Asier Blas
Politika, bidaiak eta musika izango dute tartea hemen, beti ere, bazterrak nahasteko asmoarekin, mingain puntan duzuna eta esatera atrebitzen ez zarena akaso nik idatziko dut, politikoki egokia dena biluztu nahian argudio (sasi)zientifikoak erabiliko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Amerikako Estatu Batuak(e)k Amerikako Estatu Batuak: hauteskundeak, polarizazio politikoa eta krisi instituzionala bidalketan
- U12: lehen analisirako gida | Bazterrak nahasten(e)k U12: partaidetza, inkestak eta hipotesiak bidalketan
- Asier Blas(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
- uriarte(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
- Asier Blas(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
Hauteskundeak eta autoritarismoa Errusian
Atalak: Euroasia, Europako Ekialdea, Hauteskundeak
2020an, Vladimir Putin Presidente kargura iritsi zeneko 20. Urteurrenean, Errusiako sistema politikoak trantsizio bat hasi zuen Lehen Ministroa aldatuz eta erregimena erreformatuz. Sobietar Batasuna erori osteko etapa itxi eta berri bat irekiko da. Ez dakigu oso ondo nola bukatu den trantsizioa, baina abian da eta Putinek eta Errusia Batuak garbi dute diseinua eta garapena erabat kontrolpean izan nahi dutela, ez daude prest arauak eta lehia-esparrua inorekin negoziatu eta partekatzeko.
Errusiako trantsizioaz azkeneko hauteskunde parlamentarioek informazioa asko eskaini dute. Horretarako Argiako beste artikulu batzuetan azaldu ditugun bost elementu aztertuko ditugu:
Lehenengoa elementuari helduz, aipatzen genuen bezala, federazio mailan errusiar hauteskundeen izaera plebiszitarioa da, hau da, botere politikoak bere jarduerarekiko babesa neurtzeko baino ez dute balio. Presidenteak edo bere alderdiak babes zabala lortuz gero, gobernuak bere ildo politikoa indartuko du eta babesa estuagoa bada aldaketak egingo ditu. Baina, funtzio hau desagertze bidean da azkeneko hauteskundeetan.
Inkestek eta kale-giroak garbi adierazten zuten gobernuaren politikekiko atsekabeak nabarmen egin zuela gora, besteak beste, nekezia somatzen zelako azken urteetako atzerakada ekonomiko leun baina iraunkorrarekin. Halere, berriki ospatu diren hauteskunde legegileek sorpresa txiki bat utzi dute. Bozketa-egun ondorenak hiru agertoki posible zituen Errusiako parlamentuko behe ganberan (Duman): a) Errusia Batuak erreforma konstituzionalak burutzeko bi hereneko (450 diputatuetatik 300) gehiengoa mantentzea; b) gehiengo konstituzionala galtzea, baina gehiengo osoa mantenduz (225 eserleku); edo c) Errusia Batuak gehiengo osoa galtzea, baina gehiengo sinplearekin irabaziz eta beste alderdi batzuekin negoziatzeko atea irekiz. Logika plebiszitarioak funtzionatu balu seguruenik “a” edo “b” agertokietan lirateke Errusian, baina errealitatea da “a” agertokia nagusitu dela erregimen politikoaren sinesgarritasuna narriatuz.
2021eko Dumarako hauteskunde partaidetza %51,7 izan da, historiako bigarren parte hartze baxuena 2016eko %47,8koa apur bat hobetuz. Irabazlea Errusia Batua izan da botoen %49,8 lortuz, aurrekoa hauteskundeetan baino lau puntu gutxiago, nahiz eta boto kopuruan babesa antzekoa izan partaidetza igoeragatik. Boto erlatiboan Errusia Batuak historiako hirugarren emaitzarik hoberena erdietsi du 2016 eta 2007koen ondotik. Azken honetan hautagai informala Putin izan zen, izan ere, jakina zen hilabete batzuk beranduago Lehen Ministro hautatuko zutela diputatuek. Presidenteak bere alderdiak baino babes handiagoa du errusiarren artean eta, horregatik eta egoera ekonomiko onari esker, 2007an Errusia Batuak marka guztiak hautsi zituen botoen %64,3a eskuratuz. Garai horretan Putinek bultzaturiko erreforma bati esker, Dumako 450 diputatuak zerrendatako sistema proportzional baten bidez hautatzen ziren, baina 2013 berriro erreforma bat burutu zuten Jeltsinen garaiko hauteskunde sistema ustelgarriagora bueltatzeko: 225 zerrenda bidez, 225 izen bakarreko hautesbarrutietan.
Hemen bigarren elementua ageri da. Hauteskunde prozesua edota emaitzak manipulatzeko askoz erabilgarriagoa da izen bakarreko hautesbarrutien sistema, izan ere, irabazleak barrutiko ordezkari bakarra eramaten duelako eta galtzaileen boto guztiak zaborrontzira doazelako. Horri esker, Errusia Batuak inoiz lortu duen diputatu kopuru handiena 2016ko hauteskundeetan izan zen 343 diputaturekin, 203 izen bakarreko hautesbarrutietan. Aurten antzera gertatu da, inoizko bigarren emaitzarik hoberenak izan dira 324 diputaturekin, 198 izen bakarreko hautesbarrutietan. Esan gabe doa hauteskunde-iruzur salaketak ugaldu egin direla, bereziki Moskun boto elektronikoaren erabilera kaotikoak hauteskunde emaitzetan eragin dituen aldaketengatik gobernuko alderdiaren mesedetan.
Iturria: Wikipedia. Egilea: Bogomolov.PL
Protestari komunistak kartel batekin Vladimir Putinen “kanporatze agindua” adierazten, “Interes nazionalei traizioa” egiteagatik, Mosku, 2012ko maiatzaren 1a
Kaltetu nagusia Alderdi Komunista izan da, igoera handiena izan duen alderdia den arren, bere espektatibetatik urrun geratu da emaitzetan, bereziki eserleku kopuruari dagokionean. Horrek berritasun bat ekarri du, komunistak kalera atera dira ustezko iruzurra salatzera, baina beraien protestak handituz joan diren heinean, alderdiaren buruzagitzak pausu bat atzera eman du gobernuarekin duen gatazkaren tentsioa ez handitze aldera. Erabakiak komunistak erdibitu ditu, zenbait hiritan, baina bereziki Moskun, komunistek protestan jarraitzea erabaki dutelako.
Ikusi dugun moduan Errusian hauteskunde prozesua ez da lehiakorra, baina Jeltsinen garaiko hauteskunde-sistema berrezarri zenetik, bere izaera plebiszitarioa galdu egin du ere bai. 1990. Hamarkadako iruzurren etapa bueltatu bada, honek badu zerikusia egungo gobernuak eta Putinek bizi duten higatze prozesuarekin. Izan ere, aipatu dugun hirugarren elementuak azaltzen duen bezala, gurean maiz pentsatzen denaren kontra, erregimen politiko baten legitimazio iturri nagusia ez dira bere prozedurak, emaitzak baizik.
Putinek, 1990. Hamarkadako anabasa eta pobretzearen ondoren, estatuaren egiturak berregin eta garapen ekonomikoa, egonkortasuna eta segurtasuna ekarri zien errusiarrei ustelkeria eta autoritarismo mugatuko sistema batekin. Baina 20 urteren ostean, ustelkeria berriro zabalkundean dagoenean eta ekonomia gaixotzen denean, urrun geratzen dira Jeltsinen garai latzak, are gehiago, herritar askok ez zituztenean bizitu eta hor laugarren elementua sartzen da indarrean. Gobernuen politikek pobreziatik ateratzen dituzten herritarrak estatuaren eskuhartzea ekonomian defendatzeko babes lerro nagusietako bat dira hasieran, baina klase ertain izaera egonkortu eta progresio ekonomikoa geratu ahala, sektore politiko horrek bere lehentasun politikoak aldatu ohi ditu liberalizazio ekonomiko eta politiko gehiago defendatuz.
