Asier Blas
Politika, bidaiak eta musika izango dute tartea hemen, beti ere, bazterrak nahasteko asmoarekin, mingain puntan duzuna eta esatera atrebitzen ez zarena akaso nik idatziko dut, politikoki egokia dena biluztu nahian argudio (sasi)zientifikoak erabiliko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Amerikako Estatu Batuak(e)k Amerikako Estatu Batuak: hauteskundeak, polarizazio politikoa eta krisi instituzionala bidalketan
- U12: lehen analisirako gida | Bazterrak nahasten(e)k U12: partaidetza, inkestak eta hipotesiak bidalketan
- Asier Blas(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
- uriarte(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
- Asier Blas(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
M28ko Foru hauteskundeak eta EH Bilduren arrakasta
Atalak: Euskal politika, Hauteskundeak
2023ko maiatzaren 28an Hego Euskal Herrian izan ziren udal eta foru hauteskundetako berri garrantzitsuena EH Bilduk lorturiko arrakasta izan zen. Ezkerreko koalizio soberanistak emaitza oso onak lortu zituen lau lurralde historikoetan gorakada nabarmena erdietsiz eta udal hauteskundeetan emaitzak hobetuz herri gehienetan.
Nola azaldu EH Bilduren arrakasta
Aldagai askoren artean pentsatzen dugu lau izan direla bereziki garrantzitsuak: bi politikoak (endogenoak) eta bi teknikoak (exogenoak).
Politikoen artean lehena kudeaketa da. Udal hauteskundeetan EH Bildu boterean egon den herrietan, salbuespenak salbuespen, bere emaitzak hobetu ditu, horregatik pentsa genezake egin duen kudeaketa saritua izan dela. Bestalde, herri askotan EAJren kudeaketa ez da izan hautesle kopuru esanguratsu baten gustukoa eta, horregatik, zigor gisa edota kudeaketa hobeago baten bila boto-emaileek abstentziora jo dute edo boto aldaketak egon direnean nagusiki EH Bilduren mesedetan izan dira.
Bigarren aldagai politikoa da EH Bilduren inplikazioa Espainiako gobernagarritasunean, zentro-ezkerreko koalizio gobernua babestuz eta politika progresistak aurrera ateratzeko erabakigarria bilakatuz. EAJk saldu izan duen ideia, Euskadirentzako gauzak lortzen zituztela Madrilen, EH Bilduk hobetu egin du erantsiz politika sozial eta aurrerakoien berme funtzioa izatea. Ondorioz, bere profil pragmatikoa eta ezkertiarra indartu egin da erraztuz Elkarrekin Podemos bozkatzen zuen boto-emaile ez abertzalearen erakartzea. Hemen beste elementu garrantzitsu bat da ezker federalistaren boto-emaileak gehien bat hirigune eta herrietan bizi direla, hain zuzen ere, Madrileko agenda mediatikoa nagusitzen den tokietan. Testuinguru honetan EH Bildu Espainiako gobernagarritasunean parte hartu izanak oihartzun mediatiko handia eman dio Madrilen eta Estatu espainiarrean, sektore aurrerakoien artean ere bai, ikusgarritasun maila handiagoa lortuz.
Aldagai teknikoei begiratuta, PSOEtik ezkerra dagoen esparru politikoaren krisia. Ezkerreko koalizio soberanistak ondo aprobetxatu ahal izan du Madrilen egin duen lana, honek Elkarrekin Podemosetik EH Bildurako trantsizioak erraztu dituelako. Halere, bi elementu hauek alde edukita ere, EH Bilduk bere zereginak oso ondo egiten ditu, izan ere, Bilboko edo Gasteizko alkatetzetarako hautagaiak Elkarrekin Podemoseko hauteskunde soziologiarekin konektatzeko aproposagoak ziren, batez ere Bilboko kasuak suposatu du aldaketa handi bat ordura arte EH Bilduk aurkezturiko hautagaien irudiarekin.
Edonola ere, aldagai tekniko garrantzitsuena abstentzioa izan da. EH Bilduk emaitza oso onak atera ditu, baina hauteskunde soziologian ez da gertatu aldaketa olatu handi bat. 2019ko hauteskundeekin alderatuta EH Bilduk 29.816 boto irabazi ditu: Araban 3.139, Bizkaian 16.093, Gipuzkoan 4.465 eta Nafarroan 6.119. Orotara borobilduz 346.000 boto dira. Emaitza bikainak, dudarik gabe, baina kontutan izan 2011n Bilduk, Aralarrik gabe, borobilduz 316.000 boto atera zituela eta EAEko Aralarren botoak gehituta 353.000 ziren (kanpoan utzita Aralarrek gidatzen zuen Nafarroa Bairen 50.000 botoak). Baina oraingoan hauteskunde errendimendua (jarlekuak eta zinegotziak) askoz hobea izan da abstentzioari esker. Izan ere, Hego Euskal Herrian aspaldian irabazle nagusia abstentzioa da, bereziki EAEn.
Nafarroako hauteskunde guztien batezbesteko abstentzioa %30 da eta oraingoan bi puntu gehiagokoa izan da; berriz EAEn datuak %40 gainditu du, ohiko dena baino lau puntu gehiago eta, oro har, inoiz hauteskunde foral batzuk izan duten parte hartze baxuena izan da 1991koak salbuetsita. Honek guztiak posible egin du inoiz ezker abertzaleko edozein hautagaitzak atera dituen emaitza material (boto eta ordezkari kopurua) hoberenak lortzea. Alderdi nagusien artean EH Bildu eta PP izan dira hazkundea izan dute bakarrak, baina berritasun nagusia ezkerreko soberanisten emaitza da eta ez PPren igoera apala EAEn (ez da iristen 10.000 bototara), izan ere, orain lau urte PPk oso emaitza kaskarrak izan zituen eta aurten bakarrik (UPN gabe) aurkeztu da Nafarroan.
Aukera politikorako egitura berria
Orain arte datu orokorrez aritu gara, irakurleak apur bat ezagutzen bagaitu badaki alderdiek ateratzen dituzten boto baliagarrien ehunekoak edo jarleku kopuruen aldaketak baino, sakoneko botere instituzional eta soziologia aldaketek zentratzen dutela gure interesa, horregatik, kasu berezia egiten diogu alderdiek duten boto kopuruari edo hauteskunde-erroldaren babes ehunekoari. Horiei begiratuta ez dugu boto gorabehera handirik egiturazko aldaketak aurreikusteko, baina edozein hauteskunde analisia luparekin egitea komeni bada, oraingoan ezinbestekoa da ulertzeko badaudela aldaketa kualitatibo garrantzitsuak.
Lehen begiratu batean abstentzioaren gorakadak sortzen duen abantaila egoera ahazten badugu, EH Bilduren 30.000 botoen igoera ez dirudi aurrera salto oso handi bat, baina tentuz aztertzen badugu non eman den boto igoera ulertuko dugu aldaketa kualitatibo baten aurrean gaudela eta aukera politikorako egitura berri bat irekitzen duela ezker soberanistaren hazkunde potentzialean.
Hau dibulgazio artikulu bat denez, datu guztiak ez ditugu xehe-xehe egingo eta adibideak emateko era sinplifikatuan aurkeztuko ditugu, besteak beste, borobilduak eta sistematizatu gabe. Bestalde, Araba eta Bizkaia ekarriko ditugu analisira aldaketa handienak izan dituzten herrialdeak direlako eta hauen ikerketatik eratortzen diren ondorioak Gipuzkoa eta Nafarroara bidaia dezakeelako.
Lehenik eta behin, argitu beharko genuke EAEk alderdi anitzeko sistema moderatu bat duela, geroz eta alderdi biko sistema inperfektu bateranzko joera nabariagoarekin. Zer esanahi du horrek? Bi alderdiren (EAJ vs. EH Bildu) arteko lehia bat nagusitzen ari dela non beste hiru alderdi txikiek (PSE, Elkarrekin eta PP) gehiengoak eman ditzaketen. Ikuskera orokor hori nagusi da tamaina ertaineko herrietan, txikietan aldiz alderdi biko sistema ia perfektu bat dugu (EAJ vs. EH Bildu) eta herri handi eta hirietan alderdi anitzeko sistema moderatua dago, Bilboko salbuespenarekin une batzuetan ia alderdi hegemonikodun sistema batetik gertu egon baita. EH Bilduk foru aldundietan eta autonomia erkidegoetan boterea boterera ailegatzeko duen erronketako bat da herri handien eta hirien agertokian bere emaitzak hobetzea. Beste bi agertokietan dagoeneko boteretsua da eta irabazle izan daitekeen alderdi baten papera jolasten du.
Ikus dezagun Araban zer gertatu den. EH Bilduk irabazi dituen 3.000 botoen ia 2.000 Gasteizen eta 700 Laudion izan dira. Azken honetan 2015ean eta 2019an EH Bildu kaltetu zuten hautagaitza independenteak egon ziren, baina aurten ez da egon horrelako aukerarik eta ezkerreko soberanistek 3.111 boto lortu dituzte, 2011n Bilduk eskuratu zuen boto kopurua baino 54 boto gehiago eta Bilduk eta Aralarrek lortu zituzten 3404 boto kopurura iritsi gabe. Gasteizen, ordea, EH Bilduk 23.786 botorekin ia mila bototan gainditu ditu 2011n Bilduk eta Aralarrek lortutako botoak.
