Kultura

Ospakizunen barrunbetan

Atef Safadi - EFE

Ospakizunek forma, kolore, doinu eta arrazoi desberdinak izan ditzakete kokalekuaren arabera. Esaterako, udaberriko ekinozioa edo Aste Santuaren barneko jaiegunak mundu mailan azken hilabeteko ospakizun ekitaldi esanguratsuenen arrazoia izan dira. Gaurkoan munduko bazter desberdinetako ohiturak ezagutzeko ibilaldia proposatzen dizuegu.

Urrutiegi joan gabe, inguruan Aste Santuarekin eta kristau-erlijioarentzat esanahi berezia duten urteko egunen adibideak topa ditzakegu. Pandemiaren ondorioz, ordea, prozesio edo meza bezalako ekitaldiak jendetsuak bertan behera gelditu dira bigarren urtez jarraian. Hala ere, zenbait ekitaldi segurtasun neurri bereziekin ospatzeko modua bilatu da, besteak beste, Jesukristoren nekaldia edo piztuera ospatzeko. Begirada gure lurretako mugetatik harago eramanez, goiko argazkian Aste Santuak utzitako bestelako adibideak topatuko ditugu. Jerusalemeko Hilobi Santuaren elizan, ekialdeko kristauek Berpizkundearen eliza deiturikoan, Ikuzketa zeremonian parte hartzen duten elizgizonak ikus daitezke.

Xavier Galiana – AFP

Debozioak bestelako itxura eta koloreak izan ditzake, batez ere, Hindu komunitatearen kasuan. Bigarren argazki honetan, hindu jainkotiarrek koloretako hautsekin inguruan harrapatzen duten guztia zipriztintzen dute “Lathmar Holi” izeneko jaialdiaren ospakizunen barnean. Lathmar Holi Holiko jaialdiko ospakizunetako bat da eta Holi Erreala baino egun batzuk lehenago ospatzen da. Jaialdiak udaberria eta koloreekin lotura estua du eta, konkretuki, aurrean duguna Uttar Pradesh indiar estatuko Barsanako herri bateko tenpluan ateratako argazkia da.

Alex Plaveski – EFE

Solztizio, ekinozio eta, orokorrean, urtaro aldaketek giza ospakizunekin lotura estua dute aspalditik. Txinan Shangaitik gertu kokatutako Wuxi hirian udaberriaren hasierarekin batera Gereziondoaren Loraldiaren Jaialdia ospatzen dute. “Hanami”, loreen edertasuna behatzeko japoniar tradizioa da, baina, orokorrean, hitz hau, gereziondoak loratzen diren garaiarekin lotzen da. Izan ere, gereziondoetan denboraldiko lehen loreak agertzearekin batera, japoniarrak zuhaitzen loreak gertutik ikusteko parke eta lorategietara masiboki joaten dira urteko garai horretan.

Burak Kara – Getty Images

Bien bitartean, “Noruz” Jaialdiarekin pertsiar urtearen hasieran ospatzen dute udaberriaren hasierarekin batera. Pertsieraz “Noruz” hitzak <<egun berria>> esan nahi du eta Asia erdialde eta mendebaldeko komunitate ezberdinetan ospatzen da, hala nola, Turkia, Iran, Azerbaijan, Uzbekistan, Tajikistan, Turkmenistan, Pakistan, Indiako tokiren batzuetan eta kurduen artean. Irudian Turkiako hego-ekialdean kokatutako hirik populatuena den Diyarbakir hirian jendea kantu eta dantza ikusi daiteke “Noruz” Jaialdiaren ospakizunen barnean.

Errepaso labur honekin argi gelditu da ospakizunek esanahi eta itxura guztiz bestelakoa izan ditzaketela leku batean edo bestean. Ospakizun guztiek, ordea, sentimendu, sinismen eta fedearekin lotura ezinbestekoa erakusten dute, sinismenak guztiz desberdinak izan arren.

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.