Nola azaldu eliztar katoliko gehienak emakumeak izatea?
Kontuan hartuta katolizismoa erlijio monoteista matxista eta maskulinizatua dela. Galdera horri erantzuten saiatu zen joan den ostiralean Dolores Juliano antropologoa Sistema patriarkala eta erlijio politeista eta erlijio monoteistak Plazandreok taldeak Donostian antolatutako hitzaldian.
Galderari zuzenean erantzun baino lehen gauza bat argitu nahi izan zuen antropologoak. Alegia, kontua ez da aztertzea erlijioak nola eragiten dion gizarteari baizik eta alderantziz, gizarteak erlijioari. Ezaguna ez dena, frogatu ezin dena ezagutzen dugunarekin interpretatzen saiatzen gara. Jainkoaren hiria gizakien hiriaren bidez ahalegintzen gara azaltzen. Gizartea misoginoa eta matxista baldin bada, eredu erlijiosoa ere halakoa izango da eta ondoren, sortutako eredu erlijiosoak balioko digu gizarte diskriminatzailea legitimatzeko.
Nola ulertu orduan, katolizismoa moduko erlijio matxistak hainbeste jarraitzaile emakume izatea? Emakumeek hala erabaki badute arrazoi onak izango dituztela dio Julianok. Berak emandako azalpenen laburpentxoa ondokoa:
– Katolizismoaren diskurtso ofiziala misoginoa da, baina Elizak monoteismotik politeismorako bidea egin zuen emakumeengana errazago iristeko. Alegia, emakumearen beharrak asetzeko eredua asmatu zuen: Ama Birjina.
– Emakumea etxean zegoen orain dela gutxi arte. Ateratzeko aukera bakarretakoa eskaintzen zion Elizak: mezetara joan, lagunekin bildu…
– Elizan bazuten nolabaiteko “babesa” emango zien norbait: konfesatzeko aukera ematen zien apaiza.
– Emakume oso gutxi alfabetatzen zen garaian moja sartzeak aukera hori ematen zuen.
Dolores Julianoren azken hausnarketa: “XX. mende erdira arte azaldu daiteke emakumeak zergatik egon diren Elizatik hain gertu, hurbiltasunak abantaila gehiago zituen desabantailak baino. Baina gaur egungo emakumeak zergatik segitzen du eliztar katoliko izaten?”.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks