Astea laburbiltzen duten irudiei errepaso bat emateko ordua heldu da.
Gaurkoan errepasoa gertutik hasiko dugu, Euskal Herriko lurraldeetatik hain zuzen ere. Izan ere, Euskal Herri osoa zeharkatu duen lasterketa amaigabe hau bere amaierara heldu da. Iruña izan da 20. Korrikaren amaiera ekitaldia antolatzeko ardura izan duen lurraldea. Nafarrek ohore handiz jaso dute esku batetik bestera ibili den lekukoa, barnean zekarren mezua askatu eta euskararen aldeko hitzik ederrenak mundura zabaltzeko. Iruña txalo eta irribarrez bete da euskarari merezi duen ongi etorria emateko. Argazkian, lekukoa jaso eta barnean zekarren mezua zabaltzeko ardura izan dutenak Korrikari harrerarik beroena egiteko.
Leku batzuetan ospakizun alaietan murgildurik dabiltzan bitartean, munduko beste puntan lanean dabiltza etengabe. Pekingo langile hauek mereziriko atsedenaldia hartu dute lan gogorreko egunaren ostean. Haien neke aurpegiak agerian geratzen dira eta indarra falta zaie lanerako erabiltzen dituzten kasko horiak buruan eusteko. Haien atzean, etxe-orratz eta eraikin erraldoien irudi bat zabaltzen da. Langileek, ordea, ez dute irudian erreparatzen, bertan ageri diren eraikinak eraikitzeko indarrik gabe aurkitzen baitira une honetan. Agian, atsedenaren ostean, bertan ageri diren etxe-orratzetako bat amaitzeko agindua jasoko dute.
Udaberriak kolore biziak dakartzala askotan esan dugu eta loreak dira kolore bizi hauen adierazgarrik bizienak. Loreak, ederrak izateaz gainera, lan sortzaileak dira ere. Emakume bikote hau urrezko kamamila loreak biltzen dabil Amritsar hiriaren kanpoaldean. Loreen bilketa, ordea, nahiko gaizki ordaindurik dagoen lana da Indian. Sektore honetako langileek egunean, 200 errupia, 3 dolar inguru, baino ez dituzte irabazten zortzi orduko lanaldien ostean. Zelaia betetzen duten lore guztiak ikusita, emakumeek lan ordu asko sartu beharko dituzte oraindik.
Pankartak, oihuak edo megafonoak manifestaldietako elementu adierazgarrienak dira, baina ez dira munduko bazter guztietan burutzen diren protestetan ageri. Argazki honek Indiako Tamil Nadu estatuan buruturiko protesta bat erakusten du. Nekazariak dira argazkian ageri direnak eta burua eta bizarra erdizka moztu dituzte haien haserrea erakusteko asmoz. Haserrea adierazteko era baketsua da guztiz eta baliteke helburuak lortzeko primerako estrategia izatea. Beraz, baliteke jendearen arreta erakusteko oihuak eta zarata beharrezkoak ez izatea eta jarrera bitxi batekin nahiko izatea.
Leave a Reply