Nancy Huston: “Gazte emeek arrak limurtu nahi dituzte ama izan nahi dutelako”
Nancy Huston kanadarrak 2012an idatzi zuen Reflets dans un œil d’homme eta Frantzian hautsak harrotu zituen. Iaz, Espainian gaztelaniazkoa kaleratu zuten (Reflejos en el ojo de un hombre) eta beste hainbeste gertatu zen. Arkeologo eta antropologoak asaldatu dira, baita feministak ere. Hustonen iritziz, gaur egungo gizartea tematuta dago emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ezerezean uzten, diferentziak eraiketa kulturalak direla argudiatuz. Berak garbi dauka: gainerako ugaztunak moduan gizakiak ugaltzeko programatuta daude.
Aitortu behar dut liburua irakurtzen hasi baino ez naizela egin eta begiak zabal-zabalik ari naizela lan horretan. Araua hautsiz (liburua osorik irakurri gomendioa egin aurretik), kanadarraren lanaren berri ematea erabaki dut. Nancy Hustoni elkarrizketa egin zion El País egunkariak eta han esandakoak irakurrita arkeologo talde batek kritika argitaratu zuen egunkari berean.
Arkeologoek egindako kritiken pasarte batzuk itzuli ditut hurrengo lerroetan:
“Egileak dio apainkeria eta sedukzioa unibertsalak direla; emakumearen gorputza ezer baino lehen ugalketarako dela; eta sexuen arteko funtsezko desberdintasuna amatasuna eta testosterona direla.
Hustonek soziobiologiaren ideario zaharra berrekartzen du, zeina giza zientzietako ikerketa komunitateak onartzetik oso urrun dagoen.
Baieztatu daitekeen bakarra da gizakiak beti ugaldu direla. Alabaina, giza talde bakoitzak sexualitatea, ugalketa, sexuak, baita giza gorputza ere, nola ulertu dituen halakoak izan dira jarduera sozialak, kolore askotakoak, eta horietako gutxi edo batere ezin dira azaldu hormonei eta geneei dei eginez. Bestela, sinetsi iezaguzue, munduko antropologia eta arkeologia sailak duela hamarkada batzuk desagertuko ziren.
Badakigu (pairatzen dugulako diogu), kulturaren eta naturaren arteko eztabaida konplexua dela eta ez dagoela adostasunik. Baina irakurleek jakin behar dute enpirikoki soziobiologiaren idearioak edo ideia darwinistek zuloak ugari dituztela”.
Bukatu liburua irakurtzen, eta kontatu, mesedez.
Bittor
Amelia Barquinek kritika bat egin zion liburu honi duela hilabete batzuk, bere Kinka blogean. Bi partetan, hemen:
http://abarquin.wordpress.com/2013/09/03/la-mirada-del-hombre-i/
eta hemen:
http://abarquin.wordpress.com/2013/09/05/la-mirada-del-hombre-ii/