Hasiera »
Asier Blasen bloga - Bazterrak nahasten
Asier Blas
Politika, bidaiak eta musika izango dute tartea hemen, beti ere, bazterrak nahasteko asmoarekin, mingain puntan duzuna eta esatera atrebitzen ez zarena akaso nik idatziko dut, politikoki egokia dena biluztu nahian argudio (sasi)zientifikoak erabiliko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Amerikako Estatu Batuak(e)k Amerikako Estatu Batuak: hauteskundeak, polarizazio politikoa eta krisi instituzionala bidalketan
- U12: lehen analisirako gida | Bazterrak nahasten(e)k U12: partaidetza, inkestak eta hipotesiak bidalketan
- Asier Blas(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
- uriarte(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
- Asier Blas(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
Hauteskunde eguneko orduak pasatzeko bazka: kanpainaz eta gaurkoaren jarraipenaz
2024-04-21 // Hauteskundeak // Iruzkinik ez
1. Kanpainaren inpaktuaz. Eguneroko informazio agendako lehen lerroan sartzea ez du lortu, besteak beste, Athleticen Kopa garaipena eta Iran eta Israel arteko beef-ak bigarren maila batean utzi duelako. Horri erantsi behar zaio EAEn Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek bigarren mailakoak bilakatu direla herritarren parte batek ez dituelako ikusten politikan eragiteko tresna egoki bezala. Halere, azkeneko astean apur bat berotu da: hedabide eta alderdi batzuek ETA paseatzera atera dute, Imanol Pradales hautagai jeltzaleari piperbeltz esprai batekin eraso egin diote eta hautagaien arteko gaztelaniazko eztabaia ugari egon dira.
2. Hautagaiez. Pello Otxandianorentzat azken astea gogorra izan bada ere, ez dago dudarik, bera izan dela hauteskunde kanpainaren garailea (orain hauteskunde egunean irabaztea falta zaio). Lehendakaritzarako bi hautagai nagusien artean hobekien hezur mamitu dena da. Seguruenik Otxandiano etorkizun handiko politikari eta liderra izango da. Bere mailan, baina beste liga batean, aipatu beharrekoak dira Alba García eta Miren Gorrotxategi, beraiek oso lan txukuna egin dute ere bai. Garciaren kasuan Otxandianorenean bezala, etorkizuneko politikari da. Ondoren, Pradales aipatuko nuke, ez da hautagai txarra suertatu, baina Otxandianoren mailara ez da iritsi eta azkeneko inkestek ziotenaren harira urduri sumatu zaio. Eskuineko hautagaiek beraien ehiza-eremuak eskatzen duen lana burutu dute, aipatzekoa da Javier De Andrés PPko hautagaiaren eskuineko diskurtso populista aporafobiarekin eta xenofobiarekin lotuak. Mezu hauek funtzio bikoitza bilatzen dute: eskuin gogorreko boto emailea ainguratzea EAJra joan ez dadin boto erabilgarriaren aitzakiapean eta VOXeko boto emailea erakartzea. Kanpainako hautagairik kaskarrena nor izan den aipatzeak ez du merezi, guztiok dakigu eta. (gehiago…)
Joseba Sanz beti bihotzean
2023-12-15 // lagunak, Sailkatu gabea, Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
*Joseba Sanz Arranz, Bilbon (1970/03/17) jaio zen eta 2023ko abenduaren 12an hil zen 53 urte zituela. Bere agurra Bilbon, 2023ko abenduaren 14an, ospatu genuen. Testu hau da bertan irakurri nuena:
Joseba bidaiaria eta abentura zalea, idazlea, intsumitua, argazkilaria eta kazetaria, soziologoa, film zuzendaria, Do It Yourself filosofiaren maisua eta gauza askoz gehiago, baina batez ere laguna, lagun oso ona.
Ameslari erromantiko bat zen. Soldaduskarekin amaitzeko bere ekarpena kartzelan egin zuen. Bilboko eskola eta ingurune erdaldunean euskara ikasi eta unibertsitatean soziologiako ikasketak euskaraz egin zituen. Ametsak egi bihurtzen saiatzen den horietako zen Joseba, utopikoa, nahiz eta 2002an elkar ezagutu genueneko lekua ez izan utopikoegia, biek Gasteizeko Lehen Auzialditako zazpigarren epaitegian egiten genuen lan. Berak 8200 metro dituen Cho Oyu Himalaiako mendia igo berria zuela agertu zen Siberia-Gasteizen.
