Kataluniaren desanexioa to go further
Argiako artikuluetan maiz azaldu bezala, sezesioak gerra testuinguru batean gauzatzen dira. Salbuespenak gutxi dira eta ia denak eztabaidagarriak. Areago doa Josep Fontana, historialari bikain honek dio independentzia gerra batekin soilik lortu daitekeela. Ez naiz ni orain bere iritziaren aurka agertuko. Orohar, errealitate enpirikoari begiratzen badiogu eta gerra kontzeptua malgutasunez tratatzen badugu, Fontanak arrazoia du eztabaidarako tarte txiki batekin.
Hona ekarri dudan lehenengo irudian ikusi daiteke sezesioaren aldeko borroka klasikoa gerra izan dela, zuzenean jatorrizko estatuaren aurka edota zeharka nazioarteko gerra handiago baten testuinguru erdian. Bestalde, XX. Mendetik aurrera geroz eta ohikoagoa bihurtu da gerra klasikoa botoen gerrarekin uztartzea. Boto bidez gauzatutako autodeterminazio prozesu ia guztiek gertuko edo urrutiko lotura dute gerrarekin. Adibidez, Sobietar Batasun ohiko lurraldeetan izaniko autodeterminazio prozesuak ezingo lirateke azaldu Gerra Hotzaren amaiera gabe. Sobietar Batasunak gerra galdu eta horren ondorioz, Lituaniako independentzia prozesuaren gidarietako batek azaldu bezala, independentzia lortzeko aukera politikorako egitura sortu zen.
Sezesio prozesu berriek, zaharrek bezala, indarkeriaren monopolioa eskuratu behar dute ere bai (beharrezko baldintza estatua izateko nahiz eta ez den nahikoa nazioarteko aitortza erdiesteko). Horrez gain, azkeneko hamarkadetan beste elementu batek hartu du garrantzia: legitimazio demokratikoa izatea (baldintza ia beharrezkoa baina ez nahikoa independentzia eskuratzeko). XXI. mendean gehiengoaren borondate demokratikoa diskurtso politiko liberal-demokratikoan hegemoniko bilakatu da. Horri esker, egun inoiz baino posibleago dirudi independentzia demokratikoki eskuratzea. Errealitatea ordea ez da hain sinplea, gauza bat da diskurtsoa eta beste bat praxia.
Praktikan giza eskubideen eta demokraziaren baloreak erabili ohi dira munduko potentzia nagusiaren interesak defendatzeko, horrela independentzia prozesu batek gehiengo demokratiko bat badu, AEBek defendatuko du baldin eta joko geopolitikoan komeni bazaio. Antzera gertatzen da beste bigarren mailako potentziekin, kontua da hauek ez dutela indar eta gaitasunik nazioarteko aitortza bat inposatu edo bultzatzeko.
Bigarren irudian ikusi dezakegu botoen borrokak nola funtzionatzen duen. Hiru eskenatoki posible daude. B eskenatokia gerra testuinguruetan eman ohi da. Bide antzekoetatik, normalean A eskenatokia gerra-ondorio bat da, halere, bada salbuespenen bat Eskozia bezala, honetan gerra testuingurutik kanpo sezesio erreferendum bat ospatu da era adostuan.
Zergatik adosten da sezesio erreferendum bat kasu batzuetan eta beste batzuetan ez? Arrazoi askok azaltzen dute, baina gaitasun esplikatibo handiena duena da independentzia horrek duen kostua jatorrizko estatuarentzat. Eskozia independente bilakatzen bazen balizko estatu berri horrek Erresuma Batuarekin izango lituzkeen lotura ekonomikoak, politikoak eta kulturalak handiak jarraituko lukete izaten. Besteak beste, estatu buru gisa Erregina izateko prest zeuden, libera mantendu nahi zuten, Londres izango zen zentro-finantzarioa, Europar Batasunean egon nahi zuten eta hori guztia gutxi balitz estatu berriaren hizkuntza ofizial efektibo bakarra ingelesa izaten jarraituko zuen. Beraz, sezesio prozesu ahul baten aurrean ginateke.
Baten batek pentsatuko du antzekoa gertatu zela Quebec eta Kanada artean, baina ez zen horrela izan, Quebecen C eskenatokia eman zen (gutxitan ematen den kasu bat). Kostua handiagoa zen Kanadarentzat, Quebec independente bat jatorrizko estatutik gehiago urrunduko litzateke Eskozia independente bat baino, besteak beste, hizkuntza hegemoniko desberdin bat izango lukeen estatu bat litzatekelako. Ondorioz, adostutako erreferendumik ez zen egon, alde bakarreko kontsultak izan ziren Quebeceko gobernuak antolatu zituenak, lehenengoa erraz asko galdu zuten baietzaren aldekoek, baina bigarrenean borroka estu zegoenez, azkenean Kanadako estatua eta unionistek kanpainan inplikazio zuzena hartu zuten nolabaiteko aitortza inplizitua emanez. Quebecek bere erabakitze eskubidea egikarituz lortu zuen Kanadak onartzea. Halere, Eskoziako erreferendumak izan dituen baldintzak baino gogorragoak jarri zaizkio Quebecen ospatu daitekeen balizko sezesio erreferendum bati: gehiengo garbi batek egin beharko luke baietzaren alde (gehiengoa ez dago zehaztua eta gobernuaren esku geratzen da hori zehaztea).
