U12: partaidetza, inkestak eta hipotesiak
Orain urte bete Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde emaitzari buruz duda gutxi zeuden. Inkestek eta hautesleen gehiengoak bazirudien garbi zutela EAJ izango zela irabazle argia. Gainontzekoen artean, EH Bildu-k eta PSE-k igoera moderatuak eta Elkarrekin Podemos-ek eta PP-k jaitsierak espero zituzten. Agertoki hura sinesgarria zirudien, ez dena ulergarria da azkeneko hilabeteetan bizi izan duguna eta gero hipotesia bere horretan mantentzea inkesta gehienek gutxi-asko egiten duten moduan.
Uka ezina da igandeko hauteskunde emaitzak iragartzeko zailtasun handiak daudela. Serie historikoan ez dugu topatuko hauteskunde deialdirik bi hilabeteko konfinamendu ostean eta pandemia baten erdian. Horregatik, parte hartzeari buruz egiten diren aurresateak egoeraren berezitasunari buruzko ohartarazpenez lagundurik doaz, izan ere, hauteskundeak uda partean ospatzen dira eta boto-emaile askok COVID19agatik beldurra izan dezakete hautestontzietara gerturatzeko.
Parte hartze datua iragartzea konplikatzen denean, emaitzak aurresatea zaildu egiten da. Hori jakinik, ez dudana oso ondo ulertzen da proiektatzen den partaidetzarekin estimatu diren emaitzak. Demagun parte hartze estimazioak gutxi gorabehera bete egiten direla azkeneko hauteskundeetako %60aren bueltan geratuz. Horrela balitz, kosta egiten zait sinestea emaitzak 2016koen antzekoak izatea zuzenketa txiki batzuekin. Hona hemen argudioak eta horiei loturiko hipotesiak:
1.Parte hartzearen joera
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak bigarren mailakoak dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeekin alderatzen baditugu: Gasteizko parlamenturako ia beti parte hartzea dezente baxuagoa izan da. 2001ekoak salbuespen bat izan ziren, baina ordutik boto-emaile kopurua etengabe jaisten joan da (ikusi Irudia). ETAk bere jarduna utzi zuenean polarizazio politikoak behera egin zuen eta berarekin batera hauteskunde parte hartzeak ere bai. 2016an mobilizazioa oso txikia izan zen: %60,02, historiako hirugarren parte hartze datu baxuena, 1994ko %59,69ko datu baxuenetik oso hurbil. Izan ere, orain lau urte errekuperazio ekonomikoaren garaia zen eta alderdi guztiek motibo desberdinengatik EAJrekin aliatu nahi zuten, horregatik, pentsa daiteke egoera normal batean %60 inguruan dagoela EAEko parte hartze zorua. Honela bada, 2020 hasierako estimazioek parte hartze maila mantendu edo zertxobait igo zitekeela iragarri zuten tentsionamendu ziklo baten hasierarekin. Egoera baina, ez da izango normala COVID19aren krisiagatik.
2.Muturreko alderdi-sistema batetik moderatura.
2009ra arte EAEn muturreko alderdi anitzeko sistema bat egon da, ordutik moderaturako aldaketa gauzatu da bi faktore garrantzitsuren laguntzarekin: lehenengoa, Ezker Abertzalearen lege kanporatzea eta, bigarrena, ETAren amaiera. Honek alderdi kopuru efektiboa murriztu eta bi alderdi/koalizio nagusiak indartu ditu. Adibidez, 2012ko hauteskundeek alderdi biko sistema inperfektu baten atarian utzi gintuzten: parlamentarien %64a EAJ eta EH Bilduren artean banatzen ziren. Datu hau %61,3 jaitsi zen 2016an, ezer gutxi kontutan hartzen badugu Elkarrekin Podemosen agerpen urtea izan zela. Beraz, alderdi biko sistema inperfektu baterentzako joera indartuz joan da azken urteetan eta 2020 ez dirudi salbuespen bat izango denik.
3.Parte hartze gorabeheren efektuak.
Txanpon baten bi alde bezala azaldu genezake joera sekularra. Alde batetik, hauteskunde mobilizazioa igotzen denean bi alderdi nagusien mesedetan izaten da parte hartze zorutik gorako hazkundearen gehiengoa (kontzentrazio parlamentarioa gehiago); eta bestalde, parte hartze baxua alderdi txikiek hobeto maximizatzen dute botoak eserleku bilakatzeko (zatikatze parlamentario gehiago). Zergatik gertatzen da hori? Alderdi txikiek elastikotasun gutxiago dutelako, hau da, beraien zorua eta sabaiaren arteko distantzia txikiago da mobilizatzen duten botoa ideologizatuagoa edota militanteegoa delako.
Egia da ideologizatuen artean batzuk ez dutela botorik ematen, baina, orohar, abstenitzen direnen artean azpi-ordezkatuak daude. Hauek gutxitan bozkatzen dute, halere, salbuespen egoeretan aktibatu daitezke boto erabilgarriaren logika baitan, alderdi baten alde baino kontra bozkatuko dute: adibidez, VOXen aurka 2019an, PPren kontra 1993, 2004 eta 2008an edo Mayor Orejaren aurka 2001ean.
Boto erabilgarria da hautesleek lehiaren zentro bezala hautematen dituzten bi aukera nagusiak. Horregatik, alderdi bi horien hauteskunde zoru eta sabaia arteko distantziak handiak dira: asko dute irabazi eta galtzeko.
Baina non irabazten da nagusiki? Boto-emaile ez ideologizatu edota alderdi identifikazio txikia dutenen artean. Hauek pizgarri indartsurik ez badute nagiak dira hautestontzietara gerturatzeko garaian. Horregatik, zeozer garrantzitsua jokoan dagoen pertzepzioa badago edota alderdi bi nagusiren arteko lehia estua aurreikusten bada, boto-emaile nagia mobilizatu daiteke boto erabilgarri klabeetan.
Behin joera sekularra azaldu dugula, honen baitan dauden ñabardura eta desbiderazioak azaltzeko joera ziklikoak eta koiunturalak azalduko ditugu. Arestian azaldu dugun moduan, EAEko politikak bizi duen zikloa da muturreko alderdi anitzeko agertoki batetik moderatu baterako aldaketa, joera hau azkartuko da parte hartzea altuagoa bada, baina edozein kasutan parte hartze baxuarekin hautemango dugu 1990. Hamarkadako edozein hauteskunde emaitzekin alderatzen badugu. Pentsa ezazue alderdi kopuruetan eta 1990. Hamarkadako eta XXI. Mendeko agertoki katalanean dago EAE eta, aldiz, Katalunian polarizazioa handitu denean EAEko 1990. Hamarkadako alderdi kopuruak dituzte. Beraz, EAEn Politikaren moderazioak hauteskunde aukeren eskaintza murriztu du koalizio eta aliantza berrien jaiotza erraztuz. Halere, batzuetan badaude elementu koiuntural batzuk eragin dezaketenak joera sekularrean edota ziklikoan unean-uneko zuzenketak eginez. Adibidez, 2009an Ezker Abertzaleak sustaturiko hautagaitza guztiak legez kanporatu ziren eta horregatik, lehenengo bi alderdiek inoizko eserleku kontzentrazio handiena lortu zuten nahiz eta parte hartzea baxu samarra izan zen (ikusi irudia).
4.U12ko partaidetza zenbateko izango da?
Ez dakigu, garbi dago. Baina badirudi zentzuzkoa dela pentsatzea %60 partaidetza balego, mobilizaturiko sektoreetan desberdintasunak egon daitezkeela aurreko hauteskundeekin alderatuta. %60 horretan sektore hauek gain-ordezkatuak egongo lirateke:
-Haserre daudenak. Gobernua zigortu nahi dutenek pizgarri berriak dituzte bozkatzera joateko: Urkulluk dagoeneko bi legealdi bete ditu; EAJ zipriztinduta agertu da ustelkeria kasu batzuetan (2019ko abenduko De Miguel auziaren sententzia barne); eta jeltzaleen kudeaketaren mitoa zalantzan jarri da Zaldibarreko zabortegiaren eta COVID19aren krisien ostean. Oraingoan abstentzioan gotortzen den nagi ideologizaturen bat edo beste boto ematera gerturatuko da.
EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko boto-emaile potentzialez hitz egiten badugu, beraien haserrea erakusteko gogotsu egon behar dute. Arazoa, baina, Elkarrekin Podemosek du. Bere boto-emaileen artean alderdi identifikazio handia dutenak gutxi dira eta orain ez dute garai batean zuten aldeko haizea. EAEn moreek krisi iraunkor batean bizi dira jaio zirenetik, baina horrez gain, Espainiako gobernuan parte hartzeak kontraesan ugari sortu dizkie. Aldiz, EH Bildu irudi berrindartu batekin aurkezten da euskal jendartearen aurrean: koalizioa kontsolidatu eta trinkotu egin da; sektore berrietara irekitzeko estrategiak arrakasta batzuk lortu ditu (bereziki ezkertiarren artean); Madrileko komunikazio kabineteak (ops! Barkatu, talde parlamentarioak) lan bikaina egin du negoziatzeko gaitasuna erakutsiz (EAJk Madrilen zuen paper horren monopolioa hautsiz) eta ezkerreko diskurtsoa eta irudia kontsolidatuz; azkenik, EH Bilduk hauteskunde kanpaina honetan ez dio EAJri eskua luzatu, aurre egin dio alternatiba ezkertiar eraginkor bakar gisa aurkeztuz, lehenetsiz gai sozialak baina termino ez oso ideologizatuetan. Datu guzti hauek argi uzten dute ezkerreko boto erabilgarriaren erreferentzia nagusia EH Bildu bilakatuko dela, besteak beste, Elkarrekin Podemosen kaltetan.
-Status quo-aren aldekoak. Ezusteko krisi exogenoen garaietan status quoaren aldeko boto bat aktibatu egiten da. Asmoa da jardunean dagoen gobernua indartzea edozein gobernu aldaketa esperimental ekiditeko. Honek EAJri laguntzen dio, halere, ez gaude jada osasun krisiaren unerik gogorrenean eta, beraz, azalduriko pertzepzioa apur bat ahuldu daiteke. Bestalde, inkestek eta hedabideek transmititzen dutena da EAJren garaipena eta hazkundea segurua dela. Honek boto emaile ez ideologizatua edota alderdi identifikazio handirik ez duena desmobilizatu dezake. Nago %60ko parte hartze horretan status quoaren defendatzaileak ez liratekeela egongo haserre daudenak bezainbeste gain-ordezkatuak.
-Babes soziala lehenesten dutenak. COVID19ak hauspotu duen krisi ekonomikoak ezkerreko boto-emaileen mobilizazioa gain-ordezkatuko du irteera sozialagoak bultzatzeko gogoarekin. Horrez gain, gutxi ideologizaturiko boto-emaileek eta promiskuo ideologikoek ezkerrarekin behin behineko maitemintzeak izateko aukera gehiago izango dituzte ikuspegi berekoi batetik bada ere. Azken hau, EAJk ondo ulertu du, somatu da hauteskunde kanpainan.
Sektore batzuk mobilizatuagoak egongo diren moduan, beste batzuk desmobilizatuagoak egongo dira:
-Arrisku-taldeko kideek normalean baino gutxiago bozkatuko dute. Jende askok posta bidez botoa emango du. Halere, horrek leundu badezake ere orain aipatuko dugun hipotesia, orohar, pentsa genezake COVID19ari beldurrez hautestontzietara hurbiltzeko erresistentzia gehien adineko jendeak izango duela, hau da, geroz eta adin altuagoako izan boto-emailea orduan eta probabilitate handiago ez gerturatzeko hautestontzietara COVID19ari loturiko arrazoiengatik. Hau bada 2016ko hauteskundeekin alderatuta aldaketa handi bat. Adineko botoan gain-ordezkatuak daude EAJ, PSE eta PP, baina maneiatzen ditugun zenbakiengatik, kuantitatiboki oso inportanteak dira EAJ eta PSErentzat, halere, azken honek Elkarrekin Podemosetik boto gaztea eta heldua erakartzeko esperantzarik izan dezake, izan ere, Espainiako gobernuan dagoenean emaitzak dezente hobetzen ditu, alde batetik, aurrerakoien edota unionisten boto erabilgarria bezala hautematen delako eta, bestalde, hautesle mota batek gobernuan daudenei bozkatzea gustuko duelako
-U12 udan, opor garaian eta agian eguraldi onarekin. 2016koak irailaren 25ean izan ziren bestelako giro batean. Identifikazio ideologiko edota partidista txikia duten ez haserretuek pizgarri handiak izan ditzake bozkatzera ez joateko.
5.Aurresateko pistak (huts egin dezaketenak)
Azaldutako guztiagatik hiru agertokirekin simulazio txiki eta trakets bat egingo dugu orientatzeko (errealitatea jarraia da, parte hartze datu errealak hiru agertokietatik urrun samar egon daitezke):
-%60 inguruko parte hartzea. Horrela balitz, EH Bilduk 20 diputatuko langa pasako luke eta agian bere inoizko emaitzarik hoberena aterako luke eserlekuetan. EAJ egun dituen 28 inguru egongo litzateke. PSEk gora eta Elkarrekin Podemosek behera, 7 diputatu inguru, eskuin unionisten antzera gutxi-asko.
-%55 inguruko parte hartzea. Aurreko agertokiaren joera indartuko litzateke: EAJ eta EH Bilduren arteko distantzia oso txikia izango litzateke eserlekuetan, PSEk gora egingo luke nabarmen, baina Elkarrekin Podemosek eta PPk galerak izanik ere hobeto eutsiko liokete.
-%65 inguruko parte hartzea. EAJ eta EH Bildu indartzen dira, batez ere, jeltzaleak. Zergatik jeltzaleak? Orohar, ikusi dugun bezala joera sekularrak dio geroz eta partaidetza altuagoa orduan eta mesede gehiago egingo diela bi alderdi/koalizio nagusiei. Baina, koiunturari begiratuta gure hipotesia da EH Bilduren boto-emaile potentzialak pizgarri asko dituela eta, beraz, aktibatuagoa dagoela. Aldiz, EAJren boto-emaileak motibazio gutxiago badu, partaidetzaren igoeraren onuradun nagusia jeltzaleak lirateke. Ondorioz, agertoki honek zerikusi gehiago dauka inkestek ematen dituzten emaitzekin EAJ, EH Bildu eta PSE aukera politikoei dagokionean; besteen kasuan, Elkarrekin Podemos eta eskuin unionistak, bost diputaturen bueltan egongo lirateke.
Laburbilduz, gure hipotesi nagusia da mobilizaziorako motibazio gradu oso desberdinak daudela jendartean. Pizgarri gehien dituztenak haserre daudenak edota babes soziala nahi dutenak dira, hauek parte hartze baxua badago gain-ordezkatuak (barkatu lizentzia komunikatzeko) egongo dira, batez ere, EH Bilduren mesedetan eta neurri txikiagoan PSE, Elkarrekin Podemos eta eskuin unionisten mesedetan. Horregatik, EAJk parte hartzea handitzearekin asko dauka irabazteko, elastikotasun handia du baina bere boto-emaile potentzialaren parte handi batek ez ditu pizgarri asko bozkatzera joateko, justu EH Bildu kontrako egoeran dago, elastikotasun handia du honek ere bai, baina bere boto-emaile potentziala aktibatuta dago pizgarri asko dituelako.
Guzti hauek hipotesiak dira noski. Hauteskunde kanpaina honetan ez dugu aukerarik izan inkestarik diseinatzeko eta, beraz, galdetegietan ez ditugu formulatu hipotesiak berretsi edo alboratzeko balioko luketen galderak. Baina tira, gogoeta hauek balio dezakete hausnartu eta igande gaueko 21:00ak arte denbora pasatzeko.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks