Asteko Argazkiak

Kale bazterrak

Carl Court - Getty Images

Kale hertzek, bideak elkartzeko loturak ezartzeaz gainera, beste hainbat gauza lotzen dituzte. Kale bazterretan milaka pertsonen bideak elkarren artean gurutzatzen dira, horrela, milioika istorio sortzen dituztelarik.

Kalean sorturiko istorio horien artean, badira amaiera mikatza dutenak zoritxarrez. Irudian Grenfell dorrearen arrastoak ikusi daitezke. Hautsa eta errautsak besterik ez. Hondaturiko bizitza batzuen arrasto gordina. Astearte gauean eraikinean pizturiko sutearen ondorioak dira hauek. Suteak utziriko arrasto galdu horien artean larrialdi zerbitzuek lanean dihardute, bizirik dirauen pertsonarik topatzeko esperantzarik gabe jada, baina suak eragindako hondamendiari buelta eman nahian.

Jerome Favre – EFE

Kolore iluneko irudi honek Hong Kongeraino garamatza. Honetan, ordea, sua ez da argazkiko protagonista, urak baitauka argazkian nagusitasuna. Ekaitz tropikal baten erdian, langile batek kalea txukundu eta garbitu nahian dabil, nahiz eta urak lanak zaildu. Ur teloi baten azpia, erratza eskuan duelarik ekaitzari aurre egiten dio langileak. Ingurukoek ez bezala, langileak ez du euritakorik erabiltzen, bere eginbeharrak horrelako bat erabiltzea galarazten baitio.

Alexander Urzola

Munduko beste kale bazter batean, berriz, honako argazkia hartua izan da. Zuri-beltzean, baina ez horregatik indar gutxiagorekin, argazki berezia da. Ziurrenik euriaren ondorioz sortua izan den putzu batek argazkian sartu ez den kalearen beste zatia erakusten digu. Izan ere, argazkian ibiltzen ari diren oin batzuk baino dira agertzen, baina, putzuaren islari esker, pertsona horren burua zein bizkarra agerian geratzen dira. Ikusi ezean, batzuetan zaila da urak daukan ahalmen bikoitza imajinatzea, ispilu izateko gaitasuna baitauka.

Noel Celis – AFP

Azken argazkian, nahiz eta kale asko ikusi ez, argi eta garbi dago kalean gertaturiko zerbait biltzen duela irudi honek. Marawiko (Filipinas) kaleetan soldadu batek aurpegia eskuekin estaltzen du, irudi simetriko bat sortuz. Negarrez edo parean daukana ikustea saihestu nahian dabilela iruditu dezakeen arre, errezatzen dabil. Izan ere, eskuak ez dira gauzak ezkutatzen dizkiguten bakarrak, batzuetan begiek egiazkoa ez den zerbait pentsatzera bultzatzen gaituzte.

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.