Amerikako Estatu Batuak: hauteskundeak, polarizazio politikoa eta krisi instituzionala
(Artikulu honen laburpen bat Berrian argitaratu zen)
Aurtengo AEBko hauteskundeak salbuespenekoak dira COVID19aren pandemiaren erdian ospatzen direlako, baina batez ere, sistemak ezintasuna erakutsi duelako jendartearen zatiketa eta segmentazio soziopolitikoa saihesteko. Muturreko posizioak eta ezinikusiak nagusitu dira. Hedabide eta iritzi sortzaile askok errua Donald Trump presidenteari botatzen diote, aditzera emanez Joe Biden irabazi ezkero dena itzuliko dela normaltasunera, baina hori ez da horrela gertatuko. Trump sintoma da, ez gaixotasuna.
AEBeko demokratizazio prozesuak, etorkin olatu desberdinen naturalizazioak eta politika neoliberalen ondorioak dira azkeneko hamarkadetako iparramerikar politikaren zentrifugazioaren zergatietako batzuk. Aspalditik ari da indartzen muturreko lehia, nahiz eta 2008ko krisiak eta AEBen dekadentzia hegemonikoak azkartu egin dute.
Gabriel A. Almond-ek (“Comparing political Systems”, 1956), Politika Konparatu garaikidearen aitak, azaltzen zuen AEBko egonkortasun demokratikoaren arrakasta posible zela lehia testuinguru soziopolitiko homogeneo batean garatzen zelako, distantzia ideologiko handirik gabe eta interes politiko desberdinen agregazio eraginkorrekin.
Errealitatea ordea, bestelakoa da. Steven Levitsky eta Daniel Ziblatt politologoek How Democracies Die (2018) liburuan azaltzen duten moduan hori posible izan da, besteak beste, hauteskunde sistematik kanpo utzi direlako zenbait sektore sozial baztertu, bereziki pobreak eta afroamerikarrak. Funtsean politikariak eta alderdi-sistema estatubatuarren bertsioa askoz homogeneoagoa eta zuriagoa da gizarteko errealitatea baino. Hau posible izan da AEB existitu den urte gehienetan ez dituelako demokrazia liberal batek bete behar dituen baldintza minimoak bete. Baldintza horien inguruan adostasun zabala dago Politika Zientzian, Robert A. Dahl politologo iparramerikarrak bere Polyarchy (1971) lanean azaldutakoak dira eta egun The Economist aldizkariaren Demokrazia Indizearen oinarriak dira.
AEB “munduko demokrazia zaharrena” dela esatea propaganda ariketa bat da. Hedabideek eta produktu kulturalek errepikatu egiten dute enpirikoki AEBetako akademiak finkatu dituen irizpideen arabera defenda gaitza dena. Federazio jaio berrian botorako eskubidea gutxi gorabehera populazioaren %15ak baino ez zuen. 1940an AEBko hegoaldeko afroamerikar helduen soilik %3 zegoen erregistratua botoa eman ahal izateko. Hegoaldeko estatuetan segregazio eta eskubide zibilen ukapena izan ziren ehun urteetako alderdi bakar (Demokrata) inperfektuko sistemaren zutarria. Estatu bakoitzak bere legeak zituen hautesleen-erroldak egiteko eta horien bitartez mugatzen zen boto-eskubidea. Eskaera desberdinak egiten ziren erregistratu ahal izateko: zerga bat ordaindu behar izatetik, alfabetatze frogetara, jabetza eskaeretatik pasata, besteak beste.
Emakumeen, langileen eta gutxiengoen borroka etengabeak beharrezkoak izan dira boto eskubidea zabaltzeko, baina ez da betirako lortu, izan ere, gaur egun borrokak jarraitzen du. Europatik zaila dirudien arren ulertzea, AEBetan boto eskubidea ez dago segurtatua. Batzuetan ideal horretara gerturatu eta beste batzuetan urrundu egiten dira.
Aurrera pausu nagusietako bat 1965eko Boto Eskubide Legearekin eman zen. Une horretatik aurrera AEBak demokrazia liberal batek eduki beharreko minimoetara gerturatu zen, halere, Dahlek Mendebaldeko gainontzeko herrialdetatik separatuz hautesle-errolda mugatuko poliarkia bezala izendatu zuen. Boto-emaileak oraindik erregistratu behar dira eta hau burutzea ez da pentsa daitekeen bezain erraza beti. Tramiteak estatuak erregulatzen dituzte, baina 1965eko legearen arabera gobernu federalaren baimena behar zuten erregistroa eta boto emateko moduak aldatzeko.
Boto-emaile berri potentzialen inkorporazio esanguratsua 1970. Hamarkadan gertatzen hasi ziren, sektore horien sozializazio politikoak aurrera egin ahala. Testuinguru horretan 1980. hamarkadan errepublikarrek irabazi eta politika polarizatzen hasi ziren Ronald Reaganen eskuin gogorreko programarekin. Garai honetan kontsolidatzen dira gaur eguneko bi alderdiren arteko diferentzien oinarriak. Demokratak alderdi aurrerakoi moderatu bezala, gutxiengoen aldekoagoa, elite intelektualen alderdia eta, orohar, hirietan eta kostaldeetan errotuagoak. Errepublikarrak aldiz, kontserbadoreak, klase ertain zuriaren artean arrakastatsuak eta landa gunetan eta barnealdean errotuagoak.
Bigarren aldaketa garrantzitsu bat Bill Clintonen agintaldian eman zen hauteskunde-erregistroa sinplifikatuz egun batean egin ahal izateko eta boto aurreratua eta posta bidezkoa erregulatuz. Erreforma horri esker, baztertuenek eta azken etorkin olatuetako naturalizatuek aukera gehiago izan dute partehartzeko hauteskundeetan. Ordutik, hautagai demokratek irabazi dituzte hauteskunde presidentzial guztiak bototan; salbuespen bakarra dago 2004an, George W. Bushek irabazi zuen 2001eko irailaren 11ko atentatuen itzalean eta Afganistaneko eta Irakeko gerrak eta okupazioak martxan zituela.
Kontutan izan behar da AEBko Presidentea 538 konpromisariok hautatzen dutela, estatu bakoitzari dagozkio bere Kongresuko ordezkari kopurua (behe ganberakoak gehi estatu bakoitzari dagozkion senatari biak) gehi hiru Columbiako barrutiarentzat. Denak gehiengoaren arauez hautatuak dira, hau da, estatu bateko irabazleak ordezkari guztiak daramatza, Maine eta Nebraskan izan ezik.
Azken ehun urtetan George W. Bush (2000) eta Donald Trump (2016) izan dira herritarren botoa irabazi ez duten presidente bakarrak eta etorkizunean errepublikarrek irabazten dutenean horrela izaten jarraituko du diskurtsoa aldatzen ez badute. AEBko gizartean zurien pisua asko jaitsi da azken hiru hamarkadetan. Elementu honek eta globalizazioak langile eta ertain klaseko sektore zuri desberdinen artean sortu duen kalteak egun bizi dugun muturreko polarizazioaren arrazoietako batzuk dira.
Polarizazioa esparru guztietara zabaldu da, erakundeetara ere bai Almonden garaian pentsaezina zen moduan: erakunde-konbentzioak ez dira errespetatzen, instituzioen eta arauen erabilera alderdikoiak egiten dira eta gerra juridikoa (lawfare-a) muturreraino eramaten da. Ildo horretan, XXI. Mendean hasieratik errepublikarrek beste garai batzuetan demokratek egin zutena egiten hasi ziren: hautesle-erregistroa zailtzeko legeak onartzen. Borroka hori auzitegietara iritsi zen eta 2013an Auzitegi Gorenak esan zuen hauteskunde-errolden eta boto prozeduren erregulazioak baimen federalik gabe egin zitezkeela.
Une horretatik aurrera, zenbait estatutan baldintza baztertzaile gehiago jarri dira erregistratu ahal izateko. Alde batetik, hautesleak erregistroetatik kentzeko taktikak, inoiz desagertu ez zirenak, ugaritu dira; adibidez, preso ohiei botorako eskubidea kenduz edota lortzeko baldintza desberdinak jarriz pobreen eta afroamerikarren kaltetan. Bestalde, AEBetan nortasun agiririk ez dagoenez, estatu bakoitzak nortasuna frogatzeko eskaera desberdinak egin ditzake; adibidez, argazkia duten bi, hiru edo lau karnet ofizial eskatuz. Horietako klasiko bat gidatzeko karneta da, hori izan ezean oso zaila izaten da botorako eskubidea lortzea estatu batzuetan.
Halere, behin erregistratzea lortuta, kontutan hartu behar da asteartean direla hauteskundeak, botoa baten eragina Ordezkarien Ganbararako txikitu daitekeela hauteskunde-barrutiko mugak manipulatuta (gerrymandering), teknologia zaharren erabileragatik boto paper kopuru inportante bat baliogabetu ohi dela eta hauteskunde-emaitzek politika publikoetan izango duten eragina nahiko mugatua izango dela.
George Tsebelis politologoak Veto players (2002) liburuan azaltzen duen bezala, AEBeko sistemak status quo-a pribilegiatzen du. Boterea oso sakabanatua dago betodun jokalari desberdinekin: Ordezkarien ganbera; Senatua; Presidentea, Auzitegi gorena; eta federazioko estatuak beraien erakundeekin. Guzti hauen arten pisu eta kontrapisuen joko bat dago (checks and balances) asko zailtzen dutenak epe motz eta ertainean funtsezko aldaketak egitea politika publikoetan; horrek praktikan ñabarduren politiketara mugatzen du gobernugintza materiala.
Sakoneko aldaketak egiteko sei urteko ziklo batean bi urtero hauteskundeak irabazi behar dira joko zelai federal guztietan: ordezkarien ganbara, Senatua eta Presidentea. Halere, horrek ez du ezer segurtatzen, estatuetan bestelako sentsibilitate politikoak egon daitezke boterean eta erresistentziak garatu ditzakete Washingtonetik zuzentzen diren politikak blokeatzeko. Borroka horiek Auzitegi Gorenaren bukatuko dute. Azken honek betodun jokalari guztien artean aldaketak egiteko indar gehien duena da. Bederatzi magistratu ditu biziarteko karguekin eta, beraz, Presidentearen joera politikoak Auzitegi Gorenean gehiengorik ez badu, magistraturen bat hil edo bere borondatez erretiratzera itxaron beharko du epaile berri bat izendatzeko.
Auzitegi Goreneko gehiengoak aldatzea sei urteko zikloa baino urte gehiago hartu ditzake. Ez da gutxitan gertatzen Presidenteak Auzitegi Gorenaren kontrako gehiengoarekin agindu behar izatea eta boterean ez dagoenean bere aldeko sentsibilitatea duen Gorena uztea berak gozatu ezin duen uzta bezala edota bere arerio politikoari utzitako tranpa bezala.
Ondare hori George W. Bushek disfrutatu zuen 2000. Urtean. Orduan Al Gore demokratak bototan irabazi, baina hauteskunde-kolegioan galdu egin zuen Floridako estatuan (gobernadorea Bushen anaia zen) gertaturiko irregulartasun eta ustezko hauteskunde-iruzur askoren erdian. Auzitegi Gorenak, gehiengo kontserbadore batekin (Bush aitak eta Reaganek izendatutako magistratuak tartean), garaipena George W. Bushi eman zion. Ordezkarien ganberako gutxiengoetako ordezkari ugarik hauteskunde emaitzen inpugnazioa idatzi eta aurkeztu zuten Kongresuan, baina, ez zen ikertu senatari bat bera erek ez zuelako inpugnazioa babestu, demokratek bat egiten zuten beraien klaseko errepublikarrekin afroamerikarren inpugnazioa oztopatzeko. Senatua legebiltzar elitista bat da, klase altuko gizonezko zuri eta zaharrak dira nagusi, herrialdean existitzen ez den homogeneotasuna du. Baina egun, 20 urte beranduago, demokrata eta errepublikar senatarien klase laguntasunak pitzadurak ditu, besteak beste, ganbera apur bat pluralagoa delako eta polarizazioa bertara iritsi delako ere bai. Beharbada, handikien ganbera hauteskunde emaitzen inpugnazio borrokan sartuko da.
Gaur (azaroak 3) hauteskunde lehia bukatuko da, baina une horretatik aurrera bi borroka hasiko dira. Lehenengoa boto kontaketa, honetan botoak baliogabetzeko aitzakia bila arituko dira nagusiki errepublikarrak eta, ondoren, borroka judiziala iragarri du Trumpek. Muturreko lehia honetan baina, ikuspegi sinbolikotik, Trump eta Biden oso antzekoak dira: 70 urtetik gorako gizon zuriak, aberatsak, eta sexu-abusuei buruzko akusazio formal eta informalak izan dituzte. Ustezko ustelkerian eta aberasteko karguen erabileran Biden ikasle aurreratua da. Trumpek arraza tentsioak areagotzen ditu. Bidenek baditu adierazpen eta egintza politiko arrazistak edota afro-amerikarrak kaltetzen dituenak, baina irabaziko balu giroa epelduko luke zuzentasun politikoa zainduz.
Aspektu materialez hitz egiten badugu, hiru diferentzia aipatuko nituzke ñabardura terminotan: Bidenek gastu soziala handitu eta zergak igoko lituzke; Trumpek zergak jaitsi eta protekzionismo ekonomikorako neurriekin jarraituko luke interes ekonomiko nazionalen mesedetan; eta, demokratak irabaziko balu, kanpo esku-hartze eta gerra gehiago espero genezake.
Halere, jokoan dagoen elementurik inportanteena Auzitegi Gorena da. Auzitegi honek status quo-aren aldaketa garrantzitsuenak egiten ditu alderdiek erregulatu nahi edota ezin dituzten gaiak erregulatuz. Adibidez, 2015ean sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak legeztatu zituen AEB osoan.
Auzitegi Gorenak duen garrantziak azaltzen du Trump gustuko ez zuen boto-emaile errepublikar askok egungo presidentea babestu izana, hain zuzen ere, bazekitelako irabazleak magistratu baten izendapena egingo zuela gutxienez eta horrek bakarrik justifikatzen zuen outsiderra babestea.
Ez zebiltzan oker, azkenean Trumpek bere lehenengo agintaldian hiru magistratu izendatu ahal izan ditu. Ondorioa da sei magistratu kontserbadore eta hiru progresista daudela. Alde horretatik, aurrerakoientzat hil ala biziko hauteskundeak dira hauek. Izan ere, hurrengo agintaldian magistratu zaharrena hilko balitz (progresista) eta Trumpek egingo balu izendapena, urte askotarako mugatuak egongo lirateke politika aurrerakoiak Auzitegi Gorenean.
Elementu honek Trumpen kontrako botoa hauspotu beharko luke eta, antzera, Trump gustuko ez duten kontserbadoreen botoa abstentziora edo Biden zentristara bideratu lezake, jakinik kontserbadoreek luzerako gehiengoa izango dutela Auzitegi Gorenean nahiz eta demokrata bat iritsi Etxe Zurira. Aspektu honekin batera, gutxienez badira beste hiru elementu ulertzeko zergatik Bidenek aukera asko dituen gaurko hauteskundeak irabazteko.
Alde batetik, orain urte bete Trumpek garaipena ia segurtatua zuen ekonomiaren egoera onari esker, baina COVID19ak dena aldrebestu du eta argi utzi du Trumpen estrategia hasieratik okerra izan dela, ekonomiarentzat ere bai. Bestalde, azkeneko hilabeteetan Blacks Live Matter mugimenduak sustaturiko mobilizazioak boto-emaile kritiko eta ezkertiar asko aktibatu ditzake Trump kargutik kentzeko. Horietako askok berdeei botoa eman beharrean edo abstentzioan gelditu beharrean, oraingoan, kontrako botoagatik aktibatu daitezke. Azkenik, Bidenek, nahiz eta politika profesionalean mende erdi inguru daraman, ez du sortzen Hillary Clintonek bezain besteko gaitzespena; seguruenik burokrata bat bezala ikusten delako, lidergo apal bat erraz egokituko duena bere diskurtsoa eta praxia bizirauteko. Halere, badago uka ezina den elementu matxista bat: Bidenek ez du sortzen Clintonek bezain hainbeste gaitzespen zenbait sektore aurrerakoietan, nahiz eta biak tamaina bereko neoliberalak eta belatzak izan kanpo politikan.
Beraz, inolako kataklismorik gertatzen ez bada, hautagai demokratak irabaziko du. Horrek ez du esanahi AEBko politika normalizatuko denik, polarizazioak jarraituko du eta ikusteko dago emaitzen kudeaketa judiziala nolakoa den. Sistema herdoilduarentzat Biden anfetamina bat izango da parrandan jarraitzeko, baina festa luzatzeak ez du esanahi ajea saihesterik izango duenik.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks