Hasiera »
Santi Leoneren bloga - Odolaren mintzoa
Santi Leone
Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- The Vast of Night | Odolaren mintzoa(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) • ZUZEU(e)k El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
- Maddi(e)k The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna) bidalketan
- Jaume Gelabert(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) | Odolaren mintzoa(e)k Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko otsaila
- 2022(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak)
2019-10-29 // Drama, Zonbiak // Iruzkinik ez
Behin batean Loiolan…
El Hoyok ez bezala, akabera baino aise lehenago dezepzionatzen du Little Monsters film australiarrak, nahiko ongi hasten den arren. Nonbait gidoi sentimentalak automatikoki ekoizteko makina bat existituko balitz, film honen istorioa sortuko luke. Dave (Alexander England) gazte arduragabe eta berekoia da. Neska-lagunak etxetik kanporatuta, arrebaren etxean bizi da orain. Hori dela-eta, ilobaren irakaslea, Miss Caroline (Lupita Nyong’o), ezagutu eta harekin maitemin…, zera, larrua jo nahian, onartuko du irakasleari laguntzea ilobaren gelako haurrak parke batera txango batean eramaten, haurrak bereziki maite ez dituen arren. Parkean bizi beharko duten egoera estresagarriak elkar hobeki ezagutzera eramanen ditu –badakizue, haurrak lo daudelarik, inoiz inori egin ez dizkioten aitormen sekretu sakon horiek eginen dizkiote elkarri–. (gehiago…)
El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak)
2019-10-29 // Gore-a, Zientzia-fikzioa // Iruzkinik ez
Zinema gastronomikoa
Larunbatean, urriak 26, hasi zen aurtengo Donostiako Beldur Astea. Edo, hobeki erranda, Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astea, larunbatean beldur guti pasatu baitzuten Antzoki Zaharrean bildutakoek.
Sitgesetik sari bat zekarrela eman zion hasiera El Hoyo (Zuloa) filmak asteari. Vincenzo Natali-ren Cube (Kuboa, 1997) aipatu didate han-hemenka Galder Gaztelu-Urrutiak zuzendu eta Donostiara ekarri duen filmaren eragin nagusi gisa. Formari dagokionez hala bada ere, edukiaz den bezainbatean nik Bong Joon-ho-ren Snowpiercer (Elur zulatzailea, 2014) lanaren itzala sumatu nahi izan dut, bai eta Richard Fleischerren Soylent Green (1973) klasikoarena ere, korearraren filma azken honen bertsioa den heinean bederen. Bong Joon-Horen eta Fleischerren distopietan, gainpopulazioa da gai nagusia, baina horrek elikaduran –zer jaten duten pribilegiatuek eta zer deus ez daukatenek– ekartzen dituen ondorioek ere badute pisua bi filmetan, 1973koari izenburua emateraino. (gehiago…)
Joker
2019-10-13 // Drama // Iruzkinik ez
Why so serious?
Martin Scorseseren ahotik ikasi dugu Marveleko filmak ez direla zinema. DCkoak? Ezta ere, segur aski. Uste izatekoa baita superheroiei buruzko filmak zituela jomugan, oro har, ez bakarrik Marvelekoak, baina goi mailan dabilen bat ez da alferrikako xehetasun horietan galduko. Beharbada horregatik erabaki zuen Jokerreko ekoizlea ez izatea. Nolanahi ere, Todd Phillips-ek zuzenduriko filmean, akabera artio ez dugu DCko logorik ikusiko (nahiz eta The Lego Batman Movieko hasmentako boz ilun eta zakarrak erran zigun film inportante guziak logoekin hasten direla, benetan logo luze eta dramatikoekin). Zeren, mind you, hau ez baita superheroien film bat; generoaren mugak gainditzen dituen film horietarik dugu Joker, Scorseseren beraren eragina duena, gainera; hortaz, generozaleak bakarrik ez publiko zabalago baten arreta ere merezi du. Baita sari serio bat ere. (gehiago…)
Bi film ikusi ditut oso denbora gutxian Donostiako zinemaldian
2019-10-02 // Donostiako Zinemaldia // Iruzkin bat
Zer? Miikeren film batean nago?
Takashi Miike Audition filmari esker ezagutu genuen, 1999. urtean. Plural horrek badu maiestatikotik –nik bederen orduan izan nuen Miikeren berri estreinako aldiz–, baina plural normala ere izan daiteke, susmoa baitut ez direla guti Miike beldurrezko filmen bidez ezagutu dutenak. Goitian aipatutakoaren ondotik One missed call 2003an, eta, 2006an, Masters of Horror sailari egin zion ekarpena, Imprint, etorri ziren. Izuaren maisuen arteko sailkapena gorabehera, Miike famatua da, bertzeak bertze, kasik genero guziak ukitu dituelako, haurrendako filmak-edo barne. (gehiago…)
Possum
2019-09-24 // Beldurrezkoa, Drama // Iruzkinik ez
Here’s a bag, now what’s inside? / Does he seek or does he hide? / Can you spy him deep within? / Little Possum, black as sin.
