Gizartea, nazioartea

American dream

El Paso, Texas. Argazkia: Mario Tama (AFP)

Joan den asteburuan 21 urteko “supremazista zuri” gazte batek 9 orduko bidaia egin zuen, bere jaioterritik Texaseko El Paso hiriraino. Bere helburua? “Ahalik eta mexikar gehien hiltzea”. 20 pertsona hil zituen eta 26 zauritu utzi zituen. Zauritu horietako bi, ondoren hil ziren hospitalean.

Ordu gutxira, beste gazte batek 9 pertsona erail zituen eta beste 20 zauritu zituen tiroketa batean. Ondoren, bere etxean aurkitu ziren eskuizkribuetan jartzen zuenaren arabera, “norbait hiltzeko intentzioa zuen”, baina ez zuen xede finkorik. Hil zituen 9 pertsona horien artean bere arreba zegoen.

Uztailaren amaieran, poliziak gizonezko bat tirokatu zuen Californiako gastronomia jaialdi batean, honek ausaz tiro egin eta lau pertsona hil eta 15 zauritu ondoren. Kasu honetan ere, erasotzaileak ez zuen helburu finkorik baina “pertsonak hiltzea bilatzen zuen”. Hala ere, aurretik mezu arrazistak zabaldu zituen sare sozialetan.

Apirilaren amaieran, 19 urteko gazte bat sinagoga batean sartu eta bertan Pazko judutarraren azken eguna ospatzen zeuden judutarren aurka tiro egin zuen. Emakume bat hil zen eta eta hiru pertsona zaurituak izan ziren. Ondoren aditzera eman zen erasotzaileak Zelanda Berrian mezkiten aurka egin ziren erasoak miresten zituela.

Iazko otsailean, Parkland hiriko (Florida) institutuko ikasle ohi batek, armen zale batek eta izaera liskartia zuenak, bertan sartu eta 17 pertsona hil zituen. Aste batzuk geroago, bizirik atera ziren ikasleetako bik beren buruaz beste egin zuten.

AEB, Ameriketako Estatu Batuak, pertsona baino arma gehiago dituen herrialdea. Nun, bataz beste, egunean tiroketa masibo bat baino gehiago gertatzen den (urtea hasi zenetik 251). Guztira, 8.500 erailketa baina gehiago izan dira tiro bidez eta 22.000 pertsonak egin dute bere buruaz beste arma baten laguntzaz. Tiroketen kasuan, 3 hildako edo zauritu baino gehiago egon dira bataz beste tiroketa bakoitzean.

AEBk mundu osoko biztanleen %4a du, 327 milioi pertsona, hain zuzen. Gainera, munduan dauden armen ia erdia Estatu Batuetan dago (%47). Ia arma-denda (130.000) eta gasolindegi kopuru berdina dago herrialde honetan.

Tiroketen %90a gizonezkoek egiten dute, eta %70an pertsona zuriak izaten dira autoreak. Askotan, “zoroak” direla edo “arazo psikologikoak” dituztela esaten da gertaera hauen arrazoi gisa, baina kasu guztien %4ean bakarrik identifikatu da autorea nolabaiteko “desoreka” edo gaixotasun mentalarekin.

Beltzak izateagatik historikoki diskriminatuak izan direnak; merituak lortzeko, emakumeak izateagatik gehiago erakutsi behar izan dutenak; bizi hobeago baten bila muga zeharkatzen saiatu eta saiakeran geratu direnak; bertakoek egin nahi ez dituzten lanak egiten dituztenak; Justiziaren zuloen eraginez heriotza-zigorrak sufritu behar dituztenak; LGBTB+ kolektiboaren parte izateagatik erasoak sufritu dituztenak; gaixotasunen ondorio latzak sufritzen dituztenak, bertako mediku-aseguruei aurre egin ezin diotelako; Trumpen politiken atzerakada sufritu dituztenak; eskuin-muturrarekin gorakadarekin batera igo den zurien gailentasunaren gorrotoa sufritzen dutenak; armen kontrol faltaren eraginez hildakoak… AEB. American dream.

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.