Kontatu zidan lehen istorioetako bat izan zen 1990eko bere Kubako bidaia. Hegaldia merkeagoa zen Aeroflot airelinearekin eta, beraz, La Habanarako bidean hiltzen ari zen Sobietar Batasunetik pasatu zen. Eskala luze bati esker Moskun ireki berria zegoen McDonald’s inguruko hilera luzeak ikusi zituen, begi aurrean utopia baten hondoratzea ikusi arren, gazte hark mundu justuago baten aldeko ilusioa bizirik zuen. Silviok eta Kubak bere utopia artistikoa, politikoa eta amodiozkoa lotzen zituzten. (gehiago…)
M28ko Foru hauteskundeak eta EH Bilduren arrakasta
2023-06-08 // Euskal politika, Hauteskundeak // Iruzkinik ez
2023ko maiatzaren 28an Hego Euskal Herrian izan ziren udal eta foru hauteskundetako berri garrantzitsuena EH Bilduk lorturiko arrakasta izan zen. Ezkerreko koalizio soberanistak emaitza oso onak lortu zituen lau lurralde historikoetan gorakada nabarmena erdietsiz eta udal hauteskundeetan emaitzak hobetuz herri gehienetan.
Nola azaldu EH Bilduren arrakasta
Aldagai askoren artean pentsatzen dugu lau izan direla bereziki garrantzitsuak: bi politikoak (endogenoak) eta bi teknikoak (exogenoak).
Politikoen artean lehena kudeaketa da. Udal hauteskundeetan EH Bildu boterean egon den herrietan, salbuespenak salbuespen, bere emaitzak hobetu ditu, horregatik pentsa genezake egin duen kudeaketa saritua izan dela. Bestalde, herri askotan EAJren kudeaketa ez da izan hautesle kopuru esanguratsu baten gustukoa eta, horregatik, zigor gisa edota kudeaketa hobeago baten bila boto-emaileek abstentziora jo dute edo boto aldaketak egon direnean nagusiki EH Bilduren mesedetan izan dira.
Bigarren aldagai politikoa da EH Bilduren inplikazioa Espainiako gobernagarritasunean, zentro-ezkerreko koalizio gobernua babestuz eta politika progresistak aurrera ateratzeko erabakigarria bilakatuz. EAJk saldu izan duen ideia, Euskadirentzako gauzak lortzen zituztela Madrilen, EH Bilduk hobetu egin du erantsiz politika sozial eta aurrerakoien berme funtzioa izatea. Ondorioz, bere profil pragmatikoa eta ezkertiarra indartu egin da erraztuz Elkarrekin Podemos bozkatzen zuen boto-emaile ez abertzalearen erakartzea. Hemen beste elementu garrantzitsu bat da ezker federalistaren boto-emaileak gehien bat hirigune eta herrietan bizi direla, hain zuzen ere, Madrileko agenda mediatikoa nagusitzen den tokietan. Testuinguru honetan EH Bildu Espainiako gobernagarritasunean parte hartu izanak oihartzun mediatiko handia eman dio Madrilen eta Estatu espainiarrean, sektore aurrerakoien artean ere bai, ikusgarritasun maila handiagoa lortuz.
(gehiago…)
Gerra “humanitarioak” berriro
2022-02-24 // Euroasia, Europako Ekialdea, Nazioarteko harremanak // Iruzkinik ez
Azkenean Errusiak eraso egin dio Ukrainari eta ez edonola. Amerikako Estatu Batuak zuzen zeuden? Edo guk hemen azaldu genuen autobete den profezia da? Bata ala bestea izan, erasoaren arduradunak Putin eta bere gobernua dira. Baina lau hilabeteren ondoren ikusi dugu Gerra Hotzean ez bezala, oraingoan AEBen negoziaziorako gogoak ez direla garai batekoak. Washingtonen eta Moskuren artean ez da egon benetako negoziazio bat, oiloaren jokoan aritu dira eta askok pentsatzen genuenaren kontra Kremlinak esku-hartze militar handia hasi du.