Errusiar erregimen politikoaren legitimazio narriadura handituz doa bi fronte desberdinetatik, alde batetik, egoera ekonomikoagatik eta erreforma neoliberalengatik sufritzen ari diren klase apalenetatik eta, bestaldetik, hirietako klase ertain liberaletatik. Biek agenda oso desberdinak dituzte eta horrek zaildu egiten du Kremlinak eman dezakeen erantzuna atsekabea baretzeko. Izan ere, bi sektore horiek duten puntu komun bakarra da egun Putinek ordezkatzen duen boterea kentzeko gogoa; politiketan ordea, batzuen proposamenak besteenekin talka egiten dute. Gauzak horrela, Putinek hartu duen bidea da erregimena itxi eta autoritarismoan sakontzea. Honek, ezinbestean, oposizio desberdinen artean hasiberriko elkarlana sakonduko du. Halere, horri aurre egiteko Errusia Batuak badu plan bat eta hori da aipatu dugun bosgarren elementua indartzea.
Kremlinak indartu egingo du atzerriko mehatxuaren argudioa autoritarismoa sendotzeko eta oposizioa kanpo interesen zerbitzura dagoela salatzeko. Horrelako jarrerak ohikoak bilakatu dira Mendebaldeko herrialdeetan, nahiz eta atzerriko eskuhartzeak eta erasoak oso txikiak izan. Gurean gauzak horrela badira, pentsa Kremlinak nola erabili dezakeen argudio hau Errusiak pairatzen dituen eskuhartze amaigabe eta eraso bortitzekin. Moskuren gaineko Mendebaldearen presioak herrialdearen ekonomia eta gobernuaren legitimazioa higatzen du, baina aldi berean, gobernuaren autoritarismorako joera berrindartuaren arma nagusia bilakatzen da.
Bitartean, Mendebaldeko hedabide askok erabaki dute Alderdi Komunistaren botoak eta indarra besterik gabe Aleksei Navalniri esleitzea, esanez hauteskunde iruzur bat egon dela Navalniren boto adimentsuaren hautagaiaren kontra, entzuleari edo irakurleari esan gabe hautagai hori Alderdi Komunistakoa dela. Errusia Batuak norbaitei garaipena ostu badio Alderdi Komunistari izan da, bestalde horretaz asko zekien Mendebaldeko hedabideek hainbeste maite duten Boris Jeltsinek.
Kazetaritza gerrarako tresna bilakatzen denean gauza hauek gertatzen dira. Mantren artean, hedabideetatik behin eta berriz errepikatzen dute komunistak Putinen aliatuak izan direla, baina errealitatea da Alderdi Komunistak Mendebaldeko edozein oposizioko alderdi nagusik baina oposizio gogorragoa egin diola Errusia Batuari, komunista errusiarrek gutxi bozkatzen dute gobernuko talde parlamentarioarekin batera, demokratek eta errepublikarrek ez bezala AEBetan edo sozialdemokratek eta popularrek ez bezala Europar Batasunean. Baina, errusiar komunistek kanpo politikan eta segurtasun nazionaleko politiketan Errusia Batuarekin maiz bat egiten dutenez, horrekin nahikoa da lankideak direla esateko. Antza Mendebaldeko herrialdeetan bakarrik existitu daitezke adostasun zabaleko “estatu politikak”, gainontzeko herrialdeetan ordea, Mendebaldeko atzerritar interesen defentsa burutzen duten alderdiak ez badaude orduan denak gauza bera direla esaten da eta kito.
Errusian alderdi eta posizio desberdinak daude, nahiz eta ez duten aukerarik sistema demokratiko lehiakor batean aritzeko. Mendebaldeak hor dauka arazo nagusia, lehiakortasuna balego, zein da alternatiba Putini eta Errusia Batuari? Ez da Navalni liberal-xenofoboa, ezta ere antzeko posizio nazionalistak baina eskuin muturrekoak dituztenak, nahiz eta epe ertainean ez da zaila hauek irudikatzea alternatiba bat bezala egungo gobernu kontserbadore-abertzaleari. Bienbitartean, Jeltsin garai batean eta Putin orain alternatiba bakarra dute oraingoz: Alderdi Komunista.