Asier Blas
Politika, bidaiak eta musika izango dute tartea hemen, beti ere, bazterrak nahasteko asmoarekin, mingain puntan duzuna eta esatera atrebitzen ez zarena akaso nik idatziko dut, politikoki egokia dena biluztu nahian argudio (sasi)zientifikoak erabiliko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Amerikako Estatu Batuak(e)k Amerikako Estatu Batuak: hauteskundeak, polarizazio politikoa eta krisi instituzionala bidalketan
- U12: lehen analisirako gida | Bazterrak nahasten(e)k U12: partaidetza, inkestak eta hipotesiak bidalketan
- Asier Blas(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
- uriarte(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
- Asier Blas(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
Joseba Sanz beti bihotzean
Atalak: lagunak, Sailkatu gabea, Sailkatugabeak
*Joseba Sanz Arranz, Bilbon (1970/03/17) jaio zen eta 2023ko abenduaren 12an hil zen 53 urte zituela. Bere agurra Bilbon, 2023ko abenduaren 14an, ospatu genuen. Testu hau da bertan irakurri nuena:
Joseba bidaiaria eta abentura zalea, idazlea, intsumitua, argazkilaria eta kazetaria, soziologoa, film zuzendaria, Do It Yourself filosofiaren maisua eta gauza askoz gehiago, baina batez ere laguna, lagun oso ona.
Ameslari erromantiko bat zen. Soldaduskarekin amaitzeko bere ekarpena kartzelan egin zuen. Bilboko eskola eta ingurune erdaldunean euskara ikasi eta unibertsitatean soziologiako ikasketak euskaraz egin zituen. Ametsak egi bihurtzen saiatzen den horietako zen Joseba, utopikoa, nahiz eta 2002an elkar ezagutu genueneko lekua ez izan utopikoegia, biek Gasteizeko Lehen Auzialditako zazpigarren epaitegian egiten genuen lan. Berak 8200 metro dituen Cho Oyu Himalaiako mendia igo berria zuela agertu zen Siberia-Gasteizen.
Kontatu zidan lehen istorioetako bat izan zen 1990eko bere Kubako bidaia. Hegaldia merkeagoa zen Aeroflot airelinearekin eta, beraz, La Habanarako bidean hiltzen ari zen Sobietar Batasunetik pasatu zen. Eskala luze bati esker Moskun ireki berria zegoen McDonald’s inguruko hilera luzeak ikusi zituen, begi aurrean utopia baten hondoratzea ikusi arren, gazte hark mundu justuago baten aldeko ilusioa bizirik zuen. Silviok eta Kubak bere utopia artistikoa, politikoa eta amodiozkoa lotzen zituzten.
Gasteizen bazkaltzeko ohikoa genuen txinatar jatetxean eman zidan “Silvio: Memoria trovada de una revolución” liburuaren ale bat. Silvioz zeozer banekien, baina ez bere musika entzuten nuelako, baizik eta Institutu garaian gustuko nuen neskak asko maite zuelako. Gogoan dut 1994an, lehenengo autoedizioaren ostean, Txalapartak argitaratu zuenean, Nagore eta biok elkarrekin esertzen ginen eta berak beti alboan Josebaren liburua zuen. Zenbatetan egin dugu barre horretaz Joseba eta biok. Berak ez omen zekien hainbesteko itzala zuenik neska gazteen artean, beti esaten zuen aaay jakin izan banu!
Epaitegi berezia zen gurea: Andikona, Bego P., Bego C., Elena, Olatz, Julia… gehienok gazteak ginen eta telefonoa euskaraz hartzen genuen, horregatik, Justizia Jauregiko gure lankideek Kale Borrokaren epaitegia deitzen gintuzten. Idazkari judiziala euskaldun bizizale bat zen eta gure epailea, Paco, Valentziatik iritsi berria, ezkertiarra izateaz gain, euskara ikasten hasi zen. Paco eta Joseba artean kimika zegoen, magistratuak gozatu ederra hartzen zuen Josebaren bazileo amaigabeekin. Pena da Valentziatik Gasteizerako joan/etorri horietako batean auto istripu batek hilzorian utzi eta, hortik atera ezinik edo, azkenean hil egin zen gizona, hori bai hil aurretik berarekin azkeneko bazkari bat izan genuen despeditzeko.
Seguru ezagutu dugun gehienok Josebarekin azken bazkari edo afari bat izateko pribilegioa faltan bota dugula, gure mingain puntuan ditugun horiek eta esateko gai ez garenak gustura entzungo genituen bere ahotik, filtrorik gabe eta bere umore partikularrekin. Josebak erakutsi digu ez duela hainbeste axola irudia eta esaten duguna hainbeste zaintzea besteei atsegin emateko; bera, gordinki zintzoa izanik, maite dugun jendez inguratuta dago.
