Santi Leone
Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- The Vast of Night | Odolaren mintzoa(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) • ZUZEU(e)k El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
- Maddi(e)k The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna) bidalketan
- Jaume Gelabert(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) | Odolaren mintzoa(e)k Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko otsaila
- 2022(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
Before I wake (Lo nagoen bitartean)
Atalak: Beldurrezkoa
Lo nagoen bitartean
Emanaldi pribatuan ikusi genuen lagun batek eta biok Mike Flanagan-en Before I wake (Somnia, espainolez, eta, orain, itzulpengintzaren magiari esker, Lo nagoen bitartean, euskaraz). Ez zen benetan emanaldi pribatua, baina bakar-bakarrik egon ginen hirigunetik kanpoko areto handi hartan. Intimitate horretaz gainera, baten prezioan bi film ikusteko aukera izan genuen: Lo nagoen bitartean benetan den filma, eta izan nahiko zukeena. Horren ondorioz, nik ere bi iruzkin egin beharko dut hemen, baten prezioan.
Before I wake manera aski efektiboan beldurra sorrarazten duen filma da, mamu istorio bat, jauzi ikarak edo salto salto –edo jumpscare– ugari dituena. Bikote baten eta haur baten istorioa ere bada. Alde batetik, senar-emazteak ditugu, Jess (Kate Bosworth) eta Mark (Thomas Jane); semea istripu batean galdu ondotik –baineran itota hil zitzaien–, galera horrek ekarri dien sufrimendua gainditzen saiatzen ari dira –nor bere estiloan eta bere bidetik–, eta orain Cody (Jacob Tremblay) adoptatzea erabaki dute. Codyri ama hil zitzaion hiru urte zituelarik, eta harrezkeroztik hainbat familiarekin ibili da. Haur berezia da: haren ametsak errealitate bihurtzen dira, lo dagoen bitartean bederen. Eta, bai, pinpilipausak gustuko dituenez, dena arrunt pollit eta poetikoa da ametsetan tximeletak ikusten dituen bitartean; baina amesgaiztoak ere Jessen eta Marken begien aitzinean gorpuzten direlarik, bada, tira, gauzak ez dira hain ederrak.
Nightmare before Christmas?
Osagai horien gainean, eta bikotea osatzen duten bi aktoreak munduko hoberenak izan gabe, narrazio interesgarria ondu du Flanaganek, bere tentsio mementoekin, bere ustekabeekin eta bere sustoekin. Nahi izanez gero, gidoiari akatsak bilatzen ahal zaio, baina, oro har, aspertu gabe ikus daitekeen filma da Lo nagoen bitartean hau, eta ikuslea –lerrook idazten ari den hau bezala– kakati hutsa bada, ratoxka ona –edo txarra nondik begiratzen zaion– pasatuko du.
Before I wake-k, genero arauetarik abiatuta, bertzelako gai batzuk –hala nola maite dugun norbait galdu izanak eragiten digun zauria nola hetsi, edo, neurri txikiago batean, amatasuna edo aitatasuna– aztertzen dituen filma izan nahi zukeen. Film –erabil dezadan hitza– sakona. Baina horretan porrot egin du. Alde batetik, melodramarako joera nabarmenegia duelako. Musikak, adibidez, sobera azpimarratzen nabarmentzen kolore fosforitoz pintatzen du une batzuen poetikotasuna; zuzendaria ikusleak aski sentiberak izanen ez diren beldur balitz bezala, eta pantailatik ateratzeko beharra balu bezala, ikusle horiek atorraren papar-hegaletik hartu eta astintzeko, oihuka erraten dien bitartean: “hau une poetikoa da, mirets ezazu pasarte honen magia, ostia!”. Baietz, Flanagan, lasai, ulertu dugu eta.
Tximeletak (musika poetikoa)
Bertzetik, gauza gehienak ez direlako behar bezala argitzen. Pertsonaia batzuk garatu gabe gelditzen dira –Jessen terapia taldeko psikologoarena, Codyk eskolan duen neskatiko lagunarena–, eta ametsek sujeritzen dituzten gauza batzuk –errate baterako, hondar ametsa ikusita pentsatzen ahal dugu Cody errudun sentitzen dela, edota hura amak gaizki tratatzen zuela–, ez dute inolako islarik errealitatean. Filma, gainera, onbera da: jendearen gaiztakeriak ez du pisurik batere haurraren traumetan; Codyk gaizkiulertu baten ondorioz ditu amesgaiztoak, ez egiazko amak edo hura hil zenez geroztik izan dituen familiek gaizki tratatu dituelako. Akabera bera ere gazi-gozoa da, baina zer gertatu den aintzat hartuta, gehiago du gozotik –gehiegi, aukeran–, gazitik baino.
Mike Flanaganek saldu nahi izan digu gai serioak lantzen dituen drama sakona egin duela. Sinesten badiogu, litekeena da atsekabeturik ateratzea zinema-aretotik. Baina pentsatzen badugu ametsetan dagoelarik mamuak mundura ekartzeko gaitasuna duen mutiko baten istorio beldurgarria ikustera joan garela, orduan ederki pasatuko dugu.
Zuzendaria: Mike Flanagan
Gidoilaria: Mike Flanagan, Jeff Howard
Aktoreak: Thomas Jane, Kate Bosworth, Jacob Tremblay, Annabeth Gish
Herrialdea: AEB
Urtea: 2016