Santi Leone
Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- The Vast of Night | Odolaren mintzoa(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) • ZUZEU(e)k El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
- Maddi(e)k The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna) bidalketan
- Jaume Gelabert(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) | Odolaren mintzoa(e)k Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko otsaila
- 2022(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
Bone Tomahawk
Atalak: (Euro)-westerna, Gore-a
Ikus ezazue filma: Kurt Russell ateratzen da eta
Gaur egun badira gutienez western klasiko bat egiteko bi manera. Lehendabizikoa da, bada, horixe, western klasiko bat egitea; are gehiago, sobera ez nekatzeko, western klasiko baten remakea egitea. Aktoreak gaizki hautatzen baditugu –eta Ethan idorreriak-jota-dagoenaren-aurpegia-da-nire-erregistro-bakarra Hawke hautatzea beti, tira, kasik beti, da aukera txarra–, emaitza Antoine Fuquaren The magnificent seven (2016) izanen da: zuzentasun politikoak ezin zuritu duen film aspergarria eta zurruna (artetik erran dezadan zuzentasun politikoa –ez dut gustuko, baina zilegi bekit hemen esamoldea– ez bide dela sexu kontuetara ailegatu: Fuquaren filmean inoiz ez zaigu argitzen nolakoa den zehazki Goodnight Robicheaux –aipatu Ethan Hawke– eta Billy Rocks –Lee Byung-Hun– pertsonaien arteko harremana; bertze klasiko baten remakean, Ghostbusters bertsio berrian hain zuzen, ekoizleek edo zuzendariak edo gidoilariek edo guziek batera nahiago izan dute begi-bistakoa den amodioa bere izena erratera ausartu ez dadin. Nonbait, sexu bereko bi lagun musuka ikusteak –pistoleroak direla edo mamu-ehiztariak direla– publiko arrunta uxatzeko gaitasuna du oraindik ere: tira, zer pentsatua eman beharko liguketen kontuak).
Western klasiko bat egiteko bigarren manera –lot nakion hariari–, western klasiko bat ez egitea da; adibidez, bakeroen genero hori bertze genero batekin nahasiz. Kanibalen filmekin nahasten badugu, eta protagonistatako genero zineman ibilitako aktoreak aukeratzen baditugu (Patrick Wilson –Insidious filmean eta Fargo telesailean ikusia–, Richard Jenkins –The cabin in the woodsekoa–, Lili Simmons –Banshee telesailekoa–, Kurt Russell –honen karrera gogorarazi behar dut? Benetan?–), emaitza Bone Tomahawk izan daiteke, bi orduko gozamena alegia.
Troglodita bat
Istorioa arrunt sinplea da: indio batzuek Samantha O’Dwyer (Lili Simmons) bahituko dute, eta hura erreskatatzera abiatuko dira haren senarra Arthur (Patrick Wilson) –maingu dabilena, bidenabarkoan erranda–, herriko sheriffa eta haren laguntzaile zahar eta berritsua (Kurt Russell eta Richard Jenkins) eta herriko harroputza (Matthew Fox). Bidaia luzea egin beharko dute indioen bizilekura ailegatzeko, eta bitartean western klasikoko aferak izanen ditugu ikusgai: zelai mugagabeak, lau gizon zaldi gainean plano orokorretan, gizonen arteko adiskidetasuna… Baina, klasikoetarik urrunduz, dena umorez eta ironiaz zipriztindua, elkarrizketa batzuk kutsu tarantinoarra –barkatu– izateraino –ikus, konparaziorako, zirkuko arkakusoen gaineko solasaldia–.
Erretzeari uzteko egun txarra aukeratu dut
Horrek guziak ez du erran nahi S. Craig Zahler zuzendariak bertze kezkarik ez duenik. Izan ere, bidaia eta, azken buruan, narrazioa martxan jarri baino lehen, aski argi utzi digu –protagonisten herrian bizi den indio baten ahotik, hain juxtu ere– Samantha bahitu duten indioak ez direla egiazko indioak: trogloditak dira, beren amak bortxatu eta jan egiten dituzten kanibalak. Lau gizonak ehizara igorri baino lehen, filmak deshumanizatu egin ditu haien harrapakinak, eta heriotza bertzerik merezi ez duten basapiztia bihurtu. Bortizkeria, horrela, komiki bateko bortizkeria da, edo bideo-joko batekoa: bistan da zuzendariari genero zinematografikoen arauak gehiago interesatzen zaizkiola, istorioak gertaleku duen testuinguru historikoko ondorioak ateratzea baino.
Seinale hauek ez dira preseski turismoa erakartzeko
Trogloditen mendietara ailegatuta, orduantxe hasiko dira film gore bati legozkiokeen eszenak –bada bat, hain zuzen ere, naski Eli Rothek berak sinatuko lukeena–. Filmak badu bere puntu epikoa ere: kasik ordu eta erdiz, astia izan dugu lau pertsonaia nagusiak ezagutzeko eta haiekin enpatizatzeko; beraz, indioekin borrokan hasterako inporta egiten zaigu zer gertatuko zaien. Erran dezagun, zaputz handirik egin gabe, akabera gazi-gozoa izanen dela.
Bone Tomahawk beldurrezko generoarekin nahasitako western klasikoa da –spaghetti westernaren arrastorik gabea, erranen nuke nik: eragin italiarra kanibalen zatirako utzi dute–, akaso western klasikoaren zale ortodoxoek maite izanen ez dutena. Niri gozamen estetiko hutsa iduritu zait, eta horretan segur aski pisu handia izan du aktoreen lanak. Nolanahi ere, ezin dugu ahaztu nolako istorioa dugun begi aitzinean: lau gizon zuri badoaz gizatasun osoa ukatu zaion eta basapiztiatzat jotzen den etsai bat akabatzera; bidean, mexikar gaizto batzuk ere hil eginen dituzte. Beharbada film honek zer edo zer erraten digu gure gizarteko fantasiei buruz, eta horrek ere zer pentsatua eman beharko liguke.
Zuzendaria: S. Craig Zahler
Gidoilaria: S. Craig Zahler
Aktoreak: Kurt Russell, Patrick Wilson, Richard Jenkins, Mathew Fox, Lili Simmons, Sid Haig, Kathryn Morris
Herrialdea: AEB
Urtea: 2015