Baina hemen berritasuna ez da esku-hartzea bakarrik, baizik eta modua. Posibilitateen artean aipatzen genuen Georgian 2008ko gerran gertaturikoa errepikatzeko aukera zegoela, hau da, Ukrainak Donbassen kontra eskala handiko eraso bat hasiko balu, erantzuna Errusiatik azkar etorriko litzatekeela, Ukrainako armadaren kontrako erasoekin, instalakuntza militarrak suntsituz eta portu eta aireportu klabeak kontrolatuz. Gutxi gorabehera hori da gertatzen ari dena. Behin operazio hori bukatu zuela Georgian, errusiar armada erretiratu egin zen, hori bai, Hego Osetiak eta Abjasiak kontrolatzen zituzten lurralde eremuak zabalduta. (gehiago…)
Hauteskundeak eta autoritarismoa Errusian
2021-09-30 // Euroasia, Europako Ekialdea, Hauteskundeak // Iruzkinik ez
2020an, Vladimir Putin Presidente kargura iritsi zeneko 20. Urteurrenean, Errusiako sistema politikoak trantsizio bat hasi zuen Lehen Ministroa aldatuz eta erregimena erreformatuz. Sobietar Batasuna erori osteko etapa itxi eta berri bat irekiko da. Ez dakigu oso ondo nola bukatu den trantsizioa, baina abian da eta Putinek eta Errusia Batuak garbi dute diseinua eta garapena erabat kontrolpean izan nahi dutela, ez daude prest arauak eta lehia-esparrua inorekin negoziatu eta partekatzeko. (gehiago…)
Amerikako Estatu Batuak: hauteskundeak, polarizazio politikoa eta krisi instituzionala
2020-11-03 // Demokrazia, Hauteskundeak // Iruzkinik ez
(Artikulu honen laburpen bat Berrian argitaratu zen)
Aurtengo AEBko hauteskundeak salbuespenekoak dira COVID19aren pandemiaren erdian ospatzen direlako, baina batez ere, sistemak ezintasuna erakutsi duelako jendartearen zatiketa eta segmentazio soziopolitikoa saihesteko. Muturreko posizioak eta ezinikusiak nagusitu dira. Hedabide eta iritzi sortzaile askok errua Donald Trump presidenteari botatzen diote, aditzera emanez Joe Biden irabazi ezkero dena itzuliko dela normaltasunera, baina hori ez da horrela gertatuko. Trump sintoma da, ez gaixotasuna. (gehiago…)
U12: hauteskundeen lehen analisia
2020-07-13 // Euskal politika, Hauteskundeak // Iruzkinik ez
2020ko uztailak 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde emaitzak esku artean ditugu eta horiek aztertzeko asmoz hiru artikulu idatziko ditugu, gaurkoa lehenengo izango da interpretazio deskriptibo-orokor bat eskaintzeko: (gehiago…)
U12: lehen analisirako gida
2020-07-12 // Euskal politika, Hauteskundeak // Iruzkinik ez
Iritsi da eguna. Dagoeneko ez du garrantzia gehiegi aurresateetan tematzea, ordu gutxi batzuk barru jakingo dugu zein den parte hartzea eta zein izan diren azkeneko emaitzak. Zergatiak jakitea oso interesgarria da, horiek ulertuta etorkizunerako aurresate hobeak egin ahal izango ditugu, baina azterketa lan hori astelehenetik aurrera egingo dugu mahaien emaitzekin lehenengo eta, geroago, hauteskunde ondorengo inkestekin. Bitartean, gaurko gaurako lehen emaitzen interpretazio deskribatzailerako gida labur bat da honakoa: (gehiago…)
U12: partaidetza, inkestak eta hipotesiak
2020-07-09 // Euskal politika, Hauteskundeak // Iruzkinik ez
Orain urte bete Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde emaitzari buruz duda gutxi zeuden. Inkestek eta hautesleen gehiengoak bazirudien garbi zutela EAJ izango zela irabazle argia. Gainontzekoen artean, EH Bildu-k eta PSE-k igoera moderatuak eta Elkarrekin Podemos-ek eta PP-k jaitsierak espero zituzten. Agertoki hura sinesgarria zirudien, ez dena ulergarria da azkeneko hilabeteetan bizi izan duguna eta gero hipotesia bere horretan mantentzea inkesta gehienek gutxi-asko egiten duten moduan. (gehiago…)
CUP bidegurutzean
2016-01-02 // Erabakitzeko eskubidea, Hauteskundeak, Sezesioak // 6 iruzkin
Aurreko sarreran azaldu dugun bezala, Kataluniako independentismoaren erronka nagusietako bat da bere babesa indartu eta zabaltzea, batez ere aldebakarreko sezesioa gauzatu nahi bada. Horrelako prozesu batek intentsitate altuko gatazka bat behar du eta horri heldu ahal izateko ezinbestekoa da babes demokratikoa handia izatea. CUP aldebakarreko estrategia muturrera eramateko prest dago. Aldiz, badira zantzu batzuk sinesteko JxSren sektore batzuek aldebakarreko prozesu neurtu eta mugatu bat sustatu nahi dutela Estatu espainiarra negoziaziora bultzatzeko. Horrela, erabakitze eskubidea edota egokitzapen politiko berri bat lortzeko asmoa dute. (gehiago…)