagarriek eta aurretik, gure zaharren bizitza bukaera nola kudeatzen duen jendearteak ikusirik tristura, amorrua eta lotsa pizten du gure baitan. Pandemia horrek begi bistan utzi dizkigu, bizi ditugun deshumanizatze garaiak modernazazio, teknologizazio eta inora ez doan ezproiektuaren absurdoa. Hortaz, oharturik, erkeri horri galga emateko antolatu behar dugu, alaitasun berri bat sortzeko.