Berreskura ote daiteke hika feminismotik?
Irailak 11-12. EHUko Uda Ikastaroak Donostiako Miramar Jauregian. Ikastaroaren izenburua: Hitanoa eta generoa: aberastasuna ala sexismoa? Hika galera nabarmenean da. Noka berriz, are azkarrago ari da desagertzen. Zergatik dira noka hiztunak urriago toka hiztunak baino? Nokaz berjabetzeak balio al dezake emakumeen ahalduntzerako? Gizonak eta emakumeak bereizten dituen hitanoa indartzea egokia da binarismo zorrotza leundu beharraren ahotsak entzuten diren garai honetan?
Beñat Muguruzak zuzendu zuen ikastaroa eta Garbiñe Bereziartua laguntzaile izan zuen. Ausardiaz jokatu zuten egun eta erdiko ikastaroa gai horren gainean antolatuta, kontuan hartzen badugu ikastaroan parte hartu zuten hizlariek beraiek aitortu zutela euskara eta generoaz literatura sendorik ez dugula Euskal Herrian. Euskara eta generoaz teorizazio gutxi badago, hitanoaz eta generoaz are gutxiago. Ikastaroan gaiaz ikasteko eta gogoetatzeko egarria antzeman zen. Ziurrenik antolatzaileek espero zuten moduan, haiek egindako galderak erantzun beharrean galdera gehiago sortu ziren. Eztabaida mahai gainean dago.
Zergatik toka noka baino erabiliago?
Argi geratu zen genero rolek eragina izan dutela tokaren biziraupenean eta nokaren galeran. Besteak beste Antzuolan, Arratia bailaran eta Azpeitian egindako ikerketa lanen emaitzek arrazoi oso antzekoak biltzen dituzte. Nokak halako etiketak izan ditu (gaur egun ia erabat eroriak): zakarra, zatarra, baserrikoa, mari mutilena, bortitza, gizon plantak egitekoa, harrotutakoan erabiltzekoa, baita bekatua ere. Tokak ere motxilan eraman ditu horietako etiketa batzuk, baina ez da gauza bera bide zuzenetik emakumea ateratzea edo gizona. Gizonak beti askeago. Zein onura ekar ziezaiokeen emakumeari noka erabiltzeak halako ospea bazuen hizkerak? Moralaren gordetzaile izendatuak, alegia emakumeak, ihes egingo zion noka erabiltzeari. Estatus gutxikotzat ere bazuten hika, eta ohiko jarrera izan da hizkuntza gutxituetako emakumeek botere gabeziari aurre egiteko bigarren mailako hizkuntza alboratu eta hizkuntza menderatzaileari heltzea. Euskara alboratu eta gaztelaniari eutsi, edo noka baztertu eta zuka erabili. Bestalde, tokak eremu publikoa izan du eskura, gizona plazan ibili baita toka hitzetik hortzera. Aldiz, emakumeak eremu pribatura mugatuak izan dira, eta noka ere bai ondorioz.
Nokaz berjabetu nahian
Ikastaroan aurkeztutako hainbat ikerketa lanetan ageri da nola tokak gizon gazteei nortasuna osatzeko balio dien. Elkarrizketatutako mutil gazteek hala aitortu dute: elkarren arteko kidetasuna, konplizitatea, haurretik nerabezarorako pausoan gizontasunaren giltza… Azpeitian eta Antzuolan adibidez, tokak badu prestigioa eta balioa mutil gazteen artean.
Nokak ez du halako funtziorik betetzen, nahiz eta gaur egun ez duen duela gutxi aipatu dugun ospe txarrik. Nokaren berjabetzeaz hitz egin da ikastaroan eta hauxe galdera: hikaren berreskurapena egin al daiteke feminismotik? Eta galdera beharrean eskakizuna: mugimendu feministak esku hartu beharko luke prozesu honetan. Beñat Muguruzak bere ikerketa lanean hainbat bertsolari elkarrizketatu zituen, eta hitanoaz eta generoaz aritu ziren, besteak beste. Miren Artetxe bertsolariak noka hiztunaz duen iruditeriak iradoki dezake berjabetze prozesua, oso xumea eta urria bada ere, lantzen hasiak direla hainbat feminista. Artetxek noka hiztun mota bi ditu buruan: atso zaharrak eta gaztetxeko neska euskaldun bollerak.
