Uzumaki
Hein batean, Uzumaki porrot egindako filma da. Ez du ongi funtzionatzen. Kale egiten du. Alde batetik, mantsoa da, mantsoegia, erritmo geldokoa, bizitasuna falta du. Bertzetik, hainbat film daramatza barnean, hainbat estilo, baina ez da inoiz bakar batera erabat lerratzera iristen.
Tarteka, iduri luke Le fabuleux destin d’Amélie Poulain-en estiloko imajinak izanen direla nagusi. Bertze zenbaitetan, pentsa genezake bi protagonista nerabeen kezkek eta frustrazioek osatzen dutela filmaren hari nagusia. Zenbait unetan, zuzendaria gore aldera lerratuko delako itxaropena pizten zaigu. Pasarte batzuei erreparatuz gero, bideoklip sorta bat ikusten ari garela usteko dugu. Edo, herriko eskolan girotua, ikasleen arteko liskarrak kontatzen dituen istorio bat dela. Akaberan, monster movie baten itxura ere hartzen du.
Uzumaki ez da film borobila. Higuchinsky-k filmatu zuen 2000. urtean (Higuchinsky, berez, Ukrainan sorturiko Akihiro Higuchi zuzendari japoniarraren goitizena da), eta harrezkeroztik film bakarra zuzendu du, Tokyo 10+01 (2003), ikusi ez dudana, daitort. Halere, inork film honek zer duen ona galdeginen balit, honako bi gauza hauek aipatuko nituzke nik: estilo bisuala –irudi zoragarri batzuk baititu– eta hasierako ideia.
Istorioa ideia sinple baina eraginkor baten gainean eraikia baitago. Japoniako herrixka batean, jendea hasi da espiral formarekin obsesionatzen (uzumaki espirala omen da japoniarrez), barraskiloen oskoletatik hasi eta uretan edo zopan eragindako zurrunbiloetaraino, eskailera kiribiletarik pasatuz. Bere buruaren inguruan etengabe bueltak ematen dituen oro ederra idurituko zaie Kurouzu herriko biztanleei. Are gehiago, herriko eskolako bi ikasle karakol bihurtuko dira. Bertze bat, txirikorda izugarriak eginen ditu ilean, espiral formakoak, jakina. Bertze pertsonaia batek, ordea, nazka kontrolaezina hartuko dio espiralari, eta forma hori gogorarazten dion guzia bere gorputzetik erauzten saiatuko da, behatz puntetako azaletik hasita.
Film hasiera bikaina da, Higuchinskyk ederki sorrarazten baitu ezinegona, eguneroko normaltasuna zulatzen duten gertakari txikiak eta portaera arraroak nabarmenduz. Ondoren, ordea, pelikulak indarra galdu eta nora ezean ibiliko da, jorratzen dituen bide guzietarik zein hautatu jakin gabe.
Herrian gertatzen ari den guziaren lekuko diren bi nerabe (neska bat –Kirie– eta mutil bat –Shuichi–) dira filmeko protagonistak. Narrazioa Kirieren ikuspuntutik dago kontatua, eta, horregatik, tentagarria da pentsatzea Kurouzuko biztanleak katigaturik dituen espiral forma horrek herriko bizimodu aspergarri frustragarriaren sinbolo dela, eta ingurukoen jarrera ezohiko eta xelebreek (Shuichiren aitaren portaeratik hasita) bi nerabeen arroztasun sentimendua adierazteko balio dutela.
https://www.youtube.com/watch?v=y1U73sKw7VM
Edonola ere, filmaren erdialdetik aitzinat ez du iduri Higuchinsky sobera interesaturik dagoenik gai horiek jorratzeko. Alde horretatik, akabera zinez etsigarria da, dezepzio handia, eta baliteke ikusleak, azkenean, hutsaren gainean eraikitako film bat ikusi izanaren irudipena izatea. Neurri batean, ez litzaioke arrazoirik falta.
Jatorrizko testua irakurtzeko, hemen dago aukera:http://manga.animea.net/uzumaki.html
Nire ustez merezi duen manga bat da. Ikaragarria baina irakurtzeari utzi ezin diozun horietakoa.
Filma ez dut ikusi, baina izu eta nazka guzti hori moldatzea ezin zen erraza izan.