Independentzia bozkatu egiten da
Azkeneko egunetan Lituaniako Parlamentuan aritu naiz elkarrizketa desberdinak egiten. Plazerra izaten ari da politikari desberdinekin herrialdearen sezesio prozesuari buruz eta egungo politikari buruz hitz egitea. Gertutasuna da herrialde txikiek duten abantaila, erraza izan da Lituaniako politikari garrantzitsuenekin elkarrizketatzea, areago, baten baten parlamentari bulegoa eta ordenagailua nire egin ditut ordu batzuetarako.
Politikoki hemen nire burua kokatzea zaila da, gure eskemek ez dute asko balio. Baina tira, elkar uler gaitezen, ezker-eskuin ardatzean sozialdemokratak eta liberalak izan beharko nituzke gertuen; arazo nazionalean aldiz, nire lehentasun politikoetako bat gutxiengo nazionalekiko ardura da, beraz, poloniar gutxiengoaren alderdiarekin nolabaiteko enpatia garatu nezakeen (kostata, oso kontserbadoreak dira!). Baina errealitatearekin tupust egiten da askotan, hemengo liberalek John Stuart Mill eta John Rawls apenas irakurriko zituzten, zentro-eskumako liberal-kontserbadoreak dira (betikoa, Europa kontinentalean kontserbadoreek liberal hitzaren apropiazioa egin dute).
Dudarik gabe politikoki sozialdemokratekin gustuen sentitu naiz orain arte, behintzat barne politikan (kanpo politika beste istorio bat da, badakizue poloniarrek AEBei musutruk egiten dieten hori, hemen antzera dabiltza). Baina gauzak nola diren, orohar arlo pertsonalean gustuen Andrius Kubilius-ekin egon naiz, alderdi (nazionalista) kontserbadoreko liderra, oposizio burua eta Lehen Ministro ohia. Giza faktorea da. Politikari ona iruditu zait, gertukoa, atsegina, politikoki ez oso egokia eta txalo erraza bilatzen ez duen horietakoa (ez da batere populista eta agian horregatik, hautesleen artean lortzen duen balorazioa baxua da beti). Pribilegio bat izan da berarekin egotea adiskide giroan eta baita ere galdera garratzen artean.
Kubiliusek egungo politikari buruz perla batzuk utzi zizkidan. Halere, berarekin lehen aldiaz hitz egiten gozatu nuen gehien, bereziki Lituaniako independentzia prozesuari buruz. Andrius Lituaniako Fronte Popularraren antzeko zeozer litzatekeen Sąjūdis mugimenduko idazkari izan zen independentzia prozesuan. Pozik aitortu behar dut espero ez nuen zintzotasuna azaldu zuela garai horri buruz hitz egiterakoan, hasieran uste nuen mugimendua eta sezesioa prozesua mitifikatuko zituela, baina ez zuen hori egin.
Kontua da gurean Lituania eta Baltikoko herrialdeak bi diskurtsotan agertu direla azkenaldian. Pako Aristik maiz aipatu du Lituaniako adibidea EHn egin ditugun akatsak azaltzeko, baina hor ez du asmatzen, ez behintzat Kubiliusek esandakoari jarraitzen badiogu. Horrek ez du esanahi Pakok egiten duen diagnostikoa okerra denik, areago nik orohar konpartitu egiten dut ñabardura garrantzitsu batzuekin. Beste kontu bat da Pakok proposatzen dituen errezetak, ez ditut konpartitzen eta horietako asko kontraesankorrak iruditzen zaizkit, halere, independentziaren inguruko eta hau eskuratzeko estrategiari buruz eztabaida astindu duela ezin da ukatu eta hori beti da ona, horregatik EHUn hitzaldia emateko proposatu nuen.
Bestalde, Orreaga taldea dugu. Hauek azkenaldian independentzia erabakitzeko eskubidearen kontrako kanpainan daude, beraien leloa da “askatasuna ez da bozkatzen”. Noski, askatasuna ez da bozkatzen, baina XXI. Mendean independentzia bozkatu egiten da, hori da aske izatea, erabaki ahal izatea estatu bat nahi dugun edo ez. Orreagak noizbehinka Baltikoko estatuak erabili izan ditu bere muturreko ideologia eta ideak zabaltzeko (nahiz eta kontatzen dutena zerikusi gutxi izan errealitatearekin). Mitifikazioetatik haratago eta muturreko irakurketa nazionalista-etnikoetatik haratago, errealitatea da Baltikoko herrialdeek Sobietar Batasunaren kolapsoari esker lortu zutela independentzia (faktore exogeno bategatik). Horrela bota zidan ziplo Kubiliusek.
Jason Sorens-ek bere Secessionism: Identity, Interest, and Strategy liburuan ondo azaltzen du askapen nazionaleko mugimenduek egonkortasun edo erreforma prozesu egoeretan autonomismoa bultzatzeko joera dutela (burujabetza esparruak irabaziz), sezesiorako aukera politikorako egitura apropos bat lortu arte behintzat, hau da, krisi politiko, instituzional, sozioekonomiko edota gerra bat iritsi arte. Modu berean, hasieran Sąjūdisek Perestroika lagundu eta babestu zuen (imajinatu, Ezker Abertzaleak edota EAJk gauza bera egingo balute Podemoseko balizko espainiar gobernu batekin). 1989ko martxoan hauteskundeak ospatu ziren Sobietar Batasunean gehiengozko sistema bidez, hau da, barruti bakoitzeko ordezkari bakarra hautatzen zen itzuli biko sistemarekin. Diputatuen heren bat Alderdi Komunistako eta bere erakundeetako hautagaien artean aukeratzen ziren, baina lehenengo aldiz diputatuen bi heren hautatu ahal izango ziren mota guztietako hautagaien artean. Kubiliusek memoriaz emaniko datuak onak badira, Lituaniak 38 barruti zituen, horietatik 36 Sąjūdisen hautagai independenteek irabazi zituzten, bai, ondo irakurri duzue, Orreagak eta Pako Aristik zer esango lukete honetaz? Lituaniar independentistek SESBko diputatuen kongresurako hauteskundeetan parte hartu zuten, baina ez hori bakarrik, bigarren itzulian Lituaniako Alderdi Komunistari bi barrutitan lagundu zioten irabazten.
Perestroikari emandako babesak ez zuen asko iraun, izan ere, Kubiliusen hitzetan azkar konturatu ziren erreforma prozesu baten aurrean baino, sistema osoaren kolapso batean aurrean zeudela. Hor ireki zen aukera politikorako egitura, sistema erortzera zihoan eta horri esker Sąjūdisek independentziaren aldeko kanpaina hasi zuen. Adibidez, bost hilabete beranduago etorri zen Baltikoko herrialdeetan askatasunaren alde eginiko giza katea. Testuinguru horretan Lituaniako Alderdi Komunistak Sobietar Batasunakotik independentzia aldarrikatu zuen, ondo ulertu zuen SESBren amaiera zela.
1990an Lituaniako Sobiet Gorenerako hauteskunde demokratikoak ospatu ziren. Sąjūdis ez zen aurkezten, baina alderdi desberdinetako hautagai ugari bere kide ziren eta, batez ere, hautagai independenteak ziren bere kideak. Eztabaida independentzia azkarra edo pausuz pausu artekoa izan zen. Lehenengo posizioa Sąjūdisek defendatzen zuen, bigarrena aldiz Lituaniako Alderdi Komunista independenteak. Emaitzak ez ziren txarrak izan komunistentzat, baina orohar 135 diputatuetatik 91 Sąjūdisen aldekoak ziren (horien artean 17 komunista zeuden), beraz, nagusitutako estrategia hausturarena izan zen. Parlamentuak 1990eko martxoaren 11ean aldarrikatu zuen independentzia 124 aldeko botoekin (hau da, %91,85eko babesarekin). Hauteskunde kanpaina independentziaren inguruan izan zen eta horri lotutako erabakia hartu zuen Parlamentuak. Halere, Sobietar Batasunari eskatu zioten autodeterminaziorako eskubidea egikaritzeko prozedura zehaztea, erantzunak ez zuen eskubide horrekin zerikusia: Lituanian sezesioa bozkatu bai, baina erabaki hori SESB osoan erreferendum bidez berretsi behar zela adostu zuten sobietar agintariek. Beraz, bide bakarra alde bakarreko independentzia izan zen.
Sąjūdisek estatu berriaren eraikuntzan jardungo zen gobernua osatu zuen. 1991ko urtarrilean sobietar indar armatuek zenbait instalakuntza estrategiko hartzeko operazio bat burutu zuten eta borroken ondorioz, ehunka zauritu eta hamahiru hildako egon ziren. Martxoan SESBk bere batasuna sostengatzeko erreferendum bat ospatu behar zuela iragarri eta Lituaniako agintariek aukera hori aprobetxatu zuten otsailaren 9an, urtarrileko gertakari odoltsuak gertu zeudela, independentziaren aldeko kontsulta ospatzeko. Partaidetza %84,7koa izan zen eta baiezkoak irabazi zuen %93,2arekin. Bigarrenez botoak erabili zituzten independentzia eskuratu eta legitimatzeko.
1991ko abuztuaren amaieran SESBko estatu kolpe saiakera izan zen erabateko kolapsoa iritsi zenaren seinalea eta honen porrotaren ostean, segidan independentziaren nazioarteko aitortza iritsi zen. Independentzia patrikan zuten lituaniarrek, baina atsekabe soziala handia zen Sąjūdisek gidatutako gobernuarekin, krisi sozioekonomiko handia bizi zuen herrialdeak neoliberalismoaren shock terapiek min handia sortu zutelako. Lituania independenteko lehenengo hauteskundeak 1992an ospatu ziren. Kubiliusek uste zuen garaipen erraza izango zutela, baina, komunista ohiek irabazi zituzten beraien programa sozialagatik eta baita ere inteligentziaz jakin izan zutelako jolasten independentzia prozesuan, ondo ulertu zuten SESB amaitua zegoela bere erorketa aurretik.
7 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Independentzia bozkatu egiten da | Asier Blas Mendoza - [...] published in my blog of Argia Newsmagazine: Bazterrak Nahasten (in [...]
- Kataluniaren desanexioa to go further | Bazterrak nahasten - [...] Batasunak gerra galdu eta horren ondorioz, Lituaniako independentzia prozesuaren gidarietako batek azaldu bezala, independentzia lortzeko aukera politikorako egitura sortu…
- Kataluniaren desanexioa to go further | Asier Blas Mendoza - [...] Batasunak gerra galdu eta horren ondorioz, Lituaniako independentzia prozesuaren gidarietako batek azaldu bezala, independentzia lortzeko aukera politikorako egitura sortu…
“Noski, askatasuna ez da bozkatzen, baina XXI. Mendean independentzia bozkatu egiten da, hori da aske izatea, erabaki ahal izatea estatu bat nahi dugun edo ez.”
Independentziarik gabe aske izan gaitezke?
Ez jauna. XXI. mendean aske izateko, independentzia ezinbesteko baldintza da. Ez duzu ulertu independentzia dela herrien askatasuna, eta Estatu propiorik gabe ez dagoela independentziarik.
Orreagak ez dio uko egiten bozkatzeari. Orreagak esaten du, boterea ez dela bozketa baten emaitza. Alderantziz, boterea duenak ( benetako boterea ) bozketak antolatzen dituela zilegitasuna emateko bere botereari.
Independentziarako estrategiak ( Euskal Estatuak ) ez du baztertzen inolako bitartekorik botere politikoa eskuratzeko. Estrategiarik gabe , gaur egun bezala, ez dago gure aldeko urrats taktikorik, bozkatu ala ez bozkatu .
Bestalde Orreagaren iritziak muturrekoak direla esaten duzunean, zer esan nahi duzu ; inperialismoak “emandako eskubideak” ez direla eskubide esaten duena, muturrekoa dela ?
Orreagaren idatziak gehiago landu beharko zenituzke horrelako erasoak jo aurretik, helburu beraren alde ari bagara bederen.
Eskerrik asko esateagatik zer ulertzen dudan eta zer ez 😉 Nire iritzia da askatasunera gerturatzeko independentzia behar dugula, estatu propioa behar dugula, baina honek bakarrik izango du zentzua EHko (edo EAEko, edo Hego EHko) herritarrek horrela nahi badute. Halere, zure hitzetan: “Ez duzu ulertu independentzia dela herrien askatasuna”, hau da, independentzia=askatasuna eta “askatasuna ez da bozkatzen”, beraz, “independentzia ez da bozkatzen”.
Bestela ados nago, boterea ez da bozketa baten emaitza, baina, bozketa botere harremanen agertoki sinbolikoa da: hauteskundeak izan edo erreferendum bat. Independentzia aldarrikatu daiteke gehiengoak baldin badituzu parlamentuan edo erreferendumean, bestela jai duzu XXI. mendean.
“Muturrekoa” diodanean kokapen espazial bat ematen ari naiz, beste ezer ez. Alde horretatik, zuen diskurtsoa gainontzeko mugimendu eta alderdi abertzaleena baina muturrerago dago euskal estatua eskatzerakoan. Kokapen espaziala, besterik ez. Bestela, erasoa? Zein eraso egin diot Orreagari? Lan hori ez dut hartu.
1-
“…muturreko ideologia eta ideak zabaltzeko …”
Estatu propioaren defensa egitea arrunt normala da mundo osoan: jarrera autozentratua, logikoa, zentzuduna,…Baina euskaldunok egiten dugunean “muturrekoak” bihurtzen gara.
2-
“… irakurketa nazionalista-etnikoetatik haratago, errealitatea da…”
Etnozidioa sufritzen duena, etnizista bilakatzen da inperialismoaren ikuskera deformatzailean. Badakizu, bortxaren biktima diren herriak biolentoak omen dira erasotzailearen propagandari esker eta gainera xenofobo hutsak gara, mendeetan zehar eta gaur egun ere, mespretxua eta bazterketa jasaten dugunak.
3-
“… hori da aske izatea, erabaki ahal izatea estatu bat nahi dugun edo ez.”
“askatasunera gerturatzeko independentzia behar dugula, estatu propioa behar dugula”
Zure buruan bi ideia kontrajarri hauen artean sekulako borroka dago. Horregatik gomendatu dizut Orreagaren idatziei arreta handiago jartzen ahalegin bat egitea.
1.- Iritzi kontua da, baina bertako biztanleak iritzi politikoen arabera mailakatzea sistematikoki eta mailaketa horren araberako eskubideak “ematea” muturrekoa iruditzen zai.
2.- ez dut inor etnizista deitu, irakurketa etnikoak aipatu ditut Gure Berriak-en artikuluari jarraiki.
3.- Herrialde gisa niretzako aske izatea objektiboki da erabaki ahal izatea independentzia nahi dugun. Adibidez, lagunekin pisua konpartitzen dut eta nahi badut bakarrik bizitzeko aukera daukat beste pisu batean, nire aukera askea izango da bakarrik bizitzera joatea edo pisu konpartituan gelditzea. Filosofikoki garbi dago. Baina, errealitatea konplexua da eta erabaki horiek ez dira baldintza neutraletan ematen, subjektibitatearen dimentsiora iristen gara, ondorioz, politikara salto eginez berriro, subjektiboki, nire iritziaren arabera eta defendatzen dudan posizioa da estatu propioarekin askatasunetik gertuago egongo garela edozein erabaki hartu ahal izateko arlo desberdinetan (kanpo eraginik gabe), baina, “gerturatu” erabili dut ze independentziak plano subjektibo horretan ez dakar askatasuna, Lituania adibide bat da, egitura desberdinek mugatzen dute (Europar Batasuna, NATO etab.) eta herrialde txikiek nekez sahiestu dezakete herrialde handi eta boteretsuek beraien askatasuna mugatzea.
Laburbilduz, kontraesankorra da askatasuna kontzeptua kontraesankorra delako, askatasunetik erabaki dezaket aske izateari uztea (filosofian nahiko landutako ideia). Iritzi subjektiboetatik kanpo, adostu genezake iritzi politiko desberdinen artean (ez denen artean badakigu) askatasuna herrialde bezala gure etorkizuna erabakitzea dela: independenteak izan edo ez. Gero bakoitzak defendatuko ditu askatasunaren beste irakurketa batzuk. Edonola ere, independentzia gauzatzeko egun ezinbestekoa da hautestontzietatik pasatzea eta legitimazio hori erabiltzea, legitimazio demokratikoa, Lituanian gertau bezala.
Ez dugu pisurik konpartitzen. etxea lapurtu digute.
Izan ongi.
Bi ardatzen teoría hori, arazo soziala alde batetik eta arazo nazionala bestetik, inperialismoak betidanik (Felipeak etab.) erabili duen tresna bat da. Pena da oraindik ere fruituak ematen dituela egiaztatzea. Ikastolak burgesak direla esango dute askok, eta eskola publikotara bidali behar direla haurrak (adibidez). Lehen errazagoa zen, eskola publiko horiek eskola nazionalak ziren, eta nazionalen aurka borrokatu ziren gure aiton-amonak…
Beste batzuk aldiz esango dute arazo nazionalak bigarren planokoak direla, lehendabizi jan egin behar dela biziko bagara eta jende asko lanik gabe dagoela eta beraz burgesa dela herriaren askapenaren aldeko borroka lehenestea…
Adibideak ugariak dira, baina beti menderaturiko herrien askapen borrokak oztopatzeko jartzen dira. Nazioarteko klase borrokaz edo elkartasun internazionalistaz etabar teorizatzea oso polita da, baina gero”errealitatearekin egiten duzu tupust”eta ohartzen zara hori ez dela inoiz eman. Pertsonak (herriak) langile edo burges baino lehenago abertzaleak dira, hemen, Baltikoan eta Kontxintxinan.
Bitxia da era berean gutxiengo nazionalez diozuna. Zer gara gu? Gutxiengo nazional bat? Hizkuntza gutxitu batekin? Nik herri bat garela esango nuke, hizkuntza nazional batekin. Zuk?
Azkenik, Orreagari “muturreko irakurketa nazionalista-etnikoak” leporatzekotan, ondo legoke adibideren bat ematea, jarrera hori non sumatzen duzun argitzeko, ez baituzu Orreagak sinaturiko artikulu edo hitzaldi bakar bateko estekarik jarri, eta asko dituzte sarean…
Ez dakit ondo ulertu duzun, bi ardatz ez ditut aipatu; ardatz ideologikoa aipatu dut: ezker-eskuin eta arazo nazionala, biak Lituanian, Lituaniaz ari nintzen hizketan, ez Euskal Herriaz, orohar politikan nire interesetako bat da gutxiengo nazionalak ikertzea, Lituanian eta kontxintxinan. Beraz paralelismo guzti horiek EHarekin ahaztu. Bestela, askapen nazionala eta sozialaren arteko dialektikaren eztabaidan ez naiz sartu, aipatu ere ez ditudalako egin. Nire iritzia da biak elkarrekin doazela, baina ez naiz gai horretan sartuko ez baita sarrera honen gaia.
“Muturreko” kontzeptua aurreko erantzunean argitu dut. “muturreko irakurketa nazionalista-etnikoak” esaldia ez dut Orreagarekin lotu zuzenean, baina Gure Berriak gutxienez ildo antzekoa duela esango nuke… eta zehazki ematen dudan esteka hau da: http://www.gureberriak.com/2012/07/29/letonia-euskal-herria/
eta horren kontura Ainhoa Letamendiak (Orreaga, ezta?) bi gauzatxo idatzi zituen gutxienez:
– Amaieran iruzkina: http://zuzeu.com/2012/09/07/inaki-soto-gara-rik-gabe-gaur-egungo-eszenatoki-politikoa-ezinezkoa-litzateke/comment-page-1/#comments
– Sarrera: http://zuzeu.com/2012/05/03/euskal-herritarrak-dira-ba-ote/
Bestela, osoa.net esteka jarri dut ere bai 😉 ez dut uste esteka falta dagoenik.