Kultura

San Sebastián egunaren beste aurpegiak

Maynor Valenzuela (Reuters)

Munduko hainbat lekutan urtarrilaren 20a ardatz hartuta , Sebastián santu erromatarrari eskainitako jaiak, azokak eta erromeriak eskaintzen dira. Ospakizunak askotarikoak dira eta horietako askok ez dute zerikusirik hain ondo ezagutzen dugun Donostiako festarekin. Hala ere, guztiek dute zergati bat.

Diriamban (Nikaragua) eliztarrek El Gueguensen parte hartzen dute. Drama satiriko bat dela esan daiteke, San Sebastián Jaia ospatzeko domeinu kolonialaren aurkako protesta adierazpen bat. Güegüense Nikaraguako literaturako lehen antzerki-lana izan zen, eta, ziurrenik, Amerikako lehen antzerki-lana ere bai. Diriamban San Sebastián jaiak urtarrilaren 20tik 27ra ospatzen dira. Antzezlanak testua, dantzak, keinuak, jauziak eta soinuak biltzen ditu, atabalaren eta txilibituaren erritmoan. Nikaraguarrak egun hauetan pandemiaren erdian jai erlijioso masiboa ospatzen ari dira.

Neuquén Tur.

 

Urtarrilaren 11tik 20ra Neuquénen, Las Ovejas udalerrian hain zuzen ere, San Sebatiánekiko debozioa ospatzen dute, hiru mende baino gehiago dituen tradizioaren bidez. Ospakizuna Txileko errepublikatik gertatutako espainiar kolonizazioaren ondorioa da, Argentina eta alboko herrialdea oraindik estatu bezala eraturik ez zeudenean. Urteak igaro ahala, erlijio-adierazpen hauek nekazarien eremura igaro dira. Aurten, ordea, ospakizunetan parte hartu ahal izateko COVID pasaportea erakustea beharrezkoa izan da.

Santi M. Amil

Castro Caldelas izenez ezagutzen den Ourense herriko bizilagunek “Festa dos Fáchos” izeneko prozesio tradizionalarekin gurtzen dute sua. Lasto-sorta horiek su handi batean erretzen dira, eta badirudi jatorria izurriaren aurka borrokatzeko  ekintza desinfektatzaile batean dagoela. Izan ere, duela 270 urte Castro Caldelaseko bizilagunek prozesio bat egin zuten herria erasotu zuen kolera izurri baten amaiera eskatzeko. Sua gurtzeko Galiziako tradiziorik adierazgarrienetako bat da, eta San Sebastiáni omenaldia egiten dio, urtarrilaren 19an ospatzen baita. Egungo pandemia unerik onenean ez dagoen arren, gobernuak hitzordua jatorrizko formatuan mantentzea erabaki du eta zeinek daki ea COVID-19a uxatzeko balioko ote duen.

Iker Azurmendi

Eta, azkenik, ezin aipatu gabe utzi San Sebastián egun osoan zehar Donostia musika eta festaz janzten duen jaia. Sarriegik sortutako musika, soldadu eta sukaldarien jantziak eta danbor eta barrilen doinuak dagoeneko guztiontzat aski ezagunak badira ere, ez dira hainbeste jaiaren jatorria edo zergatia hain argi dutenak. Hain zuzen ere, ohitura 1836an hasi zela uste da, Donostiako inauterietako konpartsetako bat bezala. Handik gutxira tradiziotzat hartu zen hiriaren patroia Donostiako kaleetan zehar ospatzea. Hasiera batean, parte-hartzaileak mozorrotuta ateratzen ziren, baina gero hirian zeuden militarrak bezala janztera ohitu ziren. Erabilitako lehen uniformeak Independentzia Gerran parte hartu zuten Gipuzkoako batailoienen antzekoak ziren, eta jantzi militarrek frantses estiloa zuten. Danborradan parte hartu zutenen kopurua handitu ahala, beste konpainia batzuk sartu ziren beste uniforme batzuekin.

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.