Elixabet Pagolak zuka egin du 18 urteak arte, nahiz eta gurasoek hika egin berari. Bost urte geroago hainbatekin hika egiten hasi da, bai noka eta bai toka. Hernanin, bost eguneko esperientzia xumea antolatu zuten berak eta bere lagun batek. Noka ikastaroari heldu zioten, emakumeentzat ahalduntze ariketa gisa aurkeztuta. Pagolak emakumeek noka ikasteko eta erabiltzeko grina du, baina beharrezkoa iruditzen zaio gizonek emakumeei noka egitea bultzatzea ere. Izan ere, gero eta mutil gutxiagok egiten diete emakumeei noka, arrazoiak arrazoi. Alabaina, ondorioa da tokak bereak diren eta ez diren erabilera guneak hartu eta orokortzen ari dela.
Queer garaian hitanoa?
Amelia Barquínek egin zituen zirikatzaile lanak. Feminista gazteak noka berjabetzeko ahaleginetan eta bera aldiz queer filosofia aldean hartuta. Barquínen ustez, genero bereizketa zorrozten ari da azkenaldian, binarismoa muturrera darama gizarte honek. Hitanoak berriz, genero marka dauka. Nola jokatu? Barquínen iritziz, kontua ez da hizkera neutroaren bila hastea baizik eta bidea irekitzea, umeei nahi edo ahal dutena egiten uztea adibidez. Hikak arau sozialak ditu eta ziurrenik arau berriak finkatu beharko dira. Artikuluaren hasieran esan dugun moduan ikastaroan erantzun eta baieztapen sendoak baino galderak jarri dira mahai gainean. Barquínenak dira ondokoak: hitanoa egin daiteke ez bitarra ala ez dago ihesbiderik? Nola erabili hitanoa bere burua binario izan nahi ez duenarentzat? Gizonak prest daude beraiei noka egiteko?
Ildo beretik, Elixabet Pagolak beste hainbat galdera egin ditu: neutroa aukeratuko dugu? Toka aukeratuko dugu denentzat? Edo noka? Bakoitzari galdetuko diogu nola nahi duen? Jaime Altunak ere galdera gehiago ditu: Judith Butlerrek [queer teorian filosofo aditua] dio binarismo zorrotza leundu behar dela, ez alde batean ez bestean direnen sufrimendua arindu ahal izateko. Arintze horretan balia dezakegu hitanoa? Tokaren erabilera murriztu behar dugu? Noka indartu behar dugu? Noka denontzako erabiltzeko aukeratu behar dugu?
Kafe-garaian aipatu da agian hurrengo urtean bigarren ikastaroa antolatzea komeni dela, hain gutxi landutako gaiari jarraipena emateko. Segituan iritzia aldatu eta epe handiagoa hartzekotan geratu dira. Gaiaz egindako lanak biltzeko, ikastaroan esandakoak digeritzeko eta gogoeta gehiago sortzeko tartea hartuko dute.
Norbaitek hika egiten badink, eta hik horrekin arazorik ez badaukank, elkarrekin hika. (Baina horretarako, jakin egin behar).
Binario izan gura ez dun/alako, edo hika maite ez badunk, edo… esaionk hiri ‘zu’ egiteko, eta hala egionk heuk ere bai.
Azken finean, hika biren arteko harremanerako baino ez dunk, eta guk libre adostutako harremanak gura ditin/agu: hi, zu nahiz berorri. Baina ez dakiguna, ezin erabili.
Binarismo zorrotzak binarismo itxia esan nahi badu, anti-binarismo itxia bezain txarra iuditzen zait. Arazoa ez da binarismoa, itxikeria baizik. Noka atso zaharrekin eta gaztetxetakoneska euskaldun boilerekin lotzen duenak arazo nagusia bere buruan duela iruditzen zait, besteak beste toka ez baita mutilen arteko hitanoa, ez eta noka nesken artekoa ere. Bestalde, nik dakidala, feminismoa ez dago genero bereizketaren aurka. Hori feminista batzuren ildoa da. Beste batzuok pentsatzen dugu feminismoak ez duela berdintasuna bilatu behar, eskubide berdintasun edo parekidetasuna baizik. Gauza oso ezberdinak dira. Binarismoak ez du zertan arazo izan behar, binarismo irekia bada. Hau da, lekua izan behar du ez eme eta ez ar sentitzen direnentzat, baina katu ala txakur sentitzen direnentzat eta beste milaka kasu ezberdinetarako hizkuntza modu irekian erabili behar den bezala.