The IT Crowd baino lehen, Garth Marenghi’s Fright Knight izan zen, Richard Ayoadek (alegia IT Crowdeko Moss-ek) Matthew Holness-ekin batera idatzi zuen telesaila. Beldurrezko saioen parodia zen Garth Marenghi, umoretsua beraz, baina bere garaian ez omen zuen arrakasta handirik lortu. Harrezkeroztik, film batzuk ere egin ditu Holnessek; Possum haren hirugarren film luzea da, baina horretan ez dugu umore arrastorik aurkituko. Susto handirik ere ez, nahiz eta inoizko txotxongilo izugarrienetarik den pertsonaia nagusietako bat. Filmeko une guzietan ikusten ditugun paisaiak bezala, ilun-iluna da kontatzen zaigun istorioa. (gehiago…)
Heavy metalari buruzko bi film eta hiru dokumental (II): Lords of Chaos
2019-09-11 // Drama, Gore-a // Iruzkin bat
Lords of Chaos
Metalhead filmaren akaberan, hiru gazte ailegatu dira Oslotik Herari bisita egitera, honek igorri zien demoak erakarrita. Batek egin du aurkezpena: “Øystein dut izena, eta hauek dira Yngve eta Pal Ole”. Beren disketxea dute Oslon, ttikia baina arras cool-a omen dena. Musika talde bat ere osatu dute, baina haren izenik ez dute aipatu. Zaleak, halere, aise ezagutuko du omenaldia: Øysteinek Øystein Aarseth –Euronymous goitizenez– Mayhem taldearen sortzaileari egiten dio erreferentzia; bertze bi izenak batuta, Pelle Yngve Ohlin –Dead goitizenez– talde bereko abeslaria ateratzen zaigu. Erran bezala, omenaldia da kontua, alde batetik, urte haietan Mayhemek ez zuelako Islandiara bidaiatu eta, bertzetik, bidaiatzekotan, Ohlin gabe beharko zukeen, ordurako Dead goitizena baino gehiago haren egoeraren deskripzio zehatza baitzen. (gehiago…)
Heavy metalari buruzko bi film eta hiru dokumental (I): Metalhead
2019-08-31 // Drama // Iruzkinik ez
Metalhead
“Niretako, [K. K.] Downing eta [Glenn] Tipton dira inoizko gitarra jotzaile bikote hoberena. Eta [Rob] Halford jainkoa da. Heavy metaleko jainko bat. Orain heldu da. Entzun ezazu. Soinu hau… Sabbath, Purple eta Zeppelin oinarri horretarik sortu ziren”. Horrela leziatzen du Hera-k, gure filmeko protagonistak, herrira apez etorri berria –metalzalea bera ere–, autoko kasetean –1992an gertatzen da istorioa– Judas Priesten Victim of Changes (Aldaketen biktima) kanta aditzen den bitartean. “Etxerako lana ongi egina duzu”, erantzun dio apezak. Eta arrapostua: “Baldurren kanta gogokoena zen hori. Denbora guzian ibiltzen zen entzuten”. (gehiago…)
St. Agatha
2019-08-22 // Gore-a // Iruzkinik ez
St. Agatha
Ez dakit zenbat orrialde dituen The Nun (Corin Hardy, 2018) filmaren gidoiak, baina susmoa dut lehen zirriborroa lerro batekoa izan zela, honelako zer edo zer: “Gauza beldurgarriak gertatzen dira monasterio batean [Oharra: ideia hori pixka bat garatu behar da]”. Susmoa dut orobat St. Agatha filmaren gidoiaren lehen ideia ere antzekoa izan zela: “Gauza sadikoak gertatzen dira moja etxe batean [Oharra: ideia hori pixka bat garatu behar da]”. Nolanahi ere, kontua gauza sadikoak erakustea bazen, egokia iduritzen zait Darren Lynn Bousman zuzendaria hautatu izana, Saw sagako hiru film zuzendu ondotik –II, III eta IV–, aski esperientzia lortua baitu eremu horretan. (gehiago…)
Midsommar
2019-08-15 // Gore-a, Suspentsea // Iruzkin bat
Mmm… Eta etxera itzuliko bagina?
Batzuetan, beldurrezko filmak zenbait euskal txiolari eta zutabegile bezalakoak izaten dira: zerbait espero duzularik –zerbait ona, erran nahi baita–, penagarriki dezepzionatzen zaituzte; deus ere espero ez baduzu, berriz, noizbehinka sorpresaren bat hartzen duzu –gauzak argi uzte aldera: zenbait euskal txiolari eta zutabegilerekiko konparazioa puntu eta komaren aitzineko atalari dagokio soilik–. Egia aitortzeko, esaldia ez da sobera bidezkoa; alde batetik, Midsommar ez da beldurrezko filma, nahiz eta propagandak “argi beteko izua” eskaintzen duen, eta, bertzetik ez delako egia ez nuela Ari Asterren lan honetatik deus ere espero. Izan ere, film luze-luze bat espero nuen eta, batez ere, Hereditary baino film hobexeago bat espero nuen. Nire itxaropenak erdizka baizik ez dira bete: filma luzea baita benetan, 147 minutu denbora objektiboan, aise gehiago denbora subjektiboan. (gehiago…)
Glass (Kristala)
2019-01-20 // Zientzia-fikzioa // Iruzkinik ez
Urdina, horia, berdea
Une batean, M. Night Shyamalan-en film berrian Filadelfiako eraikin altuena ikusten dugu egunkari batean; mirari bat da, dio lerro-buruak, edo horrelako zer edo zer. Irakurtzeko astirik ez duenak ere mirari solasa ikusiko du: marvel. Akaberan, eraikin horretan, Washingtongo ordezkariek omenaldi bat egin behar diote norbaiti. Ez naiz oroitzen nori edo zergatik; gogoan dut, ordea, filmeko albistegian telebista batean ageri den lerro-burua: D. C. Reps… Bere aitzineko bi filmetako superheroiak juntatu ditu Shyamalanek Glassen: Unbreakable (2000) filmeko Elijah Price (Samuel L. Jackson) –kristalezko hezurrak zituen bilaua– eta David Dunn (Bruce Willis) –hain zuzen ere hautsezina den heroia–, batetik, eta, bertzetik, Split (2016) pelikulako Kevin Wendell Crumb (James McAvoy) –24 nortasun zituen pertsonaia, bai eta komiki egile baten deitura ere–. (gehiago…)