Jone Miren Hernandez lasartearraren bizipenak euskararekin
“Zer da euskara euskaraz ez dakitenentzat? Haiek euskarara hurbiltzeko, zer eta nola egin daiteke udaletatik?” Horixe atzo eta gaur Lasarte-Orian (Gipuzkoa) egin diren Udaletako Euskara Zerbitzuen III. Topaketen goiburua. Jone Miren Hernandez Lasarte-Orian jaio zen, baina gurasoak Salamancako (Espainia) Macotera herrikoak ditu. Kazetari eta soziologoak, euskararekiko bere bizipenak kontatu zituen atzo, Lasarte-Oriaren 40 urteko historia linguistikoari errepaso polita emanez.
41 urte ditu Jone Miren Hernandezek. Aita eta aitona zapatariak ziren eta bezero gabe geratzen hasi ziren, herritarrak kanpora baitzihoazen. Lasarte-Orian hartu zuen lur familiak eta han jaio zen Hernandez. Honela kontatu zuen atzo euskararekiko ibilbidea:
“Nik geroko batean deskubritu nuen euskara, eta geroago barneratu nuen. Zer da erdaldunentzako euskara? Erantzun sinplea dauka: kontatu digutena, ikusi duguna eta sentitu duguna, alegia, diskurtsoa, testuingurua eta bizipenak”.
1970. urtean jaio zenez urte hori abiapuntu hartu eta hiru etapatan banatu zuen kontakizuna.
70eko eta 80ko hamarkadak
“Frankismotik ateratzen ari ginen eta industrializazioa baliatuz estatutik jende asko etorri zen. Non zegoen hor euskara? Apenas zegoen euskararik. Kalean oso gutxi entzuten zen, ustekoa zen etxean egingo zutela euskaraz, baina askotan gurasoek erdaraz egiten zieten seme-alabei hizkuntza hori ikas zezaten. Niri zer kontatu zidaten euskarari buruz? Bada, debekatuta zegoela eta hiltzeko arriskuan. Zer ikusi nuen? Euskararen presentzia urria. Bizilagun euskaldunaren figura neukan, haiekin harreman ona genuen. Tentsioa ere nabari zen: “txurriano” deitzen zigutela gogoan daukat, batzuei ez zigun horrek minik egiten baina beste batzuek esaten zuten: ‘Ez dut ezer jakin nahi euskaldunez’. Herrian muga sinbolikoa zegoen, alde batean erdaldunak bizi ginen (noski, tartean euskaldunak ere baziren) eta bestaldean euskaldunak. Ni Espainian bizi nintzen”.
90eko hamarkada
“Bi kontzeptu erreskatatu nahi nituzke garai hartatik: ibilbidea eta sormena. Nire ustez, sormen handiko garaia izan zen (hizkuntza ereduak, alfabetatzea, elebitasunaren kontua…) eta anitza. Ibilbideari dagokionez, zuentzat txikikeria izan daiteke baina niretzat deskubrimendua izan zen Txepetxen azalpena. Alegia, heldutan euskara ikas daiteke! Motibazioa baldin badut, euskara ikasten has naiteke, eta gero erabili. Beste deskubrimendua izan zen 9-10 urterekin eskolako euskara irakaslea galegoen alaba izatea”.
80ko hamarkadako Lasarte-Oria Michelin zen. 3.400 langile zituen eta fabrikak herritarrak batzen zituen, bertako langile zirelako eta herriko hainbat espazio, ekimen eta abar berak antolatzen zituelako. Garai hartan hurbildu zen euskarara nabarmen Hernandez. Nerabe izanda, gurasoengandik ihes egiteko muga sinbolikoa gainditu zuten eta herriko beste hainbat eremutan esploratu zuten, jende berria ezagutu zuten. Kalea batetik, eta institutua bestetik. Hortik etorri ziren bikote eta koadrila mixtoak (hizkuntzari dagokionez) eta euskaltegietan hasi zen jendea… “Oso gertu ikusi nuen euskara eta emozio asko eragin zizkidan, dantza, kantua… ezagutu genituen”.
2000ko hamarkada
Motz agertu zuen hamarkada hau. Paralizatuta utzi zuen esaldi bat aipatu zuen, Elgoibarren euskara gaitzat hartuta elkarrizketatzen ari zen gazte batek esandakoa: “Euskara frikia da nire lagunentzat”. Hernandezen ustez, euskararekin berak bizi izan duena bukatu da, beste belaunaldi bat da oraingoa.
Hitzaldirako zeuken denbora ahituta lau kezka labur-labur mahai gainean jartzeko modua egin zuen:
-Aniztasuna: Arnasguneak ondo daude baina aniztasunari heldu behar diogu. Genealogiak euskaldundu dira. Zer dakigu horretaz?
-Identitatea: Ez gara batere postmodernoak. Ezin ditugu beti hizkuntza eta identitatea lotu. Ez dago hizkuntza zentroan, hiztuna baizik.
-Genealogia: Aldaketak ez dira beti txarrerako. Genealogiak apurtu dira euskarari dagokionez, nirea behintzat bai.
-Gizarte egitura: Genero kontuekin hala egiten da, gizona eta emakumea identifikatuta dauzkagu eta gizartea horren arabera interpretatzen da. Hizkuntzarekin beste hainbeste gertatzen da, identifikazioetan denbora galtzen ari gara. Euskara ez da izango identitatea oinarritzeko, osatzeko baizik. Zein osagairekin osatu?
Airean utzi zuen azken galdera.
Luistxo naiz birrero. Gorde dut pieza deliciouseko neure internet-historia gakoan. Horixe da izenean klikatuta topatuko duzuna.Tamainoz aldatzen eta tokiz mugitzen diren ikonoen mugarria asmatu zuenak heriotza merezi du.