Asier Blas
Politika, bidaiak eta musika izango dute tartea hemen, beti ere, bazterrak nahasteko asmoarekin, mingain puntan duzuna eta esatera atrebitzen ez zarena akaso nik idatziko dut, politikoki egokia dena biluztu nahian argudio (sasi)zientifikoak erabiliko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Amerikako Estatu Batuak(e)k Amerikako Estatu Batuak: hauteskundeak, polarizazio politikoa eta krisi instituzionala bidalketan
- U12: lehen analisirako gida | Bazterrak nahasten(e)k U12: partaidetza, inkestak eta hipotesiak bidalketan
- Asier Blas(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
- uriarte(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
- Asier Blas(e)k CUP bidegurutzean bidalketan
Hauteskunde eguneko orduak pasatzeko bazka: kanpainaz eta gaurkoaren jarraipenaz
Atalak: Hauteskundeak
1. Kanpainaren inpaktuaz. Eguneroko informazio agendako lehen lerroan sartzea ez du lortu, besteak beste, Athleticen Kopa garaipena eta Iran eta Israel arteko beef-ak bigarren maila batean utzi duelako. Horri erantsi behar zaio EAEn Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek bigarren mailakoak bilakatu direla herritarren parte batek ez dituelako ikusten politikan eragiteko tresna egoki bezala. Halere, azkeneko astean apur bat berotu da: hedabide eta alderdi batzuek ETA paseatzera atera dute, Imanol Pradales hautagai jeltzaleari piperbeltz esprai batekin eraso egin diote eta hautagaien arteko gaztelaniazko eztabaia ugari egon dira.
2. Hautagaiez. Pello Otxandianorentzat azken astea gogorra izan bada ere, ez dago dudarik, bera izan dela hauteskunde kanpainaren garailea (orain hauteskunde egunean irabaztea falta zaio). Lehendakaritzarako bi hautagai nagusien artean hobekien hezur mamitu dena da. Seguruenik Otxandiano etorkizun handiko politikari eta liderra izango da. Bere mailan, baina beste liga batean, aipatu beharrekoak dira Alba García eta Miren Gorrotxategi, beraiek oso lan txukuna egin dute ere bai. Garciaren kasuan Otxandianorenean bezala, etorkizuneko politikari da. Ondoren, Pradales aipatuko nuke, ez da hautagai txarra suertatu, baina Otxandianoren mailara ez da iritsi eta azkeneko inkestek ziotenaren harira urduri sumatu zaio. Eskuineko hautagaiek beraien ehiza-eremuak eskatzen duen lana burutu dute, aipatzekoa da Javier De Andrés PPko hautagaiaren eskuineko diskurtso populista aporafobiarekin eta xenofobiarekin lotuak. Mezu hauek funtzio bikoitza bilatzen dute: eskuin gogorreko boto emailea ainguratzea EAJra joan ez dadin boto erabilgarriaren aitzakiapean eta VOXeko boto emailea erakartzea. Kanpainako hautagairik kaskarrena nor izan den aipatzeak ez du merezi, guztiok dakigu eta.
3. Inkestez. 2012 inkestaren batek EH Bilduri garaipena ematen zion, baina mikro datuak ondo aztertuta ez zegoen argudio askorik hori sostengatzeko, orduan gainera, EAJ oposizioa zen eta Euskal Herrira 2008ko krisia berandu iritsi zen, hain zuzen ere, urte horren bueltan unerik gogorrenak bizi izan ziren. Aldaketa EAJ bera izan zitekeen eta horrela izan zen. Gaur aldaketa ez da EAJ, ez eta PSE-EE-PSOE. Hautagaiak aldatu daitezke, Indar Berria bezala autokalifikatu daitezke, baina ez, ez dira aldaketa baizik eta jarraikortasuna. Oraingoan inkestek EH Bilduk hauteskundeak boto eta jarlekuetan irabazi ditzakeela esan dute. Ez da soilik zuzeneko boto intentzioa edota sukaldea. Estimazio horiek zeharkako galderek indartzen dituzte. EH Bilduko kanpaina eta hautagaia dira hobekien baloratuak eta egun EAEn dugun egoeraren diagnosiari dagokionez, atsekabeak harremana du Eusko Jaurlaritzaren politika publikoekin eta zerbitzu publikoen higadurarekin. Hautesleriaren parte batek seguruenik inoiz ez bezalako gogoa du EAJ-PSE gobernua zigortzeko. Dudarik balego azken astean ikusi ditugun erreakzioak begiratzea besterik ez dago. EITBko gaztelaniazko eztabaidan Otxandiano izan zen garaitu beharreko hautagaia. Are gehiago, desesperaziotik EAJ EH Bildu esatetik Sortu esatera pasa da. Sortu, Sortu, Sortu. Venezuelaren bat agertu da ere bai; eta beste batzuk, hedabideekin eta epaitegiekin koordinatuak, ETA, ETA, ETA. Beldurrak desesperazio apur bat dakar.
4. Komunikazio politikoaz. EAJk argi eta garbi EH Bildurengandik urrundu nahi izan du, bi proiektu eta eredu oso desberdin eztabaidan daudela azpimarratuz. Horretarako EAJk bere mezua eskuinera mugitu eta EH Bildu lehendakaritzara iritsiko balitz sakoneko norabide aldaketa bat ekar dezakeela transmititzen saiatu da. EH Bilduk aldiz, bere lidergopean desberdinen arteko etorkizuneko proiektua eta eredua era konpartituan eraiki beharra azpimarratu du. EAJren logika komunikatiboa etsaia identifikatzea izan da, estrategia defentsiboa izan ohi dena. EH Bilduk berriz, futbol talde bateko jokalari hoberena dela defendatzeko argudioak jarri ditu mahai gainean, esanez kapitain aldaketa behar dela eta Otxandiano izan behar duela kapitain berria taldea arrakastara gidatzeko. Azken estrategia komunikatibo hau arrakastatsuagoa izan dela pentsa genezake azkeneko astean paseatu diren Venezuelak, Sortuk eta ETAk ikusirik. Tira Putin ere paseatzera atera zezaketela pentsa genezakeen, baina EAJ ez dago lezioak emateko, egun hauetan 2023an Sabino Arana fundazio jaso zuen Irakli Kobakhidze, Georgiako Lehen Ministroa eta EAJren laguna, errusiar interesen zerbitzura dagoela salatuz kaleak jendez gainezka dauzka, herrialdeko presidentearekin gatazka du eta Mendebaldeko botere guztiek gogor presionatzen dute.
ETA paseatzera ateratzeak hiru funtzio ditu nagusiki:
a) Osasun-lerro bat jartzea boto erabilgarriari. 45-50 urtetik gorako ezker konfederalaren aldeko botoa noizbait eman duten eta aldaketa aurrerakoia nahi duten boto-emaileei gogoratzeko zein diren EH Bilduren “gurasoak” eta ze harreman izan zuten beraiekin orain hamarkada batzuk. Horregatik PSEk indar gehiago egin du honetan, nolabait ezkerreko boto erabilgarri hori erakartzeko beste hautua estigmatizatuz. EAJk joko honetan badu zeresana ere bai, osasun-lerroaren logika hori bere hautesle ohikoaren zati bat EH Bilduren mesedetan ez galtzeko taktika baita, horregatik ETAz gain SORTU plazaratzen da.
b) Abstentzioa aktibatu. EAJren boto emaile ohi batzuk Eusko Jaurlaritza zigortzeko etxean geratu daitezke. Ez dute botoa aldatzeko pausua emango, baina ez dutenez zalantzan ikusten EAJren lidergoa Eusko jaurlaritzan, gustura hartuko dute EAJk atentzio seinale bat jasotzea hauteskunde emaitza txarrekin. Horri aurre egiteko, armairutik mamuak atera dituzte.
c) Koalizioa egiteko markoa sortzea. Gaur gauza asko dauden jokoan, baina guztien artean garrantzitsuena da egungo gobernuak gehiengo osoa edo ez izango duen jakitea da. Hauteskundeak EH Bilduk irabazten baditu eta gobernuak gehiengo osoa galtzen badu, EAJ eta PSE ikuspegi komunikatibo batetik erronka handi bat izango dute beraien koalizioa justifikatzeko. Kontakizun hori eraikitzeko mamuak eta “lurzoru etikoa”ateratzea abiapuntu bat da.
Batzuk esango dute: “baina mamuekin ez dute hainbeste matraka eman”. Noski, horrelako estrategia komunikatiboekin kontuz ibili behar baita. 40 urtetik beherakoak logika honetatik oso urrun daude, batzuentzako zientzia fikzioa da. Besteentzat, eta oro har hautesle guztientzat, mamuekin matraka handia ematen badute oso agerikoa izango da ez dutela politika publikoez hitz egin nahi eta hor dago zentratuta hautesleriaren parte baten atsekabea. Asmatuko ahal zuten mamuak erabiltzerakoan eman dioten intentsitate graduarekin? Ordu batzuk barru galdera erantzuteko datu gehiago izango ditugu.
5. EMAITZEN JARRAIPENAZ. Gure analisiaren ildoa apur bat segitzen baduzue, aldagai esplikatibo guztien artean jakingo duzue partaidetza dela gogokoena duguna hauteskunde portaera azaltzeko. Normalean ondo funtzionatzen du, baina 2020an pandemia testuinguruan huts egin zuen. Orain salbuespen egoera hori pasatu dela, berriro partaidetzari erreparatzea proposatzen dugu. Hiru agertoki:
a) %60 inguruko parte hartzea.Horrela balitz, EH Bilduk irabaziko lituzke hauteskundeak bototan eta jarlekuetan. 2023ko Foru Hauteskundeetan EH Bilduk 290.000 boto inguru jaso zituen. Gutxi gorabehera %60ko partaidetza 1.000.000 boto-emaile dira, ezkerreko soberanistek 350.000rekin botorekin irabazi dezake eta sinesgarria da hori lortzea. Alderdi txikiek parlamentu berrian egoteko aukera asko izango lituzkete.
b) %62-65 inguruko parte hartzea. Lehia handia egongo litzateke. Seguruenik garaileak EH Bilduk jarlekuetan eta EAJ bototan. EH Bilduren erronka 400.000 bototara gerturatzea litzateke. Probabilitate aldetik geroz eta %65etik gertuago orduan eta EAJ indartsuago. Alderdi txikiek aukerak parlamentuan sartzeko txikituz.
c) %65etik gora. EAJ eta EH Bildu indartzen dira, baina batez ere jeltzaleak. Hauteskundeetako joera sekularrak dio geroz eta partaidetza altuagoa orduan eta mesede gehiago egingo diela bi alderdi/koalizio nagusiei. Baina, koiunturari begiratuta gure hipotesia da EH Bilduren boto-emaile potentzialak pizgarri asko dituela eta, beraz, aktibatuagoa dagoela. Aldiz, EAJren boto-emaileak motibazio gutxiago badu, partaidetzaren igoeraren onuradun nagusia jeltzaleak lirateke. Alderdi txikiak kanpoan geratuko lirateke eta PSE eta PP ahulduak.