nazioartea

Une bereko irudi kontrajarriak

Irudiek munduko errealitate kontrajarriak agerian uzteko gaitasuna dutela erakutsi dute sarritan. Une labur eta bakarra izan arren, oso bestelakoak izan daitezke munduan aldi berean eman daitezkeen gertaera zein errealitateak. Batzuetan hain dira ezberdinak, argazkiak erabat aldendutako planeta edo galaxietan hartuak izan direla iruditu dezakeen.

Urte bat eta hilabete gutxi batzuk igaro dira COVID-19ak mundua hankaz gora ipini zuenetik. Bat-batean ezerezetik sortutako gaitz larri horrek ezagutzen genuen mundua guztiz akabatu edo bizirautea lortzen zuten biztanleak betirako indartu eta batuko zituela zirudien. Emaitza, aldiz, guztiz bestelakoa da urte eskas bat igaro ostean. Txiro zirenak lehen baino pobreago dira eta aberatsak, aldiz, ohi bezain axolagabe. Horren erakusle da Indiako Jammu hirian telefono mugikor bat heltzen duen ikaslea , beste batek irakasle baten aginduak entzun ahal izan ditzan. Inguruan beste haur batzuek maskarak erabiltzen dituzte koronabirusa saihesteko neurri gisa, eskola birtualak ahal duten moduan jasotzen dituzten bitartean.

TIMUR MATAHARI -AFP

Urrutiegi joan gabe, Indonesian errealitate berbera irudikatzen du hurrengo argazkiak. Protagonista desberdinak izan arren, errealitate gogor beraren adibide da. Argazkian bi ehorzle akituta ageri dira Bandungeko hilerriko hilobi batzuen erdian. Hilerrian Covid-19ak eragindako hildakoentzat gordetako eremuko langileak dira.

ZOLTAN BALOGH – EFE/EPA

Bien bitartean, azken urtean bizitako eta ustez ikasitako guztia ahaztuta, Eurokopak agerian utzi du oraindik futbola lehentasun garrantzitsua dela pertsona askorentzat. Irudian Hungariako futbol selekzioko zaleak ageri dira, Budapesten Portugalen aurka jokatutako partiduaren aurreko uneetan. Argazkia ikusita badirudi bertan bildutako zaletuen artean inor gutxi oroitzen dela pandemiak orain dela gutxira arte lapurtutako biziez.

STR – AFP

Denbora guzti honetan zehar Wuhan pandemiaren abiapuntu izateagatik mundu osoarentzako erreferentziazko puntuan bihurtu da. Denbora luzez hondamendiaren erdigune eta zoritxarraren adibide garbia izan ostea, urak bere ibilgura itzuli direla dirudi. Izan ere, aparteko segurtasun neurririk gabeko 11.000 ikasle inguruk graduazio ekitaldi jendetsua ospatu berri dute.

Labur esanda, azken urtean hainbatetan esperantzaz errepikatutako “pandemiatik indartuta eta elkartuta irtengo gara” esaldiak zentzu guztia galtzen ari du une batetik bestera.

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.