Asier Blas
Politika, bidaiak eta musika izango dute tartea hemen, beti ere, bazterrak nahasteko asmoarekin, mingain puntan duzuna eta esatera atrebitzen ez zarena akaso nik idatziko dut, politikoki egokia dena biluztu nahian argudio (sasi)zientifikoak erabiliko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Amerikako Estatu Batuak(e)k Amerikako Estatu Batuak: hauteskundeak, polarizazio politikoa eta krisi instituzionala bidalketan
- U12: lehen analisirako gida | Bazterrak nahasten(e)k U12: partaidetza, inkestak eta hipotesiak bidalketan
- Asier Blas(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
- uriarte(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
- Asier Blas(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
U12: hauteskundeen lehen analisia
Atalak: Euskal politika, Hauteskundeak
2020ko uztailak 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde emaitzak esku artean ditugu eta horiek aztertzeko asmoz hiru artikulu idatziko ditugu, gaurkoa lehenengo izango da interpretazio deskriptibo-orokor bat eskaintzeko:
1.Parte hartzearen beherako joera sekularra indartu egin da eta hauteskunde parte hartze zoru berri bat dugu: %52,86ko parte hartzea edo, bestela esanda, %47,14 abstentzioa. 2001eko hauteskundeak geroztik etorritako guztiek aurrekoa baino parte hartze txikiagoa izan dute; baina oraingoan abstentzioak marka guztiak hautsi ditu faktore desberdinen uztartzeagatik. Joera sekularra bultzatzen duten faktore estrukturalen artean garrantzitsuenetako bat da alderdiekiko mesfidantza eta horrek sortzen duen efektua identifikazio mailan, geroz eta jende gutxiagok du alderdi-identifikazio indartsua eta, beraz, botoa emateko diziplina.
Faktore ziklikoen artean bi elementu aipatu behar dira, alde batetik euskal politika moderazio ziklo batean dago eta polarizazio ezak boto-mobilizazioa kaltetu egiten du (gogoratu jende askok norbaiten kontra botoa eman behar badu bakarrik gerturatzen dela hautestontzietara); eta bestalde, polarizazioak mobilizatzen duen bezala lehiak mobilizatu egiten du ere bai, baina EAEko politika EAJko hegemonia (ez da bakarrik neurtzen bototan, koaliziogarritasunean ere bai) ziklo batean aurkitzen da eta hautesle parte handi batentzat dagoen sentsazioa da ez dagoela ezer jokoan, ezinbestean EAJk irabazi eta koalizioa egingo du PSErekin.
Azkenik, atzoko egunean faktore koiunturalek garrantzia izan zuten joera sekularra indartu eta parte hartzea hondoratzeko. COVID19aren krisiak elikatu du abstentzioa, nahiz eta Galiziako parte hartze igoerak garbi uzten duen ez dela arduradun nagusia, baizik eta joera sekularra elikatzeko faktore laguntzaile bat baino ez. Eguraldiari dagokionez, ez zen izan bereziki oztopatzailea, ez zuen hondartzara joateko eguraldia egin, goizean eurite handiak egon ziren, baina eguerdirako gauzak egonkortu eta botoa emateko giro aproposa izan genuen. Beste kontu bat da opor garaiarena, uztailaren erdialdean hauteskundeak ospatzea beti da oztopo bat parte hartzea sustatzeko.
Laburbilduz, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen bigarren mailako izaera indartu egiten da Espainiako Gorteko hauteskundeekin alderatuta. Jende askoren pertzepzioa da Madrilen lehia dagoela eta han hartzen diren erabakiek garrantzi gehiago dutela. Honek EAEko erabakitzeko esparruaren diskurtsua ahuldu egiten du nabarmen legitimitate terminoetan.
2.EAJk eta PSEk gehiengo osoa lortu dute, baina aldi berean gehiengo ezkertiarra egongo da Eusko Legebiltzarrean. Botere betearazleak (gobernuak) hegemonia izango du parlamentarioaren kaltetan, baina noizbehinka PSEk bere profil propioa markatze aldera eta EAJren aurrean boteretzeko ezkerreko alderdiekin botoa eman dezake noiz edo noiz. Gobernuari begiratuta, ikuspegi kualitatibo batetik PSE indartuta atertzen da, EAJri gehiengo osoa EH Bilduk eta PSEk eman diezaiokete bakarrik. EH Bilduk EAJrekin duen harremanari dagokionez oso ondo funtzionatu duen aurkaritza politika jarri du martxan, ondorioz, aurreko legegintzaldian ez bezala, PSE da EAJren aukera bakarra gobernua osatzeko eta hori sozialistek aprobetxatu ahal izango du negoziaketetan. Laburbilduz, EAJren zentralitatea higatzeko aukera gehiago daude legegintzaldi honetan.
3.Bi alderdi/koalizio nagusiek 53 eserleku lortu dituzte, parlamentuko %70,6. Alderdi biko sistema inperfektu baterako trantsizioa amaitu da, jakiteko dagoena da egonkortuko ote den. Sendotuko bada dinamika horrelako zeozer izan beharko luke: EH Bilduk oposizioaren zama handiena hartu eta erreferentzia nagusia bilakatuko da, aurkari moduko politika eginez EAJri (eta orohar, gobernuari).
4.PSE ez da gai izan Espainiako gobernuko olatu gainean surfean aritzeko. Ez zen erraza COVID19aren krisiaren erdian eta Eusko Jaurlaritzako bazkide txikia izanda. Sozialistek emaitza gazi-gozoa lortu dute, izan ere, Elkarrekin Podemosen gainbehera ez dute aprobetxatu (boto gutxi batzuk galdu dituzte), baina lehen esplikatu dugun moduan boto portzentajean (%2ra ez da iristen) eta eserlekuetan (bat) hobekuntza txikiek pisu handiagoa emango diote euskal politikan.
5.Elkarrekin Podemos Ezker Baturik indartsuenaren pare parlamentuan. 1994an Ezker Batuak sei eserleku atera zituen, atzo arte hauteskunde horiek izan ziren inoizko parte hartze baxuena izan zutenak. Oraingoan ere, parte hartze baxuari esker lortu ditu sei eserlekuak, bestela beherakada handiagoa izango zen eta Ezker Batuaren klasiko bat izan ziren hiru eserlekuen bueltan egongo ziren. Alde horretatik, zortekoak dira, baina baita ere beste bi daturengatik: Galiziako ispiluan begiratuta EAEko moreak dezente ondo ateratzen dira eta, behin EH Bildurekin ezkerreko lehenengo indarra izateko bataila galduta, Estatu mailako lehen indar aurrerakoia izateko borroka galdu dute ere bai, baina PSEk ez ditu atera pentsatzen zen bezainbesteko emaitza onak, esaterako, bost diputatuko distantzia sinboliko ez diote atera Elkarrekin Podemosi. Moreentzat okerragoa izan zitekeen, oraingoz pretentsio handiko Ezker Batuaren unean daude.
6.Iturgaitz merkatu txiki batean. Eskuin unionistaren segmentu ideologizatua txikituz doa eta horren froga dira atzoko emaitzak. PPk inoiz izan duen eserleku kopuru txikiena izango du Eusko Legebiltzarrean. Emaitzarik txarrena 1990koa izan zen sei eserleku eta 83 mila botorekin. Aurten diputatu bat gutxiago eta 23 mila boto gutxiago lortu ditu. Honek markatu egin digu PPren zoru berria, seguruenik 30 urte eta gero ideologizaturiko eskuin unionistako hautesle parte bat hil delako eta belaunaldi berrien artean ez delako segmenturik arrakastatsuena. Zentzu horretan, Iturgaitzek boto ideologikoa eusteko gai izan da parte batean, arazoa da ideologia horren merkatu geroz eta txikiagoa dela. Konpetentzia berriak ez du bereziki ondo egin, baina jakina zen VOXek Arabatik diputatua segurtatua zuela parte hartze baxuarekin, eta horrela izan da. Etorkizunari begira galdera da: Madrileko PPk utziko al dio EAEko bere sukurtsalari merkatu berriak esploratzen hazkundea bilatzeko? Ez da erraza izango, baina bestalde gogoratu, merkatu berriak bilatzeak suposatzen du Eusko Legebiltzarrean egongo den eskuin muturrari hazkunderako ateak zabaltzea.