Laudio ez da kasu aproposa Arabako sakoneko aldaketak ulertzeko, bere historia industrialagatik eta ezker abertzalearen pisu historikoagatik, bertan ezker federalistaren soziologia inguruan egon zitezkeen asko eta asko EH Bilduren boto-emaileak izan daitezke aspalditik. Antzekoa gertatzen da Gipuzkoako tamaina ertaineko herri gehienetan. Hauteskunde soziologia horretako herrietan EH Bilduk bere emaitzak hobetzeko duen elastikotasuna txikiagoa da hauteskunde hegemonia lor dezakeen alderdi gisa funtzionatzen duelako.
Gasteizen aldiz, alderdi anitzeko sistema batean, EH Bilduk elastikotasun handia du botoak irabazteko, abertzaleen poltsatik, baina bereziki ezkerreko bototik. Horretarako aldeko faktorea du hiriaren gaztetasuna gainerako Euskal Herriarekin alderatuta, koalizioaren irudi berriagoa eta azken urteetako nortasun ideologikoaren lausotzea, pragmatismo ezkertiarraren eta soberanistaren mesedetan. Hemen EH Bilduk arrakasta izan du ezker federalistatik boto kopuru esanguratsuak erakartzen eta bide hori urratzeko pizgarri asko ditu, besteak beste, ehiza-eremu hori oraindik handia da, abstentzioan gordetzen den boto-emailea eta Elkarrekin bozkatu duena kontutan hartzen badugu.
Orain begiratu bat eman diezaiogun Bizkaiari. EH Bilduk irabazi dituen 16.000 botoen jatorria honakoa da: 2.600 Bilbon, 1.150 Galdakaon, 850 Getxon, 600 Basaurin, 450 Leioan, 350 Zornotzan, 350 Erandion, 250 Etxebarrin, 250 Mungian, 200 Arrigorriagan eta 5.000 Ezkerraldea sartzen den Enkarterri hauteskunde-barrutian (igoera adierazgarrienak garrantziaren arabera ordenatuak: Santurtzi 1.300, Ortuella 300, Sestao 750, Alonsotegi 150, Trapagaran 300, Portugalete 400, Barakaldo 400…).
Bizkaian EH Bilduk 2011ko Bilduren emaitzak 11.000 bozetan hobetu ditu, ia Bilduren eta Aralarren baturaren kopurua lortuz, baina, hauteskunde indar horren banaketa desberdina da orain. Bizkaiko herri txikietan eta ertainetan gutxi-asko Bilduren emaitzak errepikatu badira, hobekuntza Bilbo Handiari zor diote. Adibidez, EH Bilduk hiriburuan Bilduren eta Aralarren 2011ko boto kopuruaren antzekoa lortu du 2023an. Hori bera gertatzen da Ezkerraldeko herri askotan, baina eskualde honetan badira batzuk erraz asko gainditu dituztela 2011ko ezkerreko soberanista zerrenda guztien emaitza, kasurik esanguratsuena Santurtzi da: 2011n bi zerrendek 3784 boto eskuratu zituzten eta 2023an EH Bilduk 5.323. Hemen, Gasteizen bezala, EH Bilduk hozka egiten dio ezkerreko boto federalistari eta ez da harritzekoa, izan ere, Bilbo Handian bigarren indar gisa ageri da eta ezkerreko boto erabilgarria bezala kontsolidatzen ari da. Hori gutxi balitz, ezker federalistaren esparrua oraindik handia da eta hortik EH Bilduk hazkunderako potentzial handia du.
Laburbilduz, EH Bilduren arrakasta da 2011n martxan jarri zuen indar metaketaren emaitzetara bueltatzea: bototan Bilduk ateratako emaitzak hobetu ditu eta hobekuntzaren zati handiena indar gutxien zuten udalerrietan eman da. Zentzu horretan, badirudi Podemosen agerpenaren efektua amaitu dela, ezker federalista hustuz joan den heinean bere maila historikoetara bueltatu da eta EH Bilduk 2011ko goranzko bidea berreskuratu du bere posizioak indartuz bototan eta ordezkarietan. Abiapuntu indartsu hau hobea da 2011koa baino, izan ere, koalizioa kontsolidatua eta kohesionatuta dago, ezkerreko boto-erabilgarriaren onuradun nagusia bilakatu da eta historikoki bere irudi, erreferente eta botoek zituzten lurralde desorekak zuzentzen ari dira.