Kataluniako independentziak aldiz, beste bi kasuen alboan kostu ekonomiko, politiko eta kultural oso handiak izango lituzke Espainiar estatuarentzat. Horregatik, B eskenatokian gaude, jatorrizko estatuak erreferenduma debekatu lehenengo eta ondoren bere alternatiba oztopatu egin du. Jarrera horrekin independentzia eskuratzeko autopista bat jarri ohi da hauteskunde “plebiszitarioen” bidez gauzatu ohi dena (bide batez, bai/ez erreferendum batean baino errazagoa da hauteskundeeetan independentziaren aldeko babes zabalagoa lortzea). Ondoren, alde bakarreko aldarrikapena dator eta hor bukatzen da botoen borroka. Une horretatik aurrera geopolitika da nagusi nazioarteko aitortza lortzeko.
Kataluniako kasuan B eskenatokian geundela ikusita, zergatik atzeratu dira hainbeste hauteskunde plebiszitarioak? Independentzia aldarrikatzea erraza da, baina adierazpen hori sostengatzea ia ezinezkoa da kontrolatu nahi den lurraldean indarkeriaren monopolioa eskuratu gabe eta nazioarteko babesik gabe. Independentzia ez da aldebakarreko erabaki bat soilik, nazioarteko komunitateak gauzatzen duen errealitate bat da. Horregatik, Kataluniak independentzia aldarrikatuko badu txosten demokratiko eredugarri bat aurkeztu beharko du. Beharrezko baldintza da baina ez nahikoa Estatu katalana hezurmamitu dadin. Horregatik hainbeste mobilizazio, negoziazio eskaera eta kontsulta legala burutzeko saiakerak. Gaurkoa ez da kontsulta legal bat, prozesu parte-hartzaile modura aurkeztu dute zirrikitua bilatu nahian, legeak erabat hautsi gabe legeekin eta Espainiarekin tentsioa sortuz mobilizazio zenbakarria burutu dute. Tentsio horrek milaka katalan independentista bihurtzen ditu, batez ere, Espainiar estatuaren baldarkeriak lagunduta. Prezio berean bi produktu lortzen dira: jarrera eta portaera demokratiko eredugarriak mahai gaineratzea eta independentismoaren olatua handitzea.
Alderdi soberania zaleen arteko miseriak alboratu eta gaur denek egin dute bat Trantsizio Nazionaleko liburu zuriaren 29. orrialdean aurreikusita zegoen hori gauzatzeko. Masek bere hitza bete du. Gaurkoa independentismoarentzat ondo ateratzen bada laster ospatuko dira hauteskunde “plebiszitarioak”. Geopolitikoki Espainia munduko Inperio nagusian txertatua ez balego, hauteskunde hauek lirateke biderik azkarrena independentzia erdiesteko. Baina, tamalez edo zorionez, Espainia NATOko eta Europar Batasuneko kidea da, Amerikako Estatu Batuen aliatu sendoa.
Kataluniako independentzia prozesuak geopolitikoki bazterrak nahasten ditu eta Espainiarentzat kostu handiegia dauka. Horregatik, independentistek nazioarteari eta bereziki Mendebaleko herrialdeei mezuak bidaltzen dizkiete aspalditik. Praktikan Eskoziak, Quebecek eta Kataluniak planteatu dutena ez da sezesio bat, Mendebaldeko Inperioaren barnean desanexio bat baino ez da (metafora Mario Zubiagari zor diot), jakinik nazioarteko erakundeek murriztutako soberania txiki bat izango dutela eta ahal den neurrian EBko balizko proiektu federal horretako subjektu bat baino ez direla izango.
Norbaitek pentsa dezake Mendebaldeak onartuko lukeela Kataluniako alde bakarreko independentzia aldarrikapen demokratiko bat estatu berria Txina, Errusia edota Latinoamerikako ezkerreko estatuen aliatu izango balitz? Independentista katalanen mezua Mendebaldeari garbia da: ez larritu, independentziak kostu txikia izango du AEBentzat eta bere aliatuentzat, etxe barneko desanexio bat da. Hor dago zirrikitua gerrarik gabe Estatua lortu ahal izateko. Prozesua txukuna, demokratikoki eredugarria eta babes sozial oso zabala badu, alde bakarreko independentzia aldarrikapen baten ostean (edo lehenago) nazioarteko onarpena baino Mendebaldeko presioak aurreikusi daitezke Espainiari eskatuz A eskenatokia negoziatzeko, adostutako autodeterminazio erreferenduma.
Aita eta ama bitxiak behar dira desanexioa gauzatzeko. Independentzia ez da eskuratzen den estatus estatiko bat, independentzia dinamikoa da eta egunero landu beharrekoa. Desanexioa ez da baldintza nahikoa independentzia eraikitzeko, baina garbi izan behar da independentzia lortzeko beharrezko baldintza dela desanexioa lortzea, tarteko helmuga Katalunia independenteago bat eta sozialki justuagoa bat eraiki ahal izateko, to go further, per anar més enllà.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks