Asier Blas
Politika, bidaiak eta musika izango dute tartea hemen, beti ere, bazterrak nahasteko asmoarekin, mingain puntan duzuna eta esatera atrebitzen ez zarena akaso nik idatziko dut, politikoki egokia dena biluztu nahian argudio (sasi)zientifikoak erabiliko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Amerikako Estatu Batuak(e)k Amerikako Estatu Batuak: hauteskundeak, polarizazio politikoa eta krisi instituzionala bidalketan
- U12: lehen analisirako gida | Bazterrak nahasten(e)k U12: partaidetza, inkestak eta hipotesiak bidalketan
- Asier Blas(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
- uriarte(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
- Asier Blas(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
Katalunia A9ko kontsulta eta gero: erabakitzeko eskubidetik desanexiora
Atalak: Demokrazia, Erabakitzeko eskubidea, Sezesioak
Erabakitze eskubidea aldarrikatzetik desanexiorako bidea hasi du Kataluniak. Bidea ez da erraza izango, baina urratzen hasi dira, trantsizioa hasi dute. Aztertu ditzakegun azkeneko pausuak eta zein dira etorkizuneko eskenatoki posibleak:
a) Espainiar legalitatearen joko zelaian. 2014ko azaroaren 9ko kontsulta arte Katalunia eta Espainia arteko harremana Espainiar legalitatearen joko zelaian jolastu da. Input-ak (eskaerak) indarrean zegoen legalitatea errespetatuz egiten ziren. Kataluniako bigarren estatutua edo Itun fiskalaren eskaerak adibide dira. Lehenengo eskaera aintzat hartu zuen Estatu espainiarrak eta autonomia estatu debaluatu bat onartu zuen. Zapateroren gobernua nahiko azkarra izan zen input estatutarioa onartu eta bere jarraitzaileen artean zatiketa sortu zuenean debaluatuz. Une horretatik aurrera berriz, Espainia oso baldar ibili da Kataluniarekin duen tratuan. Auzitegi Konstituzionalak Zapateroren jokaldi ona pikutara bidali eta berriro estatuaren lehenengo bertsioaren inguruko aliantzak berregin zituen. Debaluazioa Espainia eta Katalunia arteko itun bat izan zen eta parte batek ez zuen bete.
Auzitegietatik sortutako arazo bakarra ez zen estatutuaren sententzia, bidean katalan hizkuntza normalizatzeko politika publikoen kontrako sententziak iritsi ziren ere bai. Kataluniako gehiengo oso zabal bat erasotua sentitu zen, ordura arte federalista izandako askok ulertu zuten Espainiarekin ez zegoela zereginik: sezesioaren unea iritsi zen. Halere, Masek Espainian mantentzeko beste saiakera bat egin zuen Itun fiskala eskatuz. Ezetzak independentismoa indartu eta helburua erdiesteko erabakitze eskubidea egikaritzeko eskaera ekarri zuen.
b) Erabakitze eskubidea egikaritzeko eskaera. Katalanek badakite sezesio bideragarri bat lortzea ez dela lan samurra, horregatik, hasieratik sezesiorako erreferendum baten eskaera egin dute Espainiar legalitatearen baitan, jakinik horrelako prozesu batean independentzia lortzea oso zaila dela. Jason Sorens-ek bere Secessionism: Identity, Interest, and Strategy (2012) lanean azaltzen du erreferendum bat baimentzen duten jatorrizko estatuek ia abantaila osoa dutela sezesio prozesua geratzeko. Normala da gutxienez hiru arrazoirengatik: a) Erreferendumaren baldintzak eta denborak negoziatzeko abantaila du, agenda kontrolatzen du; b) Estatu batek erabakitzeko eskubidea onartu badio lurralde bati, erreferendumean boto eman behar dutenen arteko parte batek independentziak sor dezakeen ezegonkortasun ekonomikoaren aurrean (jendartea geroz eta zaharragoa eta geroz eta aberatsagoa orduan eta galtzeko gehiago eta beraz beldur gehiago) ezezkoaren alde egin dezake pentsatuz beti izango dutela joateko denbora, izan ere, independentzia eskuratzeko eskubidea aitortu diete; c) Jatorrizko estatuak estatu aparatu oso bat du bere zerbitzura erreferendumaren kanpainan eta aurretik bere aldeko posizioak sendotzeko.
Bestela esanda, erreferenduma adosten bada seguruenik ez da egongo muturreko tentsio egoera bat eta horrek zaildu egiten ditu independentziaren aldeko posizioak indartzea. Aldiz, Katalunian gertatzen ari dena kontrakoa da, tentsioa igotzen ari da lehenengo nazio izaera aitortzeko eskaera ukatu diotelako eta ondoren erabakitzeko eskubidea ukatu nahi izan diotelako. Hortik dator guztiok ezagutzen dugun errealitatea: Espainia independentistak sortzeko makina bat da. Geroz eta beranduago adosten badu Espainiak erreferendum bat ospatzea Katalunian, orduan eta ahulagoa izango da bere posizioa agenda kontrolatzeko eta sezesioa saihesteko.
Kataluniako gobernuak ahalegin guztiak egin ditu Espainiar legalitatearen baitan erreferenduma ospatzeko, izan ere, horrela minik gabeko desanexio bat lortzea errazago da, hots, estatu berriak nazioarteko ezagutza automatikoa izango luke eta NBEko kide izatera pasako litzateke. Negoziatua izango ez balitz, independentzia aldarrikapenak ezagutzak lortu ahal izateko arrazoiak bildu beharko lituzke (ikusi aurreko artikulua) eta katalanak horretan daude, arrazoiak pilatzen balizko alde bakarreko desanexio bat argumentuz janzteko.
c) Trantsizioaren hasiera, joko zelaia aldatuz. Azaroaren 9ko kontsulta zerbaitegatik izan bazen arrakastatsua desobedientzia zibileko ariketa neurtu bat izan zelako da, mugatua baino oso adierazgarria lortu zuen babes mailagatik. Botere esparru soberano bat irudikatu eta egikaritu zen Espainiar estatuaren kontroletik kanpo. Kataluniako jendartearen parte esanguratsu batek bozkatu egin zuen Espainiako legeek eta erakundeek agindu zuten debekua desobedituz. Entseiu froga bat izan zen akzio-erreakzio dialektika zainduz estatuarekin. Honek ez bazuen ezer egiten bere legalitatea narriatu egiten zen poliki-poliki erantzuna iritsi arte. Hau iristean, bere legalitatea urratzeko beste pitzadura bat bilatzen zen. Horrela hasi da legitimitate berri baten sinesgarritasuna eraikitzen.
Trantsizio prozesuan bigarren mugarria hauteskunde “plebisziatarioak” izango dira. Hauen garrantzia handia izango da Azaroaren 9ko kontsulta ez zelako tsunami bat izan. Zenbakiak baloratzerakoan kontu handiarekin ibili behar da, izan ere, kontsulta oso baldintza txarretan ospatu zen (adibidez hauteskunde errolda gabe), Espainiar estatuaren aurkakotasunarekin, baliabide mugatuekin eta kanpainarik gabe, baina izan gaitezen zintzoak, hau arazo den bezala abantaila ere bilaka daiteke tentsioa igotzen delako (zeresanik ez Estatuak indarkeria erabili izan balu kontsultaren kontra). Aztertu ditzagun datuak. Azaroaren 7an Azpimarra saioan eta azaroaren 9an Twitterren mahai gaineratu nituen datuak ekarriko ditut berriro (norbaitek nire datuak oso zurrunak kontsideratzen baditu, Carles Castroren datu malguagoak ditu hemen).
2014ko Diadan, abertzale batzuk esan zuten bi miloi pertsona atera zituztela kalera. Gutxieneko langa hori ez zegoen urruti Bartzelonako poliziak emandako datutik: 1,8 miloi pertsona. Kontsulta zenbatu daitekeen mobilizazio bat den aldetik, Bartzelonako poliziaren datuak aintzakotzat hartzen baditugu, 1,8 milioitik beherako partaidetza porrot bat izango zatekeen (tamaina zenbaki horretatik urrundu ahala handituko zatekeen). 2012ko Kataluniako hauteskundeek inoiz izan duten partaidetza handiena izan zuten, besteak beste horri esker, alderdi abertzaleen emaitzak historikoak izan ziren: 1.787.656 boto, hauteskunde erroldaren %33a. Soberania zaleen alderdien emaitza 2.147.361 boto izan ziren, hauteskunde erroldaren %39,6.
Azaroaren 9ko Kontsultaren behin behineko datuen arabera gutxi gora-behera 2,3 miloi pertsonek hartu zuten parte. Botorako eskubidea zutenen %36aren bueltan (soberania zaleek lortu zuten hauteskunde emaitzen %39,6tik gertu). Baiezkoak 1.862.753 izan ziren, gutxi gora-behera boto eskubidea zutenen %29a, beste behin azkeneko hauteskundeetan alderdi abertzaleek izan zuten pisu erlatiboaren apur bat behetik. Arrazoia erraza dirudi, Unió-ko sektore batek estatuaren alde eta independentziaren kontra bozkatu du.
Garbi dago ez dela tsunami bat izan. Baina zenbakietatik haratago baldin bagoaz, ikuspegi kualitatibo batetik independentismoarentzat egun handia izan zen azaroaren 9koa. Bere legitimitatea inposatzen eta legalitatea eraikitzen hasi zen. Botoa ematera gerturatu ez ziren horiek sudur puntan ikusi dute estatu alternatibo bat eraikitzen ari dela, ez dakite oraindik zein motatako harremanak izango dituen estatu horrek Espainiarekin, baina geroz eta garbiago ikusten ari dira harreman mota zehazteko prozesuan parte hartu beharko dutela beraien lehentasunak defendatu nahi badituzte. Izan ere, Kataluniako azkeneko hauteskundeetan CiUk bere programan ez zeraman independentzia era garbi batean. Orain aldiz, badakigu 1,8 miloi pertsona eta botorako eskubidea duten %30 inguru independentziaren alde konprometituak daudela. Lur zoru ederra da independentismoaren hazkundea bultzatzeko eta erabakitze eskubidea eskatzeko estrategiatik desanexioa eskuratzeko trantsizioa hasteko.