Gure epaitegi gaztea eta koloretsua, administrazioan gertatu ohi den bezala, denborak gristu zuen. Gasteizen lan egiten nuen bitartean Leioan jarraitzen nuen doktoregoa egiten eta, besteak beste, Pedrorekin, Rafarekin, Iñakirekin, Mariorekin, Igorrekin eta Zesarrekin Parte Hartuz ikerketa taldea martxan jartzen aritu ginen. Parte Hartuzek aitortza ofiziala eta finantzazioa lortu bezain laster, 2003an, unibertsitatera hanka egin nuen. Herritar Partaidetzari buruzko graduondoko bat martxan jartzen ari ginen eta guztiak behar bezala funtziona zezan pertsona bat behar genuen: ikastaroa administratiboki kudeatu, sormen grafikoa landu, bideoak egin eta irakasleak dantzan jarriko zituena; banekien horretarako pertsona egokia ezagutzen nuela.
Josebak bere egin zituen Parte Hartuz eta gure graduondokoa. Bere bizitzako proiektu guztietan bezala, bidaietan, lanean, erronka pertsonaletan, borrokan eta maitasunean, inplikazioa %100ekoa izan zen, ez baitaki moderazioa aplikatzen pasioz egiten duen horretan. Parte Hartuzentzat bizi ginen biok. Administrazioko paperak, irakasleen koordinazioa, kanpoko irakasleentzako luxuzko arreta pertsonalizatua, tartean gure gibelak zigortzen zituzten bazkariekin eta afariekin. Hizlariak graduondoko eskolak eta udal teknikarientzako mintegiak eman zitzaten Josebaren auto zaharrean A8an gora eta behera genbiltzan, Bilbotik Donostiara eta Donostiatik Bilbora. Hori 24 orduko militantzia zen. Eredua lankide berrietara zabaldu zen, Andere, Miren, Imanol, Alvaro, Alicia, Jonatan, Noemi, Izaro, Mercè, Izaskun eta abar. Parte Hartuzeko familia handitu bezala, liskarrak agertzen ziren.
Josebaren erritmoa jarraitzea ez da erraza eta unibertsitateak esfortzua eta entrega oso gaizki ordaintzen ditu, pentsa orain gure ordezkoek 850 euroko miseriazko soldata kobratzen dutela. Unibertsitatea administrazioa ere bada, giroa kaskartzen da eta gristu egiten zaitu, epaitegian baina astiroago akaso, baina badator ere bai une hori. Josebak ihes egin zuen, noizbehinka bueltatu bazen ere, komunikazio ikasle bezala eta baita ere Politika Zientziako irakasle gisa.
Tartean denetarik egin zuen, ligatzen ikasi eta guzti ere bai. Dantzatzearenak beste bizitza baterako itxaron beharko du. Futbola ez zuen batere gustuko, baina aizue, 2004an EVERESTera Athleticen bandera igotzera joan zen. Oxigenoaren laguntzarik gabe eta bakarka igotzeko erronka zuen, tamalez azken txanpan eguraldiak oztopatu zuen helburua. Baina berea ezin zuen kirola bakarrik izan, abentura horren ondarea “Everest: El lado oscuro” dokumentalean dago: Himalaiako herriengana gerturatzen gaitu, alpinismoaren historia apur bat jasotzen du eta mendi-zale etikari, negozioari eta mendebaldar zentrismoari buruzko hausnarketa kritikoak ditu.
Beranduago bere abenturek mundu osoan jarraitu zuten, Atlantikoa bela ontzian zeharkatu zuen, errefuxiatuekin elkartasunean aritu zen Euskal Herrian eta kanpoan. Balkanetan errefuxiatuek gizakiok eraiki ditugun muga madarikatuak zeharkatzeko pairatzen dutena erakutsi zigun. Etxean, Yemengo gerra odoltsu ahaztua salatu eta munduko gerrak hemen, gure industria militar eta portuetan, hasten direla erakutsi zigun Ongi Etorri Errefuxiatuak, MOC-KEM eta beste adiskide askoren laguntzarekin.
Bolivian Che Guevararen bizitzako azken orduen berri jakin nahi izan zuen. 1967ko urriaren 9an hil zuten Ernesto, Josebak bizilagunei galdetu zien nola gertatu zen, eta testigantza ugari jaso zituen, besteak beste, La Higuera eskolako maistra zen Julia Cortesena-k azaldu zion berak elikatu zuela Che, bizitza galdu baino 24 ordu lehenago, eta berarekin hitz egiteko eta hausnartzeko aukera izan zuela.
Zahartu gara Joseba, huts egin ziguten mundua aldatzera zetozenen promesek, lidergoek eta iraultzek, pragmatismoan, ironian eta sarkasmoan babestu gara maiz. Baina adiskideekin egiten duzun bezala, beti hor zaude laguntzeko prest, ez duzu inoiz galdu baztertuenekin eta zaurgarrienekin enpatizatzeko beharra. Txikitik bada ere gauzak aldatzeko gogo hori bizirik mantendu duzu.
Compañero Joseba, de trabajo, de risas, de conversaciones inagotables, de fiestas y de anhelos de un mundo mejor, más humano, más justo, sin guerras y con más y mejor sexo. ¡Hasta no sé qué victoria, pero hasta la victoria siempre compañero!
Musu eta besarkada erraldoi bat, lagun.
Osasuna eta askatasuna! Lurra arina izan dakizula.
Asier Blas Mendoza