Utzi bakean pubiseko ileak
Modan jarri da (emakumeen eta gizonen artean) sexu organoen inguruko ilea kentzea, garbiagoa dela argudiatuta, edo besterik gabe albokoak egiten duelako, edo gizona/emakumea errazago limurtzeko. Emily Gibson familia mediku estatubatuarrak pubiseko ilearen gerra bukatzeko ordua dela esana du, eta ileok dauden tokian utzi behar direla.
Amelia Barquíni zor diogu Gibson medikuarengana iritsi izana, gasteiztarrak ile sozialei eta politikoei buruz artikulua idatzi du bere blogean, eta handik atera dugu arrastoa. Portzierto, genero rolek eragindako eguneroko adibideen hausnarketa politak aurkituko dituzue Barquínen blogean.
Emily Gibson AEBetako Washingtongo landa eremuan bizi da eta familia medikua da. Pubiseko ilea erauzteak gizakien osasunean dituen ondorioak aztertu ditu. Ez da atzo publikatutako lana, KevinMD.com-en 2011n idatzitako artikulua da, baina gaurkotasuna inondik ere ez duela galdu iritzita hona ekarri dugu. Ondoren ingelesezko artikuluaren zati batzuen itzulpena daukazue:
“Sexu organoetako ilearen erauzketaren industria, itxura ‘garbi eta biluzia’ lortzeko zerbitzuak eskaintzen dituzten mediku profesionalak tartean direla, goraka doa.
Baina zergatik aritu pubiseko ile gizagaixoez? Gizarte teoria batzuen arabera, bikiniak eta tangak eragindako kultur joera da; ilerik gabeko aktoreekin du zerikusia edo haurtzarora itzultzeko desirarekin, baita higienearen ideia erratuarekin ere.
Gaizki ulertutako gerra da. Aspaldi konturatu ziren zirujauak ebakuntza baino lehen gorputzeko zati hartan ilea mozteak infekzioak zaildu baino erraztu egiten zituela.
Ilea kendutakoan, erauzi gabeko ile folikuluetan narritadura eta hantura sortzen da. Ondorioz, zauri ireki txiki-txikiak geratzen dira. Narritadura eta sexu organoetako giro epel eta hezea batzen baditugu, bakterio patogeno okerrenetarikoentzako haztegi zoriontsua daukagu. Streptococcus eta Staphylococcus aureus dira bakterio horiek, eta Staphylococcus aureus (MRSA), azkenaren mutazioa. Ez da inondik ere harritzekoa pustulak eta papulak aurkitzea.
Gainera, zelulitisa (medikuen terminologian azaleko ehun bigunen hantura) ikusi dut eskrotoan, ezpainetan eta zakilean, bakterioak hedatu direlako gorputzean edo bikotekideak sexu harremanen bidez bakterioak zabaldu dizkiolako besteari. Mediku batzuk ohartu dira depilatu berri diren sexu organoen inguruak askoz errazago jasan ditzaketela herpesak. Izan ere, ahoan edo sexu organoetan garraiatzen diren birusek zauri mikroskopikoetan eragin dezakete. Horregatik, ondorioztatzen da sexu transmisio bidezko infekzio gehiago hedatu daitezkeela horrelako egoeretan.
Biloak badu helburua, marruskaduratik babesten du, bestela urradurak eta lesioak gerta daitezke; bakterioetatik eta desiratzen ez ditugun beste patogenoetatik babesten du. Luzaro antsiatutako gaztaroko hormonen emaitza ikusgarria da. Inondik ere ez lotsatzekoa.
Pubiseko ilearen gerra bukatzeko garaia da, eta utz dezagun egon behar duen tokian. Gure pazienteei zor diegu”.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks