Asier Blas
Politika, bidaiak eta musika izango dute tartea hemen, beti ere, bazterrak nahasteko asmoarekin, mingain puntan duzuna eta esatera atrebitzen ez zarena akaso nik idatziko dut, politikoki egokia dena biluztu nahian argudio (sasi)zientifikoak erabiliko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Amerikako Estatu Batuak(e)k Amerikako Estatu Batuak: hauteskundeak, polarizazio politikoa eta krisi instituzionala bidalketan
- U12: lehen analisirako gida | Bazterrak nahasten(e)k U12: partaidetza, inkestak eta hipotesiak bidalketan
- Asier Blas(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
- uriarte(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
- Asier Blas(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
U12: lehen analisirako gida
Atalak: Euskal politika, Hauteskundeak
Iritsi da eguna. Dagoeneko ez du garrantzia gehiegi aurresateetan tematzea, ordu gutxi batzuk barru jakingo dugu zein den parte hartzea eta zein izan diren azkeneko emaitzak. Zergatiak jakitea oso interesgarria da, horiek ulertuta etorkizunerako aurresate hobeak egin ahal izango ditugu, baina azterketa lan hori astelehenetik aurrera egingo dugu mahaien emaitzekin lehenengo eta, geroago, hauteskunde ondorengo inkestekin. Bitartean, gaurko gaurako lehen emaitzen interpretazio deskribatzailerako gida labur bat da honakoa:
1. EAJk eta PSEk gehiengo osoa lortuko dute? Horrela bada, gobernua zein izango den garbi izateaz gain, EAEko politikan lau urteko botere betearazlearen hegemonia izango dugu bizitza parlamentarioaren kaletarako. Gainera, gurean gobernuaren (ez sistemarena –parlamentarioa da-) egitura eta izpiritua presidentzialista du, horregatik, botere betearazleak parlamentuaren aurrean hegemonia badu, espero daiteke gobernuko izaera presidentzialista indartzea.
2. Ezkerreko gehiengo osoa egongo da? Badakigu ezkerreko gehiengo osoa egongo balitz ere, horrelako koalizio bat ez litzatekela osatuko sozialistek ez dutelako nahi. Gogoratu, garai batean abertzale eta unionisten arteko zeharkako gobernua egon zela Katalunian, baina hori posible izan bazen da PSC zelako lehen alderdia, orain posible izan den moduan Nafarroan PSN delako koalizio zabal baten burua EH Bilduren baimenarekin. Halere, bi kasutan operazioak kostuak izan zituen Estatu mailan eta hain zuzen ere, kostuen logika horrek aldentzen du orain eta etorkizunean ezkerreko indarren zeharkako koalizio bat. Galdera da noizbait PSE prest egongo da bigarren bazkide bezala EH Bildu eta beste batzuekin gobernu koalizioa osatzeko? Eta PSEk noizbait nahiko badu, PSOEk utziko al dio?
Edonola ere, ezkerreko gehiengoa badago politikan eragingo du, batez ere, PNV eta PSE arteko harremanean. Kasu horretan “1” puntuan azaldu dugunak ñabardura garrantzitsu bat beharko luke, izan ere, gehiengo ezkertiarrik gabe gobernua oso desorekatua izango litzateke EAJren alde. Jeltzaleek alderdi-sisteman duten pibote izaera mantenduko lukete gehiengo osoko koaliziogarritasuna mantenduz alderdi eta sentsibilitate ideologiko guztiekin: ezkerra, eskuma, abertzaleak eta unionistak. Eskema horretan sozialistak bazkide oso ahulak izango lirateke eta, beraz, politika publikoetan EAJk eta Lehendakariak izango lukete nagusigo argia.
Beraz, gehiengo ezkertiarra egoteak batez ere PSEri egiten lioke mesede. EAJren zentralitatea higatu egingo luke eta, horri esker, sozialistek profil propioa markatu eta jeltzaleekin negoziatzerakoan indar gehiago izango lukete. Horrez gain, Parlamentuak protagonismo eta joko gehiago izango luke. Gehiengo aurrerakoiari gutxiengoan dagoen gobernua gehituko balitzaio, gobernu eta parlamentu arteko harremana orekatze joera hartuko luke eta, duda barik, legealdi biziagoa izango genuke, nahiz eta orain bukatu dena bezala lege produkzio oso pobrea izango luke.
3. Zenbat eserleku lortuko dituzte bi alderdi nagusiek? Alderdi biko sistema inperfektu baterako trantsizioak jarraituko du? Joera indartuko da egun dituzten 46 eserlekuak hobetzen badituzte. Halere, badago zenbaki borobil bat oso sinbolikoa izan daitekeena: 50. Gutxienez parlamentuaren bi heren baldin badaude bi aukera politiko nagusien eskuetan, trantsizioaren amaierara gerturatzen ari garela esan nahiko du: beraien erreferentzialtasuna (batez ere, EH Bildurena) irmotuko da eta alderdi biko sistemetan dagoen aurkari politika nagusituko da ez dutelako boterea konpartituko.
4. PSE gai izango da Espainiako gobernuko olatu gainean surfean aritzeko? Serie historikoak dio PSEk bere emaitzak beti hobetzen dituela Espainiako gobernuan dagoenean bi iturritatik: alde batetik, boto ez ideologizatu aurrerakoia edota unionista erakartzen du boto eraginkor terminoetan; eta, bestalde, boterean daudenei bozkatzea gustuko duten hautesle parte batetik. Bere emaitzak hobetzea lortuko ez balu, 1990. Hamarkadan bizi zuena biziko du berriro, orduan abertzaleekin konpartituriko gobernuek behin eta berriro ekarri zioten boto eta eserleku galera.
5. Zenbateko izango da Elkarrekin Podemosen beherakada? Ezker Batuak izan zuen antzeko papera hartzen hasiko da edo hobeto eutsiko dio 8-9 eserlekuren bueltan geratuz eta, beraz, PSEk aterako dion distantziak ez du argituko erabat estatu mailako indar aurrerakoien arteko borroka. Erreferentzia bat jartze aldera, PSEk 5 diputatuko distantzia hartzen badio Elkarrekin Podemosi, azken honen porrota esanguratsua litzateke, Ezker Batufikazio bidea hartuz.
6. Iturgaitzek beteko al du esleitu dioten paper zaila? Eskuin unionistaren boto-emaile potentzialak honakoak dira: eskuin muturrekoak, espainiar nazionalista sutsuak, eskuin kontserbadoreko ideologizatuak eta identifikazio ideologiko edota alderdikoi ahula duten boto-emaile kontserbadoreak. Azken hauen gehiengoa PPk galdutzat eman ditu EAJren erakarpen ahalmenarengatik. Horregatik eskuin eta nazionalismo espainol ideologizatuak erakartzeko lanean jarri da. Iturgaitzen funtzioa da lubakia eraikitzea Vox era joan dakioken boto-emailea mantentzeko. Batez ere, Bizkaian. Araban zailagoa izango zaio funtzionatzen, izan ere, boto emaile horrek badakit posible dela ordezkaritza lortzea herrialde horretan, beste muturreko aukera unionista batzuk aurretik lortu duten bezala. Araban ideologizatuek izan dezakete tentazioa VOX bozkatzeko beraien botoa zaborretara joango ez denaren esperantzarekin. Bizkaian aldiz, zailagoa dirudi VOXeko balizko boto-emaileak sinestea bere botoa ez dela zaborretara joango, halere, bada ezpada dudarik izan ez dezaten PPk Madriletik Iturgaitz inposatu du hautagai bezala muturreko boto-emaileari errazago jartzeko boto erabilgarria PPn kontzentratzea. Ez da dudarik Iturgaitz boto erabilgarria aktibatzeko estrategia bat dela, trukean PPk espantsioari uko egin dio.