Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe?
“Bai, noski”, erantzun dute Idurre Eskisabel, Lorea Agirre eta Ainhoa Beolak Arrasaten egindako mahai-inguruan. Alabaina, logikoa al da bata izan eta bestea ez izatea, bi mugimenduek oinarrizko eskubideen alde borrokatzen badute, justizia soziala badute helburu?
Arrasateko Emakume Txokoak, AEDk (Arrasate Euskaldun Dezagun), Emun, Ekin Emakumeak eta Goienak antolatu zuten Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe? mahai-ingurua, urriaren 30ean. Arrasateko euskalgintzako eta mugimendu feministako hainbat kide izan ziren entzule, azken hiruzpalau urteetan, han eta hemen, gero eta gehiago planteatzen den gaiaz hausnartzeko.
Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe
Aitziber Aranburuzabala Goienako kazetariak ez zuen beroketak egiteko astirik eman. Zuzenean mahai-inguruak izenburu zuen galdera bota zien hiru hizlariei.
Idurre Eskisabelen ustez, galdera bihurri xamarra da. Galderari baietz erantzun zion, baina baita hau gehitu ere: “Euskaltzale naiz feminista naizelako eta feminista naiz euskaltzale naizelako”. Bezperan Joxe Arantzabalek txiokatutakoa gogorazi zuen: “Simone de Beauvoir (eta hainbat) feminista ziren, eta euskaltzaleak al ziren?” Eskisabelen iritziz, esate baterako, Angela Davis gutxienez euskaltzalea da. Feminismoari egin dion ekarpen handienetakoa sexu/genero zapalkuntzaz gaindi, arrazaren eta klasearen zapalkuntza lantzea izan da, eta ez kasualitatez, bera estatubatuarra, emakumea eta beltza da. Gurera etorrita, arrazaren parean kultur nazio sentipenaren araberako kategorizazioa jarri zuen Eskisabelek. Bere ustez, kultur nortasunarekin gorabeherak ditugun euskaldunontzako hizkuntza bada faktore erabakigarria, eta horregatik dio Angela Davis ziur euskaltzalea dela. Davisen ildoa jarraituz, ez da gauza bera emakume anglosaxoi, zuri, heterosexual, goi klasekoa, edo emakume, zuri, heterosexual, euskaldun, erdi mailakoa, edo emakume zuri, heterosexual, espainiar, etxeko lanetan ari dena, edo emakume euskaldun, lesbiana, profesionala, edo emakume beltz afrikarra izatea.
Ainhoa Beolaren iritziz, bistan da feminista izan zaitezkeela euskaltzale izan gabe. Alabaina, biak iruditzen zaizkio oinarrizko eskubideen aldeko borrokak, eta haien artean komunikazioak egon beharko baluke ere, harrigarria egiten zaio hala ez gertatzea, harrigarria elkarlanik ez egotea. Amonaren eta amatxiren adibidea jarri zuen. Bere amona euskaltzalea zen eta ez zen feminista. Amatxi berriz, feminista zuen eta ez euskaltzalea. Ez zuten elkar ulertzen. Latinoamerikan berriz, feminismoa eta indigenismoa oso bat datoz, eta Afrikan feminismoa eta ekologismoa. Euskal Herrian bakoitza bere gotorlekuan dagoela uste du, nahiz eta zorionez, halako egoera gainditzen hasiak garen. Beolak uste du feminista, euskaltzale, ekologista eta internazionalista izateak logika lukeela.
Lorea Agirrek justizia sozialaren markoan kokatu zituen hemen ditugun borrokak, alegia, feminismoa eta euskararen normalizazioa, eta borroka batean hasi eta bestera jauzi egitea logikoa litzatekeela dio. Gizarte kapitalistaren, patriarkalaren eta monokulturan oinarritutakoaren kontra edozein borroka ahizpak direla uste du.
Azken hiruzpalau urtetan borroka horien arteko balizko aliantzez hitz egiten ari garela dio Agirrek, baina gaia ez dela hain berria erakusteko Maria Mercè Marçal poeta katalanaren Dibisa poema (Itxaro Bordak itzulia, Susa) irakurri zuen: “Menturari hiru dohain zor dizkiot: emakume sortu izana, klase sozial apalekoa, eta herrialde eta kultura zapaldukoa, eta hiru bider errebelde izateko aukera eman izana”.
Estrategiak elkarbanatzeko tenorean al daude bi mugimenduak?
Eskisabelen iritziz, momentu interesgarrian gaude, “postgatazka” esan zaion garaian lurpean geratutako gaiak azaleratu direlako. Feminismoa loraldian ikusten du, eta aldiz, euskalgintza diskurtsoa berrabiarazi beharrean. Eta agian, garaia da diskurtsoa nortasunaren bidetik garatu beharrean herritarren eskubideen ildotik bideratzea.
Beolari gauza jakinetarako estrategiak elkarrekin lantzea ondo iruditzen zaio, eta gogorarazi zuen dagoeneko hainbat eztabaida berbera izan dituztela bai mugimendu batek eta bai besteak. Esate baterako, mugimenduaren erakundetzearen debatea feminismoan eta euskalgintzan, bietan garatu da.
Agirre pertzepzio batetik abiatu zen: gizartean ez ote den feminismoaz gaizki hitz egitea politikoki inkorrektoagoa hizkuntzaren gainean gaizki hitz egitea baino. Feminismoa indartsu ikusten du, eta aldiz, hizkuntzaren normalizazioa indarra galtzen ari dela uste du; hizkuntzaren normalizazioak asko hartu dezake feminismotik. Mugimendu feministak praktikaz harago diskurtsoa egin du eta euskalgintza diskurtsoa galtzen ari da. Hizkuntzaren aldeko borroka problematizatu behar dela uste du, plaza publikora, politikora eraman. Agirreren iritziz, feminismoak oso ondo daki hori egiten.
Azken urteotan feminismoaren eta euskalgintzaren uztarketaz aritu diren hainbat artikulu, ponentzia eta bideo duzue ondoren:
“Galizian izan al zaitezke feminista gaztelaniaz biziz?”. Nel Vidali elkarrizketa Argian.
Mari Luz Esteban antropologo eta feministaren ponentzia eta bideoa.
Maite Barreña berdintasun teknikaria eta feministaren hitzaldia bideoan.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks